Zeelanda Berriko errugbi selekzioa

Zeelanda Berriko errugbi selekzioa edo All Blacks[oh 1] (maorieraz: Ōpango) Zeelanda Berriaren ordezkaria da gizonezkoen errugbi partida ofizialetan, hala nola, Munduko Errugbi Kopan, The Rugby Championshipen eta test-partidetan. 1882an eratutako New Zealand Rugby federazioaren mende dago.

Zeelanda Berriko errugbi selekzioa
IzengoitiaAll Blacks
ElkarteaNew Zealand Rugby
HautatzaileaIan Foster
KapitainaSam Cane
Partida gehienSam Whitelock (151)
Puntu gehienDan Carter (1598)
Entsegu gehienDoug Howlett (49)
taldearen koloreak taldearen koloreak taldearen koloreak
taldearen koloreak
taldearen koloreak
Lehenbizikoa
taldearen koloreak taldearen koloreak taldearen koloreak
taldearen koloreak
taldearen koloreak
Bigarrena
Lehenbiziko partida
Australia Australia 3-22 Zeelanda Berria Zeelanda Berria
Sydney, Australia, 1903ko abuztuak 15
Garaipenik handiena
Zeelanda Berria Zeelanda Berria 145-17 Japonia Japonia
Bloemfontein, Hegoafrika, 1995eko ekainak 4
Porrotik handiena
Australia Australia 28-7 Zeelanda Berria Zeelanda Berria
Sydney, Australia, 1999ko abuztuak 28
Australia Australia 47-26 Zeelanda Berria Zeelanda Berria
Perth, Australia, 2019ko abuztuak 10
Munduko Errugbi Kopa
Parte hartzeak10 (aurrenekoa 1987an)
Posturik onenaIrabazlea 1987, 2011 eta 2015ean

Munduko errugbi talde onenetakoa da, onena historian izandako emaitzak kontuan harturik. Izan ere, 1903tik jokatu dituen partiden % 75 irabazi ditu. Hiru aldiz nagusitu da Munduko Errugbi Kopan: 1987an, 2011n eta 2015ean. Jokalariek haka izeneko dantza maoria egiten dute partidak hasi baino lehen.

Historia

Errugbiaren hastapenak

Charles John Monrok eraman zuen errugbia Zeelanda Berrira. Hark Londresko Christ Collegen ikasten zegoelarik ezagutu zuen eta, sorterrira itzuli zelarik, partida bat antolatu zuen. Nelson Football Clubek eta Nelson Collegek jokatu zuten lehenbiziko neurketa hori, 1870eko maiatzaren 14an, Nelson hirian.[1] Harrezkero, baloi obalaren kirola azkar hedatu zen, eta arrakasta handia lortu zuen, maorien artean bereziki.[2]

New Zealand Native taldea Ingalaterran, 1888an.

1879an, Canterbury probintziako federazioa eratu zen. Hiru urte geroago, Hegoaldeko Gales Berriko selekzioaren bisita jaso zuten, Auckland, Wellington, Canterbury, Otago eta West Coasteko kluben aurka jokatu zuena.

1888an, Britainia Handiko talde batek bira egin zuen Australia eta Zeelanda Berrian barrena. Jokatu zituen 35 partidetatik, bi besterik ez zuen galdu, biak Zeelanda Berrian.[2] Urte hartan bertan, Joe Warbrick maori etniako errugbilariak New Zealand Native izeneko taldea osatu zuen.[oh 2] 1888-1889 bitartean, Natives-ek 107 partida jokatu zituzten Europan, Australian eta Zeelanda Berrian, alegia hiru egunez behin, eta horietako 78 irabazi.[3]

Selekzioaren sorrera

Zeelanda Berriko Errugbi Federazioa (New Zealand Rugby) 1892an sortu bazen ere, selekzioak 1903ko abuztuaren 15ean jokatu zuen lehenbiziko partida ofiziala, Sydneyn, Australiaren aurka. Kiwiek 22 eta 3 irabazi zuten, eta haien jokoak ikusleak xarmatu zituen.[4]

