Albrecht Dürer
Albrecht Dürer[1] (Nurenberg, Bavaria, 1471ko maiatzaren 21a - Nuremberg, 1528ko apirilaren 6a) Alemaniako Pizkundeko artistarik ezagunenetakoa izan zen, garai hartako Italiako maisu gailenen parean jar daitekeen pintore bakarra. Flandriako pintoreen teknikak ongi menderatzen zituen artista zen; Italiako moldeak ere bereganatu, eta pinturari eta grabaketari buruzko ikerketa teorikoak egin zituen. Geometria eta proportzio matematikoen inguruko zaletasun handia erakutsi zuen bere margolanetan. Haren obrak eragin handia izan zuen XVI. mendeko Herbehereetako eta Alemaniako artistengan.
Albrecht Dürer | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Nurenberg, 1471ko maiatzaren 21a |
Herrialdea | Duchy of Bavaria |
Bizilekua | Venezia Nurenberg |
Talde etnikoa | alemaniarra |
Heriotza | Nurenberg, 1528ko apirilaren 6a (56 urte) |
Hobiratze lekua | Johannisfriedhof (en) |
Familia | |
Aita | Albrecht Dürer the Elder |
Ama | Barbara Dürer |
Ezkontidea(k) | Agnès Dürer |
Anai-arrebak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | Goi Erdi Aroko alemana alemana |
Irakaslea(k) | Albrecht Dürer the Elder (en) Michael Wohlgemuth |
Ikaslea(k) | |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, grabatzailea, matematikaria, illuminator (en) , copper engraver (en) , art theorist (en) , marrazkilaria, ilustratzailea eta exlibrist (en) |
Parte-hartzailea
| |
Lantokia(k) | Nurenberg Venezia Basilea Estrasburgo Colmar Frankfurt am Main Mainz Kolonia Innsbruck Bolonia Milan Florentzia 's-Hertogenbosch Arnemuiden (en) Baarle-Nassau Bergen op Zoom Goes Heerewaarden (en) Middelburg Nijmegen (en) Oisterwijk Sittard (en) Stokkum, Gelderland (en) Tilburg (en) Veere Zaltbommel Zierikzee (en) Anberes Malinas Erroma eta Wittenberg |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Influentziak | Michael Wohlgemuth eta Jacopo de' Barbari (en) |
Mugimendua | German Renaissance (en) |
Genero artistikoa | erretratua margolaritza erlijiosoa allegory (en) margolaritza historikoa margolaritza mitologikoa genero-margolana Autorretratua animal painting (en) paisaia margolaritza |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Luteranismoa |
Bizitza
Gaztaroa
Nurenbergen lanean ari zen zilargin hungariar baten semea zen, eta Dürer zilarra eta urrea lantzen hasi zen aitaren lantegian. Garrantzi handiko ikasbidea izan zuen, gerora diseinatzaile eta grabatzaile gisa nabarmentzeko aukera eman ziona; grabatuak izan ziren, hain zuzen, Dureroren lanik aipagarrienetakoak. Bere lehen obra artistiko handia, Autorretratua, 1484. urterako osatu zuen. 1486an. Michael Wohlgemuth margolari eta grabatzailearen lantegian hasi zen ikasle, xilografiak egiten batez ere, eta han bereganatu zituen Herbehereetako artearen ezaugarriak, Jan van Eyckenak besteak beste, eta germaniar tradiziokoak (Hans Pleydenwurff).
1490. urtean, Flandesera jo zuen; han, marra zehatza eta konposizioaren legeak ikasi zituen (Aitaren erretratua, 1490). Flandesen bertan izan zuen Andrea Mantegna italiar pintorearen naturalismoaren berri, eta urrundu egin zen aurreko irakasleen molde gotiko zaharkituetatik (Autorretratua senargai-jantzian, 1493, Mendebaldeko pinturako lehen autorretratua). 1494ko uztailaren 7an Agnès Freyrekin ezkondu zen.
Italiako lehen bidaia
1494 aldean joan zen lehen aldiz Italiara, eta bertan ezagutu zituen garai hartako artista handienen obrak; bidaia hark eragin handia izan zuen bere koadro, marrazki eta grabatuetan. Pizkundea Italiako mugimendutzat hartua zen eta gainerako herrietako artistak, alemaniarrak esaterako, antzinako arteari loturiko apaingile soiltzat hartzen ziren. Dürerrek arte joera berrien ikerketa sakona egin zuen eta estetikaren ikusmolde berriak bereganatu zituen, mendeku gisa edo. Horrela, garai hartan egin zituen obra gehienak Italiako artelanen egokitzapenak dira, Andrea Mantegna, Antonio Pollaiolo, Giovanni Bellini eta abarren kopiak. Baina italiar artistez gainera, arreta berezia eskaini zion Italiako paisaiari eta argiari (Landa ikuspegia, 1495, Ashmolean Museum, Oxford). Pizkundeko izpiritua nola beretu zuen garbien erakusten duen obra Autorretratua da (1498, Pradoko museoa, Madril), jaioterrira itzuli ondoren margotu zuena.
