Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian

Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian (Alice's Adventures in Wonderland), Charles Lutwidge Dodgson (Lewis Carroll) idazle ingelesaren idazlana da. Dodgsonen adiskideei, heziketa ingelesari eta garaiko gai politikoei egindako aipamen satirikoez beteta dago liburua. Istorioak deskribatzen duen Lurralde Miresgarria logikazko jokoek sortzen dute. Horregatik, liburuak arrakasta izan du hainbat alorretan: umeen edo matematikarien artean, baita psikonauten artean ere. Liburuak egiteko inspirazioa Alice Liddell umeak eman zion.

Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian
Lehenengo edizioaren azala
Datuak
IdazleaLewis Carroll (1865)
Argitaratze-data1865eko azaroaren 26
GeneroaFikzioa
Jatorrizko izenburuaAlice's Adventures in Wonderland
Herrialdea Erresuma Batua
IlustratzaileaJohn Tenniel
OCLC1023201734
Euskaraz
IzenburuaAliceren abenturak Lurralde Miresgarrian
ItzultzaileaManu Lopez Gaseni
Argitaratze-data1992
Orrialdeak130
ISBN978-84-7681-092-7

Idazlan honetan Carrollen pertsonaiarik ospetsuenetariko batzuk agertzen dira: Untxi Zuria, Sonbrailugilea, Cheshire Katua, Martxoko Erbia, Beldarra edo Bihotzetako Erregina. Beste pertsonaia ospetsu batzuk, jatorrizkoak edo folkloretik hartutakoak, Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena liburuan agertzen dira: Tweedledum eta Tweedledee, Humpty Dumpty edo Jabberwocky.

1865eko lehen argitalpenaren 23 kopia bakarrik gorde dira. Horietako 17 liburutegietan daude; besteak, esku pribatuetan. Liburu ilustratua izan zen, John Tennielek egindako 42 marrazkiz lagundua, eta ilustrazio horiek ere berrargitalpen askotan agertu dira (euskaraz ere bai)[1] eta Aliziaren inguruko ondorengo ikonografian eragin funtsezkokoak izan dira.[2]

Liburuak 1871an izan zuen bere bigarren zatia, ezezagunagoa, Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena (Through the Looking-Glass, and What Alice Found There) izenekoa. Zinemako egokitzapen batzuek bi liburuetako elementuak nahasten dituzte. Munduko 175 hizkuntzatara itzuli da[3], tartean euskarara[4].

Liburuaren sorrera

Idazlanaren faksimilea, Carroll beraren marrazki batekin.

Liburuan agertzen den istorioak hiru arotan mamitu zen. Lehena eta garrantzitsuena 1862ko uztailaren 4an hasi zen[5], Tamesis ibaitik egindako txango batean. Lewis Carroll Robinson Duckworth apaizarekin eta Liddelltar hiru ahizpekin (Lorina, hamahiru urtekoa; Alice, hamar urtekoa; eta Edith, zortzi urtekoa) egon zen txangoan[6].

Folly zubian, Oxfordetik hurbil, hasi zuten txangoa eta zortzi kilometro bete zituzten Godstoweraino, Christ Churchera berriro itzultzeko. Udako beroa hain gogorra zenez gero, ibaiertzean gelditu ziren, zuhaitz batzuen gerizpean. Denbora-pasa moduan, Dodgsonek istorio batzuk azaldu zizkien neskatilei, "Aliceren lurpeko abenturak" izendatu zituenak. Istorioak asko gustatu zitzaizkien ahizpei, Aliceri batez ere, eta idazteko eskatu zion[7].

Bigarren aroa Dodgson istorio horiek idazten hasi zenean gauzatu zen. Erabaki hori hartu zuen ahizpen ekinez. Dodgson ez zen hasi idazten txangoaren egunean bertan. Bere egunkarian agertzen denez, azaroaren 13an, lau hilabete geroago, hasi zen[8].

1863ko otsailean amaitu zuen, eta zuzenean hasi zen marrazkiak egiten, zeinak 1864an amaitu zituen. Azken orrialdean Aliceren erretratu obalatu bat erantsi zuen. Alicek azaroan jaso zuen eskuizkribua, zeina 1886an argitaratu zen, faksimile moduan.

