Anatol Josepho

Anatol Marco Josepho (Omsk, Errusia, 1894ko martxoaren 31a - San Diego, AEB, 1980ko abenduaren 16a) lehen fotomatoi automatikoa asmatu eta patentatu zuen asmatzailea izan zen.

Anatol Josepho

Bizitza
JaiotzaTomsk, 1894ko martxoaren 31
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
 Errusiar Inperioa
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
HeriotzaLa Jolla, 1980ko abenduaren 16a (86 urte)
Jarduerak
Jarduerakargazkilaria eta patent inventor (en) Itzuli
Jasotako sariak

Biografia

Anatol Josephewitz –abizena gero aldatu zuen– Alemaniara joan zen 15 urte zituela, eta han ikasi zuen argazkilari lanbidea. Lehen Mundu Gerra amaituta Shangaira joan zen, eta Txinako hiri horretan zegoela bururatu zitzaion asmakizuna. Baina New Yorkera iritsi arte ez zuen ideia egin ahal izateko beharrezko kapitala lortu: 11.000 dolar. Inbertsioa berehala bihurtu zen errentagarri[1].

1926ko irailean, New Yorken, “Egin argazkia zeure buruari! Zortzi pose, zortzi minutuan” idatzita zuen kabina ipini zuten Broadwayn, 51. eta 52. kaleen kantoian. Munduko lehen argazki estudio automatizatua zen, profesionalen beharrik gabe, 25 zentaboren truke eta minutu gutxian zortzi argazkiko zerrenda egiten zuena. Tramankulua 32 urteko Anatol Josepho siberiarrak asmatu eta patentatu zuen.[1]

1927ko apirileko Times aldizkariaren arabera, urte erdian 280.000 lagunek erabili zuten photobooth (argazki kabina) izeneko makina. Urte horren amaieran kabina Europara eta Kanadara iritsi zen eta Frantzian, lehenengoz, Photomaton esan zioten. Baina ordurako Anatol Josepho ez zen makinen jabe.[1]

1927ko martxoaren 28an, The New York Times egunkariko azaleko albisteak zioen Josephok milioi bat dolarren truke saldu zituela argazki kabina ustiatzeko eskubideak. Josephok milioi erdia karitate egintzetarako eman zuen. Jendeak ez zuen ulertu Anatolek egindakoa eta, siberiarra zenez, altruismoa komunismoarekin nahastu zuten. Josepho 1928an Los Angelesera erretiratu zen.[1]

Erreferentziak

  1. Irazustabarrena, Nagore. (2011-03-27). «Milioika pose 85 urtean» Argia CC-BY-SA lizentzia.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.