Anaerobio hertsi

Anaerobio hertsiak oxigenorik gabe bizi behar duten bizidunak dira. Bakterio batzuk besterik ez dira kategoria honetan sailkatzen.

Bakterio aerobioak eta anaerobioak hazkuntza-inguru likido batean toki desberdinetan hazten dira:
1. Aerobio hertsiak
2. Anaerobio hertsiak
3. Anaerobio fakultatiboak
4. Mikroaerofiloak
5. Aerotoleranteak

Oxigenorik ezean, beste molekula batzuk erabiltzen dituzte elektroien azken hartzaile moduan: molekula inorganiko oxidatuak (NO3-, SO42-, CO2...) -arnasketa anaerobioa burutuz- edo materia organikoa -hartzidurak eginez-.

Bakterio aerobioak eta anaerobio fakultatiboak gai dira arnasketa aerobioan sortzen diren molekula toxikoak (hidrogeno peroxidoa, superoxido eta hidroxilo erradikalak....) deusestatzeko. Anaerobio hertsiek, ordea, ez dituzte molekula toxiko horiek deusestatzen dituzten entzimak -katalasa, superoxido dismutasa...-, eta horrenbestez oxigenoa guztiz hilgarria da haientzat.

Anaerobio hertsiak dira, besteak beste, honako bakterio hauek: Clostridium, Bacteroides, Fusobacterium eta Actinomyces.

Bakterio anaerobio hertsiak hazkuntza-inguru likido batean saiodiaren hondoan besterik ez dira hazten (hots, oxigenorik gabeko eremuan).

Naturan, mikrobio anaerobio hertsiak habitat oso berezietan bizi dira, erredox potentzial baxuetakoak:

  • lurzoruaren beheko geruzetan, ingurugiro anaerobiokoak.
  • animalien heste lodiaren hainbat eremutan, oxigenorik gabekoak
  • itsaso edota lakuen eremu sakonetan
  • oxigenorik gabeko uretan, OEB oso altua dutenak (ur oso kutsatuak)
  • hainbat ingurugiro artifizialetan: esaterako, araztegietan hondakin-urak tratatzeko erabiltzen diren bioerreaktoreetan, ingurugiro oso anaerobio dutenak

Laborategian hazteko, anaerobio hertsiek hazkuntza-ingurune bereziak eta oxigenorik gabeko ingurunea behar dituzte. Ohikoa da hazkuntza-inguruek tioglikolato sodikoa edukitzea, erredox potentziala asko jaisten den substantzia erreduktorea. Hazkuntza-inguru horiek ontzi berezietan sartzen dira, anaerobioak inkubatzeko pitxorretan, hain zuzen ere.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.