Argitaratzea

Azken aroa eskuizkributik behin betiko bertsioa artekoa da. Dodgsonen egunkariaren arabera, 1863ko maiatzaren 9an lagun batzuek eskatu zioten eskuizkribua argitaratzea. Dodgsoni ideia gustatu zitzaion eta istorioa berridazten hasi zen. Dodgsonek bi kapitulu gehitu zituen: Zerria eta piperbeltza eta Tealdi eroa. Halaber, asko luzatu zituen Nork lapurtu zituen tartak? eta Aliceren aitorpena kapituluak, zeinek hiru orrialde bakarrik zituzten eskuizkribuan.

Eskuizkribuko marrazkiak eskuz eta lumaz eginda zeuden. Argitaratzeko, Carroll saiatu zen egurrez egiten marrazkiak. Hala ere, ikusi zuen horrek denbora luzea eskatuko ziola. Beraz, marrazkilari profesional bat bilatzeari ekin zion. Azkenean, John Tenniel aukeratu zuen. 1864ko apirilean, Dodgson eta Tenniel harremanetan jarri ziren eta Tennielek hogeita hamalau marrazki egitea onartu zuen (azkenean, berrogeita bi izan ziren). Dodgsonek Mary Hilton Badcock neskatilaren argazkia eman zion, modelo moduan erabiltzeko. Nahiz eta Aliceren pertsonaiak Alice Liddell neskarengan eduki oinarri, bere itxura Badcock neskarengan oinarrituta dagoela esaten da[9].

Tenniel marrazkiak egiten ari zen bitartean, Dodgsonek pentsatu zuen jatorrizko izenburua eskolako liburuenak bezalakoa zela, mineralei buruzko liburuenak bezalakoa, hain zuzen. Dodgsonek hainbat izenburu berri asmatu zituen, hala nola, Aliceren urrezko ordua, Alice elfoen artean, Alice intxisuen artean edo konbinazio batzuk: Aliceren ordua…, Aliceren ekintzak…, “Aliceren abenturak… zatiak …elfoen lurraldean edo …Lurralde Miresgarrian zatiekin. Azkenean, "Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian" izenburua onartu zuen.

John Tennielek 1865eko maiatzean entregatu zituen marrazkiak eta maiatzaren 24an argitaratu zen liburua[10]. Argitaletxea Macmillan and Co. izan zen eta bi mila ale inprimatu ziren. Dodgsonek berrogeita hamar ale eskatu zituen berarentzat. Hala ere, Tenniel ez zen ados egon inprimaketekin; beraz, liburua ez zen saldu Ingalaterran, bazik eta Appleton argitaldari estatubatuarrari saldu. Honek, azala aldatu zuen eta lehen argitalpen estatubatuarra atera zuen.

Ingalaterran, Macmillanek beste argitalpen bat prestatu zuen, zeina 1865ko udazkenean agertu zen, nahiz eta "1866" data eduki. Argitalpen berriaren ale berezi bat (bitela zuriduna) eskatu zuen Dodgsonek Alice Liddelli oparitzeko. Liburuak arrakasta handia lortu zuen denbora gutxian.

1890ean, Dodgsonek Aliceren beste bertsio bat argitaratu zuen, "Alice umeentzat" ("The nursery Alice") izenekoa, bost urte baino gutxiagoko umeei zuzenduta.

Argumentua

Istorioa hasi baino lehen, Lewis Carrollek olerki bat erantsi zuen, liburuaren sorrerari buruz. Olerkiaren zazpi bertsoetan txangoa eta nola hiru Liddelltar ahizpek (Prima, Secunda eta Tertia) eskatu zioten istorio bat kontatzea gogoratzen zuen. Azken bertsoa Alice Liddelli egindako aipamen argia da..

I. Kapitulua: Untxi gordelekuan barrena

John Tennielek egindako lehen marrazkia idazlan honetarako (Untxi Zuria). Lehen kapituluan agertzen da.

Istorioa Alice izeneko neskatila baten irudiarekin hasten da. Bere ahizparen ondoan dago eserita lorategian, aspertuta. Ahizpak liburu bat irakurtzen ari zen, "ez marrazkirik ezta elkarrizketarik ere" ez zuena.

Bapatean Untxi Zuria agertu zen, jaka eta txalekoa jantzita (Idazlan osoan letra larria erabiltzen da animaliekin) -Dodoa, Sagua, Ahatea etab.-, argi uzteko horiek direla izen propioak). Alicek erabaki zuen horri jarratitzea bere untxilekuraino. Untxilekua tunel izugarri luzea da eta Alice denbora luzean dago jaisten (astia du bere katuari buruzko pentsamenduak izateko).

