Amaiur Batailoia

19. Amaiur Batailoia (garaiko grafian 19. Amayur Batailoia) 1936tik 1937ra Eusko Gudarosteko bataloietako bat izan zen, hain zuren ere 19. batailoia. EAJ alderdiari atxikia zegoen, batailoi honen komandantea Rufino Rezola ordiziarra izan zen, Eusko Jaurlaritzako Defentsa Saileko idazkaria zen Joseba Rezolaren anaia.[1]

Amaiur Batailoia
MotaBatailoi
AdarraEusko Gudarostea
Gerrak eta guduak
Espainiako Gerra Zibila
Artikulu hau batailoiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Amaiur (argipena)».
Eusko Gudarosteko 19. Amaiur Batailoiko Goierri konpainiako gudari taldea. Bizkaia, 1937.

Hasiera batailoi hau osatu zuten konpainiak hauek izan ziren:

  • Arrasate konpainia (Gorroñagoitia kapitainaren agindupean).
  • Arturo Kanpion konpainia (Francisco Prieto kapitainaren agindupean).
  • Sukarrieta konpainia (Agapito Uriarte kapitainaren agindupean, bizkaitarrez osatua eta metrailadoreez hornitua).
  • Goierri konpainia (Gabiriko herritarrez osatua).

Uriarte komandanteak bere azken egunetan bere batailoiak Berriztik Santoñarako izan zuen ibilbideaz istorio bat idatzi zuen. Kontakizun hura El Dueso espetxean idatzi zuen, eta 1956an argitaratu zen.[2][3]

Ekintzak

1936eko abenduan Urduñako frontean parte hartu zuen, San Pedro mendian galera ugari jasan zituelarik. Horien artean, batailoi honetako Arturo Kanpion konpainiako Francisco Prieto kapitainarena barne. Arabako frontean gudua amaiturik, Amaiur bataloiak guda-lerroan 533 gudari zituen, kuartel zerbitzuetan berriz 40. Beste 44 zauriturik zeuzkan, eta beste 8 gaixoturik.

Amayur Batailoiko zigilua.

1937ko otsailean Asturiasen Saseta Brigada osatu zuten beste hainbat batailoirekin batera parte hartu eta galera ugari jasan zituen, 30 hildako barne, hauetako gehienak Areces herritik atzerantz egiteko unean etsaiaren lur eremuan geldituak. Otsailaren 21tik 23ra Nalon ibaiaren zeharkatze unean pairatutako galerak zenbatu ezkero, 10 hildako, 23 desagertu, 85 zauritu eta 24 gaixo izan ziren. Erasoaldiaren porrotaren ostean Asturiasko frontean kokatua izan zen, martxo amaieran Bilbora itzuli zen arte. Zenbait galera gehiago ere jasan zituen, hortaz denera 42 hildako eta desagertutara ailegatu ziren, baita ehunen bat zauritutara ere.

Apirilaren hasieran Olaetan borrokatu zen. Gero Urkiolako eremua defendatu zuen, hurrengo hilabetean lehenbizi Sollubeko guduan eta ondoren Bizkargin parte hartu zuen. Ekainean Artxandako guduan nabarmendu zen, honetan Banderas mendiaren defentsan parte hartu zuelarik. Abuztuan Santanderren atzeman zuten. Denera gerra ekintzetan 125 hildako izan zituen, honela gerrak gehien zigortu zituzten batailoi abertzaleetako bat izan zelarik.[3]

Erreferentziak

  1. https://web.archive.org/web/20091128050733/http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/vasconia/vas31/31305343.pdf Euskomedia.org
  2. Erref. Andrés Mª de Irujo. "Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos" (1958-59).
  3. http://www.euskomedia.org/aunamendi/21684?q=amayur&numreg=2&start=0 Batallón Amayur. Auñamendi Entziklopedia.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.