Ana Rodriguez Rua

Ana Rodriguez Rua (Beasain, 1966ko azaroaren 12a) pedagogoa, haur-hezkuntzako irakaslea eta “Familia-harreraGipuzkoako Beroa proiektuko partaide boluntarioa 22 urtez.

Ana Rodriguez Rua

Bizitza
JaiotzaBeasain, 1966ko azaroaren 12a (57 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaOiartzun
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Pedagogia 1989)
aisia
(1989 - 1990)
Hizkuntzakgaliziera
gaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakirakaslea, Haur hezkuntza eta Boluntariotza
KidetzaHarrera familia

Historia

Galiziatik Beasainera etorritako familiako alaba da Ana. Aita Juan Rodriguez Rodriguez da eta ama Rosa Rua Mendoza. Hiru senide dira, bera da gazteena. Etxeko hizkuntza galiziera du eta ikasketak gazteleraz egin zituenez, euskara geroztik ikasia du, benetako murgiltze sistema praktikara eramanda senarrarekin eta senarraren familiarekin. Ezkondu zenetik Oiartzunen bizi da.

Lehen ikasketak Beasaingo mojen eskolan burutu zituen eta batxilergoa institutuan. Goi mailako ikasketak Donostian egin nahi eta, bera saiatu zen, lana eginez eta etxe-ostatua izan truke, dirua bildu eta karrera ordaintzeko. Donostiara etorri zen lanera eta karrerako bost urteak pasa zituen etxe partikularretan lanean: hiru urtez batean eta beste bi beste etxe batean.

Xabier Arruabarrenarekin ezkondua dago eta badituzte bi alaba: Ainhoa eta Amaia. 2022tik ordea hirugarren alaba dute adopzioan hartua, Yeissa, hau ere txikitatik familian hazia.

Heziketa eta zaintza munduak erakarri du Ana eta arlo horietara bideratu du bere bizitzako proiektua, izan haur-eskolan lanean, izan Familia-Harrerako konpromisoetan inplikatuta edota amaren gaixotasun prozesu luzean laguntzen.  

Formazioa

  • Pedagogian lizentziatua, Heziketa berezia UPV Donostia (1989). Pedagogiako praktikak: Oreretako Aingeru Zaindariaren heziketa bereziko herri eskolan eta Donostiako Ignazio Zuloaga heziketa bereziko herri eskolan FPko gela batean 88ko abendutik 89ko ekainera bitarte.
  • 0-3 Haur Hezkuntzako Egokitzapena. (Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 97.09.05)
  • Heziketa Bereziari buruzko 50 orduko formakuntza Bilboko Cemedete Kolektiboan 88-89 ikasturtean.[1]
  • Aisialdiko monitore ikastaroa 89-90 ikasturtean Aisialdiko hezitzaile eskolaren eskutik.
  • Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte eta osasun-arreta ematea. Playaundi. 2023. Praktikak Oiartzungo Petra Lekuona egoitzan.

Ibilbide profesionala

Hamahiru urte eman zituen lanean haur-hezkuntzako irakasle. Hasieran Koikile Arruabarrena haur-eskolan (1992-98) eta gero Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan (1998-2005).[2]

2005ean haur-eskolako lana uztera behartua izan zen eta ondorioz bere bizitza zeharo beste bidetik abiatu zen. Ordurako Familia-harrera proiektuan sartuak zeuden ume bat zutelako etxean jasoa baina haur-eskolako lana utzita, buru-belarri inplikatu zen proiektu berri honetan.  

“Beroa”, Gipuzkoako familia-harrera taldea

Senarrak irratian entzundako erreportaje batean ezagutu zuten Familia-harrera[3] proiektua eta erabat sentsibilizatuta, bertan parte hartzera animatu ziren “borondatezko familia-harrera” modalitatean. Definizioz  “borondatezko harrera-familia beste familia-mota bat da, eta, bere borondatez eta modu altruistan, adingabeak eskubide osoko kide bihurtzen ditu beren beharrak behar den denboran betetzeko, haur eta gazteen babesaren arloan eskumena duen administrazioarekin lankidetzan.”[4]

Partaide izan aurretik balorazio prozesu luze bat eraman behar izan zuen familiak, tartean horretara zuzendutako formazioa jasoaz. Behin “gaitasun” informea eskuan, berehala jaso zuten 18 hilabeteko neska etxean. Hasieran harrera tenporala izan zen, bere egoerari buelta eman arte; gero egonkorra bihurtu zen eta eurekin bizi da geroztik, nahiz eta adin nagusitasunera iristerakoan aukera izan independizatzeko. Azkenean 2022an adopzioa eskatu du eta legez ere Yeissa hirugarren alaba izatera bihurtu da.

