Anakleto Ortueta

Anakleto Ortueta Azkuenaga (Olabeaga, gaur egungo Bilbon, 1877ko abenduaren 26a - 1959ko azaroaren 7a) euskal herritar politikari, historialari eta kazetaria izan zen.

Anakleto Ortueta
Bizitza
JaiotzaBilbo, 1877ko abenduaren 26a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo, 1959ko azaroaren 7a (81 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakhistorialaria, politikaria eta kazetaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea
Eusko Abertzale Ekintza

Familia

Anakletoren familiak bere jatorrizko baserriaren izena berreskuratu zuen, eta abizen bihurtu zuen Anakleto jaio baino bi belaunaldi lehenago. Izatez, Anakletoren abizena Maortua izango litzateke. Izen hau erabili zuen bere idazlan asko izenpetzeko.

Anakletoren aita itsasontzien konpontzaile izatetik Bizkaiko Foru Aldundiko kontratista izatera pasa zen. Besteak beste gaur egungo Aldundiaren egoitza (Bilbon) eraikitzen parte hartu zuen. Anakletoren familia, beraz, ekonomikoki maila onean zegoen eta, horregatik, Atxuriko Arte eta Ofizioen eskolan meatzaritza ikasketak egin ahal izan zituen.

XIX. mendearen amaieran Eulalia Arana y Vallerekin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituen. Eulaliaren aita EAJren sortzaile Sabin Aranaren lehengusua zen.

Jarduera politikoa

1904rako EGIk Bilbon zuen Zuzendaritza Batzordean parte hartzen zuen. 1908an EAJren Lurralde Kontseiluko kide izan zen. 1918ko hauteskundeetan Gernikako barrutian aukeratu zuten EAJko diputatu.

1922an EAJren zatiketa gertatu zenean (Aberri edo PNV eta Comunión Nacionalista Vasca sortu zirenean) Ortueta neutral agertu zen. Primo de Riveraren diktadura garaian Euzkadi egunkariko akzioak zirela eta Comunióneko kide batzuekin gatazka gogorrak izan zituen.

Ortuetak, nahiz eta gizon katolikoa izan erabat, ez zuen ontzat hartzen EAJren ikurritza (Jaungoikoa eta Lagi Zarra). Horren ordez goiburu akonfesional bat jartzea proposatzen zuen. Iritzi berekoak ziren Luis Urrengoetxea, Julian Arrien, Jose Ignacio Arana eta Jose Domingo Arana, besteak beste.

Bergarako batzarrean (1930-11-16) Aberri eta Comunión berriz elkartu ziren, Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco izena berreskuratuz. Horren aurrean, Ortuetak eta bere ildokoek alderdi akonfesional berri bat sortzea proposatu zuten.

Azaroaren 30ean San Andresko Manifestua kaleratu zuten, Eusko Abertzale Ekintza-Accion Nacionalista Vasca alderdia sortuz. Ortueta manifestu horren sinatzaile eta babesle sutsua izan zen, tradizionalismo kristaua atzean utzi eta jarrera ireki eta aurrerakoiagoak izango zituen alderdi baten beharrizana ikusten baitzuen. Ortuetaren etxean josi zuten EAE-ANVren lehen bandera.

Hala ere, 1932rako alderdia utzi zuen, sortzaile askorekin batera, EAEk hartu zuen joera ezkertiarregia iruditzen zitzaiolako. Ordutik aurrera ez zen inongo alderditako kide izan.

Gerra Zibila hasi zenean ahantzi egin zituen EAJko buruzagiekin izandako ezin ulertuak eta Euskal Milizietako barne poliziako buruzagi izendatu zuten. 60 urte zituen Bilbo frankisten esku erori zenean. Epaitu ondoren Oviedon eta Santanderren bizi izan zen erbesteratua.[1]

Historia lanak

Arturo Kanpion eta beste idazle batzuen eraginez, euskaldunen batasun politikoa historian zehar Nafarroan gauzatu zela jakin zuen, batez ere Antso III.a Nagusiaren erregetza garaian. Zentzu horretan, nazionalismo ofizialak Bizkaia ardatz hartzean historiaren zentzuari uko egiten ziola iruditzen zitzaion, eta gogor saiatu zen oker horiek zuzentzen.

Historiako ikasketa berezirik eduki ez arren, bere kabuz jardun zuen euskal artxiboak arakatzen eta lan ildo historizista hori zabaltzen. Berak idatzitako hiru liburuk dute gai hori: Nabarra y la unidad política vasca (Bartzelona, 1931); Vasconia y el imperio de Toledo (Bartzelona, 1935); Sancho el Mayor, rey de los vascos (Buenos Aires, 1963).

Erreferentziak

  1. Lur entziklopedietatik hartua.

Bibliografia

  • Ortueta Azkuenaga, Anakleto: Nabarra: Estado político de Vasconia. Pamiela argitaletxea, Iruñea, 2002. (Gaizka Arangurenek Ortuetaren lanetatik ateratako esaldi eta testuekin idazle honen ikuspegia azaltzen du).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.