Erorketa amaitzean, minik hartu gabe, Alice konturatu zen Untxi Zuria desagertu zela. Hala ere, «EDAN NAZAZU» idatzita zuen botila txiki bat aurkitu zuen. Alicek edan zuen eta txikitu zen hogeita bost zentrimetro neurtu arte.

Jarraian, Alice saiatu zen ate txiki bat irekitzen. Beste aldean lorategi eder bat zegoen, baina giltza mahai batean zegoenez gero, Alicek ezin zuen hartu. Bere ohiko garaiera berreskuratzeko «JAN NAZAZU» idatzit duen pastel zati bat jan zuen.

II. Kapitulua: Malko-urmaela

Pastel zatiak itxaron zuen eragina izan zuen eta Alicek bi metro gehiago luzatu zen. Beraz, giltza hartu ahal izan zuen, baina luzatzen jarraitu zuenez gero, sabaiarekin topo egin zuen eta ezin izan zuen ate txikia ireki. Untxi Zuria berriro pasatu zen Aliceren aurretik eta haizemaile bat erori zitzaion. Alicek haizemaile hori erabili zuen freskatzeko eta, majikoa zenez gero, berriro txikitzen hasi zen, haizemailea bota zuen arte, prozesua eteteko.

Malkozko urmaela itsaso bihurtu zen eta Alicek igeri behar izan zuen. Bere ondoan sagu bat pasatu zen igeri egiten eta Alice saiatu zen berarekin mintzatzen. Saguak itsasertzera gidatu zuen. Ibilbidean Alicek beste animalia batzuk ikusi zituen (Ahatea, Dodoa, Arranokumea eta Loroa).

III. Kapitulua: Batzorde lasterketa eta buztan-ipuin luzea

Alice eta animaliak lehorrera heldu ziren eta Dodoak lasterketa bat antolatu zuen denak lehortzeko. Lasterketak ez zuen araurik ezta iraupen zehatzik ere, zirkulutan korrika egin izan ezik. Dodoak irabazle izendatu zituen guztiak eta Alicek sariak banatu behar zituela erabaki zuen. Alicek gozoki batzuk aurkitu zituen patrikan eta denen artean banatu zituen. Bere saria ditare bat izan zen, patrikan ere zegoena, eta Dodoari eman zion, honek berari berriro emateko.

Geroago, Saguak ipuin bat kontatu zuen, non azaldu baitzen zergatik zien gorrotoa txakur eta katuei. Hala ere, Alicek Dina bere katua aipatu zuen, baita saguak harrapatzeko trebetasuna ere, eta animaliak nekarazi zituen eta alde egin zuten.

IV. Kapitulua: Untxiak Bill txikia igortzen du

Alicek Untxi Zuria ikusi zuen berriro bere haizemailea bilatzen. Alice ikusi zuenean, Mary Ann bere neskamearekin nahasten du. Beraz, haizemailea bilatzeko haren etxera joateko agindu zuen. Alicek agindua bete zuen. Etxean sartu, goiko logela batera joan eta haizemailea eta botila bat aurkitu zituen. Alicek edan zuen eta, berriro, hazi zen eta logelan trabatuta geratu zen.

Untxi Zuriak beso erraldoi bat leihotik ateratzen ikustean, laguntza eskatzera joan zen. Kanpoan bildu zen jendeak etxea erretzea proposatu zuen. Azkenean, jendeak ogi txiki majiko batzuk bota zituen leihoan barrena. Alicek jan zituen eta txikitu zen. Etxetik atera zen eta baso batean sartu zen, perretxiko erraldoi baten aurrean gelditzen.

I. eta IV. arteko Kapituluen marrazki batzuk: Untxi gordelekutik erorita, Alice ate txiki bat aurkitzen; Alice igeri egiten eta Sagua aurkitzen; Sagua bere “buztan-ipuina” kontatzen; Alice Untxi Zuriaren etxean trabatuta

V. Kapitulua: Beldarraren aholkua

Alicek erretzen ari zen beldar bat aurkitu zuen perretxikoaren gainean. Beldarrak galdetzen dio Aliceri bere nortasunari buruz. Alicek ezin zion zehazki erantzun, hainbeste aldiz tamaina aldatu eta gero, ez zekielako oso ondo nor zen. Eztabaidatu eta gero, Alicek Beldarrari esan zion bere hiru hazbeteko garaiera oso kaskarra zela. Beldarra haserretu eta joan egin zen, horixe zelako bere garaiera, baina, joan baino lehen, Aliceri azaldu zion perretxikoaren alde bateko zati bat jaten bazuen haziko zela, eta beste aldekoa jaten bazuen txikituko zela.

