Altzairuzko oihala

Altzairuzko oihala[1] edo Burdinazko hesia[2] (ingelesez: Iron Curtain, alemanez: Eiserner Vorhang) Gerra Hotzean Europa erdibitu zuen muga egiazko eta ideologikoa da. Metafora hori lehen aldiz Winston Churchillek erabili zuen, 1946ko martxoaren 5ean, Fultungo hitzaldian:

« Baltikoko Stettindik Adriatikoko Triesteraino, kontinentearen gainean Altzairuzko oihala erori da  »
Europa, Altzairuzko oihalak erdibitua.

Oihalaren bi aldeetan nork bere nazioarteko aliantzak garatu zituen, bai ekonomiarako bai defentsarako:

Mendebaleko eta Ekialdeko Europaren arteko muga hesitu eta militartu bazen ere, Altzairuzko oihalaren adibide eredugarriena (eta gogortuena) Berlingo Harresia[3] izan zen, hiria bitan banantzen zuena.

Churchillen hitzaldia

Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Winston Churchill-en hitzaldia
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009
«

Altzairuzko oihala jaitsi da kontinente gainera, hasi Baltikoko Stettinetik eta Adriatikoko Triesteraino. Haren atzean daude Erdialdeko eta Ekialdeko Europako antzinako estatuen hiriburu guztiak (...) eragin-eremu sobietarrean daude —horrela deitu behar diot— hiri ospetsu horiek guztiak, era berean inguruko herriak eta denek batera osatzen dituzten herrialdeak; eta eraginpean ez ezik, Moskuren kontrol izugarriaren azpian ere bai, eta, kasu askotan, areagotzen ari da kontrola. (...) Gure lagun errusiarrek gerran izan zuten jokabidea ikusita, konbentzituta nago ez dutela ezer miresten indarra baino gehiago; halaber, ez dutela ezer errespetatzen ahultasuna baino gutxiago. Berehala elkartu beharra dago ingeles hizkuntza duten herriak, errusiarren abenturarako eta gutiziarako tentazioak eragotziko badira.

Westminster College, Fulton, Missouri, 1946ko martxoaren 5a.

 »

[4]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri

Stalinen erantzuna

Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Iosif Stalin-en erantzuna
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009
«

(...) gerrazaleen bidea ari da hartzen Churchill, eta bide horretan, Churchill ez dago bakarrik. Britainia Handian ez ezik, Ameriketako Estatu Batuetan ere lagunak ditu Churchillek.

Zehaztasun bat adierazi behar da Churchill eta lagunei buruz; izan ere, Hitlerren eta haren lagunen antz handia du egoerak. (...) Badirudi Churchillek gerra eragin duela arrazari buruzko bere teoriarekin, ingelesa hizkuntzatzat duten nazioak besteen gainetik daudela eta horren ondorioz mundu osoaren etorkizuna erabakitzeko ardura dutela esanez. (...)

Ezin dira ahaztu honako gertaera hauek: Finlandia, Polonia, Errumania, Bulgaria eta Hungariaren bitartez inbaditu zuten alemaniarrek SESB. Eta hori horrela izan zen, herrialde horietako gobernuak Sobietar Batasunaren aurkakoak zirelako. Alemaniarren inbasioaren ondorioz zazpi milioi lagun galdu zituen guztira Sobietar Batasunak. (...) Bestela esanda, Sobietar Batasunak galdutako bizitzak, Britainia Handikoak eta Estatu Batuetakoak batera baino gehiago izan ziren. Seguru asko, Hitlerren uztarripetik Europa askatze aldera sobietar herriek egindako sakrifizio handi horiek ahazteko joera dago tokiren batzuetan. Baina Sobietar Batasunak ezin ditu ahaztu. Eta harrigarria da Sobietar Batasuna kritikatzea, etorkizun seguruaren egarri, herrialde horietan Sobietar Batasunaren jarrerei leial izango zaizkien gobernuak bultzatzen aritzeagatik. Nola esan daiteke, sentimendu horiek kontuan hartu gabe, Sobietar Batasunaren helburu baketsuak gure Estatua zabaldu eta hedatu nahiaren ondorio baino ez direla?

Ez dakit (...) hark eta haren lagunek lortuko duten Ekialdeko Europaren kontrako kanpaina armatu bat antolatzea Bigarren Mundu Gerraren ostean; baina, lortuz gero, uste osoz esan dezakegu orain dela hogeita zazpi urte bezala zapalduko direla.

Pravda

1946ko martxoa

 »

[4]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri

Erreferentziak

  1. Elhuyar gaztelania-euskara hiztegia
  2. Euskalterm
  3. (Ingelesez) «Berlin Wall: Concrete Symbol of the Iron Curtain» National Museum of the United States Air Force™ (Noiz kontsultatua: 2022-10-14).
  4. Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.