Aleksandr Alekhin
Aleksandr Aleksandrovitx Alekhin (errusieraz Александр Александрович Алехин) edota Alexandre Alekhine (berak frantziar herrialdetasuna lortzean bere izena idazten zuen moduan) (1892ko urriaren 31 – 1946ko martxoaren 24a) frantziar gisa nazionalizatu zen errusiar xake jokalaria izan zen, munduko txapelduna zelarik hil zen. Jokalari klasikoen artean bere joko estiloa oldarkorra eta konbinatzailea zen.
Biografia
Bizitzan zorte askorik ez zuen izan, herrialde batetik bestera ihesi ibili behar izan zuelako, horrek bere kirol jardueran eragina izan zuen: Lehen Mundu Gerrak Alemanian xakean jokatzen ari zela harrapatu zuen eta alemaniarrek errusiarra zenez "atzerritar etsaia" izateagatik atxilotu zuten. Errusia eta Alemaniaren arteko preso elkartruke baten ondorioz bere herrialdera itzuli zen, baina Errusiako Iraultzaren ondoren, bere burges jatorria zela eta, boltxebikeek "espioi zuria" izateagatik preso hartu zuten, kondairaren arabera espetxean zela Leon Trotski iraultzailearen bisitak jaso eta harekin xakean jokatu eta adiskidetu ondoren aske gelditu omen zen. Baina komunistek ez zioten nazioartean jokatzerik baimendu eta Sobietar Batasunako txapelketa nazionalak jokatzearekin konformatu behar izan zen.
1921ean Errusiatik atera eta Frantzian bizitzen jarri zen, frantziar herrialdetasuna bereganatuz. 1926an Max Euwe herbeherearra garaitu zuen, eta urte berean bere ibilbide osoko lorpen handiena lortu zuen, New York hirian ordurarte garaitezina zirudien José Raúl Capablanca kubatarra garaitu eta Munduko Xake Txapelketa irabaziz. Balentria horretarako, aurrez Alekhinek Capablancaren partidak eta estiloa sakonki aztertu zituen, aldiz, Capablancak bere nagusitasunean gehiegi konfidatu eta horrek galarazi zuen. Capablancak errebantxa eskatu zion, baina Alekhinek berarekin jokatzeko trukean Capablancak kasik betetzea oso zailak zituen diru baldintzak zizkion, Capablancak diru bilketak egiten saiatu arren ez zen baldintza horiek betetzeko gai izan, ondorioz ez zen bien arteko errebantxarik sekula ere egon. Horrek Alekhine eta Capablancaren etsaitasuna areagotu zuen.
1935ean Max Euwe herbeherearrak Alekhini irabazi eta munduko xake txapelketa kendu zion. Halere, 1937an, Alekhinek berriz ere Euweri irabazi eta munduko xake txapeldunaren titulua 1946an hil zen arteraino mantendu zuen.
Bigarren Mundu Gerrak Alekhine Frantzian topatu zuen, eta alemaniarrek Frantzia bereganatzean Alekhine errusiarra zenez atxilotu egin zuten. Dena den, Hirugarren Reichak munduko xake txapelduna zela ohartu eta alemaniarek okupatutako herrialdeetan barna xake erakustaldiak burutzearen truk aldeko tratua eskeini zioten.
Bigarren Mundu Gerra Alemaniak ez zuela irabaziko ematen hasi zenean, Alekhine Espainiara lekualdatu zen. Garai honetarako jada alkoholismoak bere osasunari kalte egiten hasi zitzaion, gainera egunkari bateko aldizkari bateko izenburuan ere honakoa aipatu zuen: "Bi Mundu Gerrek suntsitu naute".
Bigarren Mundu Gerraren ondoren bere gainbehera etorri zen. Portugalgo Estoril hirian zendu zen.
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Aleksandr Alekhin |
- (Ingelesez) Chessgames
Aurrekoa José Raúl Capablanca |
Munduko Xake Txapelduna 1927-1935 |
Ondorengoa Max Euwe |
Aurrekoa Max Euwe |
Munduko Xake Txapelduna 1937-1946 |
Ondorengoa Mikhail Botvinnik |
Luanda errorea in Modulu:Navbar at line 58:Invalid title Munduko Xake Txapeldunak.