Aldizkari
Aldizkaria, agerkaria, albistaria, berripapera edo errebista maiztasun finkoa duen argitalpen idatzia da,[1] eta argitaratze-maiztasun horren arabera hartzen du izen zehatzagoa: astekaria edo kazeta, hamaboskaria, hilabetekaria, bihilabetekaria, hiruhilabetekaria edo urtekaria, adibidez. Magazinak gai multzo zabala jorratzen duten aldizkariak dira, irudiekin eta dibulgaziorako. Gai zehatzak lantzen dituzten aldizkari berezituak ere badira. Egunkariak bezala, aldizkariak kiosko eta liburu-dendetan saltzen dira paperean, eta Internetez edizio digitalean.
Informazio orokorra eskain dezake edo gai edo espezialitate bati buruzkoa izan: kirolak, ekonomia, natura, zientziak, jantziak, literatura eta abar.
Motak
Aldizkariak faktore ezberdinen arabera sailkatu daitezke: gaia (sukaldaritza, kirola, politika, erlijioa, denbora-pasa...), zuzentzen den adin tartea edo generoaren arabera (umeak, gazteak, helduak, gizonak, emakumeak...), alor profesionalaren arabera (zientzia, zuzenbidea, ekonomia...) eta abar.
Munduan
- Bild
- Billboard
- France Football
- Muy Interesante
- National Geographic
- Newsweek
- Le Nouvel Observateur
- Playboy
- Rolling Stone
- Der Spiegel
- Sports Illustrated
- Time
- Vogue
Euskal aldizkarigintzaren historia
Euskaraz egindako argitalpen hedatuenak gaur egun Argia eta Nabarra dira, informazio orokorra ematen dutenak.
Espezializatutakoen artean, ordea, Elhuyar zientzia eta teknologia, Entzun! (musika), Bertsolari eta Ostiela! (umorea).
Bestela, tokian tokiko aldizkari ugari daude kalean, Topaguneak koordinatutakoak.
XIX. mendea
Euskarazko kazetaritzaren lehen urratsak almanakak eta egutegiak izan ziren, obratxo haien helburua, besteak beste, informazioa ematea ere izaten baitzen.
1815ean agertu zen lehena, Ulibarri arabarraren eskutik, Egunari eusquerascoa izenburupean. Bizkaian, Josef Gorosabelek Eusquerasco pronosticua argitaratu zuen 1858 eta 1859an, eta Ferija principalac celebretan dirianac iru Provencijac onetan dira onechec zuen mintzagai nagusi.
Gai beraren inguruan, 1865ean, Euscaldun necazarien adisquidea eta guiaria kaleratu zen Tolosan. Erakusten zituen atalen artean denboraldiak, tenporak, eklipseak, feriak, nekazaritza… aipatzen ziren. Lan literarioren bat ere azaltzen zen halako egutegietan. Serafin Barojak, esaterako, bi egin zituen. Lehenengoa Santo Tomasco Feriya izenekoan agertu zen, 1877an. Hurrengoa, bi urte geroago, Almanaque bilingüe para el año 1879.
Euskararen agerpena prentsan, dena dela, ez zen almanaketara soilik mugatzen. El Correo del Norte donostiarrak, 1834an, nekazariak liberalen ideietara hurbiltzeko asmotan, euskarazko zenbait testu inprimatu zituen.
Iparraldean 1848an kaleratu zen euskara hutsean eginiko lehen kazeta. Agosti Xahoren eskutik Uscal Herrico Gaseta izenarekin plazaratu zen. Xahok berak L’Ariel eta Le Républicain de Vasconie aldizkariak —bakartzat hartu beharrekoak, numerazio jarraitua baitute— bultzatu zituen. Hasiera batean Gaseta L’Arielen gehigarritzat hartua izan bazen ere, ez zen horrelakorik, aparte saltzen baitzen. Iritzia eta informazioa zubereraz argitaratzen zuen.