"The Originals" -Gales, 1905eko abenduak 16, Cardiff

1905ean, lehenbiziko bira egin zuen Europan zehar, "The Originals" izenarekin. 35 partida jokatu zituen eta, besteak beste, Irlanda (0-15), Eskozia (7-12) eta Ingalaterra (0-15) azpiratu. Neurketa bakarra galdu zuen, abenduaren 16an, Arms Parksen, Galesen aurka (3-0). Bi aste geroago, 1906ko urtarrilaren batean, Frantziako selekzioa hartu zuen mendean, 8 eta 38, Parc des Princesen. Bira mitiko hartan ezarri ziren selekzioaren ezaugarri nagusiak, hala nola, janzkera beltza, iratze zilarkararen ikurra, haka eta baita All Blacks izendapena ere.[5][4]

Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) errugbiaren bilakaera baldintzatu zuen. Izan ere, milaka zeelandaberritar gazte borrokatu ziren Europan, eta 18.000 inguruk galdu zuten bizia. Selekzioko 13 jokalari ohi ere hil ziren, Dave Gallaher lehenbiziko kapitaina barne.[6] 1921ean, Hegoafrikako selekzioak Zeelanda Berria bisitatu zuen, All Blacks-en aurka hiru partida jokatzeko; bakoitzak bat irabazi zuen, eta hirugarrenean berdinketa egin zuten. Era horretan sortu zen errugbiaren munduko lehiarik biziena.[2]

All Blacks-en kondaira

1924an itzuli zen selekzioa Europara, "The Invincibles" izendaturik. 30 partida jokatu zituen Frantzian, Britainia Handian eta Irlandan, eta denak irabazi. Aipagarria da Galesen aurkako garaipen bikaina, 0 eta 19, Swansean.[2] Bira hartan George Nepia nabarmendu zen, 19 urte besterik ez zuen atzelaria.[5]

1928an, Hegoafrika aurreneko aldiz bisitatu zuten, Maurice Brownlie kapitaina zela;[7] All Blacks-ek bi partida irabazi zituzten, eta Springbokek beste bi. Garai hartan, Zeelanda Berriko selekzioak 2-3-2 egitura erabiltzen zuen uztartzeetan, aurrelari bat aske utziz; Hegoafrikak, berriz, gaur egungo 3-4-1 egitura. 1932an, International Rugby Boardek Zeelanda Berriaren antolakuntza-era debekatu zuen.[2][8]

All Blacks-ak haka egiten, 1932an, Brisbanen, Australiaren aurkako partida baino lehen.

1930ean, British and Irish Lionsen lehenbiziko bisita ofiziala jaso zuen Zeelanda Berriak. Britainiarrek lehenbiziko partida irabazi zuten, Dunedinen, baina beste hiruretan etxekoak nagusitu ziren. 1932an, Australiaren eta Zeelanda Berriaren arteko Bledisloe Kopa jokatzen hasi zen. 1935-1936 bitartean Europan eta Kanadan zehar egindako biran, 36 partida jokatu zituen, eta 32 irabazi. Hala ere, bi test-partida galdu zituen, Galesen (13-12) eta Ingalaterraren (13–0) aurka; azken horretan, Alexander Obolensky errusiar printzeak bi entsegu gauzatu zituen.[9][2]

1937an, Springbokek hiru neurketa jokatu zituzten Zeelanda Berrian, eta bi irabazi;[10] All Blacks-ek etxean partida-serie bat galtzen zuten aurreneko aldia izan zen. 1939an, Europa berriz bisitatzeko prestatzen ari zen talde nazionala, Adolf Hitlerrek Polonia inbaditu zuelarik. Bigarren Mundu Gerraren hasierak bira egitea galarazi zuen, eta zazpi urtez ez zen nazioarteko partidarik izan.[4]

1949an bi tour egin zituen aldi berean, bata Australian eta bestea Hegoafrikan. Australiara jokalari maoriz osaturiko taldea joan zen, apartheida zela-eta Hegoafrikan aritzeko debekua hartu baitzuten. Protesta gisa, bertan jokatu zuten All Blacks-ek, Fred Allen buru zela, uko egin zioten haka egiteari.[oh 3] Taldea bitan banatzeak Zeelanda Berriko selekzioa nabarmen ahuldu zuen eta neurketa guztiak, lau Hegoafrikan eta bi Australian, galdu zituen.[11]