Euren proiektua familia osoaren proiektua da, senarra eta alabak inplikatuta eta horrela aldarrikatzen du gaiaren inguruko agerraldietan. Familia ingurune osoa da garrantzitsua eta tartean, seme-alaba biologikoek egiten duten lana, maiz frogatu izan baidute nola batzuetan gurasoek lortzen ez duten lana eurak lortzen dutela.

2000. urtetik dabiltza elkartearekin kolaboratzen. Anak haur-eskolako lana utzi zuenetik, gehiago inplikatu da zuzendaritza organoetan.

Beroa, Gipuzkoako familia abegitsuen elkarteko zuzendaritzakoa da 2000tik. Zuzendaritza Batzordean 10 urte eman ditu; idazkari lanetan 6 eta beste 4 urte batzordekide bezala. Tarte horretan hainbat ekitaldi eta agerraldietan parte hartzea tokatu zaio, besteak beste:

  • Harrerarako familiak erakartzeko kanpainaren barruko hitzaldiak udaletxeetan.
  • Magisteritza ikasleei emandako prestakuntza hitzaldiak.
  • Familia abegitsu modura bizitutako esperientzia  hitzaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko kanpainaren barruan. 2004ko urria
  • La acogida. Cómo se vive la experiencia artikulua. “Infancia, educar 0-6”  (96.2006)[5]
  • “El Interés Superior del Niño, Acogimiento y Adopción” izeneko I. Kongresuan (2013)[6] parte hartu zuen eta baita online egin ziren IV. eta V.etan ere.
  • 2017ko EHUko udako ikastaroetan mahai ingurua, “Norberak izandako esperientzia pertsonalak” [7]

2014ean jaso zuen Beroa elkarteak Gipuzkoako urrezko plaka, Diputatu Nagusiaren eskutik. Horrekin aitortu nahi izan zitzaion 15 urteren buruan lortutako emaitza, alegia, 700 familia konprometitu izana familia biologikoarekin bizi ezin duten haurrei bigarren aukera bat ematera.[8]

Larrialdiko harrera-familia

2017an "Larrialdiko harrera-familia" programan sartzeko aukera sortu zitzaien eta esperientzia berriari eutsi zioten; kasu honetan 18 urte zituen alaba Yeissa ere programan inplikatuz. Beste bi alabak independizatuak zeuden eta etxean bazuten nahiko leku haurrak jasotzeko. Egoera zeharo desberdinei egin behar izan zioten aurre, haur bakoitzaren errealitateak markatzen baitzuen familian igaro beharreko denbora eta baldintzak. Honela:

  • 2017an 2 haur jaso zituzten. Lehenak bi urte zituen eta familia egonkor bat aurkitu zuten arte 8 hilabetez bizitu zen eurekin.  Bigarren haurrak 12 urte zituen eta 5 hilabete igaro ziren bere egoera konpondu zitzaion arte.
  • 2018an arazoak zituen haur jaio berria jaso zuten eta eurekin bi urte eta bi hilabete bizitu zen harik eta  harrera espezializatuko programara pasa zuten arte.
  • 2020an beste haur jaio berri bat. Honekin 9 hilabetez bizitu ziren.
  • 2022an 2 urteko haurrarekin 7 hilabetez.

2022an biloba jaio eta familiako egoera aldatu zitzaienean erabaki zuten programan baja ematea. Hala ere familia zabala osatu dute, euren eskuetatik pasatako haur guztiekin mantentzen dute harremana.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «Método CEMEDETE» ASOCIACIÓN ALIND UBIE (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).
  2. «Ongi Etorri» Jolastuz, izan eta hazi. Lagunduz, izan eta hezi. (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).
  3. «Facebook» www.facebook.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).
  4. «Familia harrera - Gizarte Politika - Gipuzkoako Foru Aldundia» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).
  5. Rodríguez, Ana. (2006). «La acogida: Cómo se vive la experiencia» Infancia: educar de 0 a 6 años (96): 39–41. ISSN 1130-6084. (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).
  6. «I Congreso Interés Superior del Niño - Acogimiento y Adopción» www.barcelocongresos.com.es (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).
  7. «La escuela ante el acogimiento y la adopción.» UIK (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).
  8. Nabarralde. (2014-06-13). «Benito Lertxundi recibe la Medalla de Oro de Gipuzkoa» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.