Urte berean, 1848an alegia, Jean Baptiste Etcheberryk Escualdun laborarien adiskidea almanaka argitaratu zuen Baionan. «Egunari edo almanaka hunen egileak ez du bertze xederik baizen ongi egitea eskualdun populu ainhitz maite duenari, guziei ahalaz kontseilu onen emaitea» zuen helburu. Izan ere, une hartan zurien («girixtinoak») eta gorrien («erlijionearen kontrakoak») arteko borroka pil-pilean zegoen.
1852an, Pauen, Egunari berria edo Conseillu oneco almanaca errepublikazalea argitaratu zen. Errepublikaren aldekoak –gorriak alegia– ziren, era berean, 1879ko Almanaca berria edo egunaria, 1885eko Almanaka berria, 1885eco urthecoa edo 1888ko Almanach berria izenekoak. Xuriek, bonapartistek, ere beren almanaka kaleratu zuten, Escualdun almanaca edo egunari berria, 1885 eta 1886an agertu zena, Joan Piarres Duvoisinek zuzendua.
Bi jarrera politikoak erradikalizatuz joan ziren, eta, horren ondorioz, bi astekari ezagunen sorrera gauzatu zen: Le Réveil Basque gorrien aldekoa eta Eskualduna xuria.
Le Réveil Basque Pauen zegoen talde errepublikazale batek bultzatu zuen. Elebiduna zen –frantsesez eta euskaraz idazten zuten– eta astero kaleratzen zen. 1886an plazaratu zen lehen alea eta sortzailea Martial Henri Berdoly politikaria izan zen. Helburua nekazarien botoa eskuratzea zen eta, bertako orrialdeetan adierazten zenez behin eta berriro, errepublika aldarrikatzen zuten, erlijioaren eta euskalduntasunaren etsai izan gabe. Mezu politikoaz gainera, nekazaritzari buruzkoak eta berri laburrak ere bazetozen, guztiak behe-nafarreraz eta zubereraz. 1894an kaleratu zen azkeneko aldiz.
Errepublikazaleen aldizkariari aurre egitearren, 1887an, Baionan, Eskualduna –Escualduna hasieran, Eskualdun ona tartean– astekaria argitaratu zen. Louis Etxeberri politikariak sortu zuen eta xurien proiektu horrek etsaienak baino askoz gehiago iraun zuen, 1944an kaleratu baitzen azken alea. Eskualdunaren eragina handia izan zen Iparraldean, laborariengan bereziki, pentsamolde bat finkatu zuelako. Hasieran frantsesez eta euskaraz agertzen bazen ere, euskararen presentzia % 90 izatera iritsi zen, lapurtera eta behe-nafarrera erabiliz. Arnaud Pochelou izan zen lehen zuzendaria baina Jean Hiriart-Urrutirekin, bigarrenarekin alegia, lortu zuen astekariak gailurra jotzea: 10.000 irakurle. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri gehienetako berriak biltzen zituen, eta Euskal Herriko albisteak ez ezik bestelakoak ere zabaltzen zituen, ideologia bertsuko Le Courrier de Bayonne egunkaritik jasotakoak gehienak. Fedea eta nekazaritza –Laborarier zen bizitza osoan iraun zuen atalaren izena– izan ziren astekariaren bi ardatz nagusiak.
Iparraldeko zein Hegoaldeko euskaldun asko, bestalde, Ameriketara joan ziren XIX. mendearen erdialdean. Han euskaldunen topagune garrantzitsu batzuk sortu zituzten, euskal nortasuna gordetzearren, eta Montevideon, Argentinan, Kuban edo Estatu Batuetan gune indartsuak eratu ziren. Haien helburuetako bat hizkuntza ez galtzea zen, eta, horretarako, besteak beste, euskarazko aldizkariak argitaratzeari ere ekin zioten.
