Ana Zelaia Jauregi
Ana Zelaia Jauregi (Zarautz, Gipuzkoa, 1969 azaroaren 4a) Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Informatika Fakultatean, Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala sailean.
Ana Zelaia Jauregi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | 1969ko azaroaren 4a (54 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea Donostiako Informatika Fakultatea |
Tesi zuzendaria | Olatz Arregi Uriarte Basilio Sierra |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | unibertsitateko irakaslea eta informatikaria |
Enplegatzailea(k) | Euskal Herriko Unibertsitatea Donostiako Informatika Fakultatea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Kidetza | E-makumeak Udako Euskal Unibertsitatea |
Euskararen prozesamendu automatikoan ikasketa automatikoko teknikak erabili zituen 2016an bere tesian egindako lanarekin.
Informatika Fakultateko idazkari ofiziala izan zen 2016 eta 2017an eta Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala sailekoa 1997-2000 artean eta 2017az geroztik. Irakaskuntza-materialaren sorkuntzan aritu da, e-makumeak bilguneko eragileetako bat da, EHUn Wikipediako jarduerak irakaskuntza ofizialean integratzeko lan egiten du eta UEUkidea da.
Irakaslea eta UEUkidea
Irakasle agregatua da Donostiako Informatika fakultatean 1995etik.[2][3] Hainbat irakasgaitan izan da irakasle, batez ere informatikaren oinarri matematikoei, optimizazioari eta ikasketa automatikoari buruzkoetan: Matematika Diskretua, Ikerkuntza Eragilea, Datu-Meatzaritza, etab. Irakaskuntzarako materialaren sorkuntzan ere lan egin du.
1995ean UEUk argitaratutako "Optimizazioa. Programazio lineala" izenburuko liburuaren egiletako bat da.[1]. Gerora, liburuaren euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko bertsio berrituak argitaratu zituen EHUren OpenCourseWare plataforman: Ikerkuntza Operatiboa. Programazio Lineala (2011)[4], Investigación Operativa. Programación Lineal (2011)[5], Operations Research. Linear Programming (2013).[6] Euskararen normalizazioan, terminologiaren garapenerako Terminologia Sareak Ehunduz (TSE) programan ekarpena egin du.[7] Gaur egun, informatikaren dibulgazio ekimenetan parte hartzen du EHU-Wikipedia proiektuan[8][9][10][11] eta Gaur8 aldizkarian.
2023an Informatika Fakultateko Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala saileko idazkari akademikoaren karguan aritzen da.[12] UEUkidea da ikasle zenetik.
Ikerlaria
2016an defenditu zuen doktore-tesian, hizkuntzaren prozesamendua eta ikasketa automatikoa uztartu zituen, ingeleserako eta euskararako. Tesiaren zuzendariak Olatz Arregi eta Basilio Sierra irakasleak izan ziren. Tesiaren izenburu osoa hau izan zen: "Latent semantic indexing eta ikasketa automatikoa hizkuntzaren prozesamenduaren arloan: testu-sailkatzea, hitzen adiera-desanbiguatzea eta korreferentzia-ebaztea SVD bidezko dimentsio murrizketa eta multi-sailkatzailea konbinatuz".[13]
Ordurako LSI teknikak (Latent semantic indexing, Ezkutuko semantikaren analisia) hitzen eta testuen semantika jasotzeko erakutsitako trebezia ikusita, hark kalkulatutako adierazpen matematikoa Ikasketa Automatikoko metodoekin uztartuz, Hizkuntzaren Prozesamenduaren hainbat atazaren ebazpenerako prozedura bat diseinatu zuten, haren portaera eta ekar zezakeen onura aztertzeko.[14] Ezkutuko semantikaren analisia (LSI) testuen semantika jasotzeko gaitasuna duen tresna bat da. Oinarri matematikoa du, eta bi teknika konbinatzen ditu, aljebra linealeko bektore-espazioak, batetik, eta matrize-deskonposaketarako Singular Value Decomposition (SVD) metodoa, bestetik. Testu multzo (corpus) batetik abiatuta sortzen da espazio semantikoa eta bertan kokatzen dira hitzak eta testu zatiak adierazten dituzten bektoreak. Espazioaren dimentsioa murriztean hitzen eta testu-zatien arteko erlazio semantikoak hobeto erakustea lortzen da. Bektoreen arteko angeluaren kosinua erabiltzen da haien arteko konparaketa semantikoak egiteko; horrela, hitzek edo testuek duten antzekotasun semantikoa neur daiteke.
