Alde Zaharra (Segura)
Segurako Alde Zaharra Gipuzkoako Goierri eskualdeko Segura udalerriaren herrigune historikoa da.
Segurako Alde Zaharra | |
---|---|
Euskal Herria | |
Gipuzkoa plazaren ikuspegia. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Gipuzkoa |
Udalerria | Segura |
Administrazioa | |
Posta kodea |
|
Geografia | |
Koordenatuak | 43°00′31″N 2°15′10″W |
Demografia |
Alde Zaharra
Segurak hiribildu izaerari ondo eutsi dio eta Gipuzkoako multzo historiko-artistiko ederrenetakoa da, bai eraikuntzen motengatik bai horiek bilbatzen diren moduarengatik. Oinplanoak Erdi Aroko hirigintza-ezaugarriak mantentzen ditu: hiruki-itxurako antolaketa erregularra, iparraldetik sartzeko kale bakarra (Kale Nagusia), eta hortik ateratzen den beste kale bat, Unzurrunzaga. Hori bitan banatzen da, Lardizabal eta Zurbano kaleetan alegia. Kale Nagusia eta Zurbano eta Lardizabal kaleak paraleloak dira eta hiri zaharreko hegoaldean daude. Bi kantoi (Zerain eta Oxinakoak) kale horien perpendikularrean daude, eta zeharkako bideak osatzen dituzte. Hiriko errebala batez ere iparraldean garatu zen, bide zaharraren alboetan.
Hiria harresiz inguratuta egon zen garai batean, eta bost ate zituen. Horien artean nagusi ziren Behekoa (iparraldean) eta Goiko edo Gaztelako Ataria (hegoaldean). Bien bitartean errepidea zegoen, gaurko Kale Nagusian. Beste ateak Zeraingoa (Zubihaundikoa) eta Oxinakoa (Nafarroakoa) ziren, Zerain kantoiko sarreretan zeudenak, eta Oxinakoa, izen bereko kantoiaren ekialdeko muturrean zegoena. Hiri zaharraren inguruetan, mendebaldean, dagoen parrokia-eliza hiriko harresiaren zati bat zen. Gaur egun ez dago harresirik, baina kantoietako hiru atariak kontserbatu dira, baita hormaren zati batzuk ere, gune batzuetan.
Hiri zaharraren barrualdeko etxaldeak bikoitzak dira, eta dagokien karkaba kontserbatu da. Ertzetako etxaldeak, ordea, bakunak dira. Orubeetako batzuk estuak eta sakonak dira, gotiko berantiarrean bezalaxe, baina sute ugarien eragina ere sumatzen da bertan, horiek izan ondoren eraiki ziren etxeetan. Bestalde, populazioa oso astiro hazten zenez, esparru zabalagoak sortu ziren, hala nola Oxina kantoian dagoen San Juan plaza. Hori 1645eko sute handiaren ondoren egin zen, etxalde oso bat desagertzean gelditutako orubeak udalaren esku geratzean.
Eraikinak mota anitzekoak dira, baina batez ere mehelina duten etxeak daude, bi edo hiru solairukoak. Aniztasunak arkitekturaren bilakaera islatzen du: badaude hiriko etxe tradizionalak, 1645eko sutearen ondoren egindako etxe klasizistak (barrokoak), Pizkundeko eta Barrokoko jauregiak eta neoklasizismo eta eklektizismoko adibideren bat.
Hiriko etxe tradizionalak ugari dira. Lursail sakonetan egindako eraikinak dira, zeharkako bi hormarte dituztenak. Suhesi bat daukate mehelin moduan. Fatxadetan bilbadura daukate eta solairuak hegalkinean eginda daude. Kale Nagusiko 12an dagoena, Ardixarra, azpimarratzeko da, horixe baita, agian, Segurako hiri zaharreko etxerik zaharrena. Barroko klasizista ere leku askotan sumatzen da: estilo horretako eraikinak soilak dira, hiriko etxearen eta jauregiaren arteko erdibide bat. Beren fatxadak harlanduzkoak izaten dira, arku itxurako portadekin. Horietako batzuen lursailak Erdi Aroko neurrikoak dira; beste batzuen orubeak zabalagoak dira, Kale Nagusiaren hasierako Balantzegi etxea esaterako, eta horietako batzuk eraikin askeak dira (Ondarra, Latinetxe). Jauregi izeneko jauregiaren estiloa ere barrokoa da, baina apaindura gehiagorekin. Neoklasiko herrikoiari dagokionez, adibideak San Juan plazan eta, batez ere, errebalean ditugu. Eraikin horiek diskretuak dira eta erraz egokitzen zaizkio hiri zaharrari. Eklektizismo historizistaren adierazgarri nagusia Zurbano jauregia da, gaurko Kultura Etxea alegia. Estilo erromantikoaren adibideak ere badaude: Alustiza jauregia (Kale Nagusiaren bukaeran) eta Arrietaenea etxea (Untzurruntzaga kalean).
Hirigunean balio handiko eraikinak hauek badaude, besteak beste:
- Ama Jasokundearen eliza, XVI. mendeko euskal gotikoko adierazgarria. Areto-eliza edo hallenkirche motakoa da, garaiera bereko hiru nabez osatua baitago. Erretaula XVIII. mendekoa da, estilo barroko-rokokoan zizelkatua, eta monumentu izendatua.
- Sorkundetar komentua, antzinako Santa Isabel komentua, 1519an sortua. Bertan XV. mendeko Kristo gurutziltzatu gotiko bat dago, Gipuzkoako zurlan baliotsuenetakoa. Bertako erretaula ere XVIII. mendeko barrokoa da.
- Hainbat ermita dago Seguran eta inguruetan, hala nola, San Andres, Santa Grazi, Santa Barbara eta San Sebastian.
- Ardixarra (edo Don Gartzi etxea), XVI. mendeko zurezko eta troskazko hormarteko etxea, bertako ganbaran Euskal Herrian bakarra den Erdi Aroko Interpretazio Zentroa dago.
- Gebara etxea, XV. mende amaierakoa, Errege-erregina katolikoen etxezainak eraikia.
- Arrue jauregia, Gaztelako portale desagertuaren ondoan eraikitzen hasi ziren XVI. mende hasieran. Garai horretakoa da beheko solairua, erdi-puntuko arkua duena. 1645. urtean, goiko solairuak adreiluekin berregin zituzten, estilo mudejar pizkundetarrean.
- Balentzegi jauregia, XVII. mendekoa.
- Lardizabal jauregia, XVII. mendekoa, Udaletxea dago gaur bertan. José Ignacio Linazasoro arkitekto donostiarrak eraberritu zuen.