1878an, Argentinan, Laurac Bat argitaratu zen, euskaraz oso gutxi zekarrelarik. Buenos Airesen, 1893an, La Baskonia kaleratu zen, euskararen agerpena zertxobait handiagoa zela. Euskara hutsez Estatu Batuetan azaldu zen lehenengo aldizkaria. Iparraldeko euskaldunen eskutik Escualdun Gazeta plazaratu zen 1885ean eta California-ko Eskual Herria 1893an, biak Los Angeles en inprimatuta. Ondoren beste zenbait aldizkari argitaratu zen, beti testu batzuk euskaraz idatzita: Argentinan La Euskaria, Euzkotarra, Nación Vasca, Mexikon Euzkotarra, Uruguain Euskal Herria, Estatu Batuetan Aberri.
Hegoaldeari begira, 1878an, Iruñean, Arturo Kanpionek zuzenduriko Revista Euskara urtekaria kaleratu zen. Kultura alorrean lan handia egin zuen. Haren helburua «gordetzea, galtzera utzi gabe, ta edatzea aldaiteken guzian euskarazco mintzairoa» zen. Ildo beretik, 1880an, Jose Manterolak Euskal Erria literatur hamabostekaria argitaratu zuen Donostian. Gaztelaniaz eta euskaraz idazten bazuten ere, tarteka frantsesa ere erabiltzen zen. Maila zientifikora, bestalde, igo zuen euskara Julio de Urquijok, 1907an Parisen eta ondoren Donostian Revista Internacional de los Estudios Vascos (RIEV) aldizkaria plazaratu zuenean. Urquijok aitzindari bat izan zuen, Alemanian –Berlinen– 1889tik argitaratzen zen Euskara filologia-aldizkaria. Han, euskarari buruz Europako filologo garrantzitsuenek egindako lanak zeuden, eta Urquijok espiritu harekin jarraitu nahi izan zuen, RIEVen gaztelania, frantsesa, euskara, alemana, ingelesa, portugesa edota arabiera irakur zitekeela.
Gerra zibilaren aurreko kazetaritza
1908an, Gregorio Mujikaren zuzendaritzapean, Euskal Esnalea aldizkaria argitaratu zen Tolosan, izen bereko elkarteak bultzatuta. Euskararen aldeko euskaltzaleak bildu nahi izan zituen eta erakunde ireki bat antolatu. Aldizkariak hainbat atal jorratzen zituen: hizkuntza, erlijioa, historia, irakurgaiak, ipuinak, berriak, etab. 1911tik aurrera Euskalerriaren alderen euskarazko gehigarria izan zen.
Kazetaritza politikoak ere bere esparrua eratu zuen, batik bat Sabino Aranaren eskutik. 1893an Bizkaitarra aldizkaria argitaratu zuen «Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra» goiburuarekin.
Bi urte iraun zuen eta, 1895ean, Baserritarra astekariak bete zuen aurrekoaren lekua. Euskarari buruzko pentsamolde abertzalea erakusten zuen: «Euskereari eutsi egixube zeuen Abenda ta odolaren izkerea dalako». Aranak euskararen berpiztea abertzaletasunaren sorrerarekin lotzen zuen, eta bere ideologiak ez zuen etenik izan: La Patria (1901-1903), Patria (1903- 1906), Aberri (1906-1908) eta Aberrija (1908). Bestalde, lurralde bakoitzean aldizkari abertzale bana argitaratu zuen: Gipuzkoan Gipuzkoarra, 1907an; Bizkaitarra Bizkaian, 1909an; Araban, Arabarra sortu zen 1912an eta Nafarroako Napartarra 1911n agertu zen –haren jarraitzaileak La Voz de Navarra eta Amayur izan ziren–. Lau orrialdeko astekariak izaten ziren, eta euskarak % 10 betetzen zuen. Lau lurraldeetako aldizkari haien ondoren, eta abertzaletasunaren gorakada nabarmena zenez, Euzko Alderdi Jeltzaleak egunkari bat argitaratzea erabaki zuen: Euzkadi. 1913an kaleratu zen lehen zenbakia, Bilbon, eta 10.000 ale saltzera iritsi zen garairik onenean. Ebaristo Bustintza Kirikiño izan zen euskarazko atalaren zuzendaria eta Aranaren hizkuntza-eredua erabili zuen. 1915ean, euskarak bi atal betetzen zituen, «Egunekoa» eta «Euzko Abendaren Elez» izenekoak.
