Amnistiaren Aldeko Batzordeak

Amnistiaren Aldeko Batzordeak (gaztelaniaz Gestoras Pro-Amnistía) amnistiaren alde eta errepresioaren aurka lan egiten zuen Hego Euskal Herriko erakundea zen. Jendaurrean eta legearen barnean jarduten zuen, preso, iheslari eta deportatuen aldeko elkartasuna bideratuz. 2000. urtean prozesu bat abiatu zuen Ipar Euskal Herrian eremu berean ziharduen Koordinaketa erakundearekin batera Euskal Herria osorik hartuko zuen antolakunde nazionala sortzeko. Prozesu horretatik Askatasuna sortu zen. Baina Askatasunaren sorrera ekitaldia baino lehenago Amnistiaren Aldeko Batzordeen hainbat arduradun atxilotu eta legez kanpo utzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 2001eko abenduan. Prozedura horretan bideratutako 33/01 auzian Amnistiaren Aldeko Batzordeak erakunde terroristatzat jo zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak eta bere partaide izateagatik 10 eta 8 urteko espetxe zigorra ezarri zien 21 laguni[1]..

Amnistiaren Aldeko Batzordeen ikurra (Eduardo Txillida, 1977)

Sorrera

Amnistiaren Aldeko Batzordeak erakundearen ikurra, pankartaren erdian, Eduardo Chillidak diseinatu zuen 1977 urtean. Ikurra euskal preso politikoen aldeko mugimenduaren ikurra izan da hainbat urtetan.

Amnistiaren Aldeko Batzordeak 1975. urtean sortu ziren euskal preso politikoen amnistia lortzeko helburuarekin. ETAren sorreraren ondoren, Eusko Abertzale Laguntza eta gisako taldeak eratu ziren. Bestela ere, herrietan, presoen aldeko laguntza taldeak sortzen joan ziren presoen familiarren, lagunen eta burkideen artean, gehienetan eliza katoliko edo abade batzuen babesean. Amnistiaren aldeko mugimendua hedatzen eta zabaltzen joan zen presoen borroka eta bilakaera politikoarekin batera. Legalki Amnistiaren Aldeko Batzorde modura Donostian sortu zen lehena 1975. urtean, pertsonalitate ezagunen inguruan eratuta, legezko babesa lortzearren. Bertan joera desberdineko pertsonek hartzen zuten parte, preso politikoen abokatu eta familiarren ingurukoak batez ere, besteak beste Miguel Castells, Juan Maria Bandres, Felix Soto, Iñaki Usandizaga, Juan Kruz Unzurrunzaga, Rafael Ruiz Balerdi. Eduardo Txillidak Amnistiaren Aldeko Batzordeen ikurra diseinatu zuen. Gainerako hiriburuetan Donostiakoa eredu modura hartuta eratuko ziren. Hego Euskal Herriko herri guztietan mota honetako herri batzordeak eratzen joan ziren. Herrietako taldeak batzar-elkarteak ziren garai honetan, eta guztiak koordinatzen joan ziren "Amnistia orokorra". 1977ko otsailean Gipuzkoako koordinadora sortu zen, 44 herritako amnistiaren aldeko elkarte biltzen zuena. Gainerako herrialdeetan ere prozesu bera jarraitu zen, eta azkenean herrialde guztiak koordinatu ziren.

Amnistiaren aldarrikapena bi zentzutan hartzen zen: alde batetik, euskal preso politikoak kaleratzea eskatzen zen, eta beste aldetik Euskal Herrian benetako demokrazia bideratzeko behar ziren baldintzak ezartzea exijitzen zen, berriro preso gehiago izan ez zedin.[2]