1960ko hamarkadan, Zeelanda Berriak munduko errugbiaren gailurra iritsi zuen. 1963an eta 1967an bira gogoangarriak egin zituen Britainia Handian eta Frantzian, eta arrakasta handiz hartu zituen etxean Springbokak 1965ean, British and Irish Lionsak 1966an, Frantzia 1968an eta Gales 1969an.[4] 1965etik 1970era, 17 garaipen kateatu zituen bata bestearen atzetik.[12] Besteak beste, Colin Meads, Don Clarke, Brian Lochore eta Wilson Whinerayk gidatu zuten kondairazko talde hura.

1971tik 1995era

1971n Zeelanda Berria bisitatu zuen Lionsen taldea historiako onenetako bat zen. All Blacksen aurka jokatutako lau partidetatik bi irabazi zituen, bat berdindu eta beste bat galdu. Britainiar taldeak zeelandaberritarren aurkako serie bat bereganatzen zuen aurreneko aldia izan zen.[13] 1972-1973an Europara egindako bisitan, Ingalaterra, Eskozia eta Gales azpiratu zituzten, Irlandaren kontra berdindu (10-10) eta Frantziarekin galdu (13-6).[14]

Polemikak inguratu zuen 1976an Hegoafrikan egindako bira. Afrikako zenbait herrialdek Zeelanda Berria Montrealgo Olinpiar Jokoetatik kanporatzeko eskatu zuten, apartheideko Hegoafrikaren aurkako boikota ez errespetatzeagatik. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eskaera hori onartu ez zuenez, 33 herrialde Olinpiar Jokoetatik erretiratu ziren.[15]

Zeelanda Berria-Argentina, 1985eko azaroak 2, Buenos Aires

1981ean, Springbokek Zeelanda Berria bisitatu zuten, bertako federazioak (NZRU) gonbidaturik. All Blacks-ek irabazi zuten seriea (bi garaipen, porrot bat), baina apartheiden aurkako protestek markatu zuten bira hura. Azken partidan, irailaren 12an, hegazkin txiki bat Eden Parken gainetik ibili zen hegan, segregazio politikaren kontrako panfletoak eta irin-bonbak jaurtitzen. Bonbetako batek Gary Knight bete-betean jo zuen.[4][16] Justiziak bertan behera utzi zuen 1985eko Hegoafrikako bira. Hurrengo urtean, ordea, bira ez ofiziala egin zuen New Zealand Cavaliers izeneko taldeak;[oh 4] Itzuli zirelarik, NZRUk bi partidako zigorra jarri zien Cavalierseko jokalariei.[17]

1987an, Australiak eta Zeelanda Berriak lehenbiziko Munduko Errugbi Kopa antolatu zuten. All Blacks-ek eskuratu zuten Webb Ellis kopa, finalean Frantzia 29 eta 9 mendean harturik.[18] Craig Green eta John Kirwan izan ziren txapelketako entsegugile onenak, eta Grant Foxek lortu zuen tanto gehien. Hurrengo urteak ere oso onak izan ziren. 1989an jokatu zituen 19 test-partidak irabazi zituen, eta 1990ean bi aldiz garaitu zituen les Bleus Frantzian; azken bira horretan, baina, Euskal Kostaldea-Landak taldearen aurkako partida galdu zuen Baionan (18-12).[19]

1991ko Munduko Errugbi Kopan Zeelanda Berriaren nagusitasuna amaitu zen, nahiz eta joko ona erakutsi. Lansdowne Roaden jokatutako finalerdian Australia 16 eta 6 gailendu zitzaion,[20] eta hirugarren postua eskuratu zuen. Lau urte geroago, Hegoafrikan, faboritoa zen. Ingalaterraren aurkako finalderdian, 45 eta 29 irabazi zuen, Jonah Lomu gaztearen lau entsegurekin.[21] Finalean, ordea, Hegoafrikako taldea nagusitu zitzaion, 15 eta 12, Joel Stranskyren drop bati esker.[22] Beti ere, finalaren aurreko astean Zeelanda Berriko jokalari gehienak gastroenteritisak jota egon ziren, eta pozoitu zituzten susmoa dago.[4][23]