Aldizkari politiko-kulturalak ere agertu ziren. 1907an, esaterako, Bilbon, JEL hamabostekaria kaleratu zen eta 1916an, Euzko Deya sortu zen, Bilbon hau ere. Euskara soilik erabiltzen zuen, eta bertan lehen komiki sorta kaleratu zen, Teles eta Niko.
Abertzaletasunaren inguruan, aipatutakoez gainera, foruen alde lan egin zutenen artean Euskalerria elkartea aurkitzen zen. Elkarte horrek, 1896an, Euskalduna izeneko astekaria kaleratu zuen Bilbon. Bertan Aranzadik, Arrese Beitiak eta aurrerantzean garrantzi handia izango zuen Resurrección Maria Azkuek idatzi zuten. Azkuek, Aranaren hizkuntza-eredutik gero eta urrutiago, Euskalzale aldizkari ezaguna argitaratu zuen 1897an. Euskara hutsean idatzita zegoen, eta lehen aldizkari modernoa izan zen. Kultura eta informazioa, iritziak, ipuinak, olerkiak, testu zaharrak… agertzen ziren, irudi eta argazkiz hornituta. Idazle askoren laguntza lortu zuen: Karmelo Etxegarai, Urruzuno, Dodgson, Mokoroa, Txomin Agirre, etab. 1900ean desagertu zen, gobernadoreak ezarritako baldintzak onartu nahi izan ez zituelako Azkuek. Hala ere, 1902an, Azkuek berak eraginda, Ibaizabal euskara hutsezko astekaria kaleratu zen Bilbon.
Ibaizabalek Euskalzaleren jarraitzaile izan nahi zuen, baina bazen alderik bien artean: Ebaristo Bustintza zuzendariaren aholkuz, euskara errazago bat erabili zen, ahalik eta jende gehienak irakur zezan, gipuzkera eta bizkaiera euskalkiez baliatu ziren, Azkueren gipuzkera osotua paperetara eraman gabe, ez zen irudirik agertzen, etab. Azken batean, kazetaritza-eredu bati hasiera eman zion, zenbaitetan ondorengo Argia aldizkariak jarraituko zuena.
Erlijioak eta nekazaritzak, bestalde, bazuten berriak euskaraz –gutxi edo gehiago– zabaltzeko biderik. Iparraldean San Frances Terziaren Hilabethekaria (1911) eta San Francesen Deia (1912) agertu ziren. Hegoaldean Irugarrengo Prantzisko’tarra (1913), Irugarrengoen Irakaslea (1917) eta Aranzazu (1921) hilabetekariak kaleratu ziren. Haiekin batera, Jaungoiko-Zale (1912) eta Zeruko Argia (1919) ezagunak argitara eman ziren. Nekazaritzari zegokionez, berriz, Gipuzkoan Gipuzkoako Nekazaritza (1903) eta Baserritarra (1904) kaleratu ziren, Bizkaian Bizkai-Aldundijaren Abeluin-Baso-Ingurtija (1919) plazaratu zen bezala.
1920ko eta 1930eko hamarkadetan euskarazko kazetaritza, informazioari dagokionez bereziki, gailurrera iritsi zen. Euskara erabiltzen zuten zortzi aldizkari zeuden 1919an, zazpi 1921 eta 1930ean, bost 1931n eta bederatzi 1932an. 1918an Eusko Ikaskuntza sortu zen, eta bere gain hartu zituen hiru aldizkari: Eusko Ikaskuntzaren Deia, Anuario de Eusko Folklore eta lehenagoko RIEV. Eusko Ikaskuntzaren eskutik, bestalde, sortu zen Euskaltzaindia, 1919an. Azkue izan zen lehenengo lehendakaria eta Euskera zen erakundearen aldizkaria, Pierre Lhandek zuzendua. Lanak euskaraz ez ezik, gaztelaniaz eta frantsesez ere argitaratzen ziren. Hasiera batean Donostian plazaratzen bazen ere, geroago Bilbon izan zuen egoitza. Euskaltzaindiari lotuta ere, Euskaltzaindiaren Laguntzalleak Deia aldizkaria agertu zen 1934an, ardatza euskararen irakaskuntza zelarik.
