Alberto Jiménez-Becerril

Alberto Jiménez-Becerril Barrio (Sevilla, Espainia, 1960ko abuztuaren 12a – ib., 1998ko urtarrilaren 30a) Espainiako Alderdi Popularreko politikaria izan zen. ETAk hil zuen 1998an.

Alberto Jiménez-Becerril


Andaluziako Parlamentuko kidea

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAlberto Jiménez-Becerril Barrio
JaiotzaSevilla, 1960ko abuztuaren 12a
Herrialdea Espainia
HeriotzaSevilla, 1998ko urtarrilaren 30a (37 urte)
Heriotza moduaatentatua
giza hilketa
HiltzaileaEuskadi Ta Askatasuna
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Alderdi Popularra

Biografia

1998ko urtarrilaren 30ean ETAk Alberto Jiménez-Becerril Barrio eta Ascensión García Ortiz hil zituen. Alberto Historia eta Zuzenbidean lizentziaduna zen eta, hain zuzen, fakultatean ezagutu zuen Ascensión.[1] 1983an Alberto Alderdi Popularraren Sevillako Idazkari Nagusi izendatu zuten eta 1987an Sevillako zinegotzi bilakatu zen.[2] Horrez gain, Andaluziako Parlamentuko diputatua izan zen 1989 eta 1990 artean eta, aldez aurretik, Sevilla Futbol Taldeko zuzendaritzaren kidea ere izan zen.[3] 37 urte zituela hil zuten. Ascensión, Albertoren emaztea, abokatu bulego batean lan egiten zuen, auzitegiko prokuradore gisa. Hil zutenean, 39 urte zituen, eta hiru seme-alaba (lau, zazpi eta zortzi urtekoak) Albertorekin.

Hilketa

Alberto Jiménez-Becerrilek hamabi urte zeramatzan Sevillako udaletxean lan egiten Alderdi Popularreko zinegotzi moduan, eta, une horretan, bere alderdikide Soledad Becerril zen hiriko alkatea. Alberto, hiriko alkateordea eta Ogasuneko udal-ordezkaria zen.

1998ko urtarrilaren 30ean, ETAko kide batek Jiménez-Becerril eta bere emaztea, Ascensión García Ortiz Sevillako auzitegiko prokuradorea, hil zituen Sevillako alde zaharreko kale batean. Goizeko ordu bata zen eta bikotea etxera bueltatzen ari zen.[4]

Hilketa honek atsekabe handia sortu zuen hiri osoan eta 45.000 pertsona inguru igaro ziren euren hil-kaperatik. Elena infanta izan zen hileten burua.[5]

Jiménez Becerril Fundazioa

Biktimen memoria betikotzeko xedez, Sevillako udalak Terrorismoa eta Bortizkeriaren aurkako Alberto Jiménez-Becerril Fundazioaren sorrera bultzatu zuen, 1999ko abenduaren 17an osatu zena.[6][7]

2014ko martxoaren 11n, Terrorismoaren Biktimen Europako Egunean, fundazioak terrorismoaren aurkako plaka bat jarri zuen Plaza de la Encarnación enparantzaren lore-sail batean, Gandhiren aipu batekin: “Ez dago bakerako biderik, bakea da bidea”. Leku horretan bertan, olibondo bat landatu zuten.[8] Era berean, 2015eko abenduaren 28an, bigarren plaka bat jarri zuten José Laguillo eta Arroyo kaleen arteko gurutzagunean dagoen plaza baten loreontzi batean, Enrique Barrero poetaren bakeari buruzko bertso-lerro batzuekin.[9]

Beste aintzatespen batzuk

Torneo de Sevilla kalearen luzapena Alberto Jiménez-Becerril etorbidea izendatu zuten eta kale horri lotzen zaion beste bati Procuradora Ascensión García izena eman zioten.

Hilketa jazo zen tokian harrizko plaka bat kokatu zuten gertakariaren oroigarri moduan. Udaletxearen Colón aretoaren sarreran, halaber, Alberto eta Ascensionen brontzezko bi busto daude eta Trianako San Jacinto kalean azulejo bat dago euren oroimenean.  

Ikus, gainera

Erreferentziak

Bibliografia

  • (Gaztelaniaz) MERINO, A., CHAPA, A., Raíces de libertad, egilea editore, 2011. 169-177 orrialdeak. ISBN 9788461506484
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.