Amate paper
Amate papera (gaztelaniaz papel amate, nahuatleraz amatl) konkistaren aurretik Mesoamerikako herriek erabiltzen zuten idazteko paper antzeko materiala zen. Paper hau ez da guk ezagutzen dugun bezalakoa; zuhaitzen barruko azalez egiten bada, ekoizteko prozesua oso desberdina da eta azken produktua ehunaren itxura du gehiago paperarena baino.
Ekoizpena
Amate paperaren ekoizpena eskuz egiten da. Horretarako zuhaitz desberdinen azalak txikitzen dira, besteak beste, jonoteenak, Ficus cotinifolia eta Ficus padifolia. Txikitzeko harri berezi batzuk erabiltzen dira; indusketa arkeologikoetan horrelako tresnak aurkitu izan dira, batzuk Kristo aurreko VI. mendekoak. Horrela lortutako masa hori karea duen uraz egozten da. Prozesu horretan zuntz asko dituen laminak lortzen dute; hauen koloreak desberdinak izan daitezke, marroi ilunatik horira.
Amate paperak erabilera asko izan zituen: apaizentzako eta dantzarientzako jantziak prestatzeko, jainkoei eskaintzak egiteko eta dokumentuak edo kodexak egiteko. Azken lan horretako ere bai animalien larruak erabili izan ziren.[1]
Historia
Aipatu denez amate paperaren erabilera antzinakoa izan zen Mesoamerikako zibilizazioetan, bereziki Preklasiko eta Klasiko garaietan. XVI. mendeko idazle desberdinek azaldu zuten paper mota horen ekoizpena; horrela ikus daiteke Diego de Landa, Mártir de Angleria, Bernal Díaz del Castillo eta Bernardino Sahagunen kroniketan.[1] Zoritxarrez espainiarren konkistarekin ekoizpena erabat jaitsi egin zen. Espainiarrentzat amate papera oso lotuta zegoen bertako erlijioekin. Horregatik, kodexak erre egin eta gero paper mota hori debekatu egin zuten, Europako paperaz aldatuz. Hala ere, ezkutuan, zenbait tokitan ekoizpena bizirik mantendu zen eta horrela deskubritu zen XX. mendearen hasieran Pueblako Ipar-mendietan, Veracruz eta Oaxacako zenbait tokitan. Gaur egun ospe handia du Pahuatlengo San Pabliton (Puebla) egiten den amate paperak. Egungo ekoizpena helburu komertzialekin eta artistikoekin eramaten da aurrera, bereziki turismoari begira.
Erreferentziak
- Marie Vander Meeren, 71.or.
Bibliografia
- Marie Vander Meeren: “El papel amate. Origen y supervivencia”. Arqueología Mexicana aldizkaria: "Códices prehispánicos" mongrafikoa. IV.liburukia, 23.zk. 2.berrinprimatzea, Mexiko Hiria, 2002, 70-73 or.
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Amate paperaren ekoizpena San Pabliton (Mexiko
- (Gaztelaniaz) Amate paperari buruzko bloga.