Ammonoidea
Ammonoidea Cephalopoda klaseko molusku desagertuen talde zabal bat da. Amonite[1] izena erabiltzen da normalean taldeko izakiak izendatzeko. Amoniteen ahaiderik gertukoena ez da Nautilus generoa, antz handia duten arren, baizik eta Coleoidea azpiklasea (txibiak eta olagarroak)[2]. Lehen amoniteak Devoniar garaian agertu ziren, eta azkenak Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboan desagertu ziren.
Ammonoidea | |
---|---|
Siluriar-Kretazeoa | |
Asteroceras ammonitearen ilustrazio artistikoa Irudi gehiago | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Azpierreinua | Eumetazoa |
Filuma | Mollusca |
Subklasea | Ammonoidea Zittel, 1884
|
Ordenak eta subordenak | |
Ammonitida ordena: * Ammonitina * Acanthoceratina * Ancyloceratina * Phylloceratina * Lytoceratina Goniatitida ordena: Ceratitida ordena: | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | ammonite fossil (en) |
Fosil gidari ezin-hobeak dira eta askotan arroka baten adina bertan aurkitutako amoniteen generoarekin lotzea guztiz posible izaten da.
Izena
Ammonoideoen izena Plinio Zaharrak eman zien 79. urtean, ammonis cornua latinezko izenak Ammonen adarrak esan nahi baitu[3]. Ammon jainko egiptiarra ahari adarrez irudikatu ohi zelako ezarri zion izen hori.
Ammonoidea taldeko genero gehienen izenak -ceras atzizkiarekin bukatzen dira, grezieratik, (κέρας), adarra.
Deskribapena
Oskola
Amoniteek aragonitozko oskol fina zuten. Oskolak bi atal agertzen ditu, fragmokonoa ("zatikaturiko konoa" esan nahi du)[4] eta aurreko ganbara.
Fragmokonoa septo bidez zatikaturik dago eta gelak txikienetik handienera kokatzen dira gorputz bizira hurbildu ahala. Animaliak gasa biltzen zuen gela horietan eta horrela flotagarritasuna kontrolatzen zuen. Sifunkulo bat zuen gelak urez bete eta hustutzeko. Aurreko ganbaran animalia biziaren zati biguna kokatzen zen[5].
Amonite taldeak fragmokonoa gelatan zatikatzen duten septoen bidez bereizten dira, septua eta oskolaren hormaren arteko joskura ezberdinak azaltzen dituztelako.
Joskurak
Hiru joskura mota aurkitu dira. Joskura horiek erabiltzen dira amoniteen ordenak antolatzeko.
- Goniatitikoa: gailur eta bailara ez zatitu asko ditu. Normalki 8 gailur oskolaren inguruan. Paleozoikoko ammonoideoen artean ohikoa da.
- Ceriatitikoa: gailurrek puntatxo zatituak dituzte eta horregatik zerra itxura hartzen dute. Bailarak, ordea, biribilduak dira. Triasikoan ohikoa da eta berriro agertu ziren Kretazeoko pseudoceratitesetan.
- Ammonitikoa: bai gailurrak bai bailarak banaturik agertzen dira. Banaketa horiek biribilduak izan ohi dira, zerra itxurarekin baino. Ammonoide hauek duten garrantzi bioestratigrafikoa oso handia da. Jurasikoan eta Kretazeoan ohikoena da, nahiz eta Permiarrean jada existitzen zen.
Joskuraren konplexutasuna oskolaren erresistentzia gaitasunarekin zuzenki loturik dago. Honek hainbat abantaila eman zizkien amoniteei; alde batetik sakonera handiagoko urterara jeitsi zitezkeen elikagai bila. Bestetik oskolaren hormak finagoak izan zitezkeen eta pisua galtzearekin batera hobeto egin zezaketen igeri.
Sifunkuloa
Amoniteen sifunkuloa hodi estu bat da eta oskolaren kanpoaldeko ertzetik luzatzen da. Fragmokonoaren gelak eta aurreko ganbara lotzen ditu. Geletako airea eta ura orekatzea du helburu animaliaren flotagarrtasuna bideratzeko. Horri esker amonitea ur azaalera igoko zen planktonaz elikatzera eta ur sakonagoetara jeitsiko zen harrapariengandik ihesi. Gradiente osmotikoa erabiliko zuen geletako ura ateratzeko, sifunkuloan ingurune hipertonikoa sortaraziz.
