Alvia
Alvia Espainiako Sustapen Ministerioaren menpe dagoen Renfe Operadora eragilearen zerbitzu bat da, eta Espainian distantzia luzeko tren zerbitzuak eskaintzen ditu, ibilbidean abiadura handiko lineak ohiko abiadurako lineekin tartekatzen dituelarik. Trenek 250 km/h abiadura har dezakete,[1] eta zabalera internazionaleko (1.435 mm) zein iberiar zabalerako (1.668 mm) trenbideetan ibiltzen dira, trena zabalera aldaketa egiteko azpiegituratik pasaraziz.
Alvia | |
---|---|
Alvia zerbitzua eskaintzen duen Renfe Operadoraren 130 Serieko trena Abandoko Indalecio Prieto geltokian. | |
Datu orokorrak | |
Garraio mota | Abiadura handiko trena |
Eskualdeak | Espainia |
Lineak | 25 |
Jabea | Espainiako Sustapen Ministerioa |
Egoitza | Pío XII etorbidea, 110; 28036 Madril |
Webgunea | Renfe Alvia |
Ustiapena | |
Hasiera | 2006ko maiatzaren 17a |
Eragilea | Renfe Operadora |
Ibilgailuak | 12 S-120, 30 S-130, 15 S-730 |
Datu teknikoak | |
Galiboa | 1.435 mm eta 1.668 mm |
Abiadura maximoa | 250 km/h |
Ezaugarriak
Espainiako trenbide sareak bi zabalera ezberdin ditu: iberiar zabalera, 1.668 mm-duna, ohiko abiadurako lineetan, eta zabalera internazionala, 1.435 mm-duna, abiadura handiko lineetan. Azken hauetatik ibiltzeko bereziki eraiki ziren trenak, AVE zerbitzuak eskaintzen dituztenak alegia, ezin dute ohiko abiadurako lineetatik ibili, trenen zabalera internazionala baita. Arazo horri aurre egiteko, Alvia zerbitzuak eskaintzen dituzten trenak eraiki ziren, zeintzuek zabalera aldaketa egiten baituten, eta hala abiadura handiko lineak zein ohiko abiadurako lineak erabil ditzakete ibilbide berean. Horren ordainean, baina, har dezaketen abiadura maximoa 250 km/h-koa da. Zerbitzu honi esker abiadura handiko trenbideak ez dituzten hainbat hiriren tren zerbitzuetan ibilbideen denborak txikiagotu dira.
Zabalera aldaketa egiteko trena azpiegitura batetik pasarazten da, gurpilen arteko zabalera automatikoki aldatzen delarik, tren-makina aldatzeko beharra alde batera utzita.
Zerbitzuetan turista eta preferente motatako eserlekuak eskaintzen dira, mugikortasun urriko pertsonei egokituriko sarbideak, eta kafetegia. Sarbidean kontrol-gunea dago.
Historia
Zabalera aldaketa
Madril - Sevilla abiadura handiko linea eraikitzeko proiektuarekin batera, 1988an abiadura handiko trenbideen zabalera Europako gainontzeko herrialdeen bera izatea erabaki zen, etorkizunean zerbitzu internazionalak eskaini ahal izateko. Ordura arte, Espainiako trenbide guztiek iberiar zabalera zuten, 1.668 mm-koa. Zabalera internazionalak, 1.435 mm-koak, ekarri zuen Madril eta Sevilla arteko abiadura handiko linea uharte gisa gelditzea, eta AVE zerbitzuek ezin zuten iberiar zabaleradun trenbideetatik ibili.
