Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna
Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna (ingelesez, International Mother Language Day) otsailaren 21ean ospatzen da kultura aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzeko asmoz. Bangladesheko gobernuak proposatu zion egun hau ospatzea UNESCOri, eta erakunde honek bere adostasuna adierazi zuen 1999ko otsailaren 17an; ondoren, Nazio Batuen Batzar Nagusiak onartu zuen 2007ko ekainaren 8ko 61/266 ebazpenaren bidez. Ebazpen horretan, munduko herriek erabiltzen dituzten hizkuntza guztien zaintza eta babesa sustatzeko eskatzen die Estatu kideei eta Idazkaritzari.
Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna | ||
---|---|---|
Mota | nazioarteko egun | |
Honen izena darama | ama-hizkuntza | |
Commemorates (en) | ama-hizkuntza | |
Indarraldi | 2000 - | |
Egun | Otsailaren 21 | |
Promulgatze | 1999ko azaroaren 17a | |
Antolatzailea | Nazio Batuen Erakundea eta UNESCO | |
Webgune | un.org… |
Ospakizun honen oinarrian, bengaleraren aldeko Mugimenduari egiten zaion aitortza dago; izan ere, Bangladeshen bengaleraren aldeko Mugimenduaren Eguna ospatzen zuten 1952tik; urte hartan, Bangladesh Pakistan estatuaren barruan zegoelarik, bengalera-hiztun mordoa bildu zen Dhaka hirian beren hizkuntza-eskubideen alde manifestatzeko, eta pakistandar polizia tiroka hasi zen jendearen kontra.
Historia
1947an Pakistan sortu zenean, geografikoki bananduta zeuden bi zati zituen: Ekialdeko Pakistan (gaur egun Bangladesh izenarekin ezagutzen dena) eta Mendebaldeko Pakistan (gaur egungo Pakistan). Bi aldeak oso desberdinak ziren kultura eta hizkuntza aldetik; gainera, bi zatiak geografikoki bananduta zeuden, India baitzegoen bien artean.
1948an, Pakistango gobernuak urdua Pakistango hizkuntza nazional bakarra zela adierazi zuen, nahiz eta ekialdeko lurraldeko biztanle gehienek bengaleraz hitz egiten zuten. Ekialdeko Pakistango biztanleek protesta egin zuten, bengalera ere hizkuntza nazional izatea nahi zutelako. Eskabide hori Ekialdeko Pakistango Dhirendranath Datta izeneko abokatu eta ekintzaile politiko batek aurkeztu zuen lehen aldiz, 1948ko otsailaren 23an, Pakistango Batzar Konstituziogilean.
Protestarekin amaitzeko, Pakistango gobernuak manifestazio publikoak debekatu zituen. Dhakako Unibertsitateko ikasleek, jende ugariren laguntzarekin, elkarretaratze masiboak antolatu zituzten. 1952ko otsailaren 21ean, poliziak tiro egin zuen manifestarien aurka, bost lagun hil eta ehunka zauritu zituen.
Geroztik, bangladeshtarrek Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatzen dute, egun beltz hura gogoratzeko eta beren ama hizkuntzaren aldeko martirien omenez eraikitako monumentua bisitatzeko. Ama Hizkuntzaren aldeko Eguna festa nazionala da Bangladeshen.
UNESCOri Ama Hizkuntzaren Aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko proposamena Kanadan bizi ziren bangladeshtar batzuek iradoki zuten, Kofi Annan NBEko Idazkari Nagusiari 1998ko urtarrilaren 9an idatzitako gutun baten bidez. Rafiqul Islam eta Abdus Salam izeneko bangladeshtar hauek munduko hizkuntza guztiak salbatzeko pauso bat emateko eskatzen zioten Annani, eta Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna otsailaren 21ean ospatzea proposatu zioten, 1952an Dhakan gertatutako sarraskia gogoratzeko.
Proposamen hori bera Bangladeshko Parlamentuan aurkeztu zen eta Bangladesheko Gobernuak proposamen formal bat aurkeztu zion UNESCOri. Erakunde honek 1999ko azaroaren 17an, bere 30. batzar orokorrean, aho batez erabaki zuen "otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izatea mundu osoan, "1952an egun horretan bertan beren bizitzak sakrifikatu zituzten martiriak gogoratzeko".
Hurrengo urtean ospatu zen lehen aldiz, 2000. urtean alegia; NBEren ekitaldi ofizialean, Kofi Annan NBEko idazkari nagusiak herrialde guztietan hizkuntzen balio garrantzitsuari buruzko kontzientzia pizteko deia egin zuen, hizkuntza-aniztasuna gordetzearen garrantzia berretsiz, eta ahalegin handiagoak eskatuz munduko hizkuntza guztiak gizateria osoaren ondare komuntzat hartu eta babesteko.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Artikulu hau hizkuntzei buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |