Alta Cerdanya

L'Alta Cerdanya Ipar Kataluniako eskualdea da, Cerdanya eskualdeko iparraldea. 1659ko Pirinioetako Hitzarmenaren ostean eskualde natural hau bi zatitan banatuta geratu zen eta harrezkero administrazioz Frantziaren mendean dago. Hitzarmenak Llívia eskualde honetako barrendegi moduan utzi zuen.

Cerdanyako bi zatiak.
Alta Cerdanyaren kokapena departamenduko eskualdeen artean.

Alta Cerdanyako hiriburua Montlluís da[1] baina eskualdearen banaketatik 1790an departamenduak sortu arte Cerdanyako vegueriako hiriburua Sallagosa izan zen. Gaur egun, ordea, Font-romeu, Odelló i Vià da udalerririk populatuena eta beste aldetik Cerdanya osoko hiriburua den eta geografikoki kokapen zentrala hartzen duen Puigcerdà da eskualde osoarentzat gune nagusia, la Guingueta d'Ix, estatuen arteko mugaren beste aldean, berarekin bat eginda dagoela.

Geografia

Iparraldean Okzitania du, ipar-ekialdean Capcir, ekialdean Conflent, hegoaldean Ripollès eta Baixa Cerdanya eta mendebaldean Andorra.

Segre ibaiaren arroan dago; ibai hau Alta Cerdanyan jaiotzen da, Pic del Segreren iparraldeko isurian; beraz, azpieskualdeko urak Segre eta Ebroren bitartez itsasoratzen dira eta horrek Ipar Kataluniako gainontzeko lurrekiko desberdintasun geografiko nabaria markatzen du. Hain zuzen, iparraldeko beste eskualdeetara pasatzeko la Perxako mendatea gainditu behar da.

Ipar Kataluniako eski estazio gehienak Alta Cerdanyan daude.

Udalerriak

UdalerriaBiztanleria[2]
Angostrina i Vilanova de les Escaldes549
Bolquera730
la Cabanassa622
Dorres219
Èguet494
Eina127
Enveig621
Er551
Estavar409
Font-romeu, Odelló i Vià2.003
la Guingueta d'Ix1.166
Llo133
Montlluís270
Naüja63
Oceja1.282
Palau de Cerdanya424
Planès27
Porta98
Portè147
Sallagosa820
Sant Pere dels Forcats213
Santa Llocaia140
Targasona203
La Tor de Querol367
Ur308
Vallcebollera49

Gogoan izan Llívia geografikoki Alta Cerdanya dela baina estatuen arteko hitzarmenean Espainiaren menpean geratu zenez Baixa Cerdanyan kokatzen dela.

La Cabanassa, Montlluís, Planès eta Sant Pere dels Forcats Alta Cerdanyan kokatu ohi dira eta hala egiten du Gran Enciclopèdia Catalanak; aldiz, Nomenclàtor toponímic de la Catalunya del Nord lanak [3] Conflenten sartzen ditu, la Perxako mendateak suposatzen duen muga naturalari men eginez.

Erreferentziak

  1. Gran Enciclopèdia Catalana
  2. INSEEren datuak, 1999.
  3. IECk eta Perpinyàko Unibertsitateak eginiko izendegia.

Ikus, gainera

Kanpo estekak


Ipar Kataluniako eskualdeak
Alta Cerdanya | Capcir | Conflent | Rosselló | Vallespir
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.