Amassorrain ikastola

Amassorrain Donostiako ikastola da, Añorga auzoan kokatua. 1965eko irailean hasi zituen eskolak. Bertan haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako ikasketak emateaz gain, eskolaz kanpoko ekintza anitz sustatzen ditu.

Amassorrain ikastola
Kokapena
Koordenatuak43°17′24″N 1°59′47″W
Map
Webgune ofiziala

    Historia

    Hastapenak

    Hirurogeiko hamarkadaren hasieran haurrentzako eskola bakarra zegoen Añorgan eta hura, eskola nazionala zen: erdalduna. Egoera horren aurrean, guraso batzuek ikastola euskaldun bat sortzearen beharra sentitu zuten. 1964ean 15 familia prest zeuden euren 16 haurrekin proiektua martxan jartzeko. 1965eko Irailean eman zitzaion hasiera ikasturteari. Lau-bost urtetako zortzi haur eta hiru-lau urteetako beste zortzi haur. Beraz, hamasei haur, astean zehar, igandea ezik, egunero bi orduz, 3retatik 5 etara joaten ziren ikastolara, (arratsaldez). Osteguna mendira irtenaldiak egiteko eguna izan ohi zen.

    Urteak aurrera, ikasle kopurua handitzen joan zen, eta 1966an beste irakasle baten beharrean, Maritxu Ilarramendi hasi zen bertan lanean.1967an Arantza Agirresarobe izan zen sartu zen irakasle berria. 1967-68. ikasturtean, Espainiatik zetorren lege berria zela eta, tira birak hasi ziren guraso batzordeko partaideen artean. "Ministerio de Educación y Ciencia, Direccion General de Enseñanza"-ren lege berriak agintzen zuenaren arabera "libro de la escolaridad de enseñanza primaria" izan behar zuen haur bakoitzak.

    1968-69 ikasturtean bada, ikasleak bi tokitan banatuak aurkitzen ziren eta hiru andereñoren ardurapean. 1969.ean ikastola txikietan gertatzen ari zena ikusirik, Elizak bere babesa eman zien ikastolei. Añorgako Elizak Sakristiaren gainean duen lokala utzi zion ikastolari eta Aizpurutarren etxean zeudenak elizako gelara pasa ziren. Lege berriak ez zuen Añorgako ikastola deuseztatzea lortu, ez zen "Ama Eskola" bezala gelditu. Baina ordura arte zeraman programa erabat aldatzea lortu zuen. Egunean bi orduren ordez, egun guztiko ordutegia bete beharko zuten handik aurrera.

    1969-70 ikasturtean, hiru urtetako haurrak hasiko dira lehenengoz ikastolan. Urte honetan beraz, bi talde berri sartu ziren ikastolan: hiru urtekoen taldea eta lau urtekoena.

    Legeztatzea

    1970-71 ikasturtean ikastolak legeztatzea lortu zen.

    Hirurogeitamar hamarkadan Añorgako ikastolak zuen haur kopurua abiada bizian gehituz zihoan. Añorga Txiki auzunean egiten ari ziren etxebizitza berriek bazuten horretan zerikusirik. Hazkuntza honek ikastolak berez zuen arazoa handiagotu egin zuen.

    1973. urtearen bukaera aldera Añorgan zegoen eskola arazoari irtenbideren bat bilatzeko asmoz asanblada orokor bat ospatu zen Añorgako zinean. Bertan, irakaskuntza kooperatiba bat sortzea erabaki zen, gerora Amassorrain deituko zitzaiona. Kooperatiba hau, 1973ko Abenduan inskribatu zen erregistro ofizialean.

    1975ko irailean, Parrokiak eliza handitu eta berritu behar zuela adierazi zion ikastolari eta ondorioz, ikastolak erabiltzen zituen bi gelak utzi egin behar zituela.

    Amassorrain irakaskuntza kooperatiba sortu eta gero, kudeaketa bideratzeko junta bat osatu zen eta bere kideen artean ardurak banatu ziren.

    Eraikin baten beharra

    Hasiera-hasieratik kezka handiena zentro berri hau sortu ahal izateko lursaila lortzea izan zen. Udaletxera idatzi eta joan-etorri ugari egin ondoren, lortu zen Añorga txikin kokatzen zen lursail bat. Udaletxeak hutsaren truk eta betirako eman zion Amassorrain kooperatibari eremu hura, baldintza bakarra jarriz bere aldetik: lursaila, beti, heziketa zereginetarako izatea.

    Aipatu beharra dago Donostiako Udaletxeak horrelako eremu bat erakunde pribatu bati ematen zion lehen aldia zela, ordura arte terreno guzti haiek Heziketa eta Zientzia Ministeritzari ematen baitzitzaizkion. Donostian horrelakorik lortu zuen lehen ikastola izan zen.

    Honekin amaitzen ziren, garai hartan lanean ziharduten guraso batzuen ustez, ikastolak izan zuen unerik larrienak.

    Terrenoaren jabetza lorturik, beste hainbat gestio egin behar izan ziren, hala nola:

    -Arkitekto bati proiektu bat eginaraztea eta proiektu horretan oinarriturik ekonomi azterketa bat egitea.

    -Etxebizitza Ministeritzarengandik eraikuntzarako bolumena lortzea.

    -Donostiako Udaletxearengandik terreno horretan eraikitzeko baimena lortzea.

    -Proiektua eta terrenoaren jabegotza eskriturak eskutan, estatuak Ikastetxea "interés social" kontsidera zezan lortzea. Titulu hori izatea ezinbestekoa zen estatuarengandik diru laguntzak hutsean lortzeko eta baita Banko Hipotecario-n kredituak baldintza onetan lortzeko ere.

    Ikastetxe berria izango zena bideratuta bazegoen ere, Añorgako Ama ikastolari momentuko irtenbidea eman behar zitzaion. Añorga Txikin lokal bat baina gehiago erabiltzen zituzten dagoeneko baina, elizan erabiltzen ziren gelak utzi egin behar zituztenez, gela gehiagoren beharra zegoen eta arazoari irtenbide bat bilatzea ezin bestekoa zen.

    Eraikin berria

    1980-81 ikasturtean estreinatu zen ikastetxe berria; Haur eskola, eskolaurrea eta O.H.O.ko hiru zikloak bateratu zituen ikastetxea, Amassorrain ikastola, estreinatu zen.

    1982. urtean hasi zen Amassorrain ikastola eskolaurre eta hasiera zikloko haurrekin hizkuntz-errefortzu lanetan.

    Urtez-urte pedagogi zerbitzuak gehitzen joan dira ikastolan. Ikasleen garapenerako hain baliagarri diren liburutegi, laborategi, ikus-entzunezko, berariazko gela, psikomotrizitate,... zerbitzuak osatzen joan dira, azkeneko lorpena informatikako gela izani

    1990ean Ikastolaren 25. urteurrena ospatu zen.

    1992an O.H.O.ko lehen promozioa irten zen.

    1993an publifikazio prozesuan sartu zen Ikastola.

    1996an L.H.ko ikastola bezala geratu zen Ikastola. Irakaskuntza 0tik 12 urte bitartera.

    2006an eraikinaren 25. urteurrena ospatu zen.

    2016an Amassorrain Ikastolaren 50. urteurrena ospatu zen.

    Ikus, gainera

    Kanpo estekak


    Donostiako ikastetxeak
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.