Basahate

Basahatea (Anas platyrhynchos) Euskal Herrian bizi den ahate ez-domestiko ezagunena da. Ipar hemisferioko lur gehienetan jartzen du habia.[1] Australia eta Zeelanda Berrian ere aurkitzen da baina gizakiak eraman dituelako.

Basahate
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaAnseriformes
FamiliaAnatidae
GeneroaAnas
Espeziea Anas platyrhynchos
Linnaeus, 1758
Azpibanaketa
A. p. platyrhynchos Linnaeus, 1758

A. p. domesticus Linnaeus, 1758
A. p. conboschas C. L. Brehm, 1831 (zalantzazkoa)

Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera0,88 m
Eguneko zikloaeguneko
Genomaren kokapenaensembl.org…
Basahate bikotea, emea eta arra.

Deskribapena

50-60 cm-ko luzera eta 81-95 cm-ko hego-zabalera du. 0'72 eta 1'58 kilogramo arteko pisua du[2].

Sexu dimorfismo handia duen espeziea da. Arrak buru eta lepoan irisazio berdeak agertzen ditu. Bularra marroi kolorekoa du eta lepoaren eta bularraren artean lepoko zuria du. Bizkarraldea arre kolorekoa da, sabelaldea grisa eta buztana beltza, luma zuri pare batekin. Buztaneko luma batzuk gorantz borobilduta ditu. Basahatearen mokoa horia da baina punta beltza du. Aipagarria da hegoetan daukan ispilutxo urdina, hegan doanean nabarmen ikusten dena[3].

Emea arra baino zerbait txikiagoa da eta ez da batere deigarria. Kolore arrea du eta nabarmentzen zaion elementu bakarra ispilutxo urdina da, arraren berdina daukana[4].

Habitata

Izaeraz migratzailea bada ere ez du migrazio luzerik egiten eta Euskal Herrian sedentarioak dira gehienak. Neguan Europatik datozenek populazioa handitzen dute, harik eta apiril aldera iparraldera itzultzen diren arte.

Edozein motatako hezegunetan aurkitzen da, paduratan, aintziratan, urtegietan, ibai geldoetan eta baita hirietako lorategietako putzuetan ere[4].

Ugalketa

Otsaila aldera hasten ditu gorteatzen dantzak, postura ugari eginez, hegoak azkar astinduz, burua biratuz, buztana luzatuz eta mokoaz ura kolpatuz osatzen duena. Oso zaratatsua izaten da gainera. Bikotea osatu bezain laster habia egiten hasten da. Ez da oso habia konplexua izaten, eta uretatik aparte egiten du, ongi ezkutaturik dauden harkaitz edo enbor zuloetan edo sasi artean[4].

7 eta 13 arrautza artean jartzen ditu, bakarra egunero. Arrautzak kolore berdexka, beigea edo urdinxka izan dezakete. 27-28 egun pasatzen ditu txitatzen. Txitek lumatxa horiak izaten dituzte eta jeio eta ordu gutxitara igeri egiteko gai dira, baita ur azpian ere. 50-60 eun behar izaten dituzte hegan hasteko[4].

Etologia

Sakontzeko, irakurri: «Nekrofilia homosexuala basahateengan»

Hamar basahate arretatik bat homosexuala dela kalkulatzen da. Ahate multzo handitan ibiltzen dira eta ohikoak izaten dira sexu harremanak ahateen artean.

1995. urtean nekrofilia homosexuala deskribatu zuen Kess Moelikerrek Rotterdamen, eta honen bidez abiaturiko ikerketagatik biologiako Ig Nobel Saria jaso zuen[5].

Elikadura

Animalia orojalea da. Dietaren gehiengoa uretako landareek osatzen dute baina ohikoa da insektuak, zizareak, moluskuak eta baita arrain txikiak jatea ere. Uretatik kanpora belardietan, zekale soroetan eta artadietan ere ikusi izan da elikatzen[4].

Taxonomia

Carl von Linneok[6] deskribatu zuen 1758 urtean eta oraindik berak emandako izena darama. Anas generoko beste espezie batzurekin hibridatzeko gaitasuna du[7].

Euskal Herrian dituen izenak

Honako izen hauek ematen zaizkio basahateari[8]:

  • Basahatea
  • Ahata, ahatea
  • Ahate erreala (Bidasoa Beherea)
  • Basapiroa, Piroa (Baztan, Nafarroa Beherea)
  • Paitoa (Arratia eta Gorbeia ingurua)
  • Paitta (Bizkaia eta Deba arroa)

Iruditegia

Erreferentziak

  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. (Ingelesez) «Mallard Life History, All About Birds, Cornell Lab of Ornithology» www.allaboutbirds.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
  3. Cramp, Stanley. (1977). Handbook of the Birds of Europe the Middle East and North Africa, the Birds of the Western Palearctic, Volume 1: Ostrich to Ducks. Oxford University Press ISBN 978-0-19-857358-6..
  4. «Ánade azulón» SEO/BirdLife.
  5. «Natuurhistorisch Museum Rotterdam | Natuurhistorisch Museum Rotterdam» www.hetnatuurhistorisch.nl (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
  6. Linnaeus, Carl. (1758). Systema naturæ per regna tria naturae, secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis. Tomus I. Editio decima, reformata. Estocolomo: Laurentius Salvius., 125 or..
  7. (Ingelesez) Phillips, John C.. (1915). «Experimental studies of hybridization among ducks and pheasants» Journal of Experimental Zoology 18 (1): 69–143.  doi:10.1002/jez.1400180103. ISSN 1097-010X. (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
  8. «Basahatea» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.