Alemaniako ekonomia

2018an Alemaniako ekonomia munduko 4. handiena izan zen.

Frankfurt am Main alemaniar finantzen zentroa da.

Alemania da munduko laugarren ekonomia indartsuenaren jabe. Merkatu sistema kapitalista du, baina ongizatearen sistemak orekatua, estatuak gizarte laguntza handiak ematen baititu. Alemaniako Errepublika Federala munduko lehen herri esportatzailea da (hain zuzen ere, esportazioa beti izan da Alemaniako ekonomiaren funtsezko elementua) eta ondasun gehien inportatzen dituen bigarrena. Ahalegin handiak egin ditu Europan ekonomia eta politika batasuna hedatzeko, eta bere ekonomia eta merkatritza politiketan gero eta eragin handiagoa dute Europar Batasuneko kideen arteko hitzarmenek. Gaur egun, Ekialdeko Alemania txertatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du eta ahalegin handiak egiten ari dira haren atzerapena onez eramateko: izan ere, hango nekazaritza (garia, zekalea, patata, azukre erremolatxa, barazkiak, zerrikia), zeinak biztanle aktiboen % 10 hartzen baitzuen, bitarteko mekanikoak berriztatu beharrean dago, eta orobat aldatu beharra dauzka lanaren ohiturak eta kultura. Ekialdeko Alemanian, industria, lignitoari esker garatu dena –horixe baita mea baliabide ugari bakarra (Leipzig, Halle, Lusazian)–, burdingintza eta kimika industriaren mende egon da (Ekialdeko Berlin, Dresden, Leipzig, Chemnitz). 1996an, Ekialdeko Länder-ek aldaketa handiak egin dituzte egokitze eta berriztatze aldera. 1999ko urtarrilaren 1ean, Alemaniak eta Europar Batasuneko beste 10 estatuk, Europako Diru Batasuna jarri zuten abian, truke balioak behin betiko finkatzeko, eta Europako Banku Zentral berriari aginpidea eman zioten eskualde horretako diru politikaren gainean. Europar diru berria, euroa, 2002an bereganatu zuten alemanek.

Nolanahi ere, esportazio politikak emaitza onak ematen dituen arren, Alemaniak baditu konpondu beharreko hainbat arazo ekonomiko, langabeziarena adibidez; 2008an, % 7,3koa zen. Lanpostuak sortzeko neurriak ez dira espero bezain eraginkorrak izan, eta ez dirudi langabezia epe laburrean konponduko den arazoa denik.

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.