Aro profesionala

1995ean, profesionalismoa iritsi zen errugbira. Hegoafrika, Australia eta Zeelanda Berriko federazioek SANZAR partzuergoa eratu zuten, 1996an aurreneko aldiz Tri-Nations antolatu zuena. Txapelketa hori hamasei aldiz jokatu zen, 1996tik 2011ra, eta Zeelanda Berriak 10 irabazi zituen. 1999ko Munduko Errugbi Kopan, Frantziak kanporatu zuen finalerdietan (43-31), txapelketaren historiara igaro zen partida bikain batean.[24]

2003ko Munduko Errugbi Kopan ere ez zituen aurreikuspenak bete, finalaurreko partidan Australiak, etxeko taldeak, 22 eta 10 irabazi baitzion. Lau urte geroago, Galesko Munduko Errugbi Kopan faborito argia zen berriz ere; alabaina, ezin izan zituen final laurdenak gainditu, Frantziaren aurka 20 eta 18 galduta.[25]

Zeelanda Berriak antolatu zuen 2011ko Munduko Errugbi Kopa. All Blacks-ak izanak ziren aurreko lau urteetako selekziorik onena, eta taldeak, iragarpenak betez, bere historiako bigarren Munduko Kopa irabazi zuen. Hala ere, finalean estu eta larri ibili zen Frantzia garaitzeko (8-7).[26] 2012an, Tri-Nations txapelketa The Rugby Championship bilakatu zen, Argentina ere sarturik. Hurrengo 12 edizioetatik 10 bereganatu zituen Zeelanda Berriak.

2015ean, Zeelanda Berriko selekzioaren kondaira are gehiago handitu zen, 34-17 irabazi baitzion Australiari Londresko Twickenhamen, Munduko Kopako final epikoan; Dan Carterrek 19 tanto lortu zituen, elastiko beltza jantzi zuen azken partidan.[27] 2019ko Munduko Kopan, Japonian, Ingalaterraren aurkako finalaurrekoan 7 eta 19 galdu ostean, brontzezko domina eskuratu zuen, final txikian Gales 40 eta 17 irabazirik. Partida hartan, Kieran Readek eta Ben Smithek agur esan zioten selekzioari, eta baita Steve Hansen entrenatzaileak ere; Ian Fosterrek hartu zuen honen lekua.[28]

2023ko Munduko Kopan, All Blacks-ek 11 eta 12 galdu zuten finalean Hegoafrikaren kontra.[29]

Uniformea

Taldearen koloreak Taldearen koloreak Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
 
2011-2014
Taldearen koloreak Taldearen koloreak Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
 
2015-2016
Taldearen koloreak Taldearen koloreak Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
 
2017-2018
Taldearen koloreak Taldearen koloreak Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
 
2019

Haka

Artikulu nagusia: «Haka»
All Blacksak haka egiten 2006ko azaroan, Frantziaren kontrako partida baino lehen.

All Blacksek haka izeneko dantza maoria egiten dute nazioarteko partidak hasi aurretik. New Zealand Native selekzioak hasi zuen ohitura hori, 1888-1889 urteetan Europan zehar egindako biran.[3] Gehienetan Ka Mate haka dantzatzen dute, baina batzuetan Kapa O Pango izenekoa egiten dute.[30]

Palmaresa

Munduko Errugbi Kopa

Munduko Errugbi Kopa
Urtea Postua J I B G AT KT
Zeelanda Berria Australia 1987 Irabazlea 6 6 0 0 298 52
Ingalaterra Frantzia Irlanda Eskozia Gales 1991 Hirugarrena 6 5 0 1 143 74
Hegoafrika 1995 Finalista 6 5 0 1 327 119
Gales 1999 Laugarrena 6 4 0 2 255 111
Australia 2003 Hirugarrena 7 6 0 1 361 101
Frantzia 2007 Final laurdenak 5 4 0 1 327 55
Zeelanda Berria 2011 Irabazlea 7 7 0 0 301 72
Ingalaterra 2015 Irabazlea 7 7 0 0 290 97
Japonia 2019 Hirugarrena 6 5 0 1 250 72
Frantzia 2023 Finalista 7 5 0 2 336 89
Denera 63 54 0 9 2888 842
     Irabazlea       Finalista       Hirugarrena       Laugarrena

