Amy Winehouse
Amy Jade Winehouse (Southgate, Londres, Erresuma Batua, 1983ko irailaren 14a - Camden, Londres, 2011ko uztailaren 23a), judutar jatorriko abeslari eta konpositore britainiarra izan zen, hainbeste musika genero (soul, jazz, rock and roll, ska) nahasteagatik ezagun egin zena. Berea “akustikoki indartsua” eta “sakonki bere emozioak” espresatzeko gai den kontralto ahotsa zela esan izan da.
Amy Winehouse | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Amy Jade Winehouse |
Jaiotza | Southgate eta Londres, 1983ko irailaren 14a |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Heriotza | Camden eta Londres, 2011ko uztailaren 23a (27 urte) |
Hobiratze lekua | Edgware (en) |
Heriotza modua | : mozkorra |
Familia | |
Aita | Mitch Winehouse |
Ama | Janis Seaton |
Ezkontidea(k) | Blake Fielder-Civil (en) (2007 - 2009) |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Sylvia Young Theatre School (en) Ashmole Academy (en) Bourne Grammar School (en) The Mount, Mill Hill International (en) BRIT School for Performing Arts and Technology (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | egile abeslaria, gitarra-jotzailea, jazz musikaria, jazz guitarist (en) , animatzailea eta estudioko musikaria |
Pisua | 50 kilogramo |
Altuera | 1,60 metro |
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Erykah Badu, Frank Sinatra, Billie Holiday, Aretha Franklin, Dinah Washington, Sarah Vaughan, Tony Bennett, Meredith Monk, Mary J. Blige, D'Angelo, Etta James eta Sade Adu |
Genero artistikoa | soula rhythm and bluesa jazza bluesa blue-eyed soul (en) reggaea ska |
Ahots mota | kontraltoa |
Musika instrumentua | gitarra bateria ahotsa |
Diskoetxea | Universal Music Group Island Records Republic Records |
amywinehouse.com | |
|
2003an Winehousek Frank bere lehen albuma kaleratu zuen; kritika baikorrak jaso zituen jaioterrian eta arrakasta komertziala lortu zuen, Mercury Prize sarietarako izendatu zutelarik. Back to Black bigarren albuma 2006an kaleratu zuten. Disko honekin kantariak Grammy Sarietarako eta horietako bost irabazi zituen.
2011ko uztailaren 23an hilik aurkitu zuten Londresko Camden auzoko bere etxean[1][2].
Biografia
Amy Winehouse 1983ko irailaren 14an jaio zen. Familia judu eta jazz musikaren tradiziokoa zen. Southgaten kanpoaldean bizi zen, Londresko iparraldean. Aita Mitchell (taxi gidaria) zuen, ama Janis (botikaria) eta neba bakarra zuen, Alex[3]. Aitak Amyri etengabe abesten zion etxean; Frank Sinatraren abestiak zituen kutunen. Amyk etxean kantatzeko ohitura hartu zuen, eta eskolan ezin zuten isildu.
Amyk 9 urte zituen gurasoak banandu zirenean. Garai horretan sartu zen Susi Earnsheko antzerki eskolara eta 4 bat urte egin zituen han. 10 urte besterik ez zituen Sweet 'n' Sour rap banda sortu zuenean eta 13 Sylvia Young antzerki eskolara joaten hasi zenean, baina 3 urtetara bota egin zuten handik, saiatzen ez zelako eta sudurrean piercing bat jarri zuelako. 1997an, Amy eta Sylvia Young eskolako hainbat kide The Fast Show seriearen atal batean atera ziren.
Amyk 13 urte zituen lehen gitarra jaso zuenean eta urtebetera konposizioan hasi zen; ez zen denbora asko pasa, Londresko tabernatan aurkezten hasteko eta emakumez osatutako jazz banda bat ere egin zuen. Garai hartan Tyler James zuen mutillagun eta honek Amyren maketa aurkeztu zion ekoizle bati, 16 urterekin, Amyk karrera profesionala hasteko aukera izan zuelarik. Simon Fullerrekin sinatu zuen lehen kontrato bat, 2002an uko egingo ziona.
Island/Universaleko ordezkari zen Darcus Beesek entzun zuenean, Winehouse kontratatu behar zuela jakin zuen, baina inork ez zion ahots sendoko emakume hura nor zen esaten. Beese hilabetetan egon zen haren bila eta, aurkitu zuenean, bere gainean zegoen Nick Gatfieldi aurkeztu zion. Izugarri gustatu zitzaion hari eta berehala sinatu zuten EMIrekin. Orduan ezagutu zuen etorkizuneko ekoizlea izango zuena, Salaam Remi.
Arrakasta
Frank
2003ko urriaren 20an atera zuten Frank albuma. Diska Salaam Remik ekoiztu zuen gehien bat eta jazz ukituak zituen, abestietako bi izan ezik, Winehousek idatziak zirelarik. Harrera ona egin zien kritikoek eta Sarah Vaughan edo Macy Grayrekin alderatu zuten Amyren ahotsa. Platino diska lortu zuen Erresuma Batuan eta Mercury Music eta BRIT Awards sarietarako izendatu zuten.