Amnistiaren Aldeko Asteak

Amnistiaren Aldeko Elkarteek herri-mobilizazio ugari antolatu zituzten. Amnistiaren Aldeko Asteak izan ziren nabarmenenak: 1977ko otsailaren 26an, maiatzaren 8tik 15era, ekainaren 9tik 16ra... Mobilizazio horien irudia emateko, gogoratu behar da maiatzeko aste horretan errepresioaren ondorioz zazpi lagun hil zituztela: Gregorio Maritxalar (Oreretan), Rafael Gómez (Oreretan), Clemente del Caño (Bilbao-Behobia autobidean), Jose Luis Cano (Iruñean), Luis Santamaria (Iruñean), Manuel Fuentes (Ortuellan), Francisco Javier Nuñez (Bilbon). Greba orokorrak Hego Euskal Herri osoan zabaldu ziren, mobilizazio giro geldiezinean... Donostian Real Sociedad-Sevilla futbol partida bertan behera utzi behar izan zuten; Espainiako Txirrindulari Itzulia eten eta Euskal Herritik aterata Miranda de Ebrora eraman zuten amaierako etapa. Ekaineko hauteskundeak arriskuan ikusi zuten batzuek. Espainiako Alderdi Komunistak (PCE) amnistiaren aldeko manifestazioetan parte ez hartzeko deialdia egin zuen; Xabier Arzalluzek amnistiaren aldeko mobilizazioetan zihardutenak arduragabekoak zirela esan zuen [3]. PNV legeztatu berriak adierazi zuen ez zuela merezi amnistia eskatzeak horrelako ordainaren (errepresioa) aurrean, eta jendeak bere aldarrikapenak mantsotu behar zituela diktadura berri bat ez probokatzeko [4].

1977ko hauteskundeen aurrekoan

Espainiako Gobernuak hainbat indultu partzial ematen joan zen: 1975eko azaroan, Erregea koroatzearekin, lehen indultu eman zuen Espainiako gobernuak. 1976ko uztailaren 30ean, Espainiako ministro kontseiluak, Adolfo Suarezen agintepean, indultu orokorraren dekretua eman zuen delitu politiko eta iritzizkoentzat. Zortzi hilabete beranduago, 1977ko martxoan, indultu hori zabaldu egin zen. Horretara, presoak espetxetik ateratzen joan ziren eta batzuk Europako hainbat lekutara ere deportatu zituzten Espainiara berriro itzultzeko debekuarekin (1977ko maiatzaren 21ean bost Bruselara, eta hurrengo egunetan beste bederatzi Danimarka, Austria eta Norvegiara). Maiatzaren 20an, Amnistiaren Aldeko Batzordeen agiriaren arabera, 39 euskal preso politiko zeuden espetxean. 1977ko ekainaren 15eko hauteskundeen kanpaina elektoralari hasiera eman zitzaion egunean Amnistiaren Aldeko Batzordeek deialdia egin zuten euskal preso guztiak kaleratu ezik hauteskundeetan parte ez hartzeko, "Amnistia Orokorra" eta "Amnistia ez da negoziatzen, herria ari da lortzen" leloekin. Hauteskundeen aurrean, baina, alderdi politikoek jarrera desberdinak hartu zituzten, eta hauteskundeak egin ziren egunean 21 euskal preso politiko zeuden kartzelan, horietako lau Frantziako espetxeetan.

Askatasunaren Ibilaldia

1977ko uztailaren 10ean Askatasunaren Ibilaldia hasiera eman zitzaion Zarautz, Gernika, Agurain eta Lodosatik abiatutako lau zutabetan: “Erribera”, “Txikia”, “Matalaz-Apala-Txirrita” eta “Martxoak 3”. Zutabeok Euskal Herri osoan zehar ibili ziren, igarotzen zituzten herri guztiak mobilizatuz. Askatasunaren Ibilaldiak lau aldarrikapen biltzen zituen: Amnistia osoa, Euskal Herriaren izaera nazionalaren onespena, Autonomia estatutu nazionala eta Indar errepresiboen desagerpena. Askatasunaren Ibilaldia Euskal Herrian ezagutu den mobilizaziorik handiena izan zen, Guardia Zibilaren eta Espainiako poliziaren jazarpen eta errepresioa basatia izan arren. Uztailaren 21ean, Durangon, atzerrira bidalitako 10 deportatu agertu ziren bertan. Eta amaierako ekitaldian ere parte hartuko zuten, abuztuaren 28an, Arazuriko zelaietan (Iruñean egitea debekatu ondoren), 100.000 lagunen aurrean.

1977ko Amnistia Legea

Sakontzeko, irakurri: «1977ko Espainiako Amnistia Legea»

Espainiako Diputatuen Kongresuak Amnistia Legea onartu zuen 1977ko urriaren 17an eta Fran Aldanondo (Ondarroa), espetxean zegoen azken euskal preso politikoa 1977ko abenduaren 9an irten zen kalera. Dena dela, Espainian GRAPO eta FRAPeko preso batzuk ez ziren kaleratu lege honen ondorioz.

Guztira 8.903 preso kaleratu ziren 1975eko azaroaren 25ko indultuarekin; 287 1976ko uztailaren 30eko amnistia dekretuarekin; 1.940 1977ko martxoaren 14ko haren zabalpenarekin eta 89 1977ko urriaren 14ko Amnistia legearekin, urriaren 17an indarrean jarriko zena [5]..

Lege honek mugarri bat jarri zuen bilakaera politikoan, eta trantsizioaren gako bat ere bada, frankismoaren beraren errepresio eta gehiegikeria guztiak amnistiatu ez ezik estatuaren egituretan jarraitzea ere bideratu baitzuen, ezarritako sistema demokratikoan frankismoaren oinarriak iraunaraziz.

AABen bigarren aldia

Fran Aldanondoren kaleratzearekin Amnistiaren Aldeko Batzorde Nazionalak disolbatzea erabaki zuen. Horretara, amnistiaren aldeko borroka eta errepresaliatu politikoen laguntza Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako Amnistiaren Aldeko Elkarteen koordinadoraren esku gelditu zen, hasierako Batzorde Nazionaleko hainbat kide ere bertan sartu zirelarik.

Amnistiaren Aldeko Elkarteak mugimendu asanbleario koordinatu modura egituratu zen Euskal Herriko laur herrialdeetan. Bakoitzak bere dinamika eta bere autonomia zituen. Baina hainbat gaietan lau herrialdeak ere koordinatzen hasi ziren.

Horretara, Amnistiaren Aldeko Batzordeen bigarren aldia hasi zen, eta ideologikoki borrokan jarraitu zuen sektorean kokatu ziren, Ezker Abertzalearen eremuan hain zuzen.

Fran Aldanondo 1977ko abenduaren 9an kalera irten bazen ere 26 egun geroago, 1978ko urtarrilaren 4an, Oreretan atxilotutako lagun bi sartu zituzten espetxera. Kopuru hau handitzen joan zen urtean zehar, eta 1978. urtearen amaieran 199 euskal preso politiko zeuden espetxean.

Amnistiaren Aldeko Elkarteak bilakaera politiko eta errepresiboaren arabera garatuko ziren. Amnistia aldarrikatzeaz gain, eta amnistia gatazka eragiten duen egoera politikoa gainditzea ulertuta, bere gain hartuko zituen atxilotuei, presoei, iheslariei eta errepresaliatuen etxekoei laguntza ematea (politikoa, juridikoa, ekonomikoa...), torturaren aurkako dinamika, espetxeetako bizi baldintzak salatzeko dinamikak... Lan etengabean jardungo zuen, informazioa zabaltzen, mobilizazio ugari eta jendetsuak antolatzen...

AABen egituraketa. Batzar Nazionalak

Errepresioaren bilakaerak (Espainiako Auzitegi Nazionala, Lege Antiterrorista, ZEN plana, gerra zikina, militarizarioa, espetxe politika, iheslarien jazarpena...) eta horrek zekarren guztiari aurre egin beharrean 1985ean barne eztabaida prozesua zabaldu zen Amnistiaren Aldeko Batzordeen barruan. Eztabaida horretan herrietako batzorde eta batzarrez gain, herrialde eta Hego Euskal Herria hartuko zuen egitura eratzea planteatu zen, koordinatzeaz gain Batzar Nazionaletan hartzen ziren erabakiak zehaztu eta garatzeko ahalmena izango zituztenak.

Eztabaida honen buruan, amnistiaren aldeko elkarteen lau koordinadorak preso eta iheslarien senitartekoekin batera egindako I. Batzar Nazionalean sortuko da erakunde moldea hartu zuen Amnistiaren Aldeko Batzordeak.