Alicek ez zekienez zein alde zen gauza bakoitza egiten zuena, bi zati moztu zituen eta batzuetan haginka egin zuen bietatik nahi zuen garaiera iritsi arte. Azkenean, etxetxo bat ikusi zuen eta hara joan zen.

VI. Kapitulua: Zerria eta piperbeltza

Etxetxora joan baino lehen, arrain-burua zuen lekaio bat agertu zen basoan. Arrain-lekaioak atean jo zuen tea igel-burua zuen beste lekaio bat agertu zen. Alicek zera entzun zuen: arrain-lekaioak Bihotzetako Erreginaren gonbidapena ekartzen ziola Dukesari, etxeko jabea zena, kroketean jolasteko. Jarraian, Arrain-lekaioa joan zen eta Igel-lekaioa eserita geratu zen etxetik kanpo. Honek atea ireki nahi ez zionez, Alicek berak zabaldu zuen atea eta sartu zen.

piperbeltz gehiegi zuen zopa prestatzen ari baitzen. Zoruan katu irrifartsu bat zegoen, Dukesak Cheshire Katua deitu ziona. Dukesak Aliceri utzi zion umetxoa eta joan egin zen kroketean jolastera. Alice kulunkatzen hasi zenean umetxoa txerri bihurtzen hasi zen. Gero, Alice etxetik irten zen eta txerritxoa askatu zuen. Basoan Alicek Cheshire Katua aurkitu zuen eta honek gonbidatu zuen Sonbrailugilea edo Martxoko Erbia bisitatzera. Alicek azken honen etxera joatea erabaki zuen.

VII. Kapitulua: Tealdi eroa

Alice Martxoko Erbiaren etxera heldu eta hau, Sonbrailugilea eta Muxarra ikusi zituen tea hartzen. Alice haiekin batu eta mintzatzen hasi zen. Mahaikideek igarkizun batzuk egin eta Alice nahastu zuten, logika falta dela eta. Azkenean, Alicek alde egin zuen, guztiz konbentzituta bere bizitza osoko "tealdirik zozoenean" egon zela. Jarrian, zuhaitz batean atetxo bat aurkitu zuen eta kroketeko lorategira heldu zen.

VIII. Kapitulua: Erreginaren kroket-zelaia

Alice bere flamenkoa menderatzen saiatuz, kroketean jolasteko.

Bihotzetako errege-erreginak, baita euren menpekoak ere, karta ingelesak ziren. Lorategian Alicek hiru lorazain aurkitu zituen, arrosondo bat margotzen ari zirelarik, arrosondo zuria landatu zutelako, gorria landatu beharrean. Errege-erreginak eta segizioa handik igaro ziren eta Bihotzetako Erreginak, okerra sumatzean, lorazainei burua mozteko agindua eman zuen. Hori saihesteko, Alicek lorazainak ezkutatu zituen. Gero, Bihotzetako Erreginak Alice gonbidatu zuen kroketean jolastera. Alice segiziora batu zen eta Untxi Zuria ikusi zuen bere ondoan. Hau oso urduri zegoen eta Aliceri jakinarazi zion Dukesa atxilotu zutela berandu heltzeagatik jolasera.

Jolasa oso berezia zen: ez zen bola, mailu edo uztairik erabiltzen, baizik eta kirikinoak, flamenkoak eta kartak berak. Ordenarik gabe jolasten ziren denak eta etengabe eztabaidatzen zuten. Halaber, kirikinoek alde egiten zuten aukera izan bezain laster eta Bihotzetako Erreginak denei burua mozteko agindua ematen zuen.

Berriro, Cheshire Katuaren burua agertu zen eta Alice berarekin mintzatzen hasi zen. Erreginak, beti bezala, katuari burua mozteko agindu zuen, baina borreroak ez zuen zer egin jakin, burua bakarrik baitzuen agerian katuak. Alicek proposatu zuen Dukesari deitzea, katuaren jabea baitzen. Erreginak Dukesa askatzeko agindua eman zuen, baina hau lorategira heldu zenean katua berriro desagertua zen.

V. eta VIII. arteko Kapituluen marrazki batzuk: Alice Beldarrarekin eztabaidatzen; Arrain-lekaioa eta Igel-lekaioa; Sonbrailugilea eta Martxoko Erbia Muxarra sartzen teontzian; kroket-zelaian zegoen arrosondoa.