Gaur egungo nautiloideetan sifunkuloa gelen erdialdetik igarotzen da, baina Kanbriar berantiarreko eta Ordoviziarreko nautiloideen sifunkuloa amoniteenaren antzekoa zen.
Apticus-a
Amoniteek baino ez duten egitura bat da, gastropodoen operkuluaren antzekoa. Oskolaren aurrealdean kokaturiko kaltzitazko bi pieza simetrikok osatzen dute eta oskola ixtea dute helburu. Amonite batzuetan aurreko ganbararen barnean aurkitu izan dira eta murtxikatze funtzioa zutela ere iradoki da[6].
Normalean ez dira amoniteen oskolen alboan aurkitzen, pentsatzen da animalia hiltzerakoan askatu egingo zirela eta oskola bere aldetik flotatzen jarraituko zuela gasak askatu arte. Parataxon gisa sailkatzen dira horregatik, ezin baita jakin zein amonite espezieri dagokien[7]. Bibalboen oskolekin nahastea posible litzake, baina amoniteen apticusek hazkuntza-zerrendak alde ahurrean dituzte, bibalboen oskolek ez bezala.
Karena
Oskolaren alde bentralean agertzen den loditasun bat da, itsasontzien gila gisa funtzionatuko zukeena, igeri egiteko gaitasuna handituz. Ez da amonite guztietan aurkitu.
Atal bigunak
Amoniteen oskolen inguruan ikerketa ugari egin badira ere gutxi dakigu haien atal bigunei dagokienean, 2021 artean fosil erregistroan ez baita arrastorik apenas aurkitu[8]. Pentsatzekoa da gaur egungo zefalopodoen antzekoak izango zirela, erraiak aurreko ganberan zituztela eta handik burua eta hamar garro aterako zirela, gaur egungo Nautilusen antzera[9]. Tinta zorroa eta digestio aparatuaren zantzuak aurkitu izan dira hainbat fosiletan. Digestio aparatu honetan paparo bat izango zuten elikagaiak bildu eta gordetzeko egitura. Amonite garro baten fosilik ez da oraindik aurkitu[10].
Tamaina
Jurasiar aroko amoniteen artean gutxi dira 23 cm-ko diametroa baino handiagoa dutena, Kretazeoan ordea erraldoiak aurkitzen dira. Bildutako handienetako bat Parapuzosia seppenradensis espezieari dagokio; 2 metrotako diametroa du eta Alemanian aurkitu zen[11].
Estrato berean amonite handiak eta txikiak aurkitu izan dira, "makro-oskolak" eta "mikro-oskolak" esaten zaienak, eta honen zergatia sexu dimorfismoa izan daiteke. Emeek milaka arrautza erruten zituzten eta haiek edukitzeko gela handiagoak behar zituzten[5].
Itxura
Aurkitu diren oskol gehienak planiespiralak dira, hots, plano bakarrean espirala osatzen dutenak. Badaude gutxi batzuk helize itxurako espirala egiten dutenak eta baita espiralik osatzen ez dutenak ere. Denetan arraroenak Nipponites generokoak dira, begiratu batean forma irregularra dutenak baina oskola ikertuz gero elkar konektaturiko "U" formak agertzen dituztenak[12].
Sahietsak oso markaturik daude, batez ere ale helduetan. Sahiets zabalek kamuflatzeko balio zieten amoniteei eta sahiets finek urarekiko marruskadura gutxitzen zuten.
Planiespirala | Helikoidala | Zuzena | Irregularra |
---|---|---|---|
Perisphinctes choffati | Didymoceras stevensoni | Baculites grandis | Nipponites mirabilis |
Sailkapena
Bactritida motako nautiloideetatik sortu ziren amoniteak. Lehenengo agerpena Siluriar Berantiarretik Devoniar Goiztiarrera doan epean izan zen, orain dela 400 milioi urte. Kretazeorarte iraun zuten eta K-T mugan desagertu ziren, orain dela 65 Ma. Ammonoidearen sailkapena batez ere kanpo ornamentazioaren eta septoen egituraren (joskuren) arabera egiten da. Ammonoidea, beraz, hiru ordenatan eta zortzi subordenatan sailkatu ahal ditugu.
