Anaje Narbaiza
Anaje Narbaiza Aldai (Bergara, Gipuzkoa, 1960ko azaroaren 19a) euskaltzalea, sindikalista, herrigintzan eta baserri munduan errotua da. Antzuolako Elay S.L. enpresako[1] langilea. Metrologia eta kalitatearekin lotutako lanetan dihardu bertan. Bere ekarpenik esanguratsuenak euskalgintzaren arloan eman ditu. Hainbat sari jaso ditu Elayren izenean enpresak euskararen normalizazioaren alde egindako ahaleginagatik eta euskara bertan txertatzen egindako lanagatik.
Anaje Narbaiza | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bergara, 1960ko azaroaren 19a (63 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | eskola politekniko |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | Euskaltzaletasuna eta sindikalista |
2022ko azaroan, Elay enpresako ordezkari gisa, Elhuyarrek enpresen euskalduntzean egindako lanaz hitz egin zuen. Fundazioak egindako euskara planei esker, lana «erdaraz egitetik euskaraz egitera» igaro direla adierazi zuen, besteak beste. Euskaraldiko txapa sartu zuen gero kutxan.
Bizitza
Bergaran jaio zen, Arane erreka auzoan dagoen Larrarte baserrian.
Ibilbidea
Lan mundua eta euskalgintza
1980ean Arrasateko Eskola Politeknikoan ingeniaritza tekniko mekaniko ikasketak egiten hastearekin batera hasi zuen Antzuolako Elay enpresan bere ibilbide profesionala. Elay-ko Metrologia arduraduna da. 1987an enpresan lana euskaraz egiteko egitasmoaren sortzailea izan zen. Langile batzordean zeuden sindikatu guztiek eta enpresak bat egin zuten euskara plana bultzatzearekin. Lehenengo, enpresaren diagnosi serio bat egiteko akordioa sinatu zen Eusko Jaurlaritzarekin. 1992tik 2013ra urte bitartean abian jarri zen euskara plana. Proiektu kolektibo honek lana gaztelaniaz egitetik euskaraz egitera lortu zuen. Lan munduko lehenengo esperientzia izan zen.[2]
Lana euskaraz egiteko helburuarekin ateratako EUSLAN proiektuaren zuzendari teknikoa izan zen 2015etik 2017ra urte bitartean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailean.
2022ko azaroan, Anajek Elhuyarren 50. urteurren ekitaldian, Elay enpresako ordezkari gisa, Elhuyarrek enpresen euskalduntzean egindako lanaz hitz egin zuen. Fundazioak egindako euskara planei esker, lana erdaraz egitetik euskaraz egitera igaro direla adieraziz.[3]
Herrigintza
Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko partaidea da 1978tik.
Juan Martin Elexpuruk zuzendu zuen Bergarako euskara liburuan parte hartu zue 1988an.
Ezker abertzaleko militantea izan da hiru legealditan. 1983tik 1993ra urte bitartean Bergarako Udalean Herri Batasuna koalizioko zinegotzia izan zen, baita Gipuzkoako Herri Batasunako mahaikidea ere horietako hainbat urtetan.
LAB sindikatuko kidea da.
Ondarea babesteko helburua daukan Deba Goieneko Kapirixo[4] elkarteko sortzailetariko bat izan zen 1993an
Baserriko kultura oinarrtzat hartuta, hainbat gai jorratu ditu. Batetik, zurez egindako egiturei buruzko lana, eta bestetik, pertsona zein abereen gaitzak osatzeko erabili ohi diren sendabelarrei buruzkoa. Azken hori Belen San Torkuato eta Andoni Goitirekin batera egindako lana da.
1990tik aurrera Deba Garaiko aldizkarietako kolaboratzaile lanetan dihardu.[5]
Gaztetan herri kiroletako Bergarako Bordatxo sokatira taldean ibili zen.
Argitalpenak
- Hainbat artikulu tokiko prentsan: Goiena, Puntua, Berrigara.
- Hainbat egile, Bergarako Euskara, Bergara: UNED-Bergara, 1988, I.S.B.N.: 84-600-5372-5
- Zura: arotzak eta etxegileak, Bergara: Bergarako Udala, 2001, I.S.B.N.: 84-923475-7-0[6]
- Hainbat egile, Erremeixuak. Osasuna munduko ondasuna, Arrasate: Bergarako Udala/Kutxa/Goiena, DL/LG: SS-1337-2010
Sariak
- 2004an Antton Abadia saria jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Saria enpresa aitzindariaren izenean jaso zuen, beti ere Elay-k euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik.
- 2013an, Bai Euskarari Elkarteak banatzen duen Bai Euskarari Laguna saria[7] jaso zuen hainbat urtetan zehar enpresaren barne bizitzan euskara txertatzen egindako ahaleginagatik.
Erreferentziak
- «Nor gara — Elay» www.elay.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
- Anaje Narbaiza, Euskara lan munduan. (2013ko martxoaren 31). «'Langilea gaztelaniaz badator, gero ezin dira 200 lankideren hizkuntza ohiturak aldatu'» Argia (Argia) (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
- Arruabarrena, Jone. «Elhuyar: 50 urte kutxetan bildurik» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
- «Kapirixo Elkartea - Bergarako artxiboa» www.bergarakoartxiboa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
- «Anaje Narbaiza - Komunitatea - Goiena.eus» goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
- «Libro "Zura: arotzak eta etxegileak" | Laboratorium Bergara Zientzia Museoa» www.laboratorium.eus (Laboratorium. Bergarako udala) (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
- Elkartea, Bai Euskarari. «Bai Euskarari Elkartea» Bai Euskarari Elkartea (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).