IX. Kapitulua: Sasi-dortokaren istorioa

Alice eta Dukesa adiskidetsuki mintzatu ziren, ezagutu ziren aldian kontrakoa izan arren. Alice sumatu zuen Dukesa oso itsusia zela. Gero Bihotzetako Erregina agertu zen eta Dukesa haizatu zuen. Erreginak Alice eraman zuen Grifo batengana eta honi eskatu zion Sasi-dortokarengana eramateko Alice, honen istorioa entzuteko. Grifoak hori egin zuen.

X. Kapitulua: Abakandoaren kontradantza

Sasi-dortokak itsas hondoko abakandoen dantzari buruzko abesti bat kantatu zuen. Alicek, bere aldetik, bere abenturak kontatu zituen. Grifoak eta Sasi-dortokak istorioa entzun zuten, Beldarrarekiko topaketa entzun arte. Biek oso arrarotzat jo zuten istorioa. Sasi-dortolal dortoka-zopari buruzko abesti bat kantatu zuen gero, baina epaiketaren hasiera jakinarazten zuen oihu urrun batek eten zion abestia. Grifoak Alice eraman zuen epaiketara.

XI. Kapitulua: Nork lapurtu zituen tartak?

Untxi Zuria, gorteko heraldo bezala jantzita.

Alice epaiketara heltzean, animalien epaimahaia osatuta dagoela ikusi zuen, errege-erreginen aurrean. Epaitua bihotzetako txota eta Untxi Zuriak gorteko heraldorena egiten zuen. Salaketa erreginaren tartak jatea zen. Sonbrailugilea izan zen lehen lekukoa. Bere lekukotasuna erregerekiko eztabaida bihurtu zuen, erregea oso interesatuta zegoelako Sonbrailugilea edaten ari zen tean eta kapelan zegoen etiketan (etiketan salneurria agertzen zen: hamar txelin eta sei penike, John Tennielen marrazkiaren arabera).

Une horretan Alice hazten hasi zen bat-batean eta Untxi Zuriak deitu zion hurrengo lekuko moduan.

XII. Kapitulua: Aliceren aitorpena

Alice, berriro hazi dela eta bere betiko tamaina berreskuratu duela ahaztuta, zutitu zen eta bere inguruan zegoen guztia bota zuen. Erregeak galdetu zion zer zekien arazoari buruz eta Alicek ez zekiela ezer erantzun zuen. Untxi Zuriak azken froga irakurri zuen: sinadurarik gabeko gutun bat, non azaltzen baitzen tartak euren jabeari itzuli zitzaizkiola. Izan ere, tarta guztiak mahai gainean zeuden. Hala ere, Bihotzetako Erreginak epaia eman nahi izan zuen, epaimahaikideen iritzia entzun gabe. Alicek protesta egin zuen eta erreginak burua mozteko agindua eman zuen. Kartak Alicerengana oldartzen zirenean, Alice bere ahizparen altzoan itzuli zen, bat-batean.

Beraz, loak hartu zuen Alice eta, amets fantastiko bat izan eta gero, esnatu zen, hosto batzuk bere aurpegira jaustean. Alicek bere ametsa azaldu zion ahizpari eta arratsaldeko tea hartzera joan zen. Ahizpa zuhaizpean geratu zen, Aliceren istorioa hausnartzen.

IX. eta XII. arteko Kapituluen marrazki batzuk: Alice Dukesarekin mintzatzen; Alice eta Grifoa Sasi-dortokaren abestia etzuten; Sonbrailugilea auzitegira deitua, lekuko moduan; Alice dena botatzen, epaiketan zutitzen denean bere lekukotasuna emateko.

Eragina kulturan

Llandudno
Llandudno

Eleberri honek antzerki-lan, ballet eta opera asko iradoki ditu. Alicek eta beste pertsonaiek abesti batzuk ere iradoki dituzte, hala nola, The Beatles, Tom Waits eta Tom Pettyren batzuk. 1969an, Salvador Dalík hamahiru marrazki egin zituen Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian liburuan oinarrituta.

Alicek idazlan asko ere iradoki ditu. Haien artean, nabarmena da Finnegans Wake eleberria, James Joyce idazle irlandarrak 1939an argitaratua.

