Alfontso XIII.aren zaldain birakaria
Alfontso XIII.aren zaldain birakaria, Plaiko zubia edo Txakur-txiki zubia[1] Ondarroan dagoen zubia da.
Alfontso XIII.aren zaldain birakaria | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Ondarroa |
Koordenatuak | 43°19′18″N 2°25′13″W |
Historia eta erabilera | |
Diseinua | 1925 |
Irekiera | 1927ko maiatzaren 1a |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Jose Gonzalez de Langarika |
Materiala(k) | metala, harria eta hormigoia |
Dimentsioak | 28 () m |
Gurutzatzen du | Artibai |
Zubibegiak | 2 |
Ondarea | |
EJren ondarea | 28 |
2008ko maiatzaren 15ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
Deskribapena
Jose Gonzalez de Langarika ingeniariaren planoen arabera eraiki zen zubia. Planoak Bizkaiko Foru Aldundiaren Probintzia Batzordeak 1925eko urriaren 14 bileran onartu zituen. Exekuzioak bi obra-unitate nagusi ditu: finkoa den pieza sostengatzailea (harri eta hormigoizkoa), eta pieza mugikor metalikoa, hegada bikoitza duten metalezko saretazko bi erdi dituena. Bi erdi horiek bi bao-erdi isostatiko osatzen dituzte, enbor koniko itxurako harrizko bi oinetan bermatuta. Harroinak ibaiaren ibilguan daude.
Euskarri horien zimentazioa hormigoizko bi zapata kubiko dira, eta horietan bermatuta daude enbor koniko itxurako harrizko bi oinak, 5,40 metro altukoak. Oinek, erremate moduan, 40 zentimetroko erlaitza dute. Harroinen abioko diametroa 3 metro ingurukoa da, eta gailurreko diametroa, 2,50 metrokoa. Harroinak kuxindura duen kareharrizko harlanduz estalita daude.
Ibaiertzeko egungo ibilbidea egin zen arte, hormigoizko egitura baten bidez egiten zuen bat igarobideak eskuineko bazterrarekin. Egitura hori eskuineko ibaiertzeko harkaitzen gainean bermatzen zen, bai eta ibilguko harkaitzean oinarritutako bi pilaretan ere Egitura horrek eusten zion igarobide metalikoarekin kota berean bat egiten zuen hormigoizko igarobideari.
Ezkerreko ibaiertzean, zuhaitzak dituen Nafarroako Zumardia enparantzaren gainean, enparantzako urbanizazioak baranda zirkular batez eta sarbidearen alboetan kokatutako bi idulkiz osaturik zegoen igarobidea hartzen zuen, bertaraino jaisten zena. Sarbidea zubiaren erdi hori irekitzeko beharrezko bira-mugimendura moldatzen zen.
Igarobidearen zati mugikorrak bi zati metaliko ditu, "L" eta "T" itxurako altzairu ijeztuzko saretaz eginak, eta esferaerdiko burudun errematxeen bidez 8 milimetroko xaflei loturik. Sareten azpiko kordoiaren eta goiko kordoiaren arteko lotura egiteko, barra bertikal batzuk ditu, ardazka elkarrengandik 1,75 metrora bananduta, bai eta barra diagonal batzuk ere. Barra diagonalen ibilbideak harroin bakoitzaren bermearen itxurazko luzapena mozten du ardatzaren goiko luzakinean.
Sareten txarrantxak plano horizontalean eta zeharkako plano bertikalean daude, bi-bietan 60ko "L" profilak dituzten San Andresen gurutzeak erabilita.
Sareten beheko kordoiak arku beheratu bat egiten du, gutxi gorabehera 65 metroko erradioko zirkunferentzia duen arku bati dagokiona. Eta horrela, guztira 28 metroko argia duen tartea sortzen da. Saretaren goiko kordoiak, horizontala dirudien arren, arku oso beheratu bat egiten du. Horretan bermatzen da igarobidearen oholtza.
Harrizko harroinen gainean eta sareta-hagen gainean, errodamendu eta engranajez osatutako mekanismoa du igarobideak. Mekanismoa motorraz edo biraderaz abiaraz daiteke, eta, funtsean, pinoi bat birarazten duen kremailera zirkularra da.
Sareta egurrezko oholtza batez estalita dago, eta horixe da igarobidearen zorua. 12 x 10 zentimetroko zurezko habexkak ditu, eta horien gainean iltzatuta 190 zentimetro luze, 20 zabal, eta 3 lodi dituzten oholak. Oholeriaren bi fronteak babesteko burdinurtuzko bi fronte ditu, friso moduan. Frisoa zirkunferentzia nabarmenduz apainduta dago, eta azpian erremate bat du: bozel bat, igarobidean zehar zirkunferentzierdiak marrazten dituena.
Metalezko baranda babesten du igarobidea. Jatorrizko barandak 90 zentimetroko altuera zuen, eta honela egin da zegoen: bi langaluze zilindriko 40 milimetroko diametroko muntaga zilindrikoei lotuta. Langaluzeen eta muntagen arteko loturak galdaketazko lokailu esferikoz eginda zeuden, muntaga bakoitzean bi. Muntagak bermatzeko, galdaketazko harroin karratuak zituen, zubiaren saretari gogor-gogor lotuta.
Igarobidearen barandako muntagen arteko argi librea 162 zentimetrokoa zen, eta berme-harroinak kontuan hartu gabe, 150 metrokoa.
Igarobidea apur bat zabaltzen da ezkerreko harroinaren bertikalaren gainean dagoen zatian, eta han zapalda bat du: han zegoen kokatuta zubia kontrolatzeko zurezko etxola. Etxolak laukizuzen formako oina zuen eta bi isurialdeko sabaia. Hala ere, zubia irekitzeko mekanismoari elektrizitatea gehitzeko asmoz 1931an egindako planoaren arabera, kontrolerako etxolak oin ia karratua zuen, berme-harroinaren ardatzaren bertikalean zegoen kokatuta, eta lau isurialdeko sabaia zuen.
Gaur egun ez dago jatorrizko baranda, ez eta kontrolerako etxola ere.
Zubi Harresia
2013ko maiatzaren 15ean Urtza Alkortaren atxiloketa ekiditeko ehunka pertsona igo ziren zubi honetara. Aurreko egunetan bertan izan ziren, herri harresia bezala ezagutu zen fenomenoan, erresistentzia pazifikoan.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- «Kultura ondarea», Ondarroako Udala.
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |