Amida
Amidak konposatu organikoak dira, naturan ugariak. Izan ere, proteinak dira amida garrantzitsuenak. Proteinen propietateak dituzten zenbait amida sintetiko erabiltzen dira, hala nola nylona, zuntzak ekoizteko erabiltzen den poliamida sintetikoa, armiarma-sarean agertzen den proteinaren antzeko propietateak dituena. Bestalde, amida funtzio-taldea duten penizilina eta zefalosporina motako antibiotikoek naturan aurkitzen diren antibiotikoek baino mikrobioen kontrako propietate hobeak dituzte. Beste amida garrantzitsu bat urea da, azido karbonikoaren diamida, gernuaren bidez kanporatzen duguna[1].
- Artikulu hau funtzio taldeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Amida (argipena)».
Amidak azido karboxilikoen deribatuak dira, non −OH taldea −NH2, −NHR edo −NR2 taldeekin ordezkatzen den. Hala, amida primarioak, sekundarioak edo tertziarioak izan daitezke. Konposatu horiek izendatzeko, IUPAC sistemari jarraituz, azidoen –oiko bukaeraren ordez amida hitza erabiltzen da[1].
Azido karboxilikoen deribatuen artean, erreaktibotasun baxuena dute amidek. Laborategian, azil kloruroak edo anhidridoak aminekin erreakzionaraziz lortzen dira. Karbonilo taldearen eraginez, nitrogenoaren elektroi-bikoteak erresonantzian parte hartzen du; horren ondorioz, dipoloa eratzen da, eta polaritate altu horrek hidrogeno-loturak eratzea ahalbidetzen du. Beraz, erresonantziaren ondorioz, amidak base ahulak dira[1].
Erreferentziak
- Anakabe, Sonia; Arrasate. (2009-09-17). «Amida» zthiztegia.elhuyar.eus (Elhuyar Fundazioa) (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).