Amaia Agirre Arrastoa
Amaia Agirre Arrastoa (Villabona, Gipuzkoa, 1977ko abuztuaren 27a) euskal bertsolaria, Bertso-eskolako irakaslea eta bertso-transkribatzailea da.[1][2] Euskal Filologian lizentziatua da eta Hitzetik Hortzera telebista-programan erredaktore gisa aritu zen 8 urtez. Hamaika Bertute ekimeneko kidea ere izan zen.
Amaia Agirre Arrastoa | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Villabona-Amasa, 1977ko abuztuaren 27a (46 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Lehen hizkuntza | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | bertsolaria |
2021koeta 2022ko udetan, Berriako "Eguzki epelean" izeneko zutabea idatzi du.[3]
Bertso eskoletako irakaslea
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko hainbat bertso-eskolatan irakasle lanak egin ditu, besteak beste hauetan: Aduna Ikastetxea (Aduna, 2012-2013), Alkartasuna Lizeoa (Beasain, 2012-2013, 2019-2020), Andramendi Ikastola (Beasain, 2012-2013), Anoetako Herri Ikastola (Anoeta, 2019-2020), Asteasuko Bertso-Eskola (Harituz, 2008-2009), Beasaingo Bertso-Eskola (Goierriko BE 2008-2009), Egape Ikastola (Urnieta, 2019-2020), Elizatxo Ikastola (Hernani, 2019-2020), Fleming Ikastola (Villabona, 2012-2013, 2014-2015, 2019-2020), Getariako Bertso-Eskola (2008-2009, 2011-2012), eta Ibarrako Bertso Eskola (Harituz, 2008-2009, 2008-2009).[1]
Bere hainbat ikaslek Eskolarteko txapelketak irabazi dituzte. Tolosaldeko HARITUZ bertso elkarguneko partaide ere bada.[1]
Bertsolari txapelketak
- Xenpelar saria: 1998an txapelduna
- Osinaldeko txapeldunorde ere izana da.
- 1999ko Herri arteko txapelketan txapeldunorde geratu zen Erniope taldearekin (Aitor Usandizaga, Jexux Mari Irazu eta Txomin Garmendiarekin batera).
- Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa:
- Bertsolari Txapelketa Nagusia:
- Señora sariketa (1): 2021
Hitz-jokoak
Bertsolari moduan eta bertsoetatik kanpo jolasgura da Amaia. Esaterako, 30 hitz-joko hauek idatzi zituen "Abubakar" iritzi-artikuluan 2022ko abuztuan:[4]
Nigeriatik dator Abubakar, Europa duelako amu bakar.
Afrika mamu eta iparraldea damu bihur dakiokeen baltsamu. Kontinente berotik hegabera nola, halaxe dator mutil gaztea ere: egarbera. Bularraldea eta bizkarra beltzak dituzte biek, bai hegan datorren txoriak eta baita hegan egin nahi duen txoriak ere. Zer eskainiko zoriak. Ezer gutxi eskuineko zuriak.
Burua hotz eta hondarra bero. Erreparatu erre paratu zaizkien oin azpiei. Basamortuan dena da basa eta dena da mortu. Begirada ortzi mugan eta itxaropena gugan... Oraindik ez daki errefuxiatu eta errefusatu fonetikoki ez ezik esanahiz ere geroz eta gertuago daudela. Besteak beste Frantzia eta Espainia dira hiztegi eta haztegi hori elikatzen duten bitamina, bietan mina. |
Eta bien arteko Bidasoa bide osoa zapuztu dezakeen pasoa.
Eta bien arteko Bidasoa bide osoa zapuztu dezakeen pasoa. Berdintasunaz hitz egiten dugu berdin zaigunaz ari garenean, baina berdin du eta berdindu ez dira berdinak. Hitz hartzeaz arduratzen gara besteak hits jartzearen eta itzaltzearen ardura gure gain ez hartzearren. Guk eragindako mila liskar uzten ditugu besteen bizkar. Bizkor gainera. Zer da ikara izuaren kikara ez bada? Europa omen Afrikaren teilatu, baina gero nork beilatu? Nigeriak zerbaitegatik ote du «igeri» hitza bere baitan? Erantzunik gabeko galderak galerak al dira?
|
Olatuz olatu, bere baitara gotortu eta isolatu, oinak ezin mugitu eta burua ezin geratu, nigarrez utzi duen ama nork kontsolatu?
Azken olatuaren indarrak hondoratu ordez hondarreratu badu, orduan zer? Atzean utzi duenaren antzean. Basamortutik uretara, eta uretatik berriz ere lehorrera. Ezer ez du izango eskueran, alderantziz, dena estu eran. Gure goitik beherako begirada disekatu, behetik datorrena nola isekatu. Ezin ote dugu atalka ari, ahari talka aritu ordez? Ezin ote dugu barrera eraitsi eta harrera hobetsi? Orduan hobe etsi! Alferrikakoak eta Afrikakoak ere zergatik ote dira hain hoskide? Kide hots egiten ez zaleko agian? Zertarako hainbeste urgentziazko bilera, berehalako agerraldi publiko eta diputatu ganbera... beti berdina badoa gain behera? Dena izango du oztopo burokratiko, buru kaotiko gehiegi baitaude agintean. Hala ere, zorte on, Abubakar, ez bekizu Europa izan damu bakar.
|
Erreferentziak
- Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale Elkartea. «Amaia Agirre - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Bertsozale Elkartea) (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
- «Amaia Agirre — Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013» www.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
- Arrastoa, Amaia Agirre. «Amaia Agirre Arrastoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
- Agirre Arrastoa, Amaia. (2022-08-13). «Abubakar» Berria: 13. (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
Kanpo estekak
- Amaia Agirre bertsozale elkarteko webgunean
- Amaia Agirre Berria egunkariko artikuluak (50 baino gehiago)