Ali Hassan Kuban
Ali Hassan Kuban (Aswan, 1929ko abenduaren 29a - 2001) egiptoar kantari, klarinete-jotzaile eta musikagilea izan zen. Zazpi urte zituela, gurasoek Kairora bidali zuten musika ikastera, eta besteak beste, klarinetea eta tar-a ikasi zituen. Gaztetan, zenbait folk taldetan jo zuen, turistentzat gehienbat. Zenbait urtez Kairoko Operako Orkestran jo zuen. 1957an Nubia Banda sortu zuen: tronpeta, saxofoia, klarinetea, akordeoia, gitarra, organoa, laut arabiarra, oud-a, duff-a, ohola eta perkusio afrikar arabiarra taldeez osatua zen banda hura. Berrogei urtean ez zuen musika tresnen egitura aldatu. Bere musika Nubiako musika tradizionalaren, arabiar eta egiptoar musika molde modernoen, eta musika sudandar autoktono eta zaharragoen arteko halako nahasketa bat da, folk nubiar modernoa deitua. Jotzen aritu den mende erdian zehar berrogeita hamar bat kantu besterik ez ditu egin, nahiago izan duelako pieza ezagunak jo eta ezagutarazi, etengabe berriak asmatzen ibili baino. 1960-1980 bitarteko urteetan bera izan zen ezteietara gehien deitzen zuten musikaria; kontuan izan behar da ezkontza arabiar batek sei edo zazpi egun hartzen dituela, eta berrehun-hirurehun lagun etengabe aritzen direla janean eta dantzan. Halako arrakasta zuen, zazpi talde hartu behar izan zituen bere zuzendaritzapean, eskari guztiei aurre egin ahal izateko. Egun berean eta hiri berean jotzeko eskariak zituenean, denak onartzen zituen, eta talde batetik bestera ibiltzen zen bezeroen nahiak asetzen. Mendebaldeko musikarien eragina ere jaso zuen, James Brownena batez ere. Kubanek James Brownen soul-a nubiar esentziarekin nahastu zuen, eta hala sortu ziren jerk-a edo kaf-a. 1993an, Berlinen, ezteietako errepertorioko hamabi abesti grabatu zituen, Walk like a nubian izeneko diskoan. 1995ean, Kairon, Nubian magic argitaratu zuen.
Ali Hassan Kuban | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Aswan, 1929ko abenduaren 29a |
Herrialdea | Egipto |
Lehen hizkuntza | Nubian (en) |
Heriotza | Kairo, 2001 (71 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | arabiera egiptoar arabiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria |
Musika instrumentua | ahotsa |
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.