Alemaniarren ekialderako hedapena

Alemaniarren ekialderako hedapena (alemanez: Ostsiedlung) Erdi Aroan alemaniarrek egindako migrazioa izan zen, egungo mendebaldeko eta erdialdeko Alemaniatik Baltikora eta egungo Poloniara joanez, non baltiarrak eta eslaviarrak zeuden finkaturik.

Alemanieraren garapenaren hedapena 700-1950 bitartean.

Nahiz eta lehendabiziko bavarien eta frankoen mugimenduak IX. mendean hasi, avararrak garaitu ostean, ekialderako hedapen jarraituaren estreinako pausoak XII. mendearen inguruan datatzen dira, batik bat, Saxoniako autoritatea sorbiar eta wendiar zonaldeetan nagusitzean. Prusiar zaharreko konkista babesteko 1220ko hamarkadan gonbidaturik, Teutondar Ordenaren etorrerak Itsaso Baltikoko kokapenak areagotu zituen.

Goi Erdi Aroan, Europa osoan populazioa bizkor hazi zen. Oihanak eta padurak soro bihurtzeak, nahiz eta era masiboan gertatu, ezin izan zuen elikagai aski hornitu. Ostsiedlung prozesuan, alemaniarrak Elba eta Saale ibaiez bestaldean kokatu ziren, non eslaboak bizi ziren. Estirian eta Karintian esloveniarrek okupaturiko lurraldeak finkatu ziren alemaniarrak.

XIV. mendearen erdian hedapen prozesua moteldu zen Izurri Beltzaren ondorioz. Gainera, lurralde emankorrenak eta aberatsenak jadanik okupaturik zeuden. Pomeranian eta Silesian, tokian tokiko buru eslaboek, halaber, euren lurretan kokatzera alemaniar kolonoak gonbidatzen zituzten Erdi Aroaren amaieran. XVIII. mendean ere, Hogeita Hamar Urteko Gerrak Alemaniako populazioa heren batean murriztu arren, alemaniar batzuk Volga ibaiko ertzetan ere finkatzeko gonbidapenari jarraitu zioten.

XIX. mendean, prozesu konplexu honetaz ohartzeak Alemaniako nazionalismoaren aupadarekin egin zuen bat. Horrek pan-germanismoa eta Drang nach Osten (Ekialderako mugimendua) kontzeptuak sorrarazi zituen, zeinek, hein batean, Hitlerren Lebensraum kontzeptura eraman zuten.

Bigarren Mundu Gerran, alemaniarrak Oder-Neisse ibaiez haratago lurraldeetatik kanporatu zituzten. Hori dela eta, egungo alemanierazko mugak X. mendekoak baino txikiagoak dira. Populazio aldaketa horiek Ekialderako Hedapenak sortutako germanizazioa irauli zuten.

Ikus gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.