Ordenak eta subordenak
- Ammonitida
- Ammonitina
- Acanthoceratina
- Ancyloceratina
- Phylloceratina
- Lytoceratina
- Goniatitida
- Goniatitina
- Anarcestina
- Clymeniina
- Ceratitida
- Ceratitina
- Prolecanitina
Paleoekologia
Devoniar aroaren erdialdetik aurrera amoniteak oso ugariak bihurtu ziren ozeanoetan, Mesozoiko aroan bereziki. Dagoeneko 10.000 espezietik gora identifikatu dira[10]. Animalia itsastarrak izan ziren, ur gezatan edo gazikaratan ez da ia alerik aurkitu.
Amoniteen fosilak itsaso hondoetan aurkitu badira ere orokorrean itsasoetako ur zabaletan bizi zirela pentsatzen da, igerilari onak baitziren. Ez dira ongi ezagutzen amoniteen elikadura ohiturak baina gaur egungo zefalopodoen antzera amonite handienek krustazeoak, bibalboak eta arrain txikiak harrapatuko zituztela pentsatzen da[13]. Amonite txikiagoen fosil ugaritan isopodoen eta moluskuen larbak aurkitu dira aho inguruan eta horrek adierazten du planktonaz elikatzen zirela[14].
Hainbat oskoletan triangelu itxurako zuloak aurkitu dira. Hasiera batean pentsatu zen oskolei itsatsitako lapak izan zitezkeela baina badirusi mosasaurusen horzkadak direla. Harrapari batek mehatxatzen zituenean ordea, tinta zorrotada jaurtiko zuten, gaur egungo zefalopodoek egiten duten antzera[15].
Amonite batzuk ozeano sakonetako iturburu termaletan ere aurkitu izan dira eta pentsatzen da bertan bizi eta bertan ugalduko zirela[16].
Iraungipena
Amoniteak Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboan desagertu ziren, duela 65 milioi urte. Dinosauroen aldiaren amaiera ere izan zen orduan. Ordurako gainbeheran sartuta ere bazeuden, Kretazeo erdialdean bizi ziren 19 familiatatik bi baino ez baitziren gelditzen, eta gehienez ere zortzi espezie.
Gaur egungo koleidoeek (olagarro eta txipiroiek, besteak beste) duten ugalketa estrategia bera zuten amoniteek, bizialdiaren amaieran arrautza ugari jartzen zituzten toki berean. Amonite gazteek planktona osatzen zuten eta hauek ur azalean egonik meteoritoaren talkaren ondoren denak hilko ziren. Nautiloideek ordea bizialdian zehar hainbat errunaldi egiten dituzte eta sarritan itsaso hondoan jartzen dituzte arrautzak, eta horregatik espezieek iraun zutela pentsatzen da[17].
Amonite ugari filtrazioz elikatzen ziren eta planktonaren desagertzeak eta aldaketa klimatikoak eragin handia izango zuen beraiengan[14].
Mutrikuko ammonite erraldoiak
Euskal Herrian ohikoak dira amoniteak. Euskal kostaldeko geoparkeko flyschean (Mutriku-Deba-Zumaia) K-T muga arteko estratoetan aurkitzen dira. Gehienek 4 cm inguruko diametroa dute baina Mutrikuko flysch beltzean 30-50 cm arteko amoniteak aurkitu dira. Mutriku bertako Nautilus Museoan 150 ale inguru bildu dira dagoeneko, gehienak Jose Maria Narvaez eta Esperanza Azkarraga senar-emazteek jasotakoak[18]. Munduan dagoen amonite erraldoien bilduma handienetakoa da[19]. Behe Kretazeoko fosilak dira (Albiar estaiekoak), duela 100-110 milioi urte ingurukoak[5].
Hainbat ikerketa egin dira Mutrikuko amoniteen tamainaren arrazoia aurkitu nahian. Eremu hartan isuri hidrotermal bat izan zen eta plazaraturiko hipotesia baten arabera eme helduak bertara joaten ziren arrautzak jartzera. Ale handienak pilatzen ziren han eta amoniteen ugal estrategia ezagututa bertan hil eta pilatuko zirela pentsatzen da[5].