Zabalera ezberdinen arteko ibilbideak egin ahal izateko, Renfek tren serie bat eskatu zion Talgo enpresari, eta 1993an Madril eta Málaga arteko ibilbidean hasi ziren tren berriak ibiltzen, Talgo VI edo Talgo 200 izenez ezagunak. Tren mota honek, baina, arazo bat zeukan: bagoiak propultsatzen zituen tren-makinak ez zeukan zabalera aldatzeko gaitasunik, eta beraz, zabalera aldaketa egiteko zabalera bateko tren-makina kendu, trena zabalera aldagailutik pasarazi, eta behin aldagailutik pasata zabalera berriko beste tren-makina bat erantsi behar zen. Sistema hau hamar urte baino gehiago egon zen indarrean, Renfe Operadorak Renferen 120 Seriea eskatu zuen arte. Serie honek zabalera aldaketa ahalbidetzen du tren-makina aldatu gabe, eta trena gelditu gabe.
Alvia zerbitzuaren hastapenak eta hedapena
120 Serie berriarekin batera Alvia izeneko zerbitzuak eskaintzen hasi ziren 2006ko maiatzaren 17tik aurrera, Madril - Zaragoza - Bartzelona Frantziar muga abiadura handiko linea eta Lleidako Puigvertko zabalera aldagailua inauguratzearekin batera. Zerbitzu berriak Madril eta Bartzelona lotzen zituen Altaria zerbitzua ordezkatu zuen.
2007an Alvia S-130 Serieko lehenengo tren-makinak jaso ziren. Tren-makina hauek Talgo bagoiak bultzatzen dituzte, bagoiak ordura arte ohiko trenbideetan ibiltzen zirelarik Madril eta Oviedo eta Gijón artean; eta Alacant eta Oviedo eta Gijón artean, eta kasu hauetan ere Altaria zerbitzuak Alvia bihurtu ziren.
Hilabete batzuk pasata Madril - Segovia - Valladolid abiadura handiko linea ireki zen, eta Valladoliden eta Valdestillasen eraiki ziren zabalera aldagailuei esker Alvia zerbitzu berriak ezarri ziren, Santander, Bilbo eta Hendaiara.
2008ko otsailaren 20an abiadura handia Bartzelona-Sants geltokira heldu zen, eta ordutik Madril - Bartzelona lineako Alvia zerbitzuak AVE zerbitzuz ordezkatu zen. Zerbitzuen berregituraketarekin batera, Alvia S-120a Madril Logroño, Iruñea, Hendaia eta Santanderrekin lotura ezarri eta handitzeko erabiltzen hasi zen.
Urte bereko irailaren 15etik S-120 trenek Bartzelona - Vigo ibilbidea egiten dute, eta abenduaren 14tik Bartzelona - Bilbo eta Bartzelona - Donostia - Irun ibilbideak egiten dituzte.
2009ko ekainaren 14an Madril - Huelva eta Madril - Cádiz zerbitzuak hasi ziren.
2013ko uztailaren 12an udan zehar Bilbo - Málaga ibilbidea egiten duen Alvia Picasso zerbitzua ezarri zen.
Alvia Euskal Herrian
2007ko abenduaren 21ean Madril eta Valladolid espainiar hirien arteko abiadura handiko trena inauguratu zen. Trenbide berri horrek AVE trenaz gain, abiadura handian bidaiatu dezaketen trenak ibiltzea posible egin zuen. Horien artean Alvia motako Talgoa. Horrela, Bilbo, Donostia eta Gasteiz Madrilekin elkartzen zituen Alvia motako tren zerbitzua jarri zen.
Trenak Valladoliderainoko bidea ohiko trenbidetik egiten du, eta ondoren eraiki berri den abiadura handiko trenbidea erabiltzen du. Ohiko Talgoa baino arinago joateagatik, bidaia denborak asko arinduz. Lehen Bilbo eta Madril bitarteko bidaia egiteko sei ordu behar baziren, Alvia trena jartzearekin batera 4 ordu eta 45 minutura gutxitu da. Bidaia azkarragoa izateaz gain, Renfek prezio merkeagoak ere jarri ditu. Horrela, Madrilerako bidaia 20 euro baino gutxiagora jaitsi zen, internet bidez erosita.