Gerra aurreko kazetaritzan, hala ere, aldizkaririk iraunkorrena –eta eraginkorrena, agian– Argia izan zen. Argia Azkueren Euskalzale eta Ibaizabal aldizkariek jorratutako bideetatik abiatu zen, eta Iparraldeko Eskualduna zuen ereduetako bat. 1921ean argitaratu zen lehen alea, Donostian, eta Gerra Zibilak eman zion amaiera. Argiaren helburuak, hasiera batean, euskara suspertzea, nekazaritzaz arduratzea eta fedea eta kristautasuna mantentzea ziren. Egutegi bat kaleratzen zuten, Argia’ren Egutegia izenekoa, eta umeentzat ere komiki bat agertu zen 1927an, Txistu. Idazle askok hartu zuen parte Argian –Aitzolek, Lizardik, Irujok, Leizaolak, etab.– eta hamar orrialde izatera iritsi zen, argazki ugariz beteta. Argiakoen egitasmoetako bat, dena den, euskara hutsezko egunkari bat kaleratzea zen, baina urte batzuk igaro behar izan zuten amets hura bete ahal izateko.
Aldizkari informatiboetan, prentsa abertzaleak bi aldizkari garrantzitsu argitaratzen zituen: Euzkadi (1913) eta Euzko (1932). Euzkadi gaztelaniaz eta euskaraz kaleratzen zen, eta euskarazko atalak Orixe eta Lauaxetaren esku egon ziren. Euzko euskara hutsez plazaratzen zen astekaria izan zen, eta, nolabait esan, jeltzaleek euskarazko egunkaria sortzeko egin zuten lehen saiakera. Hizkuntza-eredua aranatarra zen, neologismoz betetako bizkaiera. Iparraldean, jeltzaleen ideologiatik gertu, Aintzina aldizkari elebiduna sortu zen 1934an, Piarres Lafitteren eskutik. Lafittek berak, bestalde, zuzendu zuen 1944an agertu zen Herria astekaria –ez nahastu 1921ean Jean Barbier kazetariak sortutako Gure Herria kultura aldizkariarekin–, Eskualduna urte hartan bertan itxiarazi baitzuten.
Euskararen alorrean lan egiten zutenen ahaleginak, bada, norabide berean zihoazen. Gauzatu nahi zen helburua euskarazko egunkari bat argitaratzea zen. Eta egoera ezin larriagoan gertatu zen hura, gerra zibila piztu zenean. Ordura arte kaleratzen ziren euskarazko aldizkariak itxi egin zituzten: Nafarroan Amayur eta Zeruko Argia, Araban Gure Mixiolaria, Gipuzkoan Antzerti, Anuario de Eusko Folklore, Argia, El Día, Eusko langille, Igandeko Orria, Poxpolin eta Yakintza, Bizkaian Ekin, Euskera, Euzkerea, Karmen’go Argia eta Txistulari. Aitzitik, aldizkari berri batzuk sortu ziren. Euskal Gobernuak Euzko Deya kaleratu zuen 1936an, eta egunkari ofizial bat legeak eta arauak gaztelaniaz eta euskaraz argitara emateko, Euzkadi’ko Agintaritzaren Egunerokoa.
Egoera hartan, 1937ko urtarrilaren batean kaleratu zen Eguna, euskarazko egunkariaren lehen alea. Euzkadiren inprimategian hasi zen egiten eta Euzkadiren euskarazko orrialdearen jarraipentzat hartua izan zen. Informazio iturria Euzkaditik eta Euskal Gobernutik zetorkion. Gerrako informazioa ez ezik, bestelakoak ere ematen zituen, eta egunkari-taxua zeukan. Bizkaieraz eta gipuzkeraz idazten zuten, eta halako batasun- eta kazetaritza-estilo bat finkatzea lortu zuten. 1937ko ekainaren 13an kaleratu zen Egunaren azken zenbakia. Javier Díazek dioen bezala, handik gutxira, faxistek Bilbo menderatu zuten, eta Euskal Gobernuaren historia hor bertan bukatu zen. Neurri haundi batean, euskarazko kazetaritzaren historiaren garai bat ere bai. Euskal kulturarako bide bakarra, eta kazetaritzarako ere bai, erbestean zegoen[2].