Amoniteen fosilen balioa
Amoniteen hainbat generok azkar eboluzionatu zuten eta milioi urte gutxi batzutan iraungi ere bai. Eboluzio azkar honi esker geologo, paleontologo eta bioestratigrafoentzako fosil gidari egokiak bihurtu dira, arroka estratuak zehaztasun handiz identifika baititzakete.
Amoniteak ur azalean bizi zirenez hiltzerakoan oskola itsaso hondoan pilatzen zen. Ingurune hartan oxigeno gutxi zegoenez sarraskijalerik ez zen izango apenas eta oskolek bere hortan irauten zuten. Bakterioek atal bigunak deskonposatzen zituzten eta uretan disolbaturik zeuden fosfato eta karbonatoek oskola estaltzen zuten, hau kontserbatuz.
Buztinetan aurkitu diren fosilek oskolaren nakar geruza ere sarritan mantendu izan dute. Kretazeoko Pierre Shale aztarnategian (Estatu Batuak-Kanada) amonite espezie ugari aurkitu dira berezko oskola mantentzen dutenak, baita barneko gelak ere.
Madagaskarren eta Albertan (Kanada) aurkituriko hainbat fosilek iridiszentzia agertzen dute. Amonitea bizi zela ez zuen iridiszentziarik, hil ondoren gehitu zaizkion mineralek eman diote ezaugarri hori. Bitxigintzan ammolite izenaz ezagutzen dira ale hauek[20].
Dena dela, gehienetan amonitearen moldea baino ez da aurkitu, fosilizazio prozesuan osagai nagusia den aragonito minerala galdu egin baita[21].
Esanahi kulturala
Erdi Aroko Europan suge kiribildu petrifikatuak zirela uste zen eta Ingalaterran snakestone edo serpentstone izena eman zitzaien, "suge-harriak" esan nahi du. Hainbat santuren kondairatan azaltzen ziren, hala Hilda Whitbykoak (Walter Scotten Maarmion kondairan[22]) edo Patrizio Irlandakoak erabili omen zituzten erlijio ebidentziak irakasteko[23]. Sendatzeko eta aurresanak erakusteko gaitasuna zutela pentsatzen zen. Merkatariek sugearen burua zizelkatzen zuten edo margotzen egiten zuten salgai jartzeko[24].
Europan zehar hainbat herritako armarritan aurkitzen dira amoniteen eta suge-harrien irudiak: Britainia Handian, Frantzian, Alemanian, Espainian, Errusian...[25]
Nepalgo Gandaki ibaiaren ertzean aurkituriko amoniteak saligram izena dute eta Vishnu jainko nagusiaren agerpena direla uste dute hinduistek.
Erreferentziak
- «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Ingelesez) Klug, Christian; Kröger, Björn; Vinther, Jakob; Fuchs, Dirk; De Baets, Kenneth. (2015). Klug, Christian ed. «Ancestry, Origin and Early Evolution of Ammonoids» Ammonoid Paleobiology: From macroevolution to paleogeography (Springer Netherlands): 3–24. doi: . ISBN 9789401796330. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- Plinio Zaharraren Historia Naturala, 37.40.167
- «What does phragmocone mean?» www.definitions.net (Noiz kontsultatua: 2021-05-30).
- Roa Zubia, Guillermo eta Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber. (2021). Mutrikuko amonite erraldoien historia argitzen ari da EHU. https://aldizkaria.elhuyar.eus/albisteak/mutrikuko-amonite-erraldoien-historia-argitzen-ari/.
