Aliri baserria
Aliri baserria Donostiako Zubieta auzoan dagoen XVI. mendeko baserria da. Zubietako erdigunea eta Oria ibaiaren arteko lurretan dago, Araundi eta Barrenetxe baserrietatik hurbil. Baserri zahar gehienen antzera, aurrealdeak mendebaldera ematen du.[1] Kultur ondasun izendapena du.[2]
Aliri baserria | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Saiatzeko aldaera | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Zubieta |
Koordenatuak | 43°16′22″N 2°02′10″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVI. mendea - |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0001561 |
1268 | |
Historia
Dagoeneko 1379an agertzen da etxearen izena, izan ere, Zubieta, Donostia eta Usurbilen artean zatitu zen urte hartan, eta Aliri, Donostiaren udal barrutian geratu baitzen. 1495ean Zubietako komunitatearen beste salerosketa kontratu batean agertzen da berriro, hain zuzen ere Alirik Aizpurua etxeari bi erroten erdia erosi zioneko dokumentuan: Martin Perez Aliry, Aliry etxeko jauna. Etxeko jaun horren izena hainbat alditan agertuko da garai horretako auzien dokumentuetan. Era berean, 1625eko Usurbilgo etxe zerrenda batean, Aliri armadun oinetxea aipatzen da, eta baita ere Donostiako beste oinetxe zerrendan modu honetan: Hiriko harresietatik kanpo, Donostiaren jurisdikziopean daude antzinako oinetxe hauek:... Aliri, Zubietan, Donostiaren jurisdikziokoa da.[3]
1509ko agiri batean azaltzen denez, Alirik portua izan zuen Oria ibaian eta Lasarteko burdinolarako burdin-minerala lehorreratzen zuten bertan Oriotik gora egiten zuten itsasontziek.
Aliri familiaren leinua
XXI. mendean dagoeneko ezohikoa den bezala, XVI. mendetik Aliri baserriaren jabea Aliri abizeneko familia izaten jarraitzen du hogei belaunaldian eta etenik gabe.
Dagoeneko 1353ko azaroan Pere Yuaynes de Hali gerlariaren izena aipatzen da Los señores de la guerra y de la tierra, nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores Guipúzcoanos liburuan. Normandiara joan zen borrokatzera Karlos II.a Evreuxkoarekin batera, Nafarroako erregearen agindupean. Seguruen, Zubietako Aliri etxeko arbasoa zen. Ehun Urteko Gerra zen, eta Nafarroak Normandian zituen lurrak galdu zituen orduan.
Ezaugarriak
Bi solairu eta ganbara ditu. Estalkia egurrezkoa da, bi isurkikoa, gailurra fatxada nagusiaren elkarzuta da. Fatxadari dagokionez, bi zutoin bertikal dira ardatz nagusiak eta solairuarteko lerroetan bistako egurra nabarmentzen dira. Zeharkako habeekin gurutzatuak daude eta artean beso sendoak ditu. Beheko solairuan hormak legar harri biribilez eginak daude. Lehenengo eta bigarren solairuetan, aldiz, adreilu zeramikoa erabili zen egituraren arteko tarteak betetzeko. Adreilu horiek Zubietako Tellerian ekoiztu ziren.
Fatxadaren erdian, Aliri familiaren armarria dago, hiru ahoko zubi bat irudikatzen duena.[4] Armarria Gernikatik ekarritako harri batekin egina dago. Haren ingurunean "Alirikoa naiz" irakur daiteke, armazoiko egurrean landutako letrez.[5] Egungo etxe barruko zurak garai batekoak izaten jarraitzen dute osorik, ukuiluko habeak izan ezik.[3]
Baserriko hegoaldeko angeluan arrapala bat dago, kanpotik ganbarara zuzenean sartu ahal izateko. Teilatutxo batek arrapala horretatik sartzen den ataripea estaltzen du. Baserri honek jatorrizko bolumena gorde du eta fatxada nagusi bikaina dauka. Ez dirudi Aliri aldakuntza handiak izan dituen baserria denik, lehen solairuko armazoiarena salbuetsita, hormigoi armatuz ordeztu baitzen duela hainbat urte.[5]
Iruditegia
- Aurrealdea.
- Aurrealdea.
- Armarria.
- Arrapala.
- Aliri zubia.
Erreferentziak
- Tellabide Azkolain, Josu. (). 101 bazter Donostiako. Ezagutzen duzu Donostia?. Alberdania ISBN 9788498680034. (Noiz kontsultatua: 2017-09-16).
- Eusko Jaurlaritza. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. (Noiz kontsultatua: 2017-09-17).
- Noaua. Usurbilgo baserri eta baserritarrak. (Noiz kontsultatua: 2017-09-16).
- (Gaztelaniaz) Escudo del apellido Aliri. (Noiz kontsultatua: 2017-09-16).
- Eusko Jaurlaritza. Ondarea. (Noiz kontsultatua: 2017-09-17).
Ikus, gainera
- Aizpurua baserria
- Gipuzkoako kultura ondasunak