Altzaga baserria
Altzaga Azpeitian (Gipuzkoan) dagoen baserria da, XVI. mendean eraikia.
- Artikulu hau baserriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Altzaga (argipena)».
Altzaga baserria | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Azpeitia |
Koordenatuak | 43°09′28″N 2°13′24″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVI. mendea |
Ondarea | |
EJren ondarea | 80 |
2010eko martxoaren 18an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].
Ezaugarriak
Familia bakarreko baserria, L formako planta duena. Atal handiena 17,2 x 17,4 metrokoa da, eta txikiena, 7,3 x 10,8koa. Atal handienak bi altuera ditu: beheko solairua eta lehenengo solairua. Atal txikia lehenengotik ipar-mendebaldera orientatuta dago, eta bi solairu eta ganbara txiki bat ditu. Atal handiak hiru isuriko estalkia dauka, naba-teilekin egina, gailurra fatxada (hegoalderantz orientatuta) nagusiarekiko elkarzut dagoela. Atal txikiko estalkia, berriz, estalki nagusiko horma-atal baten luzapena da.
Harlangaitz-lanez eginiko inguruko murruak, zati batzuk, beheko solairuan, ageriko silarrixkazkoak badira ere. Lehenengo solairuko forjatutik aurrera, egitura egurrezkoa da, atal bateko sei zutoin ditu, eta bi eskantzu, estalkiaren egiturara heltzen direnak. Zutoinen arteko baoak harlangaitz-lanez beteta daude, porlanez zarpiatuta eta zuriz pintatuta. Han sei leiho-hutsarte irekitzen dira, egurrezko markoa dutenak. Hormapikoa irekita dauka. Atal txikiaren fatxada nagusia, Hegoalderantz orientatua, ageriko harlangaitz-lanezkoa da, eta silarrezkoa beheko solairuan; mendebaldeko eskantzuan, harlanduzko haize-babesa dauka, eta, lehenengo solairuan, berriz, egurrezko bilbadurak, hutsarteak ageriko zeramikazko adreiluez itxita dituztenak. Solairu horretan, gainera, balkoi irtena ikus daiteke, alderik alde egurrezko eskudelak dituena, eta egurrezko bi besok irmotzen dute estalkiaren teilatu-hegal zabala. Fatxada horren ondoan ikusgai, atal nagusiaren mendebaldeko fatxadaren zati bat, silarrixkazkoa beheko solairuan, eta, lehenengo solairuan, berriz, egurrezkoa, hutsarteak harlangaitz-lanez beteak, porlanez zarpiatuak eta zuriz margotuak. Alde horretan bao bat irekitzen da, dintelatua eta silarrez inguratua, orri zatitutako ate batekin; horrez gain, beste leiho-bao bat ere badago, silarrez inguratua ere bai. Lehenengo solairuan triangelu-formako usategiak ikusgai. Mendebalderantz orientatutako gainerako fatxada, atal txikiari dagokiona, harlangaitz-lanez egina dago, porlanez zarpiatua eta zuriz margotua.
Iparraldeko fatxadaren zati batzuk gotiko-estiloko silarrixkazko murruz eginak dira, eta gainerakoa ageriko harlangaitz-lanez; hantxe hiru hutsarte irregular ditu. Ekialdeko fatxada baxua da, lurraren desnibela dela-eta, eta, hantxe, hau baino ez ikusgai: beheko solairuan eta iparraldeko aldean, hutsarte dintelatu bat, ukuilurako sarbidea ematen duen silarrixkaz egindako murruan irekia. Porlanez eginiko eraikintxo erantsi batek estaltzen du erdialdeko zatia. Ezkerreko aldean, atetzar batek lehenengo solairurako sarbidea ematen du, malda (lur eta harrizkoa) baten bidez. Fatxadaren gainerakoa harlangaitz-lanez egina dago, zarpiatua eta zuriz margotua. Atal nagusiaren inguruko murruak, batez beste, 0,95 metroko lodierakoak dira.
Atal nagusiaren barruko egitura egurrezkoa da, pieza bakarreko lau zutoin ditu, eta zutoin horiek eraikinaren estalkira heltzen diren harrizko oinarrietan edo jarlekuetan dute euskarri. Zutoinok egitura muntatzen dute: gapirio luzeekiko teilatuari eusten dioten zutoinez eta beso luzez osaturiko egitura. Ageriko mihiztatzeak ere ikusgai, enara-buztanaren formako profila dutenak. Hegoaldeko fatxadan hasita, eta lehenengo hormarteraino, lehenengo solairuko forjatuan, oholeria dauka -kolomia-, egurrezkoa, hamar eta hamahiru zentimetro arteko ohol handiz egina. Lodiera ertainekoa, baserriaren atal txikiaren egitura ere egurrezkoa da.
Altzaga oinetxe garrantzitsu eta antzinakoa da, Azpeitiako Elosiaga auzokoa, XVI. mendekoa, eta garai hartakoa ditu atal nagusiko inguruko murruak, gotiko-estiloko silarrixkazkoak. XVII. mendean berreraiki zen erabat, eta garai hartakoa da oraingo egitura. Lehen lehenengo solairutik aurrerako fatxada oholtzazkoa zen, eta, haren ordez, orain dagoen harlangaitz-lana jarri zen. Atal txikia XVIII. mendean eginiko handiagotzea da, egun etxebizitzarako erabiltzen dena.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).