Aldizkariak (1834-1937)
Almanakak (1848-1934)
Egutegiak (1815-1933)
Urtekariak (1877-1932)
1939-1960 bitartea
Gerra aurreko kazetaritzak gerra garaian jo zuen gailurra. Oparoa izan zen mugaz bi aldeetan bizi izan zen garaia, Espainiako Gerra Zibilak eta Bigarren Mundu Gerrak suntsitu zutena.
Gerra osteko Francoren diktadurak isilaldi luzea ekarri zuen euskarazko hezkuntza, kultura, liburugintza… zein beste edozein arlotara. Ezin zen euskaraz hitz ere egin kalean. Askok erbesterako bidea hartu zuten: Ipar Euskal Herrira, Europara edota Ameriketara. Beste askok, Espainiako gerratik ihesi, Bigarren Mundu Gerra ere ezagutu zuten. Garai nahasiak, aldaketa politiko sakonak… horrek guztiak ondorio latzak utzi zituen euskal kazetaritzan ere. Euskarazko egunkari guztiak –eta erdarazkoak, Estatu berriaren aldekoak ez baziren– desagertu egin ziren, eta, haien ordez, erregimenaren aldeko komunikabideak ezarri ziren.
Baionan, 1939an, erbesteratuek kazeta berri bat argitaratu zuten: Euzko Enda. Urtarrilean kaleratu zen lehen alea Comité Basque de secours aux réfugiés talde eragileari esker. José Javier Leguía buru zela, bertan idatzi zutenen artean Jose Migel Barandiaran, Ixaka Lopez Mendizabal, Jesus Maria Leizaola, Basarri, Joseba Zubimendi, Orixe… aurkitzen ziren.
Gerra bukatu zenean, 1939an, zenbait euskal apaizek Anayak aldizkaria kaleratu zuten Parisen. Frantsesez eta euskaraz idazten zuten, besteak beste, Arzubiagak, Gabriel Manterolak edota Santi Onaindiak. Batzuk Frantzian bizi ziren bitartean beste batzuek Ingalaterratik bidaltzen zituzten beren lanak. Sei ale argitaratu ziren guztira.
Bien bitartean Iparraldean, Baionan hain zuzen, Eskualduna astekari arrakastatsuak biltzen zituen mugaz bestaldeko euskaldun gehienak. Urrunago, Parisen, Eusko Jaurlaritzak, propaganda eta informazioa zabaltzearren, Euzko Deya argitaratzen zuen. Bi aro ezagutu zituen, Bigarren Mundu Gerrak etenaldia ekarri baitzuen. Frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz idazten zutenen artean, Ixaka Lopez Mendizabal, Xabier Mitxelena, etab. zeuden. Nazien aldeko gobernua osatu zenean Vichyn, Eusko Jaurlaritzaren egoitza itxi egin zuten, eta aldizkariaren amaiera ekarri zuen horrek.
Gerra Zibilaren ondoren euskaldun asko Ameriketara joan zen. Bigarren Mundu Gerra ostean ere beste hainbatek hara jo zuen. Horrek euskaldunen topaguneak sortzeko aukera eman zuen, eta, horrenbestez, 1941-42an esate baterako, Txileko Santiagon Bernardo Estornes Lasak Batasuna aldizkaria argitaratu zuen, ia guztia gaztelaniaz idatzita bazegoen ere. 1943an Mexikon beste Euzko Deya bat jaio zen, Eusko Jaurlaritzak babesturik. Erdara zen nagusi aldizkari horretan: gaztelania Mexikon, frantsesa Parisen, ingelesa Londresen. Mexikon ere hasi zen argitaratzen, 1942an, alderdi komunistaren Alkartu izeneko hilabetekaria. 1945etik aurrera, Okzitaniako Tolosan jarraitu zen argitaratzen, eta beti zatiren bat agertzen zen euskaraz, «Euzkel atala» izenburuarekin.
