Aljeriako geografia
Aljeria Afrika iparraldeko estatua da, Magreb eskualdekoa. 2.381.741 kilometro koadroko eremua hartzen du, alegia Afrikako estatuetan handiena eta mundu osokoetan hamargarrena.
Osoa | 2.381.741 km² |
Lehorra | 2.381.741 km² |
Ura | 0 km² |
Latitudea | 28°0' N |
Longitudea | 3°0' E |
Mugak | |
Maroko | 1.900 km |
Mali | 1.359 km |
Libia | 989 km |
Tunisia | 1.034 km |
Niger | 951 km |
Mauritania | 460 km |
Mendebaldeko Sahara | 41 km |
Itsas erreklamazioak | |
Ondoko eremua | 12 itsas milia |
Arrantza-eremu esklusiboa | 32-52 itsas milia |
Muturreko garaierak | |
Puntu beherena | -40 m (Chott Melrhir) |
Puntu gorena | 2.908 m (Tahat) |
Mugak
Aljeria iparraldeko Afrikako Magreb eskualdean dago, Mediterraneo itsasoaren ertzean, ipar latitudeko 19° eta 37° artean, eta ekialdeko longitudeko 9° eta 12° artean. Iparraldean Mediterraneoa du, Tunisia ipar-ekialdean, Libia ekialdean, Niger hego-ekialdean, Mali eta Mauritania hego-mendebaldean, eta Mendebaldeko Sahara eta Maroko mendebaldean. Afrikako herrialderik handiena da Hego Sudanen independentzia gertatu zenetik.
Eskualde naturalak
Aljeriako eskualde natural nagusiak hauek dira:[1]
- Ipar-mendebaldean Tell-eko Atlasa dago, Marokoko mugatik Soummam ibairaino, Kabiliako mendiak eta Bejaiako lautada barne. Herrialdearen bihotza da, bertan baitaude herri eta hiri nagusiak. Muino eta zabaldiz osatua, oso eskualde emankorra da. Nekazaritzako lurrik hoberenak 100 kilometroz hedatzen dira Aljertik ekialderantz, Mitidjan eta Bejaiako lautadan. Jalkin lur horietan mahasti eta garrazki sail bikainak daude. Xelif ibaiaren harana eta barnealdeko beste ibar batzuk, berriz, elkorrak dira, eta uda beroegiak dituzte nekazaritzarako. Kabiliako mendietan herri txiki eta txiroak daude, ibar bihurrietan ostenduak.
- Goi Ordokiak 600 kilometroz hedatzen dira Marokoko mugatik ekialderantz; iparraldean Tell-eko Atlasa dute, eta hegoaldean Saharako Atlasa. 1.100 eta 1.300 metro arteko garaiera dute mendebaldean, eta 400 metrokoa besterik ez ekialdean. Oso eskualde idor eta laua da, jalkinez estalia.
- Saharako Atlasa garaiagoa da Tell-eko Atlasa baino. Hiru mendigunek osaturik dago: Djabel Ksour Marokoko mugatik gertu, Djabal Amur, eta Ouled Naïl Aljerren hegoaldean. Mendilerroan sortzen diren errekek hornitzen dituzte basamortuaren iparraldeko oasietako putzuak, hala nola Biskra, Laghouat eta Bexarkoak.
- Sahara basamortuak Aljeriako azaleraren lau bosten hartzen ditu, Saharako Atlastik hegoaldera Niger eta Maliko mugetaraino. Erg edo harea eremuek basamortuaren laurdena hartzen dute; zabalena Ekialdeko Erg Handia da. Gainerako gehiena hamada izeneko zabaldi harritsuak dira, eta hego-ekialdean Hoggar eta Tassili n'Ajjer mendigune garaiak daude.
- Ipar-ekialdeko Aljeria eskualde trinkoa da, mendilerro, haran eta lautada ugarik zeharkatua; mendebaldean ez bezala, geografia-ezaugarri horiek kostarekiko perpendikularrak dira. Hegoaldean, Aures mendiguneko arroil eta gailurrek ezin sartuzko babeslekua eratzen dute, historian zehar garrantzi handia izan duena. Itsasbazterra menditsua bada ere, zenbait hiri daude lautada bakanetan, hala nola Bejaia, Skikda eta Annaba. Barnealdean, labore sail handiak daude Sétif eta Konstantina probintzietako zabaldietan.
