Alejandra Pizarnik
Alejandra Pizarnik (Avellaneda, Buenos Aires, Argentina ,1936ko apirilaren 29a - Buenos Aires, Argentina, 1972ko irailaren 25a) poeta izan zen. Argentinan eragin nabarmena izan du.
Alejandra Pizarnik | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Avellaneda, 1936ko apirilaren 29a |
Herrialdea | Argentina |
Heriotza | Buenos Aires, 1972ko irailaren 12a (36 urte) |
Hobiratze lekua | La Tablada Cemetery (en) |
Heriotza modua | suizidioa: droga-gaindosia |
Hezkuntza | |
Heziketa | Parisko Unibertsitatea Facultad de Filosofía y Letras de la Universidad de Buenos Aires (en) |
Hizkuntzak | gaztelania frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | hizkuntzalaria, eguneroko-idazlea, poeta, itzultzailea, literatura-kritikaria eta idazlea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Genero artistikoa | olerkigintza saiakera |
Bizitza
Flora Pizarnik Bromiker izenarekin jaio zen. Elías Pizarnik zuen aita, eta Rejzla (Rosa) Bromiker ama; errusiar eta eslovakiar jatorriko judu etorkinak, bitxien salerosketan egiten zuten lan. Avellanada hirian hazi zen. Muriam izeneko ahizpa zaharrago bat zuen.
Haurtzaro zaila izan zuen. Gaztelaniaz europar kutsuarekin hitz egiten zuen, eta hitz-motela zen. Akne arazoak eta errez gizentzeko joera zituen. Hori dela-eta, autoestimu baxukoa zen. Bere gorputzarekiko autopertzeptzioa eta ahizparekin etengabe alderatzea obsesio bihurtu ziren. Litekeena da, arrazoi horiengatik anfetaminak kontsumitzen hasi -eta laster menpeko bihurtu-, eta lo-arazoak eduki izana; Alejandrak pertsonalitatearen muturreko desoreka bat diagnostikatu zioten eta insomnioa eta euforia izaten zituen.
1954n, batxilergoa bukatuta, Buenos Aireseko Filosofia eta Letrak Fakultatean sartu zen. 1957. urtea arte ikasle jardun zen, literatura, kazetaritza eta filosofia ikasi zuen, baina ez zituen ikasketak bukatu. Aldi berean, Juan Batlle Planasekin pintura klaseak jaso zituen.
Irakurzale amorratua, irakurritakoarekin ikasten zuen. Horrela, oso goiz, literaturarekin eta inkontzientearekin motibatu zen, eta horrek psikoanalisiaz interesatzera bultzatu zuen.
Apolitikoa izanik, besteak beste, erromantizismoak, surrealismoak, Antonio Porchiaren lirismoak, eta Arthur Rimbaud eta Stéphane Mallarmé frantziar sinbolistek eraginda, Pizarnikek sentsibilitate handiko olerki liburuak idatzi zituen. Gaiak bakardadea, haurtzaroa, mina eta, batik bat, heriotza izaten ziren.
Lehen liburua La tierra mas lejana (1955) izan zuen. Gero etorri ziren La última inocencia, Oscar Ostrov psikoanalistari eskainitako liburua, eta La aventuras perdidas (1958).
1960 eta 1964 artean Parisen bizi izan zen. Cuadernos aldizkariarentzako eta editorial batzuentzat egin zuen lan. Olerkiak eta iritzi-artikuluak idatzi zituen hainbat egunkaritan; Antonin Artaud, Henri Michaux, Aimé Césaire eta Yves Bonnefoy itzuli zituen; eta Sorbonako Unibertsitatean Erlijioaren Historia eta Frantses Literatura ikasi zituen. Han, besteak beste, harremanak izan zituen Julio Cortázarrekin, Rosa Chacelekin eta Octavio Pazekin.
1964n Buenos Airesa itzuli zen, eta olerki bilduma garrantzitsuenak argitaratu zituen: Los trabajos y las noches (1965), Extracción de la piedra de la locura (1968) eta El infierno musical (1971).
1969n Guggenheim beka jaso zuen. Horrela New Yorka bidaiatzeko aukera izan zuen, eta 1971. urtean Fulbright beka bat ere irabazi zuen.
La condesa sangrienta (1971) idatzi zuen.
1972ko irailaren 25n, 36 urte zituela, Buenos Aireseko ospitale psikiatrikotik kanpo asteburua igarotzeko baimena eman zioten, eta bere buruaz beste egin zuen, 50 barbituriko (Seconal) pilula hartuta. Aurretik beste bitan saiatua zen bere burua hiltzen; horregatik zegoen ospitalean.
Avellanedako Güemes kalean monumentu bat du.
Lanak
Nahiz eta bizitza laburra izan, bere lanak ugariak izan dira. Ia mila orrialdeko egunerokoa, olerki asko, idatzi eta ipuin surrealistak, eta nobela laburren bat idatzi zituen.
- La tierra más ajena, 1955.
- La última inocencia, 1956.
- Las aventuras perdidas, 1958.
- Árbol de Diana, 1962.
- Los trabajos y las noches, 1965.
- Extracción de la piedra de locura, 1968.
- Nombres y figuras, 1969.
- El infierno musical, 1971.
- La condesa sangrienta, 1971.
- Los pequeños cantos, 1971.
- El deseo de la palabra, 1975.
- Textos de sombra y últimos poemas, 1982.
- Zona prohibida, 1982. (Olerkiak, asko zirriborroak "Árbol de Diana"n argitaratuko direnak, eta marrazkiak).
- Prosa poética, 1987.
- Poesía completa 1955-1972, 2000.
- Prosa completa, 2002.
- Diarios, 2003.
Euskaraz
- Alejandra Pizarniken egunerokoak itzul.: Danele Sarriugarte Elearazi, 2014
- Esnaera itzul.: Asier Sarasola Hitzen uberan, 2010
Bibliografía
- (Gaztelaniaz) Piña, Cristina, Alejandra Pizarnik, Buenos Aires, 1991.
- (Ingelesez) Unmothered Americas: Poetry and Universality (Alejandra Pizarnik-i buruz, José Lezama Lima, and Giannina Braschi), editorea: Rodriguez Matos, Jaime, PhD, Columbia University, 2005.
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alejandra Pizarnik |
- (Gaztelaniaz) Alejandra Pizarnik