Edizioak euskaraz

  • Alizia gauza miragarrien munduan (Imanol Berriatuaren 12 orrialdeko bertsio laburtua). Ipuin Ederrenak saila. La Gran Enciclopedia Vasca. 1968. [11]
  • Alizia herrialde harrigarrian Lewis Carroll ; [marrazkiak Xabier Egaña] (1979)ISBN: 84-7099-143-4
  • Aliceren abenturak lurralde miresgarrian Lewis Carroll ; Manu Lópezren edizioa ; grabatuak, John Tenniel ; azala, Erramun Landa ; argazkilaria, Mikel Alonso ( Pamiela, 1989)ISBN: 84-7681-092-X
  • Alizia mundu zoragarrian (Edinorte, 1981)
  • Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena Lewis Carrol ; Manu Lopezren edizioa ; grabatuak John Tenniel ; azala, Erramun Landa ; argazkilaria, Mikel Alonso (Pamiela, 1990)ISBN: 84-7681-095-4
  • Alizia herrialde harrigarrian Lewis Carrol; gidoia, Joséluis ; il. Chiqui de la Fuente ; itz.Joseba Andoni Berriotxoa (Kriselu, 1991)ISBN: 84-7728-226-9
  • Alizia herrialde miresgarrian Lewis Carrol; itz.Patxi Elizegi ; il. Manuel Barco (Ttarttalo, 1995.ISBN: 84-8091-192-1
  • Alizia lurralde harrigarrian Lewis Carroll. Hiria, [2000] ISBN:84-95421-28-3
  • Alizia haurrentzat Lewis Carroll ; [itzulpena eta] edizioa, Manu Lopez; [marrazkiak, John Tenniel] (2004)ISBN: 84-7681-407-0
  • Alizia herrialde miresgarrian Lewis Carroll ; irudiak: John Tenniel ; itz. Manu López Gaseni.(Pamiela, 2015)ISBN: 9788476818299[12][13][14]

Zinemarako egokitzapenak

1903tik, Cecil Hepworthek lehen aldiz zinemaratu zuenetik, hamar aldiz baino gehiagotan zinemaratu da. Ezagunena Walt Disneyk 1951n egindako egokitzapena da. Filme honek Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian eta Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena eleberrien elementuak nahasten ditu, nahiz eta izena Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian izan.

Erreferentziak

  1. «Uberan - Euskal Idazleen Elkartea - Manu Lopez Gaseniri elkarrizketa» old.uberan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  2. (Ingelesez) Brittany. (2019-06-06). «Alice: The Beauty and Importance of Illustrations» SIUE Young Adult Literature (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  3. Alice in a world of wonderlands : the translations of Lewis Carroll's masterpiece. (First edition. argitaraldia) 2015 ISBN 978-1-58456-331-0. PMC 910537543. (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
  4. Carroll, Lewis. (D.L. 1989). Aliceren abenturak lurralde miresgarrian. Pamiela ISBN 84-7681-092-X. PMC 435433945. (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
  5. «Story Museum - The real Alice» web.archive.org 2010-11-17 (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
  6. «BEDTIME-STORY CLASSICS-Alice In Wonderland BACKGROUND» www.the-office.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
  7. (Ingelesez) Popova, Maria. (2012-07-05). «Meet the Girl Who Inspired 'Alice in Wonderland'» The Atlantic (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
  8. Carpenter, Humphrey. (1985). Secret gardens : a study of the golden age of children's literature. ISBN 0-395-35293-2. PMC 11814725. (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
  9. Badcocken argazkia estekan dago ikusgai
  10. (Ingelesez) «The 100 best novels: No 18 – Alice's Adventures in Wonderland by Lewis Carroll (1865)» the Guardian 2014-01-20 (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
  11. Sarasola, Ainhoa. «Eta Alizia euskaraz hitz egiten hasi zen» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
  12. «Pamiela Argitaletxea» Pamiela. Alice.
  13. [http://www.uberan.eus/?gatzetan-gordeak/elkarrizketak/item/manu-lopez-gaseniri-elkarrizketa ««Alizia herrialde miresgarrian» liburuaren itzulpena gaurkotu du Manu López Gasenik Hitzen Uberan (2015-09-04)»] Hitzen uberan.
  14. «Liburua Alicetik Aliziara. Xabier Etxaniz Erle.» Argia.eus.

Bibliografia

  • Olaso, Xabier; Arrazola, Amaia. (2016ko abendua). «Lurralde miresgarria» Behinola aldizkaria 34 ISSN 1575-8168..

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Hitzen Uberan (2015-09-04)

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.