Aleksandr Xliapnikov
Aleksandr Gavrilovitx Xliapnikov (errusieraz: Алекса́ндр Гаври́лович Шля́пников; 1885eko abuztuaren 30a – 1937ko irailaren 2a) errusiar militante boltxebikea izan zen[1].
Biografia
Hasierako urteak
1901an, 16 urterekin, Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrataren kide egin zen. San Petersburgo, Murom, Nizhni Novgorod eta Mosku hirietan alderdi-lana egin zuen. 1903an, boltxebikeekin lerratu zen. Ordutik aurrea, hainbat aldiz atxilotua izan zen, bai 1903an bertan, bai 1904an eta 1905ko iraultzan parte hartzearren ere bai. 1907an aske utzia izan zen eta 1908an erbestera joan zen, bai Europan (Frantzian eta Alemanian bereziki, iturri bazuen arabera 1909an Frantziako Alderdi Sozialistako kide egin zen) zein Estatu Batuetan egon zelarik, han boltxebikeen aldeko diru-bilketa egin zuen[1].
Lehen Mundu Gerran
1914tik aurrera Lehen Mundu Gerraren aurkako posizio internazionalista irmoa hartu zuen. 1915tik aurrera, Alderdi Boltxebikeko Komite Zentraleko kide izan zen (1914an Errusiara itzuli zen, baina epe laburrez egon zen Errusian, Alderdiak berriz atzerrira bidali baitzuen atzerrian zeuden errusiar marxistak internazionalismora bil zitezen konbentzitzera). 1914 eta 1916 artean, Xliapnikov Leninen oso gertuko burkidea izan zen; eta Leninen enkarguz, Europa osoko gudaren aurkako sozialistak koordinatzeari ekin zion. 1916an Errusiara itzuli zen, Eskandinavia eta Finlandiatik zehar; Xliapnikovek herrialde horietatik Errusiarako materialen eta abarren mugausletza-sarea eraiki zuen. Sindikalismoan nabarmendu zen, Metal-Langileen Sindikatuko buruetako bat izan zelarik. Xliapnikovek Errusian Alderdi Boltxebikearen egitura berreraikitzen lan egin zuen[1].
Otsaileko Iraultzan
Otsaileko Iraultzako egunetan, Alderdi Boltxebikeko lider ia guztiak erbestean edo kartzelan zeudenez, Xliapnikov izan zen Petrogradeko boltxebikeen zuzendaria, Viatxeslav Molotovekin batera; hori zela eta 1917ko otsailaren 27an bertan Petrogradeko Sobieteko Komite Exekutiboko kide aukeratu zuten, Petrogradeko Sobietaren birsortze-prozesuan parte hartu izan zuen eta (hala ere, egun horietan ezaguna egin zen Xliapnikoven hanka-sartze bat: otsaileko egunetan zehar “ez da iraultzarik eta ez da egongo, ogi pixka bat banatuta manifestazio hauek desegin egingo dira” analisi okerra plazaratu zuen)[1].
1917ko martxoan Alderdi Boltxebikeko Komite Zentraleko bezala berretsi zuten, eta horrez gain, Xliapnikovek Petrogradeko Goardia Gorria eratzen lagundu zuen. 1917ko ekainean, VTsIKeko kide aukeratu zuten. Sindikalgintzan ere nabarmendu zen: 1917ko apirilean Petrogradeko Metalgintza-Langileen Sindikatuko buru aukeratu zuten, eta 1917ko uztailean Errusiako Metalgintza-Langileen buru[1].
Urriko Iraultzan
Urriko Iraultzaren egunetan, sindikatuek iraultzari babesa ematea lortzeko erabakigarria izan zen (batez ere, kontutan izanik egun horietan, sektore batzuetan, batez ere enplegatuen artean, mentxebikeek eta eseristek boltxebikeen kontrako grebak deitu zituztela edo deitzen saiatu zirela). Gainera, Petrogradeko Sobietak (jada boltxebikeen kontrolaren pe) matxinada prestatzeko aukeratutako Komite Militar Iraultzaileko kide izan zen[1].
Urriko Iraultza Sozialistaren ostean, lehen Gobernu Sobietarreko (Sovnarkom) Lanerako Herri Komisario izan zen 1918ko abenduan dimititu zuen arren. Xliapnikov, gobernuan alderdi sozialista ezberdinek koalizioan parte hartzearen aldekoa zen (Kameneven ildoko boltxebikeak bezala), hala ere, negoziazio horiek 1917ko azaroan puskatzerakoan, ez zuen Alderdi Boltxebikeko zuzendaritzatik dimititu (Kameneven ildokoek egin zuten bezala)[1].
Baina beste alde batetik, Lanaren Herri Komisario gisa, neurri gogorren aldekoa izan zen. 1918ko abenduan Gobernua utzi zuenean, Kaspio-Kaukasoko Frontean komisario politiko bezala ibili zen, eta bertatik hornikuntza hirietara bidaltzeko arduradun nagusietako bat izan zen. 1920an sindikatuen buru aukeratu zuten berriz, baina hortik aurrera, alderdiaren politikatik aldenduz joango zen[1].
Oposizioko lider
1920 eta 1921an Langile Oposizioaren korronte “erdi-anarkistaren” buruetako bat izan zen Aleksandra Kollontairekin batera, korronte honek sindikatuen “autonomia” defendatzen zuen. Kollontai zen korronte horretako pertsonarik ezagunena eta identifikagarriena, hala ere, programa Xliapnikovek idatzi zuen. Korronte hau Trotskik eta Bukharinek defendatzen zuten “Lanaren militarizazioaren” erabat aurkakoa zen, baina baita ere alderdiaren politika ofizialaren aurkakoa. Korronte hau garaitua izan zenean, Xliapnikov alderdiaren zuzendaritzatik baztertua geratu zen eta diplomazia-lanean murgildu zen (Alderdi Boltxebikearen X Biltzar Nagusian Xliapnikov Komite Zentraleko kide aukeratu bazuten ere, XI Biltzar Nagusian kanpoan geratu zen)[1].
Azken urteak
1923 eta 1925 artean Frantziarekin merkatal-harremanak egiteko ordezkaria izan zen. 1926 eta 1929 artean Metalloimport enpresako buru izan zen. Horrez gain, 1923 eta 1931 artean bere oroitzapenak idatzi zituen, eta bere oroitzapenez gain, beste lau liburu idatzi zituen. Alderdiaren eta Estatu Sobietarraren kontrako politika zela eta 1933an Alderditik kanporatu zuten, eta 1935ean atxilotua izan zen. 1937an exekutatu egin zuten[1].