Bilbotik Madrilera egindako lehen bidaia 2007ko abenduaren 21ean egin zen, lehen ibilbidea 135 bidaiarik egin zuten eta trena Abandoko geltokira ailegatzean txaloz hartu zuten bertan zeuden pertsona gehienek. Bertan zeuden beste batzuek abiadura handiko trenaren aurkako kontzentrazioa egin zuten, trenaren ibilbidea oztopatuz.
2013ko istripua
2013ko uztailaren 24an Madril eta Ferrol arteko ibilbidea egiten zuen Alvia tren batek istripua izan zuen Santiago de Compostelan, non trena trenbidetik irten baitzen, 79 hildako eta ehun zauritu baino gehiago eragin zituela.
Material mugikorra
Alvia zerbitzuak eskaintzen dituzten trenek mutur bakoitzean tren-makina bana dute, eta tartean bagoiak. Azken hauek Arabako Rivabellosan Talgo enpresak duen tailerrean ekoizten dira. Trenok zabalera aldaketa gehienez 15 km/h abiaduran egin dezakete, gelditu gabe.
Hiru Alvia tren serie ibiltzen dira:
- Alvia S-120, CAFek ekoitzia, turista klasean 156 jarleku eta preferente klasean 81 jarleku ditu. 4 bagoiz osatzen da.
- Alvia S-130, Talgok ekoitzia, turista klasean 236 jarleku eta preferente klasean 63 jarleku ditu. 11 Talgo bagoiz osatutako multzoaz, gehi mutur bakoitzean tren-makina banaz konposatuta dago.
- Alvia S-730, Talgok ekoitzia, S-130aren moldaketa da, zeintzuei diesel sorgailu bana erantsi baitzaion tren-makina bakoitzaren ondoan. Hala, trena elektrifikatutako zein elektrifikatu gabeko trenbideetatik ibil daiteke.
Ibilbideak
Trena | Jatorria | Tarteko geltokiak | Helmuga | Oharrak |
---|---|---|---|---|
S-130 | Madrid-Puerta de Atocha | Ciudad Real Central • Puertollano • Córdoba Central • Sevilla-Santa Justa • Jerez de la Frontera • El Puerto de Santa María • San Fernando-Bahía Sur | Cádiz | Zentzu bakoitzeko 4 tren egunero Majarabiquen trenbide zabaleraren aldaketa |
S-130 | Madrid-Puerta de Atocha | Córdoba Central • La Palma del Condado | Huelva-Término | Zentzu bakoitzeko tren 1 egunero Majarabiquen trenbide zabaleraren aldaketa |
S-130 | Madrid-Puerta de Atocha | Cuenca-Fernando Zóbel • Valencia-Joaquín Sorolla • Sagunto • Castelló de la Plana • Benicàssim • Oropesa del Mar • Benicarló-Peñíscola | Vinaròs | Zentzu bakoitzeko 2 tren egunero Valentzian trenbide zabaleraren aldaketa Neguan Castelló de la Planan amaitzen dira |
S-120 | Madrid-Puerta de Atocha | Guadalajara-Yebes • Calatayud • Tutera • Alfaro • Calahorra | Logroño | Astean zentzu bakoitzeko 6 tren Plasencia de Jalónen trenbide zabaleraren aldaketa |
S-120 | Madrid-Puerta de Atocha | Guadalajara-Yebes • Calatayud • Tutera • Castejón de Ebro • Tafalla | Iruña | Zentzu bakoitzeko 3/4 tren egunero Plasencia de Jalónen trenbide zabaleraren aldaketa |
S-120 | Madrid-Chamartín | Segovia-Guiomar • Valladolid-Campo Grande • Burgos-Rosa de Lima • Miranda de Ebro | Abando Indalecio Prieto | Zentzu bakoitzeko 2 tren egunero Valladoliden trenbide zabaleraren aldaketa |
