Anastasia Bitsenko
Anastasia Alekseievna Bitsenko (errusieraz: Анастаси́я Алексе́евна Бице́нко) edo Anastasia Oleksiivna Bitsenko (ukraineraz: Анастасія Олексіївна Біценко), jaiotze-abizenez Kameritaia edo Kamerytaia (errusieraz: Камеритая, ukraineraz: Камеритая[1]; Bakhmut, Errusiar Inperioa, 1875eko azaroaren 10greg./urriaren 29ajul. - SESB, 1938ko ekainaren 16) errusiar-ukrainar iraultzaile eta diplomazialaria izan zen; eserista lehenbizi eta boltxebikea gero. Ezaguna izan zen bai 1905an Viktor Sakharov politikari tsarista hil zuelako eta 1918an Brest-Litovskeko Itunean, ordezkaritza guztien artean, ordezkari bezala parte hartu zuen emakume bakarra zelako. Moskuko alkateorde ere izan zen.
Anastasia Bitsenko | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Камериста, Анастасія Олексіївна |
Jaiotza | Bakhmutsky Uyezd (en) , 1875eko urriaren 29a |
Herrialdea | Errusiar Inperioa Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna |
Heriotza | Kommunarka fusilamendu-eremua, 1938ko ekainaren 16a (62 urte) |
Hobiratze lekua | Kommunarka fusilamendu-eremua Moskuko oblasta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | errusiera ukrainera |
Jarduerak | |
Jarduerak | iraultzailea, terrorista, politikaria eta estatu-politikaria |
Izengoitia(k) | «Б.» eta Анна Федоровна |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Alderdi Sozialista Iraultzailea Ezkerreko Sozialista Iraultzaileak Komunismo Iraultzailearen Alderdia Communist Party of the Soviet Union (en) |
Lehen urteak
Donbassen, Bakhmut aldean, baserritarren familia batean hazia, bere herriko eskolako lehena izan zen eta Moskun pedagogia ikasi zuen. 1901an Unibertsitatetik bota egin zuten protesta batzuetan parte hartzearren. Barne-deportazioan zigortu ez zuten arren, bere senarra laguntzearren Siberiara joan zen (eta han Alderdi Eseristarekin bat egin zuen), 1903an Errusia europarrera itzuli zelarik. Smolensk eta San Petersburgen lan iraultzailea egin zuen. Momentu hartan, Borroka Erakunde eseristako kide egin zen, baina 1904ko urtarrilean berriz atxilotu zuten, Viatxeslav Von Plehve Barne Ministroa hiltzeko plan batetan parte hartzen zuelako. Bitsenko epaitua eta barne-deportaziora zigortua izan zen, baina 1905eko apirilean ihes egin zuen eta erbestera joan zen, abuztuan Errusiara, Moskura, itzuliz[2].
Sakharov erailtzea eta kartzelako liderra
Errusian Borroka Erakunde Eseristako kiderik garrantzitsuenen artean zegoen jada. 1905eko azaroan Saratov probintziako gobernaria (Defentsa ministro ohia), Viktor Sakharov jenerala, urte horretako iraultzan Saratov probintzian gertatu ziren nekazarien matxinadak odolez zapaldu zituena, tiroz hil zuen (Alderdi Eseristaren zuzendaritzaren iritziaren kontra, 1905ko Urriko manifestuaren ostean, parlamentu bat ezarriko omen zutela eta, eseristek atentatuak uztea nahi izan baitzuten). Bitsenko momentuan atxilotu zuten, baina ez zuen izenik esan, eta Saratoveko Epaitegi Militarrean, ezezagun bezala epaitu zuten. Hasieran heriotz-zigorra ezarri zioten, baina epaitegiak beraz bizi arteko zigorragatik aldatzea eskatu zuen (Anastasija Bitsenkok soilik zigor aldaketa honen ostean onartu zuen izena ematea)[3].
Bitsenko lehenbizi Moskuko Butirka kartzelan egon zen, eta Sally Boniece historiagilearen arabera, harreman txarrak izan zituen beste presoekin: hauek bera ezagutu nahi zuten, Bitsenkok lasaitasuna nahi zuen artean. 1906ko ekainean, Txinako mugan zegoen Nertxinsk herriko kartzelara lekualdatu zuten, beste hainbat emakumezko preso eseristekin batera. Hauen artean, Marija Spiridonova eserista ospetsua zegoen. Nertxinskeko kartzelarako bidaian elkar ezagututako preso hauek (Spiridonovaz gain; Revekka Fialka, Aleksandra Izmailovitx, Lidija Jezerskaia eta Marija Xkolnik), preso oso borrokalarien komunitate politiko eta pertsonala –lagun oso minak ziren, eta Iraultza ostean ere hala izaten jarraitu zuten- osatu zuten: “Xestiorka” edo “Seikotea” (hasieran taldea bidaian elkar ezagututako sei horiek osatzen zuten, baina geroago, kartzelan pertsona gehiago ere bildu zitzaien, Irina Kakhovskaia eta Fania Kaplan –gero Lenin hiltzen saiatu zena- adibidez). Spiridonova berez presoetan ezagunena bazen ere, bere osasun ahula zela eta, sarri Anastasija Bitsenko izan ohi zen presondegiko agintariekin negoziazioetan aritu behar zena. Nertxinskeko emakumezko presoak, gero Akatuiko eta Maltseveko kartzelara lekualdatu zituzten. Richard Stitesen arabera, 70 preso izatera iritsi zen emakumezko komunitate hau. 1914an guda inperialistaren aurka egin zuen[2].