- (Ingelesez) Morton, Nicol; Nixon, Marion. (1987). «Size and function of ammonite aptychi in comparison with buccal masses of modern cephalopods» Lethaia 20 (3): 231–238. doi: . ISSN 1502-3931. (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Gaztelaniaz) Meléndez, Bermudo. (1998). Tratado de paleontología. Editorial CSIC - CSIC Press ISBN 978-84-00-07790-7. (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- Klug, Christian; Schweigert, Günter; Tischlinger, Helmut; Pochmann, Helmut. (2021-01-18). «Failed prey or peculiar necrolysis? Isolated ammonite soft body from the Late Jurassic of Eichstätt (Germany) with complete digestive tract and male reproductive organs» Swiss Journal of Palaeontology 140 (1): 3. doi: . ISSN 1664-2384. PMID 33505352. PMC PMC7813712. (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Ingelesez) Landman, Neil H.; Tanabe, Kazushige; Davis, Richard Arnold. (1996-05-31). Ammonoid Paleobiology. Springer Science & Business Media ISBN 978-0-306-45222-2. (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Ingelesez) «Ammonites, facts and photos» Animals 2020-08-04 (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Ingelesez) Payne, Jonathan L.; Boyer, Alison G.; Brown, James H.; Finnegan, Seth; Kowalewski, Michał; Krause, Richard A.; Lyons, S. Kathleen; McClain, Craig R. et al.. (2009-01-06). «Two-phase increase in the maximum size of life over 3.5 billion years reflects biological innovation and environmental opportunity» Proceedings of the National Academy of Sciences 106 (1): 24–27. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 19106296. (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Ingelesez) ha-geʹologi (Israel), Makhon. (1981). Geological Survey Current Research. Ministry of Commerce and Industry, Geological Survey of Israel (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Ingelesez) Tanabe, Kazushige. (2011-01-07). «The Feeding Habits of Ammonites» Science 331 (6013): 37–38. doi: . ISSN 0036-8075. PMID 21212343. (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Ingelesez) Kruta, Isabelle; Landman, Neil; Rouget, Isabelle; Cecca, Fabrizio; Tafforeau, Paul. (2011-01-07). «The Role of Ammonites in the Mesozoic Marine Food Web Revealed by Jaw Preservation» Science 331 (6013): 70–72. doi: . ISSN 0036-8075. PMID 21212354. (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Ingelesez) Doguzhaeva, Larisa A.; Mapes, Royal H.; Summesberger, Herbert; Mutvei, Harry. (2007). Landman, Neil H. ed. «The Preservation of Body Tissues, Shell, and Mandibles in the Ceratitid Ammonoid Austrotrachyceras (Late Triassic), Austria» Cephalopods Present and Past: New Insights and Fresh Perspectives (Springer Netherlands): 221–238. doi: . ISBN 978-1-4020-6806-5. (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Ingelesez) Rowe, Alison J.; Landman, Neil H.; Cochran, J. Kirk; Witts, James D.; Garb, Matthew P.. (2020-03-12). «LATE CRETACEOUS METHANE SEEPS AS HABITATS FOR NEWLY HATCHED AMMONITES» PALAIOS 35 (3): 151–163. doi: . ISSN 0883-1351. (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Ingelesez) Ward, Peter. (1996). Landman, Neil H. ed. «Ammonoid Extinction» Ammonoid Paleobiology (Springer US): 815–824. doi: . ISBN 978-1-4757-9153-2. (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- «Nautilus museoa» Mutrikuko Udala (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Gaztelaniaz) «Mutrikun aurkitzen da ammonite erraldoien bilduma handiena» iVoox (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- «Jewellery Business: The Premiere Resource for the Canadian Jewellery Industry - Ammolite: Only in Canada, you say?» web.archive.org 2007-07-03 (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- (Ingelesez) Buchardt, Bjørn; Weiner, Stephen. (1981). «Diagenesis of aragonite from Upper Cretaceous ammonites: a geochemical case-study» Sedimentology 28 (3): 423–438. doi: . ISSN 1365-3091. (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).
- Lovett, Edward. (1905-09-29). «The Whitby Snake-Ammonite Myth.» Folklore 16 (3): 333–334. doi: . ISSN 0015-587X. (Noiz kontsultatua: 2021-05-30).
- Conway, Moncure D.. (1883). «The Saint Patrick Myth» The North American Review 137 (323): 358–371. ISSN 0029-2397. (Noiz kontsultatua: 2021-05-30).
- Folklore Society (Great Britain). Folklore. London, Folk-lore Society (Noiz kontsultatua: 2021-05-30).
- (Ingelesez) «Category:Ammonites - Ammonites in heraldry» www.heraldry-wiki.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-30).