1944an, Eskualduna desagertu berriaren jarraitzaile izateko asmotan, Herria aldizkaria sortu zen. Astekari katolikoa izan nahi zuen, baina aurrekoaren pentsamolde erradikaletik urrun. Piarres Lafitte izan zen lehen zuzendaria eta fedea, euskara eta nekazaritza ziren astekari honen gai nagusiak. 1950eko hamarkadan gailurra jo zuen: % 90euskaraz zetorren, frantsesari tarte bat utziz legea betetzearren. 10.000 ale argitaratzera iritsi zen, egunkari baten egituraz eta argazki ugariz hornitua.
Bigarren Mundu Gerra bukatuta, askatasunaren itzala poliki-poliki zabaltzen joan zen, Europan batez ere. Egoera horretan zenbait aldizkari kultural eta politiko argitaratzen hasi ziren. New Yorken, esaterako, euskara hutsezko bat kaleratu zen 1946an, Argia –gerra aurrekoarekin zerikusirik ez zuena–, eta bertan gai politikoak zein kulturalak irakur zitezkeen. Berri politikoak biltzen zituztenen artean, Parisko Euzko-Deya, Alderdi eta Oficina de Prensa de Euzkadi zeuden.
Alderdi politikoek ere beren aldizkariak kaleratu zituzten: Eusko Abertzale Ekintzak gerra aurreko Tierra Vasca plazaratu zuen, eta komunistek Euzkadi Roja. Aldizkari kulturalen artean, Ikuska —gerra aurreko Eusko Folklore eta Anuario de Eusko Folklore aldizkarietan oinarritua—, Jakintza edota Gernika aipa daitezke.
Aldizkari erlijiosoak ere bere tokia izan zuen. 1945ean frantziskotarrak Anaitasuna kaleratzen hasi ziren, euskara batuaren alde lan sakona eginez. Iparraldean, berriz, hiru aldizkari agertu ziren: Etchea, Gazte eta Oiarzuna. Hirurek kutsu erlijiosoa zuten, lehenaren zutabea familia izanik. Parisen, 1948an, Elgar izeneko aldizkaria argitaratu zen bigarren aldiz, lehenengoz 1934an kaleratu baitzen. Frantsesez eta euskaraz idazten zuten, eta bertako talde eragilearen helburua Parisa joaten ziren euskaldunak hain bizkor ez frantsestea zen.
Donibane Lohizunen, 1945ean, talde bat osatu zen Gernika izenekoa –zerikusirik ez zuena Barandiaranen izen bereko taldearekin–. Mugimendu apolitikoa eta askotarikoa izan nahi zuen. Ideologia ezberdineko jendea bildu zen talde honen inguruan eta 1948an Gernika aldizkaria argitaratzen hasi ziren. Rafael Pikabearen zuzendaritzapean Lafittek, Barandiaranek, Orixek, Ixaka Lopez Mendizabalek, Mirandek, Iratzederrek, Basarrik, Villasantek, Krutwigek… idatzi zuten bertan, era guztietako arloez: artea, olerkigintza, literatura, filosofia, filologia, etab.
Hegoaldean, kultura eta literatura lantzen zituen aldizkaririk ere sortu zen garai hartan. Hain zuzen, 1948an gaztelaniaz eta euskaraz hasi zen plazaratzen Egan ezaguna eta, urtebete geroago, 1949an, hain garrantzitsua izan zen Euzko Gogoa sortu zen erbestean, Ameriketan munduratu eta Iparraldean jarraitu zuena. Egan aldizkaria hasiera batean Real Sociedad Bascongada de Amigos del País erakundearen boletinaren gehigarri gisa plazaratzen zen. 1948an poesia eta literatura testu batzuk hasi ziren euskaraz argitaratzen eta 1953tik aurrera euskara hutsean kaleratzen zen aldizkaria, Koldo Mitxelenaren lan isilari esker. Literatura ez ezik, itzulpenak, zinemari buruzko kritikak, hitzaldiak, iruzkinak, etab., azaltzen ziren.