Tri Nations eta The Rugby Championship

Honako hauek dira Tri Nations eta Rugby Championshipeko emaitzak:

  • Txapelduna (20): 1996, 1997, 1999, 2002, 2003, 2005, 2006, 2007, 2008, 2010, 2012, 2013, 2014, 2016, 2017, 2018, 2020, 2021, 2022, 2023
  • Bigarrena (5): 2000, 2001, 2009, 2011, 2015
  • Bledisloe Kopa (51): 1932, 1936, 1938, 1946, 1947, 1951, 1955, 1957, 1958, 1962, 1962, 1964, 1967, 1968, 1972, 1974, 1978, 1982, 1983, 1984, 1985, 1987, 1988, 1989, 1990, 1991, 1993, 1995, 1996, 1997, 2003, 2004, 2005, 2006, 2007, 2008, 2009, 2010, 2011, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019, 2020, 2021, 2022, 2023
    • Zeelanda Berria 51 - Australia 12
  • Freedom Kopa (16): 2006, 2007, 2008, 2010, 2011, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019, 2021, 2022, 2023
    • Zeelanda Berria 16 - Hegoafrika 2

Ozeano Bareko Nazioen Errugbi Kopa

Zeelanda Berriko taldeek Ozeano Bareko Nazioen Errugbi Koparen lehenengo lau edizioetan hartu zuten parte, eta denak irabazi zituzten. Hiru urtez Junior All Blacks izan zen txapelduna, gazteen selekzioa, eta beste txapelketa Māori All Blacks taldeak irabazi zuen; jokalari guztiek Maori jatorria zeukaten.

  • Txapelduna (4):
    • Junior All Blacks (3): 2006, 2007, 2009
    • Maori All Blacks (1): 2008

Olinpiar Jokoak

Zazpiko Errugbia 2016an sartu zen Olinpiar Jokoetako egitarauan.

Jokalarien errekorrak

Partida gehien

# Jokalaria Postua Urteak Partidak
1Sam WhitelockBigarren lerroko2010–2023153
2Richie McCawHirugarren lerroko hegal2001–2015148
3Keven MealamuOrpokatzaile2002–2015132
4Kieran ReadHirugarren lerroko erdiko2008–2019127
5Aaron SmithUztartze-erdilari2012–2023125
6Beauden BarrettZabaltzaile2012–2023123
7Tony Woodcock Harroin2002–2015118
8Dan CarterZabaltzaile2003–2015112
9Brodie RetallickBigarren lerroko2012–2023109
10Owen FranksHarroin2009–2019108

2023ko urriaren 28an eguneratua. Partida ofizialak bakarrik.

Entsegu gehien

# Izena Postua Urteak J En
1Doug HowlettHegaleko2000–20076249
2Julian SaveaHegaleko2012–20175446
Christian CullenAtzelari1996–200258
Joe RokocokoHegaleko2003–201068
5Jeff WilsonHegaleko1993–20016044
6Beauden BarrettZabaltzaile2012–202312343
7Ben SmithAtzelari2009–20198439
8Jonah LomuHegaleko1994–20026337
9Rieko IoaneHegaleko2016–6836
Tana UmagaErdiko1997–200574

2023ko urriaren 28an eguneratua. Partida ofizialak bakarrik.

Tanto gehien

Dan Carter 2018an.
# Izena Postua Urteak J T En Tr Zk Dr
1Dan Carter2003–20151121.598292932818
2Andrew Mehrtens1995–200470967716918810
3Beauden Barrett2012–202312373443168583
4Grant Fox1985–19934664511181287
5Richie Mo'unga2017–5646411143410
6Aaron Cruden2010–201750322563561
7Jordie Barrett2017–572922447260
8Carlos Spencer1997–2004352911449410
9Doug Howlett2000–20076224549000
10Christian Cullen1996–20025823646300

2023ko urriaren 28an eguneratua. Partida ofizialak bakarrik.