2004an, Stronger Than Me singleak abesti garaikide onenarentzako Ivor Novello saria irabazi zuen eta, urte berean, Amy Glastonburyko jaialdian aurkeztu zen.
Back To Black eta arrakasta nazioartean
2006ko urrian Amyk bere bigarren albuma, Back to Black izenekoa, atera zuen eta harrera ezin hobea lortu zuen, bai publiko eta baita kritikarengatik ere. 2007ko otsailaren 11n BRIT sari bat irabazi zuen “Britainiar artistarik onena” sailean. Urte bereko ekainean Winehouse berriro Mercury Prize sarirako izendatu zuten Back to Black. Kantako singlea platinozko diskoa izan zen AEBetan.
2007ko MTV Video Music Awards sarietarako hiru izendapen lortu zituen. Azaroan izen bereko bilduma arrakastatsuaren berredizioa den Back to Black Deluxe Edition eta Told You I was in Trouble bere lehen DVDa kaleratu zituen.
Back to Black kanta erabateko arrakasta izan zen eta kritika onak jaso zituen. Rolling Stone aldizkariak album honetan indie eta hip hop kantarien indarra zuela esan zuen.
Erresuma Batutik kanpo, espero ez zen arrakasta jaso zuen diskak, Espainian adibidez. 2007ko martxora arte atzeratu zen hemen Back to Black, eta duda askorekin[4].
Gailurra
2008ko otsailaren 10ean Grammy Sarietako gaua ospatu zen; Winehouse izendatuta zegoen sei sarietatik bostetan irabazlea izan zen: artista berri onena, urteko grabaziorik onena, urteko abestirik onena, emakumezko pop interpretaziorik onena (Rehab kantarekin) eta Back to Black albuma pop saileko onena izan zen; aldiz, kantaria ezin izan zen ospakizunera joan, lehen momentuan AEBek bisa ukatu ziotelako “narkotikoen gehiegizko erabileragatik”; geroago erabakia zuzendu bazuten erem galan parte hartzeko beranduegi izan zen. Azkenean satelite bidez abestu zuen, Londresetik.
Heriotzaren ondoren: Lioness: Hidden Treasures
Amyren heriotzaren ondoren, Back to Black mundu osoko zerrendetan sartu zen eta, 2011ko uztailaren 24an 59.a izan zen Erresuma Batuan, 7 ordu besterik ez zeramanean salgai. Hurrengo astean berriro izan zen lehena, laugarren aldiz. Kanadan, hil eta gero, albumaren 2.500.000 kopia saldu ziren, 13.a herrialde hartan. Beste astebete eta 6.era iritsi zen, beste 5.000 kopiekin.
Abuztuaren 25ean, Official Charts Companyk Back To Black Erresuma Batuan XXI. mendean saldutako album salduena izan zela iragarri zuen, 3,26 milioi kopia saldu zirelarik.
Abenduaren 5ean, abeslaria hil ondorengo lehen albuma atera zen: Lioness: Hidden Treasures eta 2002az geroztik grabatutako bertsioez osatu zuten. Aurrena single bat atera zuten, Body & Soul, Tony Bennettekin duetoa eginez eta, 2011ko azaroaren 18an, berriz, bigarrena, Our Day Will Come, 2007an estudioan grabatutakoa zena. Erresuma Batuan bakarrik 194.000 kopia saldu zuten lehen astean. AEBn, albuma 5.a izan zen Billboard 200ean, 144.000 ale salduz.
2012an, Winehouse 26.a izan zen VH1en musikako 100 emakume hoberenen zerrendan.
Droga arazoak
Winehouseren arazorik handiena drogak izan ziren. Elkarrizketa askotan esan zuen depresio, drogomenpekotasun eta elikadura problemak zituela. 2005ean droga kontsumo aldi gogorra izan zuen, umore aldaketa handiak eta pisu galera pairatu zituen. Urte amaieran eta 2006ko lehen hilabeteetan Back to Black diskoaren grabaketarekin bat egin zuen beste kontsumo aldi gogor bat izan zuen. 2007ko abuztuan Winehousek Europan zeharreko zenbait ekitaldi bertan behera utzi behar izan zituen eta ospitalera sartu beharrean izan zen heroina, extasis, kokaina, ketamina eta alkohola zela-eta[5].
2007ko urrian, Blake Fielder Civil bere bikotekidearekin Norvegiako hotel batean marihuana kontsumitzen harrapatu zuten[6]. Abenduaren 2an abeslariaren argazkiak goizeko ordu txikietan bere etxetik kanpo oinutsik eta ia biluzik zebilela interneten agertu zen eta txutxu-mutxuetako egunkarietan 2008ko urtarrilean bideo bat zabaldu zen non Winehouse cracka erretzen agertzen zen. 23 egun geroago bere diskoetxeak iragarri zuen desintoxikazio zentro batean sartuko zela bere kabuz bere menpekotasunari aurre egiteko [7].
