Alemaniar Ginea Berria

Alemaniar Ginea Berria (alemanez Deutsch-Neuguinea) Alemaniar Inperioaren protektoratua izan zen 1884tik 1914ra. Ginea Berria uhartearen ipar-ekialdea (alemanez: Kaiser-Wilhelmsland) eta gertuko zenbait uharte talde hartzen zituen.

Alemaniar Ginea Berria
Deutsch-Neuguinea
1884  1918
Alemaniako kolonia
Alemaniar Ginea Berriko bandera

Alemaniar Ginea Berriko armarria

Germaniar Ginea Berriko lurrak
Geografia
HiriburuakHerbertshöhe (Kokopo)
Simpsonhafen (Rabaul, 1910tik aurrera)
Ekonomia
DiruaGoldmark
Kultura
Hizkuntza(k)Alemana eta jatorrizko hizkuntzak
Historia
Kolonizazioa1884ko azaroaren 3a
Versaillesko Ituna1918ko ekainaren 28a
Aurrekoa
Espainiar Ekialdeko Indiak
Ondorengoak
Hegoaldeko Ozeano Bareko Agintea
Britainiar Salomon Uharteak
Zeelanda Berria
Ginea Berriko Lurraldea

Lurraldeak

Alemaniar Ginea Berriaren lurralde nagusia Kaiser-Wilhelmsland zen, Ginea Berriaren ipar-ekialdeko zatia, gaur egun Papua Ginea Berriaren zati. Kaiser-Wilhelmslandetik mendebaldera dauden Bismarck uhartediko uharteak ere protektoratuaren barnean zeuden.

Bestalde, Alemaniak Ozeano Barean zituen lurralde gehienak, Alemaniar Ginea Berriaren zati ziren: Salomon uhartediko Buka, Bougainville eta zenbait uharte txiki, Karolinak, Palau, Marianak (Guam izan ezik), Marshall uharteak eta Nauru. Orotara, Alemaniar Ginea Berriak 249.500 kilometro koadroko eremua hartzen zuen.

LurraldeaUrteakEremuaGaur egungo herrialdea
Kaiser-Wilhelmsland1884–1919181.650 km²[1]Papua Ginea Berria
Bismarck uhartedia1899–191949.700 km²Papua Ginea Berria
Buka1899–1919492 km²[2]Papua Ginea Berria
Bougainville1899–19199.318 km²Papua Ginea Berria
Palau1899–1919466 km²Palau
Karolinak1899–19192.150 km²[3]Mikronesiako Estatu Federatuak
Palau
Nauru1899–191921 km²[4]Nauru
Marianak1899–1919461 km²Ipar Marianak
Marshall uharteak1899–1919181 km²[4]Marshall Uharteak
Alemaniar Samoa1900–19192.842 km²Samoa

Historia

1828an Herbehereek Ginea Berriaren mendebaldeko erdia, 141º meridianotik mendebaldera, beretu zuten; baina, 1880ko hamarkada arte, Europako herrialde bakar batek ere ez zituen ekialdeko lurrak bereganatu. 1883an, Queensland britainiar kolonia (Australia), jabetu zen Ginea Berriaren hego-ekialdeaz, britainiar gobernuaren nahien aurka. Horrek Alemaniaren arreta piztu zuen uhartearen hego-ekialdearen gainean, eta 1884ko azaroaren 3an alemaniar bandera jaso zuen Kaiser-Wilhelmslanden, Bismarck uhartedian eta Salomon uharte alemaniarretan. 1885eko urriaren 15ean, Marshall uharteak beretu zituen[5].

1899ko apirilaren 1ean, Alemaniako gobernuak hartu zuen lurralde hauen jabetza, eta lurraldea protektoratu bihurtu zen. Urte bereko uztailaren 30ean Espainiarekin sinatutako hitzarmen baten bitartez, Ozeano Bareko zenbait uhartediren kontrola erdietsi zuen Alemaniak, eta protektoratuari batu zizkion[5].

1914ko irailean, Lehen Mundu Gerra piztu bezain laster, australiar tropek Kaiser-Wilhelmsland eta inguruko uharteak bereganatu zituzten, Karl von Klewitz-ek eta Robert von Blumenthalek zuzendutako erresistentzia labur baten ondoren. Aldi berean, Japoniak Ozeano Bareko gainontzeko uharteak hartu zituen[5].

Gerra ostean, 1919ko Versaillesko Itunaren ondorioz, Alemaniak bere kolonia guztiak galdu zituen, Alemaniar Ginea Berria barne. Hau, Ginea Berriko Lurraldea izena harturik, Nazioen Ligaren mende eta Australiaren administraziopean egon zen, 1949an Papuako Lurraldearekin elkartu zen arte.

Erreferentziak

  1. Mercier, Vincent. Prins Diamant: het tragische verval van een wereldimperium. books.google.es (Noiz kontsultatua: 2016-10-19).
  2. Buka Island. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2016-10-19).
  3. The Pacific War Online Encyclopedia. pwencycl.kgbudge.com (Noiz kontsultatua: 2016-10-19).
  4. Rank Order – Area. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2016-10-19).
  5. Deutsch-Neuguinea. deutsche-schutzgebiete.de (Noiz kontsultatua: 2016-10-19).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.