Erreferentziak

  1. 1870 - First Rugby Game. New Zealand Rugby Museum, rugbymuseum.co.nz (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
  2. Davies, Sean. All Blacks magic: New Zealand rugby. BBC Sport, 2008ko urriak 21, news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-10-16).
  3. Natives' Rugby Tour, 1888-89. nzhistory.govt.nz (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
  4. de la Calle, Fermín. All Blacks, la leyenda negra. jotdown.es (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
  5. All Blacks, A rugby legacy: The Originals and the Invincibles. aucklandmuseum.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
  6. Trouillard, Stéphanie. Rugby's All Blacks honour WWI heroes in France. france24.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
  7. Maurice Brownlie. nzhalloffame.co.nz (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
  8. Formaciones de melé: un poco de historia. tornarugby.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
  9. Sherlock, Grant. Statue for rugby's Russian prince. BBC News, 2009ko urtarrilak 8, news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
  10. Springbok Rugby Hall of Fame: 1937. genslin.us (Noiz kontsultatua: 2023-10-20).
  11. Gilhooly, Daniel. The blackest year in All Black history. Stuff, 2009ko uztailak 25, stuff.co.nz (Noiz kontsultatua: 2023-10-20).
  12. All Blacks hunt 17 winning streak record. rugby365.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-24).
  13. Lions Flashback: 1971. All Blacks, web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-10-25).
  14. All Blacks in the British Isles, France and North America, 1972-73. All Blacks, archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  15. 1976: African countries boycott Olympics. news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-10-25).
  16. Hill, Ruth. Protests a turning point in the history of New Zealand. The New Zealand Herald, web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-10-26).
  17. The Cavaliers and the 1987 Rugby World Cup. nzhistory.govt.nz (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  18. 1987: Kiwis see off France in final. news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  19. Laharie, Frédéric. Le jour où les All Blacks sont tombés à Bayonne. sudouest.fr (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  20. Alduntzin, Koldo. Australia finalerako sailkatu zen lehen zatiko joko bikainari esker. Euskaldunon Egunkaria, 1991ko urriak 29, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  21. Alduntzin, Koldo. Hamar entseiu. Euskaldunon Egunkaria, 1995ko ekainak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  22. Alduntzin, Koldo. Hego Afrika munduko onena. Euskaldunon Egunkaria, 1995ko ekainak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  23. All Blacks deliberately 'poisoned' at 1995 Rugby World Cup, says Nelson Mandela's bodyguard. NZ Herald, nzherald.co.nz (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  24. Alduntzin, Koldo. Ordainekorik mingarriena. Euskaldunon Egunkaria, 1999ko azaroak 2, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  25. Shea, Julian. New Zealand 18-20 France. BBC Sport, 2007ko urriak 6, news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-11-7).
  26. Zabaleta, Eneritz. Herri oso bat 'All Blacks'-ekin. Berria, 2011ko urriak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-7).
  27. Etxeberria, Julen. Kondaira, are handiagoa. Berria, 2015eko azaroak 1, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-7).
  28. Rugby: Ian Foster nommé sélectionneur des All Blacks. La Croix, 2019ko abenduak 11, archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-7).
  29. Lasa, Iñigo. Irabazi, eta berriro irabazi. Berria, 2023ko urriak 31, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-8).
  30. Learn the Haka. experienceallblacks.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).

Oharrak

  1. All Blacks gizonezkoen selekzioaren izendapena da; emakumezkoen taldeari Black Ferns ("Iratze beltzak") deritzo.
  2. New Zealand Native taldeko 26 jokalarietatik, 21 maoriak ziren eta bost europar jatorrikoak (pakehak).
  3. Jokalari ez-zurien bereizkeria horrek 1970eko bira arte iraun zuen. Orduan, maori edo samoar jatorriko lau jokalarik Hegoafrikan jokatzeko baimena izan zuten.
  4. Bira ez ofizialean parte hartu zuten gehienak All Blacks-ak ziren. Izan ere, 1987ko Munduko Errugbi Kopako finala irabazi zuen taldearen erdia baino gehiago Cavaliers izana zen urtebete lehenago.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.