Aldi berean, Amnistiaren Aldeko Batzordeen egituraketa eta antolaketa prozesuan, 1986ko otsailean Amnistiaren Aldeko Batzordeen Komisio Nazionala eratu zen, erakundearen agerraldi eta deialdiak egiteko. Komisio Nazionala errepresaliatu politikoen inguruan lan egiten zuten abokatu, unibertsitateko irakasle, mediku, abade, kazetari, senide eta arduradunek osatzen zuten eta beraiek ziren Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurpegia, nolabait esateko.

Amnistiaren Aldeko Batzordeek Batzar Nazionalak egin zituzten 1986, 1987, 1988. urteetan erakundea erronka berriei egokitzeko. Izan ere, gatazka politikoaren bilakaerak markatu izan du beti Amnistiaren Aldeko Batzordeen bilakaera. 1987ko maiatzean egin zen III. Asanblada Nazionala Oreretan. 1998ko ekainaren 19an IV. Asanblada Nazionala egin zuen "Errepresioaren kontra tinko eta ziur. Amnistia, herri osoaren helburua" lelopean, eta errepresioaren aurkako eremuko masa antolaketa gisa definitu zuen bere burua. Algeriako elkarrizketen testuinguruan V. Batzar Nazionala burutu zuen Amnistiaren Aldeko Batzordeak Bilboko La Casilla kiroldegian, 1989ko martxoaren 11n. Batzar honek Amnistia kontzeptuaren zentzua azpimarratu nahi izan zuen, presoak kaleratzeaz gain marko politikoa ere aldatu beharra duela. Horrekin batera, Espainiako gobernuak euskal preso politikoak bahitu politiko gisa erabiltzen dituela azpimarratuko du, Algeriak elkarrizketetan eta elkarrizketak apurtzerakoan kartzeletan hedatu zen errepresioa salatzeko.

Senideak

Espetxe politikak, sakabanaketak eta Aljereko elkarrizketen ostean espetxeetako errepresio gordinak areagotzeak beste eraginak ere izan zituen Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren barruan: 1989ko ekainaren 11n euskal errepresaliatu politikoen senitartekoen lehen bilera nazionala egin zuten. Azkenik,1991eko urrian Senideak elkartea sortu zuten euskal preso politikoen familiarrek, preso horien eskubideak defendatzeko. 2001ean Senideak (Hego Euskal Herria) eta Gureak (Ipar Euskal Herria) elkarrekin egindako prozesu baten ondoren Etxerat elkartea sortu zen, Euskal Herri osoko egitura nazionala sortuaz.

Euskal preso politikoen egoeraren larria

VI. Batzar Nazionala 1992ko azaroaren 29an egin zuten Amnistiaren Aldeko Batzordeek, 1993ko ekainean jarraipena izan zuelarik. Batzar honetan, euskal preso politikoek Espainian bizi duten egoera larriaren aurrean espetxeetako bizi baldintzen inguruko borrokari lehentasuna ematea erabaki zen, eta Euskal Presoak Euskal Herrian aldarrikapenaren inguruko dinamika sustatuko du hortik aurrera.

Beste aldetik, Komisio Nazionala praktikan desagerturik, erakundearen barne egiturak berritu egingo ziren. Erakundearen karakterizazio politikoaren aldetik, amnistiaren alde eta errepresioaren aurkako elkartasunean diharduen erakunde modura definitzen da. Gatazka konpontzeko beharra ere aldarrikatuko du, gatazkaren izaera politikoa azpimarratu eta konponbidea elkarrizketa politikoan dagoela zehaztuz.

