Altabizkarko kantua
Altabizkarko kantua 778. urteko Orreagako gudua euskaldunen ikuspegitik kontatzen duen kantua da, zortzi bertsok osatua.
Bertsoak lehendabiziko aldiz 1834. urtean argitaratu ziren, Institut Historique erakundeko idazkari zen François Eugène Garai de Monglavek idatzitako artikulu batean. Garaik adierazi zuenez, ahozko tradizioa jasotzen zuen jatorrizko pergaminoa ikusi zuen Garat kondearen etxean. Pergaminoa Tour d'Auvergne ospetsuarena izana zen, eta hark 1794an Donostiako komentu bateko buruaren eskutik jaso zuen.
Zalaparta handia sortu zen Altabizkarko kantuaren aurkikuntzaren berri zabaldu zenean, eta espezialisten artean zeresan ugari eragin zuen. F. Michelek beste testu zahar batzuekin alderatuz, Wencelas Hanka-k argitaratutako XV. mende bukaerako Défaite de Saxons poema bohemioaren antzekoa zela konturatu zen. Azkenean 1883ko abenduan Wentworth Webster ingeles jakintsuak Garai de Monglavek berak konposatu zuela antzeman zuen. Kantua asmatu zuenean Garai baionarra Parisen ikasten ari zen, eta ez zekien euskaraz. Ikasle euskaldunen bileretan kantatzeko konposatu zuen, eta Louis Duhalde Ezpeletako ikaskideak euskaratu zion, bertso librean.
Ingurune historikoa
Poeman kontatutako istorioa gertakari historiko batean oinarritzen da, 778. urteko abuztuaren 15eko Orreagako guduan, hain zuzen. Frankoen errege zen Karlomagno zenbait buruzagi musulmanekin elkartu zen beste batzuen aurka. Bere tropekin musulmanek hartutako Zaragoza hartu nahian zebilela, saxoiek bere lurrei erasotzen zietela eta Akitanian altxamendu bat hasi zela entzun zuen, eta etxerako bidea hartu zuen. Frankoek Ebroren ibaiertzeko gotorleku musulmanen kontra hasitako ekintza militarren aurrean nafarrek neutraltasunez jokatu zutenez, Karlomagnok bidean Iruñeari erasotzeko agindu zuen. Iruña zaharra suntsitu zuenez, euskaldunek 778ko abuztuaren 15ean Orreagan Errolan kondearen agindupean zihoazen tropen erretagoardiari eraso zioten. Orreaga inguruko Astobizkar iraganbide naturalaren ingurumarian bildu ziren baskoi guztiak, kristautuak eta pagano zirautenak. Haiekin bat egin zuten Banu Kasi baskoi musulmanek ere. Iruñearen kontrako ekintza militar hark inoiz izan ez bezalako batasuna ekarri zuen baskoien herrira. Frankoen armadaren atzealdeko ia soldadu guztiak hil zituzten nafarrek: besteak beste, Errolan, Bretainia eskualdeko kondea. Huraxe izan zen garai hartako armadarik ahaltsuena zenak inoiz pairatu behar izan zuten porrot bakarra .
Haria
Zaragozako Marsilio errege mairuaren bake eskaintzaz hitz egiteko Karlomagnok Errolanen aitaginarreba den Ganelon bidaltzen du. Errolanek bere heriotza desiratzen duelakoan, Ganelonek Errolan buru duen atzeguardiari erasotzeko tratua egiten du Marsiliorekin, eta bera, berriz, Karlomagnoren ondoan geratzen da.
Mairuek Orreagan eraso zioten Errolanen atzeguardiari, olerkian kontatzen den bezala. Errolanen adiskide mina zen Olivier zaldunak mairuen etorreraz ohartarazten dio Errolani, baina honek errefusatu egiten du Karlomagnori laguntza eskatzeko olifanteak jotzea. Errolanek eta bere gizonek ausardiaz egiten diete aurre beraiek hogei halako diren mairuei, baina azkenean eta 60 bat gizon bakarrik geratzen zaizkiola, olifanteak hainbesteko indarrez jotzen du, non lehertu egiten baita. Olifantea adituta, Karlomagnok ez du pentsatzen atzekoak arriskuan daudenik, baina azkenean haiengana jotzen du. Bitartean, Errolan eta Turpin artzapezpikua bakarrik geratzen dira bizirik guda tokian. Mairuak ihesean jartzea lortu badute ere, biak hilzorian geratzen dira. Hil baino lehen, Errolanek haitzurdin baten aurka joaz Durandal bere ezpata puskatzen saiatzen da, baina ez du lortzen. Azkenean hiltzen da.
Karlomagno guda tokira iristen denerako, Errolan hila da. Mairuen atzetik abiatzen da eta azkenean, mairu armada handi baten aurka egiten du borroka eta mairuak suntsitu egiten ditu. Aix-la-Chapelle herrira itzultzen da Karlomagno eta han Oliveiren arreba eta Errolanen andregaia den Aude ederrari berri tristea ematen dio. Aude hil egiten da, berria entzundakoan.
Egiantz historikoa
Ziurtzat jotzen da historialarien aldetik, Errolanen armadari Orreagako guduan eraso ziotenak ez zirela mairuak izan, baskoiak baizik, Karlomagnok bere itzuleran Iruñea hiria suntsitzeagatik mendekua hartzeko.
Erdi Aroan zehar, soldadu frantsesek Errolanen kantua guduen aurretik abestu dutela aipatu dute historialariek.
Beste lan batzuk
- XI. mende bukaeran frantsesezko literaturako lan nagusia den Errolanen kantua poema epikoa idatzi zen frantsesez.
- XIII. mende hasieran Orreagako kantua poema epikoa idatzi zen. Ez dago Errolanen kantuan onarrituta. Nafar erromantzearen ezaugarriak dituen Erdi Aroko gaztelaniaz idatzita dago.
- 1877ko abenduan Arturo Campionek euskaraz argitaratutako lehen lana Orreaga balada izan zen.
- 1981ean Benito Lertxundik Altabizkar/Itzaltzuko bardoari disko bikoitzean M. Garay de Monglaveren Altabizkarko kantua kantatu zuen.
Kantua
(Garai Monglave)
Kanpo estekak
Bibliografia
- Webster, W.: Altabiskarco Cantua. «Boletín de la Academia de la Historia», 1883, III, 139-153.
- Pitollet, C.: Divagations sur te «Chant de l'Altabiscar» et sur son auteur, Dax, 1935.
- Vinson, J.: Le chant d'Altabiscar, en su «Variétés Euscariens», X. «Impartial des Pyrénées, 1873.
- Michel, F.: Poesías Populares de los vascos, Auñamendi, 22 (Trad. A. Irigaray), 1963, 43-51.