Konputagailuek ikasteko gaitasuna garatzea helburu duen informatikaren alorra da Ikasketa Automatikoa, makinak ere giza adituek erakusten duten trebeziarekin problemak ebazteko eta erabakiak hartzeko gai izan daitezen. Ikasketa automatikoko metodoak azken urteotan Hizkuntzaren Prozesamenduaren hainbat atazatan oso lagungarriak gertatzen ari dira. Adibidez, izaera oso ezberdineko hiru hauetan lan egin zuten tesian: Testu Sailkatzea (dokumentu bilduma handietan, antzeko gaia lantzen dutenak multzokatzea), Hitzen Adiera Desanbiguatzea (polisemikoak diren hitz-adierak desanbiguatzeko, hitzen agerpenen testuinguruaz baliatuta) eta Korreferentzia Ebaztea pertsona edo entitate berari erreferentzia egiten dioten testu-zati desberdin posibleak haien artean erlazionatzea).[15]
Emakumeak zientzian eta e-makumeak
Informatikako Ingeniaritzan emakumeek duten egoeraz informazioa biltzea eta zabaltzea helburu duen e-makumeak taldeko partaidea da. [16] Informatika Fakultatean XXI mendea hasi zenean jaitsiera nabarmena egon zen neska ikasleen portzentajean. Aurretik neska eta mutilen proportzioa parekidea izaten zen, baina geroago %12ra ere jaitsi zen nesken portzentajea. e-makumeak taldearen arabera, arrazoi nagusietako bat izan daiteke informatika zer den ez dela ondo ezagutzen, "informatikariaren" estereotipoaren arabera hainbatentzat informatikaria mutil "friki" eta antisoziala da. Hori dela eta, STEM alorrean emakumezkoen presentzia bistaratzeko ekimenetan parte hartzen du.
e-makumeak taldeko kide moduan, hainbat artikulu idatzi ditu Gaur8 astekarian:[17]
- "Wikidatak 10 urte" (2022)[18]
- "Berdea da Internet? Eta Adimen Artifiziala?" (2020)[19]
- “Blockchain”: interneten hurrengo belaunaldia ekar dezakeen teknologia" (2019)[20]
- "Ulertzen al du Googlek zer aurkitu nahi dugun? Eta, zer erakusten digu?" (2018)[21]
- "Kriptografia: komunikazioen pribatutasuna babesten".[22]
Emakumeak Zientzian ekimenaren barruan ere hainbat ekarpen egin ditu Zelaiak.[23] Horien artean daude 2022an Emakumeak Zientzian[24] programaren barruan, gaztetxoei Kriptografia zer den eta informatikarekin zein erlazio duen azaltzeko prestatutako "Informatika: mezuak ezkutatu kriptografia erabiliz" bideoa.[25] 2021ean, lehen hezkuntzako haurrei zuzendutako ipuin bat (lore eurizaleak) eta magia joko bat argitaratu zituzten taldeko kideek, zenbaketa bitarraren kontzeptua azaltzeko [26][27] eta beste ipuin bat (banatzaile despistatuak) eta magia joko bat algoritmoen kontzeptua azaltzeko.[28][29]
Errekonozimenduak
- 2012: Ibilaldian omendua teknologia berrietan euskara sartzeko egindako lanengatik beste hauekin batera: Lapurdiko Harluxetar lehengusu ingeniariak: Klaudio Harluxet eta René Harluxet; Aurki, Sustatu, Codesyntax: Luistxo Fernandez). UEUko Informatika saila: Olatz Arbelaitz; EHUko Donostiako Informatika Fakultatea[30]; EHUko Aholab Taldea: Inma Hernaez; puntueus: Iratxe Esnaola; kaixo.com: Aitor Lopez de Aberasturi; Erentzun ikastola: Fultxo Crespo; Hachtibista, sare sozialak: Gorka Julio; Euskal Jakintza: Maite Goñi.[31]
- 2022: Euskararen aldeko Korrikan EHUko Gipuzkoako Campusaren kilometroan (2.527.a) lekukoa eraman zuen Itziar Zubia ingeniariarekin batera, biek aurreko urteetan Wikipediako jarduerak irakaskuntzan integratzen egindako lanaren aitortza gisa.[32]
Erreferentziak
- Fernandez Gonzalez, Victoria; Jauregi, Ana Zelaia. (1995). Optimizazioa. Programazio lineala. UEU ISBN 978-84-86967-65-9. (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- «Informatika Fakultatea» UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- «Irakasleak. Informatika fakultatea» UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2023/09/15).
