Alice Săvulescu
Alice Săvulescu (Oltenița, 1905eko urriaren 29a - Bukarest, 1970eko otsailaren 1a) errumaniar botanikaria zen. Zenbait onddoen eta haien ostalarien arteko harremana ikertu zuen. 1963an Errumaniako Akademiako kide oso egin zuten.
Alice Săvulescu | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Alice Aronescu |
Jaiotza | Oltenița (en) , 1905eko urriaren 29a |
Herrialdea | Errumania |
Lehen hizkuntza | errumaniera |
Heriotza | Bukarest, 1970eko otsailaren 1a (64 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Bukaresteko Unibertsitatea Columbia Unibertsitatea |
Tesi zuzendaria | Bernard Ogilvie Dodge (en) |
Hizkuntzak | errumaniera |
Jarduerak | |
Jarduerak | botanikaria |
Biografia
Alice Aronescu Oltenițan jaio zen, 1905eko urriaren 29an, Errumaniako familia judu batean. Bukaresteko Unibertsitatean biologia ikasi zuen eta 1929an graduatu zen. Urte berean, Tabako eta Hartzidura Institutuan postu bat lortu zuen. 1931n New Yorkera joan zen ikasketekin jarraitzera, Bernard Ogilvie Dodgeren tutoretzapean. 1934an mikrobiologia eta patofisiologian doktoratu zen Columbiako Unibertsitatean, arrosak erasotzen zituen onddo baten inguruko doktore-tesiarekin.
Doktoratu eta gero, Errumaniara itzuli zen eta 1934an Ikerkuntza Agronomiko Institutuaren (errumanieraz: Institutul de Cercetări Agronomice (ICAR) laborategiko buru egon zen, landare-patologia saileko Traian Săvulescuren zuzendaritzapean. 1938an Săvulescurekin ezkondu zen. 1940ean biak kaleratu zituzten Aliceren jatorri judua zela-eta. 1941ean berriz kontratatu zituzten eta euren lanekin jarraitu zuten. Săvulescuren ikerketa-lerro nagusiak zerealei, fruta-zuhaitzei eta patatei eragiten zieten gaixotasunak eta bizkarroi-ostalari harremanak izan ziren. Ondoren, nekazaritzan isotopo erradiaktiboen erabilera aztertzen zuen. 1949an, ICAR institutuaren zuzendaritza hartu zuen, bere senarrak kargua utzi eta gero.
1952an Săvulescu Errumaniako Herri Errepublikako Akademiako kide izendatu zuten. Bost urte geroago, Ikerkuntza Biologikorako Zentroko (errumanieraz: Centrul de Cercetări Biologice) zuzendariorde bihurtu zen. 1960ean "Traian Săvulescu" Biologia Institutuko zuzendariorde izendatu zuten. 1963an Errumaniako Akademiako kide oso izendatu zuten eta 1964an Biologia Institutuko zuzendaritza eman zioten. Bere lan-ibilbidean zehar 150 artikulu baino gehiagoren egile edo egilekide izan zen.
1970ean, bihotzekoak jo zuen Alice, Nicolae Ceaușescurekin batzartu ostean, zeinak Nekazaritza Sailera eramango zutela esan baitzion. Ez zen osatu eta 1970eko otsailaren 1ean hil zen Bukaresten.