Maroñoko hitzarmena

Amnistiaren Aldeko Batzordeak jarrera zorrotza hartu zuen urte hauetan sortutako erakunde bakezaleen aurrean. Horien artean Gesto Por la Paz (1987), Bakea Orain (1990), Denon Artean (1990) dira ezagunenak. Amnistiaren Aldeko Batzordeen arabera erakunde hauen jarduerek ez zuten bakea bilatzen eta gizarte konfrontazioa maila areagotu besterik ez zuten egiten, errepresio politikoa legitimatu eta gatazka politikoari benetako konponbideari ateak itxiz. Gainera, talde hauek jasotzen zuten laguntza instituzional, mediatiko, ekonomiko eta politikoaren atzean estatuak errepresioa zabaltzeko behar duen babes soziala biltzen ari zela esaten zuen Amnistiaren Aldeko Batzordeak.

1993eko maiatzaren 15ean eta Elkarri eta Gesto Por la Paz taldeek deituta, Bakea Orain, Gernika Batzordea, Herria 2000 Eliza, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, La Fundación, Senideak, Denon Artean eta Giza Eskubideen Aldeko Elkartea bildu ziren Arantzazun (Gipuzkoa) gatazka politikoaren eta konponketari begira jarduteko.

Giza eskubideen alorrean lan egiten zuten erakunde eta elkarte hauen elkarrizketatik abiatuta 1994ko urtarrilaren 16an Maroñoko hitzarmena izenpetu zuten Bakea Orain, Elkarri, Gernika Batzordea, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Gesto Por la Paz, Herria 2000 Eliza, Errenteria-Oreretako Pake Taldea eta Senideak elkarteek. Funtsean, Maroñoko hitzarmenak deialdia egiten zuen bakea lortzeko biderik onena biolentzia guztiak deuseztatu eta elkarrizketa bideratzea zela, eta presoen egoera konpondu beharraren aldarrikapena sektore berriei zabaltzen lagundu zuen.

Euskal Presoak Euskal Herrira

Biolentzia guztiak elkarrizketaren bidez gainditzeko dinamika honetan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak presoen egoera larria salatzeko bideratutako mobilizazioak gero eta protagonismo handiagoa hartzen joan ziren Euskal Herriko gizartean. Euskal Presoak Euskal Herrira leloarekin plataforma zabalak eratu ziren eta itxialdiak, gose grebak, ekitaldiak eta manifestazioak masiboak izan ziren. Adibide baterako, Donostiako Artzai Oneko katedralean 1995ek abendutik 1997ra arteko txandaka egindako gose grebak agerian utzi zuen dinamikaren neurria. Eta eragin zuzena izango zuen politikagintzan ere: Gasteizko Legebiltzarrak euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko proposamena onartu du 1995eko abenduaren 28an. Ibaetako plataformak eragile sozial, sindikatu eta alderdien ugari bilduko zituen bere baitan.

Konponbideari begira

Lizarrako Akordioa prozesuaren baitan Amnistiaren Aldeko Batzordeak behin betiko konponbideari begira jarriko da. 1998 – 2000 artean Barne Prozesua burutuko du hain zuzen bilakaera politikoari egokitzeko.

Amnistiaren Aldeko Batzordeek gatazka behin betiko konpontzeko beren ikuspegitik beharko liratekeen oinarri demokratikoak definitzeari ekin zion, aurreko urteetan eramandako giza eskubideen aldeko dinamika gainditu eta errepresaliatuen konponbidea gatazka politikoaren konponbidearen parametroetan kokatzeko.

Zentzu horretan, bi ardatz definituko ditu Euskal Herriaren konponbide demokratiko baterako bere alorrean eman beharreko oinarri demokratikoak: bata, euskal herritar guztiek salbuespenik gabe parte hartu beharreko prozesu demokratikoa izatea (amnistia) eta bestea, kanpoko esku sartze eta baldintzarik gabeko prozesua izatea (alde hemendik!).

Beste aldetik, erakundea sinplifikatu eta lau herrialdetako koordinadoraren antzeko egitura bilatzera joko du, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren adierazpen eta dinamika ugariak (Senideak, Gurasoak, Malatxa, Torturaren Aurkako Taldea, Behatokia, Plataformak, Elkartasun taldeak, Mediku elkarteak...) konponbideari norabidean jartzeko ikuspegia garatuko du barne prozesu honetan, kontutan izanda presoen eskubideen alde sortutako Batera Plataformak (1999ko iraila) izan zuen erabateko porrota, alderdi politikoak bakoitza bere interes politikoari begira presoen gaia albo batera utzi zutelarik.

