Aldagai estatistiko
Estatistikan, aldagai estatistikoa ikerketa batean jasotako elementuetan ezaugarri bati buruz egindako neurketa edo jasotako datuen multzoa da. Adibidez, pertsonen sexua, adina eta altuera ikerketa bateko aldagai estatistikoak izan daitezke. Estatistikan aldagaien ezaugarriak aztertzen dira banaka (adinaren batezbestekoa, adibidez) edo batera (sexuaren eta altueraren arteko erlazioa aztertuz, esaterako), aldagaian barnehartutako datuetan oinarrituz.
Sailkapena
Aldagaiak nolakoak diren, azterketa estatistikoa ezberdina izaten da (adibidez, sexuari buruz, aldagai nominala denez, ezin da batezbestekoa kalkulatu). Aldagaiak zein motakoak diren behatu behar da, beraz, dagokion azterketa egiteko. Ikerketa burut aurretik, eta heldu nahi diren ondorioen arabera, mota bateko edo besteko aldagaiak planteatu behar dira datuak jasotzerakoan. Ohiko sailkapen, neurtzeko moduaren araberakoa, hau da:
- aldagai kualitatibo edo kategorikoak, atributu ere deituak, kualitate bat (eta ez kopuru edo neurri bat) jasotzen dutenak; adibidez, ikasle baten kalifikazioa (eskas, nahiko, ongi, oso ongi, bikain) eta sexua (neska edo mutil)
- aldagai nominalak, ordena eman ezin daitekeenean (ikasle batek egiten duen gradua, adibidez); horietan, aldagai dikotomikoak bereizten dira, bi kategoria bakarrik jasotzen dituena (sexua: gizon/emakume);
- aldagai ordinalak, kategoria ezberdinak mailakatu daitezkeenean; adibidez, ikaslearen kalifikazioa (eskas, nahiko, ...);
- aldagai koantitatiboak, ezaugarri bat kopuru edo zenbateko batez jasotzen denean (tenperatura gradutan, adibidez):
- tarte-eskala, datu batetik bestera alde absolutua edo "tartea" eman daitekeeenean, baina ez ordea erlatiboa (1 °C-10 °C tartean 9 graduko aldea, baina ezin da esan 10 gradutan tenperatura 10 °C/1 °C=10 aldiz epelagoa denik, tenperatura negatiboak ere badaudelako);
- ratio-eskala, bi daturen arteko alde absolutua zein erlatiboa ("ratioa" alegia) eman daitekeenean (1 Kg eta 2 Kgko bi obejktu harturik, bigarren bi aldiz astunagoa, masak beti positiboak baitira).
Aldagai koantitatiboak honela ere sailka daitezke:
- aldagai diskretuak, aldagaiak zenbakizko balio isolatuak bakarrik hartzen dituenean (seme-alaba kopurua, adibidez);
- aldagai jarraiak, tarte batean edozein balio erreal har dezakeenean (tenperatura).
Aldagai diskretu eta jarraien arteko bereizketak probabilitate teorian da batez ere garrantzitsua, aldagai diskretuak eta jarraiak aztertzeko tresna ezberdinak erabiltzen direlako. Datuak grafikoki irudikatzean ere, diagrama ezberdinak erabiltzen dira.
Aldagai ezberdinen arteko erlazioak aztertu behar direnean, aldagai hauek bereizten dira:
- aldagai independenteak, bere balioak ikertzaileak berak kontrolatu edo beste aldagai baten mendean ez daudenean;
- aldagai dependenteak, bere balioak aldagai independenteak hartzen dituen balioen mendean dagoenean. Adibidez, ikasketa ordu kopuruaren eta kalifikazioaren arteko erlazioa aztertzean, ikasketa ordu kopurua aldagai independentea eta kalifikazioa dependentea.