Alice Ball

Alice Augusta Ball (Seattle, 1892ko uztailaren 24a - Hawaii, 1916ko abenduaren 31) estatubatuar zientzilari eta kimikaria izan zen. Olio injektagarri bat garatu zuen, lepraren aurkako tratamendu eraginkorrena izan zena 1940ko hamarkadan antibiotiko egokien etorrera arte.[1] Afrikar jatorriko lehen emakume estatubatuarra izan zen Hawaiiko Unibertsitatean masterra egin zuena.[2]

Alice Ball

Bizitza
JaiotzaSeattle, 1892ko uztailaren 24a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaOahu
HeriotzaSeattle, 1916ko abenduaren 31 (24 urte)
Heriotza modua: ezezaguna
Familia
Familia
Hezkuntza
HeziketaHawaiiko Unibertsitatea
Washingtongo Unibertsitatea
Broadway High School (en) Itzuli
Hezkuntza-mailamasterra
Jarduerak
Jarduerakkimikaria eta farmazialaria
Enplegatzailea(k)Hawaiiko Unibertsitatea

Lehen urteak eta hezkuntza

Alice Ball 1892ko uztailaren 24an jaio zen Seattle-n (Washington, AEB), klase ertaineko familia batean. Bere gurasoak James Presley eta Laura Louise (Howard) Ball ziren.[3] Aita egunkari editorea, argazkilaria eta abokatua izan zen.[3] Aitona, James Ball Sr., argazkilari famatua izan zen eta dagerrototipoaren teknika ikasi zuen Ameriketako Estatu Batuetako lehen afrikaramerikarretako bat izan zen.[4] James Ball Sr. Hawaiira joan zen familiarekin 1903an, baina hurrengo urtean zendu zen. Horregatik, bere familiak 1905ean Seattlera itzultzeko erabakia hartu zuen.[4]

Seattlera itzulita, Alice Ballek bigarren hezkuntzako ikasketak egin zituen. 1910ean graduatu zen, zientzietan ohorezko notekin eta Washingtongo Unibertsitatean kimika ikasten hasi zen.[2][5]

Lau urte ondoren lizentziatura edo gradua lortu zuen Kimika Farmazeutikoan eta Farmazian. Hamar orrialdeko artikulua ere argitaratu zuen, bere farmazia irakaslearekin batera, Journal of the Chemical Chemical Society aldizkari ospetsuan: "Benzoylations in Ether Solution" izenburua zuena.[4] Graduatu zenean, Kaliforniako Berkeley Unibertsitatean eta Hawaiiko Unibertsitatean ikasteko beka jaso zuen Ballek[6] eta Hawaiira joatea erabaki zuen kimikako masterra ikastera. 1915ean Estatu Batuetako lehen emakumea eta lehen afroamerikarra izan zen masterra lortu zuena Hawaiiko Unibertsitatean.[1]

Ikerketak

Hawaiiko Unibertsitatean egin zituen graduondoko bere ikasketetan, Ballek Piper methysticum-en (kawa) landarearen osagai kimikoak eta printzipio aktiboa ikertu zituen bere masterreko tesia egiteko.[3] Bere masterreko tesian lanean ari zela, Harry T. Hollmann doktoreak, Hawaiiko Kalihi Ospitaleko mediku laguntzaileak, eskatu zion chaulmoograren olioaren osagai kimiko aktiboak isolatzeko metodoa garatzen laguntzeko.[6] Garai hartan chaulmoogra olioa jadanik erabiltzen zen lepra tratatzeko, baina emaitza zalantzagarriekin. Arazoa honakoa zen: lepradun gaixo gehienek ez zutela denbora luzez olioa hartu nahi, zapore mingotsekoa zelako eta urdaila nahasten zuelako.[4] Ballek prozesu bat garatu zuen chaulmoogra oliotan zeuden gantz azidoen etil esterrak isolatzeko eta, ondorioz, injektagarriak bihurtzeko, baina hil egin zen emaitzak argitaratu aurretik.[4] Arthur L. Dean-ek, Hawaiiko Unibertsitateko kimikariak, Ballen lana jarraitu zuen eta chaulmoograren estraktu injektagarri kantitate handiak ekoizten hasi zen.[4] 1918an, Hawaiiko sendagile batek Journal of the American Medical Association aldizkarian jakinarazi zuen Kalihi Ospitaleko 78 gaixo inguru sendatu egin zirela, injekzioak jaso ondoren.[3][4] Etil ester isolatua lepraren kontrako tratamentu gomendagarriena izan zen 1940ko hamarkadan sulfonan oinarritutako drogak garatu ziren arte.[4]

Heriotza eta ondarea

Alice Augusta Ball 1916ko abenduaren 31n hil zen, 24 urte zituela. Gaixotu egin zen ikerketan ari zela eta Seattlera itzuli zen tratamentua jasotzera, hil baino hilabete batzuk lehenago. Pacific Commercial Advertiser egunkariko 1917ko artikulu batean iradokitzen zen Ballen heriotzaren arrazoia kloro bidezko pozoiketa izan zela, irakasten zuen bitartean gertatua. Hala ere, oraindik ez da ezagutzen heriotzaren benetako arrazoia, izan ere, bere jatorrizko heriotza ziurtagiria aldatu egin zuten, heriotzaren arrazoia tuberkulosia zela adierazteko. [1][6][7]

Bere ikerlari lana laburra izan arren, Ballek tratamentu berri bat sortu zuen Hansenen gaixotasunarentzat (lepra) 1940ko hamarkada arte erabili izan zena. Ostera, Hawaiko Unibertsitateak ez zuen bere lana aitortu ia 90 urtean. Azkenik, 2000. urtean unibertsitateak omenaldia egin zion, bere izena zuen plaka bat jarrita kanpusean zegoen chaulmoogra zuhaitz bakarrean. Estatuko gobernadore ordeak "Alice Ballen eguna" izendatu zuen otsailaren 29a.

2007an Hawaiko Unibertsitateak Ohorezko Domina eman zion.[8][9]

Erreferentziak

  1. Jackson, Miles M. (2007-09-20). "Ball, Alice Augusta (1892-1916)" Online Encyclopedia of Significant People and Places in African American History. .
  2. Brown, Jeannette. (2012). African American Women Chemists. Nueva York: Oxford University Press, 19-24 or. ISBN 978-0-19-974288-2..
  3. Jackson, Miles M. (2004). «They Followed the Trade Winds: African Americans in Hawai'i» Social Process in Hawai'i 43: 168-174. ISSN 0737-6871..
  4. Wermager, Paul; Heltzel, Carl. (2007). «Alice A. Augusta Ball: Young Chemist Gave Hope to Millions» ChemMatters 25: 16-19. ISSN 0736-4687..
  5. Guttman, D. Molentia; Golden, Ernest; African American Diversity Cultural Center Hawai'i. (2011). African Americans in Hawai'i. Charleston, Hego Karolina, AEB: Arcadia Publishing, 15 or. ISBN 978-0-7385-8116-3..
  6. Mendheim, Beverly. (2007 iraila). «Lost and Found: Alice Augusta Ball, an Extraordinary Woman of Hawai'i Nei» Northwest Hawaii Times.
  7. Jackson, Miles M.. (2004). ««They Followed the Trade Winds: African Americans in Hawai'i»» Social Process in Hawai'i (Honolulu: University of Hawai'i Press) 43: 168-174. ISBN ISBN 0-8248-2965-4. ISSN 0737-6871...
  8. Jackson, Miles M.. "Ball, Alice Augusta (1892-1916)" Online Encyclopedia of Significant People and Places in African American History. .
  9. «Alice Ball: Mujeres de la Ciencia» El País.

Bibliografia

  • Cederlind, Erika (29 de febrero de 2008). “A tribute to Alice Bell: a Scientist whose Work with Leprosy was Overshadowed by a White Successor”. In The Daily of the University of Washington.
  • Universidad de Hawái en Manoa. “Ball, Alice Augusta”. ScholarSpace.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.