S-130 | Madrid-Chamartín | Segovia-Guiomar • Valladolid-Campo Grande • Burgos-Rosa de Lima • Miranda de Ebro • Gasteiz • Altsasu • Zumarraga • Tolosa • Donostia • Irun | Hendaia | Zentzu bakoitzeko 2 tren egunero Valladoliden trenbide zabaleraren aldaketa egiten da |
S-130 | Madrid-Chamartín | Segovia-Guiomar • Valladolid-Campo Grande • Palencia • Sahagún • León • Pola de Lena • Mieres-Puente • Oviedo | Gijón | Zentzu bakoitzeko 3/4 tren egunero Valladoliden trenbide zabaleraren aldaketa |
S-130 | Madrid-Chamartín | Segovia-Guiomar • Valladolid-Campo Grande • Palencia • Aguilar de Campoo • Reinosa • Torrelavega | Santander | Zentzu bakoitzeko 2/3 tren egunero Valladoliden trenbide zabaleraren aldaketa |
S-121 | Madrid-Chamartín | Segovia-Guiomar | Salamanca | Zentzu bakoitzeko tren 3/4 egunero Medina del Campo AVn trenbide zabaleraren aldaketa |
S-120 | Madrid-Chamartín | Segovia-Guiomar • Valladolid-Campo Grande • Burgos-Rosa de Lima • Miranda de Ebro | Gasteiz | Astean zentzu bakoitzeko 6 tren Valladoliden trenbide zabaleraren aldaketa |
S-730 | Madrid-Chamartín | Segovia-Guiomar • Medina del Campo • Zamora • Puebla de Sanabria • A Gudiña • Ourense-Empalme • Santiago de Compostela | A Coruña | Zentzu bakoitzeko tren 1 egunero Medina del Campon trenbide zabaleraren aldaketa |
S-730 | Madrid-Chamartín | Segovia-Guiomar • Medina del Campo • Zamora • Puebla de Sanabria • A Gudiña • Ourense-Empalme • Guillarey • Redondela • Vigo-Guixar | Pontevedra | Zentzu bakoitzeko tren 1 egunero Medina del Campon trenbide zabaleraren aldaketa |
S-730 | Madrid-Chamartín | Segovia-Guiomar • Medina del Campo • Zamora • Puebla de Sanabria • A Gudiña • Ourense-Empalme • Monforte de Lemos • Sarria • Lugo • Guitiriz • Teixeiro • Curtis • Betanzos-Infesta • Betanzos-Ciudad • Pontedeume | Ferrol | Zentzu bakoitzeko 2 tren egunero Medina del Campon trenbide zabaleraren aldaketa |
S-121 | Madrid-Chamartín | Valladolid-Campo Grande • Palencia • León • Veguellina • Astorga • Vega-Magaz • Brañuelas • Torre del Bierzo • Bembibre • San Miguel de las Dueñas | Ponferrada | Astean zentzu bakoitzeko 5 tren Valladoliden trenbide zabaleraren aldaketa |
S-120 | Barcelona-Sants | Camp de Tarragona • Lleida Pirineus • Zaragoza-Delicias • Tutera • Castejón de Ebro • Alfaro • Calahorra • Logroño • Haro • Miranda de Ebro | Abando Indalecio Prieto | Zentzu bakoitzeko 2 tren egunero Zaragozan trenbide zabaleraren aldaketa |
S-120 | Barcelona-Sants | Camp de Tarragona • Lleida Pirineus • Zaragoza-Delicias • Tutera • Castejón de Ebro • Tafalla • Iruñea • Altsasu • Zumarraga • Tolosa • Donostia • Irun | Hendaia | Zentzu bakoitzeko 2 tren egunero Zaragozan trenbide zabaleraren aldaketa Hendaian ez ditu bidaiaririk hartzen |