Iraultzetan jokatu zuen papera
Otsaileko iraultza eta Alderdi Eseristan izan zuen papera
Otsaileko iraultzaren ostean, Bitsenko amnistiarekin kalera atera zen. Txitan izan zen lehenbizi, non hezkuntza-komite batean egin zuen lan; eta maiatzaren bukaeran Moskura joan zen. Hara iritsi zenean, Alderdi Eserista bere III Biltzar Nagusia burutzen ari zen, eta jada bi korronte agertzen ari ziren, Anastasija Bitsenko ezkerreko korrontean (liberalekin koalizio-Gobernua haustearen aldekoan) jarri zen, nahiz eta Kongresuan parte-hartze handirik ez izan, Spiridonovak ez bezala. Leontiev historiagilearen arabera, Eseristen Komite Zentraleko kide ere aukeratu zuten, baina berak ezetz esan zuen. Kongresu horren ostean, Bitsenko Moskuko komite eseristako kide aukeratu zuten[2].
Urriko Iraultza eta Brest-Litovskeko Ituna
Urriko iraultzaren egunetan, Moskuko kaleetan parte-hartze handia izan zuen, Moskuko Milrevkomeko kide izan baitzen. Urriko Iraultzaren ostean, Ezkerreko Eseristen Komite Zentraleko kide aukeratu zuten, eta alderdi honen Nax Put (“Gure Bidea” egunkariaren erredakzio-taldean izan zen). Bitsenko Brest-Litovskera, alemaniarrekin negoziatzera joandako ordezkaritzaren parte izan zen (litekeenez, aristokratak kenduta, diplomaziagintzako halako misio batean aritu zen lehen emakumea izan zen). Brest-Litovsken, bai 1917ko abenduko suetena eta bai hurrengoko bake ituna sinatu zituen. Wheeler-Bennett historiagilearen arabera, “Bitsenko ile urdindun hiltzaileak, itxura lasaia eman zuen konferentzia osoan zehar”. Richard Kühlmann alemaniar negoziatzaile-buruak esan zuenaren arabera, Bitsenkok “kuriositate handia piztu zuen guregan, batez ere bere borroka armatuaren arloko ibilbideak eta Sakharov nola hil zuen jakiteak”. Bitsenko ez zen Asanblada Konstituziogilerako aukeratua izan (hauteskunde horietan eseristek zerrenda bakarra aurkeztu zuten, eskuineko eseristek dominatutako zerrenda); bai ordea Errusiako Osoko Sobieten III Biltzar Nagusiak aukeratutako VTsIKerako[2].
Anastasija Bitsenkok ezkerreko eseristen Znamia Truda (“Lanaren Ikurrina”) egunkarian lurraren sozializazioa defendatu zuen, “baina ez soilik ikuspuntu materialista batetik. Guretzat lurraren sozializazioak milaka pertsonarentzat, askapen materiala eta kulturala ekarriko du, herrixketan garapenari bide emanez (…) gure ustez sozializazioa ez da soilik baserritar gosetuari ogi zati bat ematea, sozialismoranzko bidean masen kontzientzia goratzea ere bada”[2].
Ezkerreko eseristekin haustura eta Alderdi Boltxebikera pasatzea
1918ko martxoan, Moskuko Sobietaren Herri-Komisarioen Batzordeko lehendakariorde (hau da, Moskuko alkateorde) aukeratu zuten. Hala ere, Brest-Litovskeko Itunak bere alderdiarekin puskatzea ekarri zion, izan ere, 1918ko apirileko ezkerreko eseristen II Biltzar Nagusian, alderdi hau Brest-Litovskeko Itunaren aurka agertu zen, Anastasija Bitsenko Itunaren alde, eta boltxebikeekin kolaborazioa mantentzearen alde agertu zelarik. Honek, bere alderdian marjinatua izatea ekarri zion; nahiz eta Komite Zentraleko kide bezala hasiera batean berretsi, ekainean Komite Zentraleko postu hori galdu egin zuen. 1918ko uztailean, Errusia Osoko Sobieten V Biltzar Nagusiko ordezkari aukeratu zuten. Bere alderdiak egindako uztaileko Estatu-kolpea ez zuen babestu (nahiz eta une labur batez atxilotua izan), eta beraz, alderditik kanpo geratu zen. Kolpe hori babestu ez zuten beste ezkerreko eserista batzuekin batera, adibidez, Andrei Kolegaiev nekazaritzarako Herri Komisarioarekin, 1918ko irailean alderdi berri bat sortu zuen, Komunista Iraultzaileen Alderdia. Alderdi horrek 1920an Alderdi Boltxebikearekin bat egin zuen, baina Bitsenkok lehenago egin zuen aldaketa hori: 1918ko azaroan jada boltxebikeen kide izan zen (Sverdloven gomendioa izan zuen)[2].
Guda Zibilaren ostean
Ordutik aurrera nahiko paper txikia izan zuen politikan, 1922an, eskuineko eseristen kontrako epaiketan lekuko bezala aritu zen. Irakasle Gorrien Institutuaren kide izan zen, eta irakaskuntzan, Errusiako Errepublika Sobietarreko Nekazaritzarako Herri-Komisariotzan eta propagandan (Lebedev oihalgintza lantegian) egin zuen lana. 1938an atxilotua eta exekutatua izan zen[4].
Erreferentziak
- 156. Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema. Gasteiz: Euskaltzaindia (argitaratze data: 2009-02-27) (Noiz kontsultatua: 2023-08-17).
- «Bitsenko, Anastasija» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).
- «Bitsenko. Anastasija» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).
- «Bitsenko, Anastasija» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).