- Kabiliako muinoak, Tizi Uzu probintzia
- Aïn Séfra, Saharako Atlasa
- Alorrak, Konstantina probintzia
Hidrografia
Itsasertzeko erreka batzuk daude herrialdearen ipar-ekialdean, esaterako Soummam, Medjerda, Rhummel, Sebaou, Aïn El Hammam, Hamiz, Macta eta Mazafran. Ibai nagusia, ordea, Xelif da. 725 kilometroko luzera du, eta Aljeriako ipar-mendebaldea zeharkatzen du; Tell-eko Atlasan du iturburua, eta Mediterraneora isurtzen da Mostaganemetik hurbil. Tell-etik hegoaldera ez da ur-gorputz iraunkorrik. Basamortuan aldi baterako aintzira ugari dago, gaziak gehienak, hala nola Chott ech Chergui eta Chott el Hodna.[2]
Klima
Iparraldean, Tell-eko Atlasan, klima mediterraneoa da, uda bero eta negu epelekin. Aljeriako eskualderik euritsuena da, urtean 400-1.000 milimetro euri jasotzen baitira, gehiago ekialdean mendebaldean baino. Prezipitazio handienak iraila eta abunduaren artean gertatzen dira.[1] Udako batez besteko tenperaturak 21 °C eta 24 °C artekoak dira, eta negukoak 10 °C eta 12 °C artekoak. Udan, siroko izeneko haize idorra eta guztiz beroak jotzen du Saharatik iparralderantz. Hegoalderantz joan ahala, klima idorrago bilakatzen da: Goi Ordokietan eta Saharako Atlasan urteko prezipitazioak 200 eta 400 milimetro artekoak dira.[2]
Datu klimatikoak (Aljer, 1976–2005, klima mediterraneoa) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 16.7 | 17.4 | 19.3 | 20.9 | 23.9 | 28.2 | 31.2 | 32.2 | 29.6 | 25.9 | 20.8 | 17.9 | 23.7 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 11.1 | 11.7 | 13.2 | 14.9 | 18.1 | 22.2 | 25.1 | 26.0 | 23.6 | 20.1 | 15.3 | 12.6 | 17.8 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 5.5 | 5.9 | 7.1 | 8.8 | 12.3 | 16.1 | 18.9 | 19.8 | 17.6 | 14.2 | 9.8 | 7.2 | 11.9 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 81.4 | 72.7 | 55.0 | 58.4 | 41.9 | 8.5 | 4.5 | 8.2 | 28.3 | 58.8 | 89.6 | 91.0 | 598.3 |
Prezipitazio egunak (≥ 0.1 mm) | 11.4 | 10.6 | 9.7 | 9.1 | 7.3 | 2.5 | 1.5 | 2.5 | 5.3 | 8.6 | 11.1 | 12.1 | 91.7 |
Iturria: World Meteorological Organization[3] |
Saharak basamortuko klima du, oso beroa, idorra eta haizetsua. Tenperatura gorabeherak arinduko dituen lurrunik ez dagoenez, hedadura termikoa oso handia da, eta hogeita hamar gradurainoko aldea ere egon daiteke egunetik gauera; urtaroen arteko aldea ere oso handia izaten da, tenperatura gorenak berrogeita hamar gradu zentigradukoak dira udan, eta beherenak, berriz, zero gradukoak neguan.[4] Bestalde, oso euri gutxi egiten du, urtean 130 milimetro baino gutxiago,[2] eta euriak oso irregularrak izaten dira gainera.
