Ameriketako bisonte
Amerikako bisontea, (Bison bison), bovido handi mota bat da. Garai batean Mexiko ipar aldean, Ameriketako Estatu Batuak zein Kanadako Ordoki handietan bizi omen zen. Bisonteak samalda handietan biltzen ziren Esklaboen Aintzira Handiatik Mexikoraino, Durango eta Nuevo León Estatuetaraino hain zuzen, eta Oregongo ekialdetik Apalatxeak mendietaraino.
Ameriketako bisonte | |
---|---|
Iraute egoera | |
Ia galzorian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Artiodactyla |
Familia | Bovidae |
Generoa | Bison |
Espeziea | Bison bison Linneaus, 1758
|
Azpibanaketa | |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 285 egun |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | bison meat (en) |
Masa | 20 kg (pisua jaiotzean) |
Kumaldiaren tamaina | 1 |
Genomaren kokapena | dnazoo.org… |
Egun Amerikako bisontearen bi azpiespezie daude: Ordokietako bisontea (Bison bison bison) eta Basoko bisontea deitutakoa, (Bison bison athabascae). Azken hau bereziki Kanadako oihanetan bizi da. Dena den garai bateko bisonteen samalda handiak Ipar Amerikako belaze zabaletan kokatzen ziren, eta ez basoetan.
Bisontea oso garrantzitsua zen Ipar Amerikako tribu amerindiar askoren kulturan eta bizimoduan. "Ordoki handietako" amerindiarren ekonomia animali hauen ehizean oinarritzen zen. Indioak etengabe mugitzen ziren bisonteen samalda handiak jarraituz.
Etimologia
Bisonte grezieraz "idiaren antzeko aberea" esanahia dauka. Bufalo hitza bere aldetik larrurako basa-piztiak harrapaketan zebilen piztialari frantziarrek jarri zioten. Beraiek ere bisontea Bœufs deitu zuten, "idia" esanahiarekin baita ere. Gauzak horrela, hastapenean "bisonteak" eta "bufaloak" esanahi parekoa zuten.
Ingelesez American bison, Amerikako bufaloa, deitzen dute, nahiz eta adituentzat "bufalo" sailkapena ez dator espeziearekin. Benetako bufaloak Asiar bufaloak eta Afrikar bufaloak omen dira. Hala ere esan beharra dago espezieari dagokionez "bufalo" adiera 1635. urtetik datorrela, eta berriz "bisontea" 1774. urtean erabiltzen hasi zela[1].
Ezaugarriak
Amerikako bisonteak ilaia naroa dauka, luze eta arre ilun kolorekoa neguan eta arina eta arre argi kolorekoa udan.
Bisonteak 2 metro altuera soin gurutzera hartzen du eta 900-1000 kg. ar handienen kasuan. Betabereen artean ohikoa denez, arrak emeak baino zertxobait handiagoak dira. Ezagutzen den bisonterik handienak 1.100 kg. pisua zeukan.
Burua oso handia daukate, eta aurrealdea indartsua. Ar eta emeek adar motz eta okerrak dauzkate. Adarrak aberearen defentsarako zein bisonteen arteko borroketan erabiltzen dituzte, animaliak samaldaren barne daukan hierarkia postua mantentzeko edo hobetzeko.
Ohiturak
Bisontea belarjalea da, eta belar luze zein ihiak jaten ditu. Arrak goiz eta arratsaldetan bazkatzen dira, eta emeak berriz egun guztian zehar. Abuztu eta irailean izaten da susa garaia Amerikako bisonteentzat. Haurdunaldiak 285 egun inguru irauten du. Jeneralean kume bakarra jaiotzen da hurrengo udaberrian, gorrixka kolorekoa. Amak urte batean zainduko du kumea eta hau heldua izango da hiru urtetan. Bisonteek batz beste 15 urte bizi dira naturan libre eta 25 urte arte etxekotzerakoan.
Bisonte jaio berriek, bizitzaren lehendabiziko hiru hilabetetan, helduek baino kolore apalagoak dauzkate. Oso kasu bitxia "bufalo zuria"rena da. Halakoetan txekorra edo urruxa erabat zuria da, albinoa, eta kasu hauetan animali hauek sakratuak dira tribu amerindiarrentzat.
Europako bisontearekiko ezberdintasunak
Nahiz eta itxuraz oso antzekoak izan, Amerikako bisonteak eta Europako bisonteak elkarrekiko hainbat ezberdintasun daukate, bai ezaugarri fisiko zein etologiari dagokienez.
Amerikako bisonteak 15 saihets dauzka eta Europakoak berriz 14. Amerikako bisonteak lau gerri-ornoak dauzka eta Europakoak berriz bost[2].
Kopurua eta populazioen egoera
Badaude etxekotutako 500.000 Amerikako bisonte inguru, gehienak Ordokietako bisonteak 4000 errantxo pribatuetan banaturik. IUCNko zerrenda gorriaren irizpideen arabera, etxekotutako populazioak ez dira kontutan hartzen espezie basati baten egoera definitzeko.
Basati bizi diren bisonteen kopurua berriz 30.000 mila inguru da, haietatik 20.000 mila baino ez datoz jatorrizko populazioetatik.
Kopuru honetatik soilik 15.000 bison jotzen dira benetako bisonte basatitzat, hau da, erabat baldintza naturaletan bizi direnak. Gizakiaren inolako kontrolik gabe eta hesirik gabe dauden populazioak.
Bisontea abeltzaintzan
Aspalditik Amerikako bisontea etxe-abere bezala erabiltzeko saiakerak egin dira, arrakastatsuak gainera. Alde batetik bisonteak etxeko aziendarekin nahastuz beefaloak zein yakaloak lortzeko. Bestetik bisonte beraiek azienda bezala hazten arrantxoetan.
Amerikako Estatu Batuetan bisontearen haragia komertzializatzen da, eta asko famatzen dute. Bisontearen haragiak behi haragiaren proteinak baino % 4 gehiago ditu, kaloria kopuru erdia, kolesterola % 45 gutxiago eragiten du eta 100 gramo haragitan 2,5 miligramo gantz besterik ez dago.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- The American Heritage Dictionary of the English Language, Fourth Edition
- The Penny Cyclopædia of the Society for the Diffusion of Useful Knowledge by Society for the Diffusion of Useful Knowledge (Great Britain), published by C. Knight, 1835