S-130 | Barcelona-Sants | Camp de Tarragona • Lleida Pirineus • Zaragoza-Delicias • Tutera • Castejón de Ebro • Tafalla • Iruñea • Gasteiz • Miranda de Ebro • Burgos-Rosa de Lima • Palencia • Sahagún • León • Astorga • Bembibre • Ponferrada • O Barco de Valdeorras • A Rúa-Petín • San Clodio-Quiroga • Monforte de Lemos • Ourense-Empalme • Santiago de Compostela | A Coruña | Astean zentzu bakoitzeko 4 tren Zaragozan trenbide zabaleraren aldaketa egiten da Vigo eta Gijónera loturak |
S-130 | Barcelona-Sants | Camp de Tarragona • Lleida Pirineus • Zaragoza-Delicias • Tutera • Castejón de Ebro • Tafalla • Iruñea • Gasteiz • Miranda de Ebro • Burgos-Rosa de Lima • Palencia • Sahagún • León • Astorga • Bembibre • Ponferrada • O Barco de Valdeorras • A Rúa-Petín • San Clodio-Quiroga • Monforte de Lemos • Ourense-Empalme • O Porriño • Redondela de Galicia | Vigo-Guixar | Astean zentzu bakoitzeko 3 tren Zaragozan trenbide zabaleraren aldaketa egiten da Coruña eta Gijónera loturak |
S-130 | Barcelona-Sants | Camp de Tarragona • Lleida Pirineus • Zaragoza-Delicias • Tutera • Castejón de Ebro • Tafalla • Iruñea • Gasteiz • Miranda de Ebro • Burgos-Rosa de Lima • Palencia • Sahagún • León • La Robla • Pola de Lena • Mieres-Puente • Oviedo | Gijón | Astean zentzu bakoitzeko 6 tren Zaragozan trenbide zabaleraren aldaketa egiten da |
S-130 | Alacant-Terminal | Villena Alta Velocidad • Albacete Los Llanos • Cuenca-Fernando Zóbel • Madrid-Puerta de Atocha • Madrid-Chamartín • Segovia-Guiomar • Valladolid-Campo Grande • Palencia • Sahagún • León • Pola de Lena • Mieres-Puente • Oviedo | Gijón | Zentzu bakoitzeko tren 1 egunero Valladolid, Madril eta Albaceten trenbide zabaleraren aldaketa egiten da |
S-130 | Alacant-Terminal | Villena Alta Velocidad • Albacete Los Llanos • Cuenca-Fernando Zóbel • Madrid-Puerta de Atocha • Madrid-Chamartín • Segovia-Guiomar • Valladolid-Campo Grande • Palencia • Aguilar de Campoo • Reinosa • Torrelavega | Santander | Zentzu bakoitzeko tren 1 egunero Valladolid, Madril eta Albaceten trenbide zabaleraren aldaketa egiten da |
S-730 | Alacant-Terminal | Villena Alta Velocidad • Albacete Los Llanos • Cuenca-Fernando Zóbel • Madrid-Puerta de Atocha • Madrid-Chamartín • Segovia-Guiomar • Medina del Campo • Zamora • Puebla de Sanabria • A Gudiña • Ourense-Empalme • Santiago de Compostela | A Coruña | Astean zentzu bakoitzeko tren 1 Valladolid, Madril eta Albaceten trenbide zabaleraren aldaketa egiten da |
S-730 | Alacant-Terminal | Villena Alta Velocidad • Albacete Los Llanos • Cuenca-Fernando Zóbel • Madrid-Puerta de Atocha • Madrid-Chamartín • Segovia-Guiomar • Medina del Campo • Zamora • Puebla de Sanabria • A Gudiña • Ourense-Empalme • Guillarey • Redondela de Galicia • Vigo-Guixar | Pontevedra | Astean zentzu bakoitzeko tren 1 Valladolid, Madril eta Albaceten trenbide zabaleraren aldaketa egiten da |
Erreferentziak
- Berria. «Alvia trenarekin Madril gertuago» (Noiz kontsultatua: 2013-07-29).