Datu klimatikoak (Bordj Badji Mokhtar, basamortuko klima beroa) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 26.0 | 29.3 | 32.7 | 37.0 | 40.4 | 43.5 | 42.9 | 41.9 | 41.0 | 37.1 | 31.5 | 27.1 | 35.9 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 18.7 | 21.4 | 24.7 | 28.8 | 32.6 | 36.0 | 35.6 | 34.8 | 33.8 | 29.8 | 24.2 | 19.9 | 28.4 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 11.4 | 13.6 | 16.8 | 20.7 | 24.8 | 28.6 | 28.4 | 27.8 | 26.6 | 22.6 | 17.0 | 12.7 | 20.9 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 1.1 | 0 | 0 | 0 | 0.9 | 2.2 | 5.8 | 15.9 | 10.1 | 2 | 0 | 0 | 38 |
Iturria: climate-data.org[5] |
Naturgune babestuak
Aljerian 9 parke nazional eta 2 parke kultural daude:
Izena | Sorrera urtea | Eremua (km²) | Probintzia | IUCN kategoria | WDPA zenbakia |
---|---|---|---|---|---|
Tassiliko Parke Kulturala (Tassiliko Parke Nazionala lehen) | 1972 | 138.000 | Illizi | II | 12352 |
Theniet El-Hadeko Parke Nazionala | 1983 (1929) | 34,25 | Tissemsilt | II | 9739 |
Djurdjurako Parke Nazionala | 1983 | 185 | Tizi Ouzou, Bouira | II | 4118 |
Chréako Parke Nazionala | 1983 | 265,87 | Blida, Médéa | II | 9740 |
El-Kalako Parke Nazionala | 1983 | 800 | El Tarf | II | 9741 |
Belezmako Parke Nazionala | 1984 | 262,5 | Batna | II | 9742 |
Gourayako Parke Nazionala | 1984 | 32 | Béjaïa | II | 9747 |
Tazako Parke Nazionala | 1985 | 37,2 | Jijel | II | 9743 |
Ahaggarko Parke Kulturala (Ahaggarko Parke Nazionala lehen) | 1987 | 45.000 | Tamanrasset | II | 23177 |
Tlemcengo Parke Nazionala | 1993 | 82,25 | Tlemcen | II | 101170 |
Djebel Aissako Parke Nazionala | 2003 | 244 | Naâma | II | 72354 |
Parkea Unescoren biosfera erreserba baten barnean dago
Datu orokorrak
Kokapena: Afrikaren iparraldean, Mediterraneoaren ertzean, Maroko eta Tunisiaren artean[6]
Koordenatu geografikoak: 28°0' N 3°0' E
Azalera:
- osoa: 2.381.741 km²
- lehorra: 2.381.741 km²
- ura: 0 km²
Herrialdearen mugak:
denetara: 6.734 km[6]
Erresuma mugakideak:
- Libia 989 km
- Mali 1.359 km
- Mauritania 460 km
- Maroko 1.900 km
- Niger 951 km
- Tunisia 1.034 km
- Mendebaldeko Sahara 41 km[6]
Itsasbazterra: 998 km[6]
Lurraldea: gehiena goi ordoki eta basamortua; Atlasa iparraldean dago, eta Hoggar mendigunea hegoaldean; itsasertzeko lautada meharra eta etena.[6]
Muturreko garaierak:
Baliabide naturalak: petrolioa, gas naturala, burdina, fosfatoak, uranioa, beruna, zinka[6]
Lurren erabilera:
- nekazaritza lurrak: %17,4
- oihanak: %0,82
- beste: %81,8 (2014)[6]
Lur ureztatua: 13.600 km² (2014)[6]
Arrisku naturalak: lurrikarak mendiguneetan; luizi eta uholdeak euriteetan; lehorteak.[6]
Erreferentziak
- Helen Chapin Metz, ed. Algeria: A Country Study. U.S. Library of Congress, countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2018-8-24).
- Algérie: Géographie. el-mouradia.dz (Noiz kontsultatua: 2018-8-27).
- World Weather Information Service–Algiers. World Meteorological Organization (Noiz kontsultatua: 2018-9-19).
- Tropiko arteko klimak. Lur Entziklopedia Tematikoa, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-8-27).
- Climate data for: Bordj Badji Mokhtar. climate-data.org (Noiz kontsultatua: 2018-9-19).
- Algeria. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2018-8-27).