Alejo Carpentier
Alejo Carpentier Valmont (Lausana, Suitza, 1904ko abenduaren 26a - Paris, 1980ko apirilaren 24a) kubatar idazle eta musikologoa izan zen. Herri-ohiturak kontuan hartu zituen idazle barrokoa izan zen, eta Ameriketako eleberrigile handienetakoa. Errealismo magikoaren aitzindaritzat jotzen da. Batez ere, El siglo de las luces eleberriagatik da ezaguna. 1977 urtean, Cervantes saria jaso zuen.
Alejo Carpentier | |||||
---|---|---|---|---|---|
1966 -
| |||||
Bizitza | |||||
Jaiotzako izen-deiturak | Alejo Carpentier Valmont | ||||
Jaiotza | Lausana, 1904ko abenduaren 26a | ||||
Herrialdea | Kuba Frantzia | ||||
Heriotza | Parisko 7. barrutia, 1980ko apirilaren 24a (75 urte) | ||||
Hobiratze lekua | Colón Cemetery, Havana (en) | ||||
Heriotza modua | berezko heriotza: minbizia | ||||
Hezkuntza | |||||
Hizkuntzak | gaztelania frantsesa errusiera | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | idazlea, kazetaria, saiakeragilea, musikologoa, literatura-kritikaria, diplomazialaria, unibertsitateko irakaslea eta argitaratzailea | ||||
Lantokia(k) | Habana Paris eta Caracas | ||||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||||
Jasotako sariak | ikusi
| ||||
Mugimendua | surrealismoa magic realism (en) | ||||
Bizitza
Frantses kulturako giroan hezi zen. Kazetaritzan jardun zuen lehendabizi. Arkitektura-ikasketak egiten hasi zen, baina bukatu gabe utzi zituen. 1924-1928 bitartean, Carteles aldizkariko zuzendaria izan zen, eta La Revista de Avance aldizkariaren sortzaileetako bat, 1927an. Urte hartan, kartzelan sartu zuten ideia ezkertiar nazionalistak zituela eta. Libre utzi zutenean, Parisa egin zuen ihes, non surrealismoa bereganatu zuen. Bertan, 1939 urtera arte egon zen, etaImán aldizkariko zuzendaria izan zen, besteak beste.
Caracasen bizi izan zen 1945tik 1959ra bitartean, eta irratian eta publizitatean lan egin zuen. 1959an, Kubako Iraultzaren garaipena zela eta, bere herrialdera itzuli zen, eta iraultzaileekin bat egin zuen. Geroago, Kubako gobernu iraultzailearen enbaxadore izan zen Frantzian, eta Parisen hil zen, 1980an.
Harreman estua izan zuen Amadeo Roldán musikariarekin eta Nueva Trova Cubana delakoaren lehen kontzertuak antolatu zituen.
Idazlanak
Gazterik hasi zen Kubako tradizio afrikarra aztertzen eta, molde horretako poesia lantzeaz gainera, afrikar musikako kontzertuak antolatu zituen. 1933an idatzi zuen lehen eleberriak (¡Ecué-Yamba-O!, 1933) tradizio hartako balioak adierazi zituen. Eleberriak interes handiago du estilistika-ariketa eta dokumentu gisa, kontakizun gisa baino, eta ez dauka zerikusirik hurrengo lanekin. 1946an, La música en Cuba (1946, Musika Kuban) saiakera eman zuen argitara.
Bere eleberri nagusiak El reino de este mundo (1949, Mundu honetako erreinua), Los pasos perdidos (1953, Urrats galduak) eta El siglo de las luces (1962, Argien mendea) dira. Azken eleberri hori kronika historiko mardul bat da, Karibean kokatua, Frantziako Iraultzak sortu zituen kontraesanen eta indarkeriaren berri ematen duena.
Kontakizun laburrak eta ipuinak ere idatzi zituen, besteak beste, El derecho de asilo (1972, Babes-eskubidea). Haren azken lanak La consagración de la primavera (1978, Udaberriaren sagara) eta El arpa y la sombra (1979, Arpa eta itzala) dira.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alejo Carpentier |
- Euskarari ekarriak: Alejo Carpentier Ekarriak.armiarma.eus