Amaia Apalauza

Amaia Apalauza Ollo (Iruñea, Nafarroa Garaia, 1979ko martxoaren 4a - ) nafar itzultzaile eta hizkuntzalaria da. EIZIE elkarteko lehendakariordea 2015az geroztik,[1] eta Euskaltzain urgazlea ere bada 2016tik.[2]

Amaia Apalauza
Bizitza
JaiotzaIruñea, 1979ko martxoaren 4a (45 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Tesi zuzendariaIñaki Camino
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria, itzultzailea, euskaltzain urgazlea eta zuzentzailea
Lan nabarmenak
KidetzaEuskaltzaindia

Inguma: amaia-apalauza-ollo

Hizkuntzalaria

Doktorego-tesia 2011n aurkeztu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologian doktorea da, Iñaki Camino Lertxundi dialektologoaren zuzendaritzapean. Nafarroako hizkerez eta ahozko tradizioez hainbat azterlan egin ditu.[3][4] Tesia egin bitartean, bekadun aritu zen EHUko Euskara Zerbitzuan, euskarazko hiztegi teknikoak egiten eta testuak zuzentzen eta itzultzen. Ahozko tradizioa ere oso gustukoa duenez, Nafarroako zenbait tokitan ibili zen ahoz aho transmitituriko jakintza biltzen (Malerrekan, Araitz-Betelun, Imotzen…), zenbait bekari esker.

Nafarroako euskararen gaineko ikuspegi berri bat eman zuen, Gipuzkoako mugaren ondoko nafar hizkerei dagokienez, batez ere. Izan ere, Gipuzkoako mugan egonik eta, horretaz gainera, Euskal Herriaren erdigunean egonik, konbergentzia handiko eremu bat da, elkarrekin gurutzatzen baitira alde bateko eta besteko isoglosak, eta trantsizio- eta zubi-hizkerak sortzen. Nafarroako euskara aski ongi ezagutzen da gaur egun, baina bildutako hizkera horiek aztertzea falta zela nabaritu zuen eta tesiaren helburua hizkeren arteko harremanetan sakontzea izan zen, konbergentzia- eta dibergentzia-guneak identifikatzea, hizkuntza-ezaugarriak non hasten eta non bukatzen diren zehaztea, eta abar.

Dialektologia soziolinguistikarekin ere uztartu zuen. Beste hizkuntzak bezala, euskara ere aldatzen ari da; hizkuntzak aldakorrak dira berez, beti ari dira aldatzen, leku eta garai guztietan, baina azken mendean gizartean izandako garapenak bizkortu egin du aldakortasun hori. Gazteek berrikuntzak txertatzen dituzte hizkuntzan, eta alde nabarmena dago adinekoen eta gazteen euskararen artean. Eta, hain zuzen, gaur egungo ikerketetan, belaunaldien arteko desberdintasunei erreparatzeko joera zabaltzen ari da, bai Euskal Herrian, bai nazioartean. Ikergai interesgarria da, zalantzarik gabe, eta tesian ere aintzat hartu zuen: esate baterako, Araitz-Betelun, Tolosari begira bizi dira hein handi batean, eta argi eta garbi sumatzen da hango euskararen eragina. Baina eragin hori apalduz doa ekialderantz goazen neurrian, eta Imotzen, esate baterako, eredu giputzak ez du halako indarrik. Ezin alde batera utzi, bestalde, euskara batuak gazteen hizkeran uzten duen arrastoa, gero eta nabariagoa baita.

Gazteek zer hizkuntza-eredu erabiltzen duten eremu batean edo bestean aztertu behar dela azpimarratzen zuen tesian, ez baitute era berean hitz egiten etxean eta kalean, familiartean eta lagunartean, herri-giroan eta hiri-giroan, hurbileko jendearekin eta jende ezagunarekin, eta abar.

Euskaltzain urgazlea

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006ko apirilaren 29an, beste bost nafarrekin batera: Xabier Erize, Maite Lakar, Patxi Petrirena, Rosa Ramos eta Castillo Suarez.[5][2][6]

Itzultzailea

Euskal Filologian doktorea, baina ikerketak alde batera utziak ditu gaur egun.[7] Itzultzaile-zuzentzaile autonomoa da. 2015ean argitaratu zuen bere lehen literatura-itzulpena, Literatura Unibertsala bilduman: Sergei Dovlatoven Maleta ipuin-liburua. Geroago hamar liburu baino gehiago itzuli ditu.[8]

EIZIEko Zuzendaritza Taldean dabil 2015az geroztik.[1] 2021eko abenduaz geroztik, EIZIEren Senez aldizkariaren zuzendaria da: Karlos del Olmok erretiroa hartu ondoren hartu du zeregin hori.[9]

Argitalpenak

Azterlanak

  • Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa.[10]
  • Araitz-Beteluko ahotsak .Kontxi Arraztiorekin elkarlanean.(Euskararen Nafar Institutua, 2008)[11]
  • Imozko euskara. (Euskararen Nafar Institutua, 2009)[12]

Narratiba

Saiakera

Komikia

Erreferentziak

  1. «EIZIE Elkartea» EIZIE (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  2. «Sei euskaltzain urgazle berri izendatu ditu Euskaltzaindiak» Berria 2016-04-30.
  3. Apalauza Ollo, Amaia. (2012). Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa. Nafarroako Gobernua ISBN 978-84-235-3330-5. PMC 851645121. (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  4. ApalauzaOllo, Amaia. (2011). Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa. UPV/EHU ISBN 978-84-8438-390-1. (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  5. «Apalauza Ollo, Amaia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  6. gorbeia.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  7. Amaia Apalauza (Karrikirikide berria eta itzultzailea) – Karrikiri. (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  8. «Amaia Apalauza» NorDaNor-EIZIE.
  9. ««Eskerrik asko, Karlos, urte hauetan guztietan 'Senez'i eskaini dizkiozun izerdi-orduengatik»» EIZIE (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  10. «Aipamena. Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura-geolinguistikoa - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
  11. «"Araitz-Beteluko ahotsak" kaleratu da. Badihardugu Euskara Elkartea» badihardugu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
  12. «Un nuevo libro compila la tradición oral sobre el euskera del valle de Imotz | Últimas noticias de la actualidad cultural en Diario de Navarra» diariodenavarra.es 2009-03-07 (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
  13. «Bortxaketaren gordinena luma sotilaz» www.eitb.eus 2019-11-20 (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
  14. Garate, Miren. «Euskaraz ere onik irten den istorio ingeles bat» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
  15. Aristondo, Amaia Igartua. «Tokarczuk eta Handke: beste bi Nobel euskararentzat» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
  16. Arrese, Gorka. «Gizaki berdeen erresistentzia» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  17. Gorraiz, Uxue Rey. «Hildakoez gaizki hitz egitea» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
  18. Alzuru, Jone Bastida. (2023-10-07). «bell hooksen 'Transgresioa irakasgai' liburua itzuli du Amaia Apalauzak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
  19. ««Astindua» azalekoa ez den zuritasunari» Berria 2023-12-30 (Noiz kontsultatua: 2024-01-15).
  20. «irakurgai-mailakatuak-fitxa: Gerezi garaia: Lucio Urtubiaren bizitzari buruzko eleberri grafiko bat» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.