1949an Jokin Zaitegi Euzko Gogoa, kultura-argitalpen garrantzitsuenetakoa –agian garrantzitsuena–, hasi zen argitaratzen Guatemalan. Bederatzi urtez euskara hutsezko bihilabetekari horrek eragin handia izan zuen 50eko hamarraldian, euskal kulturan oro har eta euskal kazetaritzan bereziki. Zaitegirekin batera, Andima Ibiñagabeitiak eta geroxeago Orixek «euskararik gabe ez dago Euskal Herririk» goiburuarekin jardun zuten. Egitasmo nagusia euskara berpiztea zen, eta helburu horren inguruan euskal kulturako eta politikako lagun asko aritu zen: Seber Altube, Telesforo Monzon, Jose Migel Barandiaran, Jon Mirande, Txillardegi, Villasante, Krutwig, Jose Antonio Agirre lehendakaria… Guatemalatik Miarritzera aldatu zuen Euzko Gogoak bere egoitza, bigarren aro bati (1956-1959) ekinez. Garai hori izan zen, hain zuzen, eraginkorrena, filosofiaz, historiaz, erlijioaz, etab., idatzi arren literaturarako joera zen nagusi.
Hurrengo hamarraldian, 50ekoan alegia, euskal kazetaritzak indar berriak erakutsi zituen. Gorago aipatutako Egan eta Euzko Gogoa aldizkariez gainera, zenbait arlotako argitalpenak kaleratu ziren. Erlijio-munduari dagokionez, frantziskotarren Anaitasuna aldizkariarekin batera, karmeldarrak Karmel hasi ziren argitaratzen, mugaz bestaldeko Beloken Othoizlari agertu zen, kaputxinoek Zeruko Argia plazaratzeari berrekin zioten, Egiz, Egi billa, Elkartasuna, Arnas, Laiaketan… kalean ziren, eta, nola ez, 1956an hasi eta egun ere argitaratzen den Yakin –Jakin orain– aldizkari ezaguna ere aipatu behar da.
Politikaren esparruan ere, aipatutako Euzko-Deya, Alderdi, Oficina de Prensa de Euzkadi, Tierra Vasca edo Euzkadi Roja aldizkariez gainera, hortxe zeuden Mexikon inprimatutako Euzko Izketa edo komunisten Euzkadi Obrera edota Caracasen Frente Nacional Vascok argitaratzen zuen Irrintzi.
Kultura arloan, bestalde, 1939an desagertu zen Gure Herria Iparraldeko aldizkaria berriro argitaratu zen 1950ean –Jean Etxepareren lanak ikus daitezke bertan–. Bordeleko Eskualdunen Biltzarrak Agur kaleratu zuen 1953an eta Baionako Ikas eta Bilboko Bizi nai ere ezagutzera eman ziren. Haiekin batera bi aldizkari agertu ziren euskara berriro goi-mailako kulturaren mundura igo nahi izan zutenak: Mitxelenaren adorez argitaratu zen Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo eta sendotzen ari zen Euskaltzaindiaren Euskera.
Beste hainbat alorretan ere hasi ziren agertzen euskarazko aldizkariak: tokian tokiko berriak ematen zituztenak (Eibar, Ondarribi’ko Izparrak, Gure Erria, Sirimiri zornozano…), nekazaritzaz arduratzen zirenak (Artzai Deya, Luberri, Goiz Argi…), haurrei zuzendutakoak (Pottolo, Umeen Deia…), eta abar.
Gerra osteko euskal kazetaritzaren ibilbide luze horrek, bada, garratza eta samina izan bazen ere, aurrera jotzen jakin izan zuen
Aldizkariak (1939-1969)
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindiaren hiztegiak Agerraldi tarte jakinez argitaratzen den izkribu inprimatua bezala zehaztuta, 2021-01-14an eguneratua
- Javier DÍAZ NOCI: Euskarazko prentsa XX. mendean (1919-1937) Euskara.euskadi.net