Aldamio egitura (hezkuntza)

Aldamio egitura hezitzailea konstruktibismo ikuspegi pedagogikoan asko erabiltzen den kontzeptua da. Aldamio egitura hezitzailea ikasleren bati eskaintzen zaion laguntza da. Laguntza hau, zehazki, ikasle bakoitzari dagokio, erabat pertsonalizatua izan beharko luke, eta hezitzaile batek edo batzuek eskaintzen diote ikasle bakoitzari.

Aldamio egituren metafora erabili ohi da pedagogian, ikasleei nolabaiteko laguntzak eman behar zaizkiela adierazterakoan. Ikaslearen autonomia landu behar da, ikasleak gero eta pertsona independenteagoak izateko helburuarekin.

Hezkuntzan, konstruktibismoan, erabiltzen den ikuspegi honek ikaslea du erdigunea, ez irakaslea. Ikaslea bere ikaskuntzaren protagonista nagusia bilakatzen da, hezitzaileen laguntzarekin, hezitzaileek eskaintzen dioten aldamio egiturarekin. Ikasleak ikasterakoan egin behar dituen ahaleginak direla kausa, ikaskuntza sakona lortzen du.

Aldamio hezitzaileek nahikoa laguntza eman behar dute ikaskuntza sustatzeko, nahikoa baina ez soberan. Ikasleei kontzeptuak eta trebetasunak aurkezten zaizkie eta gehiegizko azalpen edo argibide eman gabe ikaslea bere kabuz hasiko da lanean proiektu batean edo. Aldamio hezitzaile edo euskarri horiek mota askotakoak izan daitezke: eredu onak, baliabide teknikoak, txantiloiak, gidak, tutorialak, audio edo bideo hezitzaileak... , baita trebetasun kognitiboen eta sozialen garapenari buruzko ahozko edo idatzizko azalpen zuzenak ere. Aldamio hezigarriak eskaintzen dira eginkizun bat eskatuz eta ekoizpenak ebaluatuz eta modelatuz, aholkuak emanez, edota eginkizuna behin eta berriro errepikatuz, entrenamendua eskainiz.

Laguntza edo aldamio hezitzaile hauek pixkanaka-pixkanaka kendu egiten dira, ikasleek ikaskuntza autonomoko estrategiak garatzen dituzten heinean, horrela beren ezagutza kognitiboa, afektiboa eta psikomotorra sustatzen da. Ikasleen autonomia sustatzea izaten da helburu nagusietako bat ikuspegi honetan. Irakasleek, hezitzaileek, lagundu egiten diete ikasleei zeregin bat edo kontzeptu bat ikasterakoan laguntza eskainiz.

Aldamio hezitzaileen euskarriek forma asko har ditzakete, hala nola ereduak, zirriborroak, osatu gabeko dokumentuak, irudiak, irakurtzeko dokumentu gomendatuak, infografiak, taulak, grafikoak, komikiak edo galdera giltzarriak. Eta euskarri nagusiak hezitzaileen hitzak eta keinuak izan ohi dira, jakina.

Aldamio egitura hezitzaileen ezaugarriak

Aldamio egiturekin batera pedagogian egin izan den beste metafora bat: makuluak. Makuluak laguntza ematen diote ibiltzeko zailtasuna dagoen bitartean. Helburua1: makulurik gabe ibiltzen lortzea. Helburua2: Korrika egitea.

Aldamioen funtsezko hiru ezaugarri dira ikastea errazten dutenak.

  • Lehenengo ezaugarria ikaslearen eta adituaren arteko elkarrekintza da. Elkarrekintza hori eraginkorra izan dadin kolaboratu egin behar da. (Ikasleak aditu rola ere har dezake, beste ikasle batzuekin; lankidetzazko hezkuntzako ikuspegitik egiten diren proposamenak ez daude ikuspegi honekin kontrajarriak).
  • Bigarrena ezaugarria da ikaskuntza ikaslearen garapen kognitibo hurbilaren eremuan gertatu behar dela. Horretarako hezitzaileak ondo ezagutu behar du ikaslearen garapen kognitiboaren maila zein den eta hezitzaileak ezin izango dizkio ikasleari eskatu bere ahalmen kognitiboetatik kanpo, eta are gutxiago urrutiegi, dauden atazak.
  • Aldamioaren hirugarren ezaugarria zera da, adituak eskaintzen duen aldamioa, laguntza, eta gidaritza, pixkanaka-pixkanaka, desagertu egin behar dutela, ikaslea erosoago bihurtzen den heinean.

Ikasleari ematen zaion laguntza eta eraikuntzan dauden aldamioekin alderatzen da, non aldamioek eraikuntzan ematen duten laguntza "egokia eta denboran mugatua" baita. Ikasleei ematen zaien laguntza eta gidaritzak lana burutzeko behar den ezagutza barneratzea errazten du. Laguntza hau pixkanaka-pixkanaka eskaintzen da, ikasleak beharrezkoa ez duen arte. Ikasle gero eta autonomoagoa izatea lortu nahi da, azkenean pertsona independentea izan arte.

Aldamio egitura hezitzaile eraginkorrak lortzeko

Aldamioak egitura hezitzaileak eraginkorrak izateko, honako kontu hauei egin behar zaie kasu:

  1. Ikasketa-eginkizunaren edo atazaren hautapen egokia: zeregin horrek bermatu beharko luke ikaskideek garatu beharreko gaitasunak erabiltzen dituztela, aldi berean menderatu beharreko gaitasunak askotarikoak baldin badira, hobe. Ikasleari egiteko eskatzen zaion zeregin hori, gainera, ikaslearen interesetatik hurbil egon behar du. Eta ikaslearen ahalmenak nahikoak edo ia-ia nahikoak izan beharko dute zeregina onik burutzeko.
  2. Hezitzaileak ikaslearen hutsegiteen aurreikuspena egin beharko du: eginkizuna aukeratu ondoren, irakasleak akatsak aurreikusi beharko ditu ikasleek zeregin horretan izango dituen zailtasunik nagusienak aurreikusi beharko. Akatsak aurreikusita, aldamioak behar bezala gidatuko ditu ikasleak. Akatsak ez dira zertan saihestu, baina gerta daitezkeen blokeoak bai; balizko blokeoak aurreikusi eta saihesteko eginbeharrak egin beharko ditu hezitzaileak.
  3. Ikasketa-eginkizunetan aldamioen aplikazioa: aldamioak antolatu daitezke "trebetasun sinple bakar bat lortzeko, edo trebetasun dinamiko eta generatibo asko batera sortzeko".
  4. Kontu emozionalak aztertzea ezinbestekoa da: aldamioak ez dira trebetasun kognitibo batera mugatzen eta erantzun emozionalek ere lagundu edo kontra egin dezakete. Edozein atazatan, aldamiogileak, hezitzaileak, kontrolatu egin behar ditu, esaterako, ikasleak jasan ditzakeen frustrazioa, motibazio falta eta interes galerak.

Erreferentziak

    Ikus, gainera

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.