Elkarrekin eraiki

Konponbide politikoa Euskal Herriaren izaera nazionalaren aitortzean kokatzearen ondorioz 2000. urtean Euskal Herri osoa hartuko zuen egitura nazionalaren proposamenak beste eztabaida sortu zuen egituraren barruan. Elkarrekin eraiki izena hartuko zuen eztabaida prozesu hau Ipar Euskal Herrian eremu berdinean ziharduen Koordinaketa erakundearekin batera eman zen eta, horren ondorioz, 2001eko abenduan Askatasuna sortu zen, Donostiako Kursaal jauregian egindako batzarrean.

AAB legez kanpo: 33/01 auzia

Sakontzeko, irakurri: «33/01 auzia»

Askatasuna sortu baino bi hilabete lehenago, 2001eko urriaren 31n Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak Amnistiaren Aldeko Batzordeen arduradunak atxilotzeko agindua eman eta hasiera eman zion 33/01 auziari. Amnistiaren Aldeko Batzordeak legez kanpo jarri eta bere arduradunak auzipetu zituen. 33/01 auzian Amnistiaren Aldeko Batzordeak erakunde terrorista zela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak eta bere partaideak izandako 21 laguni 10 eta 8 urteko espetxe zigorra ezarri zizkien [1].

Hildako kideak

Karlos Saldise Korta, Amnistiaren Aldeko Batzordeen kidea, 1980ko urtarrilaren 16an gauean etxeko atarira sartzean tiroz hil zuten Lezon. BVEk (Batallón Vasco Español) eta GAEk (Grupos Armados Españoles) hartu zuten berengain atentatua. Saldisek 33 urte zituen hil zutenean.

Fernando Ros Ros, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea, 1986ko uztailaren 29an elektrokutatuta hil zen Hernanin, Frantziak Espainiara iheslariak entregatzearen aurkako protestan trenbidea mozten ari zela. Rosek 35 urte zituen hil zenean.

Txori Barrote

1981ean sortu zuten "Xakilixut" izeneko konpartsa Bilboko Aste Nagusian, 1986tik aurrera "Txori Barrote" dena. 2010ean, Iñaki Azkunak Bilboko alkateak bi urtetako zigorra ezarri zion 2010eko urtarrilean Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsei: bi urtez Bilboko Aste Nagusitik kanporatu zituen presoen argazkiak erakusteagatik.[6]

Bitxikeriak

1996an, Juan Maria Atutxak, Amnistiaren Aldeko Batzordeak ilegalizatzearen alde agertu zen publikoki. KAS, Jarrai, eta Amnistiaren aldeko batzordeak legez kanpo uztearen alde agertu zen.[7].

« Nik ulertzen dut agian ez dela zuzenena baina zera esan ahal dut: legez kanpo utz ditzagun sigla alegal horiek. Ilegaltzat har ditzagun. Eta hauek legez kanpo uztea diot: Jarrai, Egizan, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta KAS. Gutxienez sigla hauek. Beraz, komunikabideen aurrean erakunde hauen siglen ordezkari, bozeramaile edo arduraduna ustezko delitugilea dela adierazi dezagun  »
Juan Maria Atutxa, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren burua, 1996

Erreferentziak

  1. 33/01ententzia
  2. Francisco Letamendia, Breve Historia de Euskadi. Ruedo Iberico
  3. Cambio 16, 285 zkia., 1977ko maiatzaren 29a
  4. Euzkadi, 245 zkia., 1977ko maiatzaren 18a
  5. Carlos Barrera eta Jose Javier Sanchez Aranda, “El discurso periodistico sobre la amnistía genral de 1977, a través de la prensa de Madrid, País Vasco y Navarra”. Facultad de Comunicación de la Universidad de Navarra
  6. http://www.argia.eus/albistea/epaile-batek-baliogabetu-egin-du-azkunak-txori-barroteri-ezarritako-zigorra
  7. {{erreferentzia|url=http://elpais.com/diario/1996/02/07/espana/823647623_850215.html

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.