2008ko maiatzean, Amyk Rock in Rio jaialdian parte hartu zuen Lisboan. Abeslaria ordu erdiko atzerapenarekin oso itxura eskasaz igo zen eskenatokira, dardarka eta ahotsik gabe[8].
2009ko apirilean Amy zegoen hotelaren barrualdean biluzik korrika egiten aurkitu zuten, Karibeko Santa Luzia uhartean. Amyri ez zitzaion gustatu hoteleko jabeek toplessik ezin zuela egin esan izana eta orduan arroparik gabe ibiltzeari ekin zion.
2009ko uztailean Blake Fielder-Civil bere senarrarengandik bereizteko eskaera egin zuen.
27en kluba
27 urteko adinarekin zendu zen, 27en kluba sartuz, mito bilakatu diren beste hainbat musikarien gisara: Brian Jones, Jimi Hendrix, Janis Joplin, Jim Morrison edota Kurt Cobain[9].
Diskografia
Albumak
- 2003: Frank
- 2006: Back to Black
- 2011: Lioness: Hidden Treasures
Abestiak
- 2003 "Stronger Than Me"
- 2004 "Take the Box"; "In My Bed" / "You Sent Me Flying"; and "Fuck Me Pumps" / "Help Yourself"
- 2006 "Rehab"
- 2007 "You Know I'm No Good"; "Back to Black"; "Tears Dry on Their Own"; and "Love Is a Losing Game"
- 2008 "Just Friends"
Sariak
Urtea | Saria | Kategoria | Bilduma/Kanta | Emaitza |
---|---|---|---|---|
2004 | Ivor Novello | Garaiko abestirik onena | Stronger than me | Irabazle |
2007 | Brit Awards | Britainiar emakumezko kantaririk onena | Rehab | Irabazle |
2007 | Brit Awards | Britainiar bildumarik onena | Back to black | Hautagai |
2007 | Ivor Novello | Garaiko abestirik onena | Rehab | Irabazle |
2007 | Mercury Sariak | Britainiar bildumarik onena | Back to black | Hautagai |
2007 | MTV Europe Music Awards | Abestirik adiktiboena | Rehab | Hautagai |
2007 | MTV Europe Music Awards | Urteko bilduma | Back to black | Hautagai |
2007 | MTV Europe Music Awards | Kantariek aukeratutako abeslaririk onena | Berau | Irabazle |
2008 | MTV Europe Music Awards | Urteko artistarik onena | Berau | Hautagai |
2008 | Grammy Sariak | Urteko grabaketa | Rehab | Irabazle |
2008 | Grammy Sariak | Urteko bilduma | Back to black | Hautagai |
2008 | Grammy Sariak | Urteko abestia | Rehab | Irabazle |
2008 | Grammy Sariak | Artista berririk onena | Back to black | Irabazle |
2008 | Grammy Sariak | Emakumezko pop artistarik onena | Rehab | Irabazle |
2008 | Grammy Sariak | Ahots pop bildumarik onena | Back to black | Irabazle |
2008 | NME Sariak | Artistarik onena | Berau | Hautagai |
2008 | NME Sariak | Urteko gaiztoa | Berau | Hautagai |
2008 | NME Sariak | Txartoen jantzitakoa | Berau | Irabazle |
2008 | World Music Awards | Emakumezko bakarlaririk onena | Rehab | Irabazle |
2008 | Igor Novello | Abest eta letrarik onena | Love Is a Losing Game | Irabazle |
Erreferentziak
- «Amy Winehouse abeslaria hilda aurkitu dute Londresko etxean», Berria.
- (Ingelesez)http://www.dailymail.co.uk/tvshowbiz/article-2018020/Amy-Winehouse-dead-London-flat-drug-overdose.html
- (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20110812214611/http://www.people.com/people/amy_winehouse/biography
- (Gaztelaniaz)http://elpais.com/diario/2011/07/24/cultura/1311458403_850215.html
- (Ingelesez)http://www.dailymail.co.uk/tvshowbiz/article-476254/EXCLUSIVE-Amy-Winehouses-mother-explains-feels-powerless-stop-troubled-daughter-s-descent-hell-addiction.html
- (Gaztelaniaz)http://elpais.com/elpais/2007/12/29/actualidad/1198914530_850215.html
- (Gaztelaniaz)https://web.archive.org/web/20131212052317/http://www.eluniversal.com.mx/notas/504966.html
- (Gaztelaniaz)http://www.elmundo.es/elmundo/2008/05/31/cultura/1212237792.html
- (Gaztelaniaz)http://www.elperiodico.com/es/noticias/ocio-y-cultura/amy-winehouse-muerte-intoxicacion-etilica-alcohol-1196991
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Amy Winehouse |
- (Ingelesez) Abeslariaren webgune ofiziala.