- Victoria Fernandez Gonzalez, Ana Zelaia Jauregi. (2011). «Ikastaroa: Ikerkuntza Operatiboa. Programazio Lineala» OCW (UPV/EHU) ISSN 2255-2316. (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- (Gaztelaniaz) Victoria Fernandez Gonzalez, Ana Zelaia Jauregi. (2011). «Curso: Investigacion Operativa. Programacion Lineal» OpenCourseWare (OCW) (UPV/EHU) ISSN 2255-2316. (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- (Ingelesez) Zelaia Jauregi, Ana. (2013). «Course: Operations Research. Linear Programming» OpenCourseWare (OCW) (UPV/EHU) ISSN 2255-2316. (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- TSE programa | Garaterm, Euskararen erregistro akademikoen garapena ikertzeko lan-ingurunea. (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- «Wikipedia - Informatika Fakultatea» Informatika Fakultatea (UPV/EHU) (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- Wikiproiektu:Informatika. 2022-03-28 (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
- «Unibertsitatean ditugun wiki-aukerak» UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- Datu meteorologikoak Wikipedian eta Wikidatan. Euskal Wikilarien Kultur Elkartea, (wikimedia.eus) (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- «Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Saila - UPV/EHU» Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Saila (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- Zelaia Jauregi, Ana. (2016). Latent semantic indexing eta ikasketa automatikoa hizkuntzaren prozesamenduaren arloan: testu-sailkatzea, hitzen adiera-desanbiguatzea eta korreferentzia-ebaztea SVD bidezko dimentsio murrizketa eta multi-sailkatzailea konbinatuz. UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- Zelaia Jauregi, Ana. (2016). «Latent semantic indexing eta ikasketa automatikoa hizkuntzaren prozesamenduaren arloan: testu-sailkatzea, hitzen adiera-desanbiguatzea eta korreferentzia-ebaztea svd bidezko dimentsio murrizketa eta multi-sailkatzailea konbinatuz» www.educacion.gob.es (UPV/EHU) (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
- «Ana Zelaia Jauregi :: Uztaro aldizkari elektronikoa» www.uztaro.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-23).
- «e-makumeak taldearen webgunea» e-makumeak (UPV/EHU) (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- «Programa dezagun mundua morez» e-makumeak (GAUR8) (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
- SLU, Herritar Berri. (2022-10-20). «Wikidatak 10 urte» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- SLU, Herritar Berri. (2020-02-13). «Berdea da Internet? Eta adimen artifiziala?» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
- SLU, Herritar Berri. (2019-02-28). ««Blockchain»: Interneten hurrengo belaunaldia ekar dezakeen teknologia» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
- SLU, Herritar Berri. (2018-02-15). «Ulertzen al du Googlek zer aurkitu nahi dugun? Eta, zer erakusten digu?» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
- «Kriptografia: komunikazioen pribatutasuna babesten» GAUR8 (Gaur8 naiz.eus) 2016-11-17 (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
- «e-makumeak taldea "Emakumeak Zientzian" ekimenean» e-makumeak (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- «Emakumeak Zientzian. Emakume zientzialariak ikusarazi. Estereotipoak apurtu. Bokazio zientifikoak sustatu» Emakumeak zientzian 2023-02-17 (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- Kriptografia.. (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
- Zenbaketa bitarra (magia bidez). (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
- Lore eurizaleak (bitarra azaltzeko ipuina). (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
- Banatzaile despistatuak (algoritmoak azaltzeko ipuina). (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
- Algoritmoak (magia jokoa). (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
- Ikastolen Elkartea, Bizkaia. (2012-06-03). Euskara Teknologia Berrietan. Elkarrizketak 2012ko Ibilaldian omendukoekin.. Ikastolen Elkartea (Noiz kontsultatua: 2020-02-11).
- Ibilaldia 2012 omenaldia: Euskara teknologia berrietan sartzeko aintzindariak – Hizkuntza-teknologiak. (Noiz kontsultatua: 2020-02-11).
- Informatika Fakultatea (EHU). (2022). ETB "Biba zuek": Informatika Fakultatea eta Euskal Wikipedia. UPV/EHU.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Ana Zelaia Jauregi Inguma datu-basean
- Ana Zelaia. Google Scholar datu-basean
- @TxioAna twitter kontua
- @anazelaia Artizarra sare profesionalean
- ORCID