1495ean antolatu zuen Nurenbergen bere pintura eta grabatze lantegia, eta bertan hasi zen kobrea lantzen. Ordutik aurrera iritsi zuen haren heldutasun aroa. Lan ugari egin zuen, germano-flandriar eta italiar estiloak bateratu zituen eta ikonografian halako eklektizismo bati heldu zion: erretratu humanistak, Bibliako gaiak, alegoria filosofikoak eta satirak egin zituen. Nurenbergen, erretaulez eta erretratuez gainera, grabatuak egin zituen batez ere; grabatua giza gorputzaren lanketara hurbiltzeko tresna gisa erabili zuen eta proportzioen teknika landu zuen, Pizkundeko legeei jarraituz (Adan eta Eva, 1504).
Margolanetan eta marrazkietan baino beranduago arte antzeman zitzaizkion Azken Gotikoko ezaugarriak grabatuetan, baina joera gero eta joera klasizista eta humanistagoa hartu zuen, adibidez, Apokalipsia (1498) hamalau xilografiez osaturiko sail ikusgarrian eta zazpi xilografiez osaturiko Pasio Handia sailean (1498 ingurukoa). Ama Birjinaren bizitza xilografia sailean eta mende hasierako pinturetan (Magoen gurtza, 1504, Uffizi Galeria) aipagarria da geometriaren nagusitasuna, espazioarekiko kezka eta baita xehetasun bitxi edo errealistekikoa ere; perspektibaren eta proportzioen ikerketa bikainak dira. 1500. urte ingurua izan zen arte gotikoko ezaugarrien eta Pizkundekoen arteko etena nabarmentzen hasi zen garaia; Pizkundeko joera betekoak dira, esaterako, Oswolt Krelen erretratua (1499, Alte Pinakothek, Munich), Nurenbergeko aristokraziako zenbait kideren erretratuak, Gizon gaztearen erretratua (1500, Alte Pinakothek, Munich) etab.
Italiako bigarren bidaia
1505eko udazkenean, artista gisa heldutasun beteko garaia zuenean eta grabatugile ezaguna zela ordurako, Italiara joan zen berriro 1507ko negua arte. Aurreko bidaian bezala, Venezian igaro zuen denbora gehiena.Giovanni Belliniren obrak erakarri zuen batez ere, eta haren eraginez erretratu gozoak, leunak egin zituen 1505-1507 bitartean; eskola desberdinek perspektibaren arazoari zein irtenbide eman zioten aztertu zuen. Joera manieristak agertu ziren kolore guztiz biziek argiturik egin zituen oholetan. Garai hartakoa aipagarria du, besteak beste Errosarioaren festa (1506, Galeria Nazionala, Praga) ordu arteko bilakaeraren amaiera eta sintesia dena, eta Adan eta Eva (1507, Pradoko museoa, Madril), formaren ideal klasikoaren sekretu matematikoaren bilaketaren emaitza bikaina. Kolorea nagusitu zen Hirutasun Sainduaren Gurtza obran ere (1511, Kunsthistorisches Museum, Viena).
Italiako bigarren bidaitik itzuleran pinturan murgildu zen buru-belarri eta matematika ikasten jardun zen, harik eta 1509an berriro grabatuak egiten hasi zen arte. Printzipio klasikoak erabiltzen jarraitu zuen eta konposizio handiagoak egiten hasi, adibidez Hamar milen martirioa (1508, Kunsthistorisches Museum, Viena) eta Hirutasunaren gurtza (1511, Kunsthistorisches Museum, Viena). 1507-1513 urteen artean Nekaldia saila osatu zuen, brontzezko grabatuez, eta 1509-1511 bitartean Nekaldi txikia, zur gaineko grabatua, egin zuen; espazio zabalak eta lasaitasuna dira obra horietan nagusi. 1513-1514 urteetan hiru maisulan egin zituen: Zalduna, heriotza eta deabrua, San Jeronimo bere estudioan eta Malenkonia grabatuak; aditu batzuen ustez hirurak batera hartu beharra dago. Dürerek bere artea gorenera eramateko asmoz egindako obratzat jotzen dira, formak eta giroa bikainak eta aberatsak dira, eta klasikotasunaren perfekzioa ageri dute.
Enperadoreen zerbitzuan
1512. urtean Maximiliano enperadorearentzat hasi zen lanean, 1519 arte. Garai hartako artista germaniar ospetsuenekin batera jardun zuen, eta 92 xilografia, karroza bat, Orduen Libururako animalien akuarelak eta hainbat erretratu, adibidez Maximiliano I.a (1519, Kunsthistorisches Museum, Viena), egin zituen haren zerbitzuan. 1518an Lutero ezagutu zuen eta asko hunkitu zuen aita santuaren indulgentzien salmenta zela-eta emandako hitzaldiak.
Maximiliano hil ondoren, Herbehereetara abiatu zen 1520. urtean, haren ondorengo Karlos V.aren zerbitzura. Anberes, Brujas, Gante eta abarretan ibili zen, eta garai hartako pintore nagusien obrak ezagutu ahal izan zituen (Quentin Metsys, Bernaert van Orley, Lucas van Leyden) eta XV. mendeko maisuenak orobat: Rogier van der Weyden, Hugo van der Goes, Jan van Eyck. Garai hartako irudietan xehetasunez beteriko marrazki errealistakoak dira nagusi, Herbehereetako pintura eskolaren izpirituarekin lotura handia dutenak, esaterako Ama Birjina, Umea eta Santa Anarekin (Metropolitan Museum of Art, New York) eta Bernhart von Reesenen erretratua (Gemaldegalerie, Dresden).
Azken urteak
1521ean itzuli zen Nurenbergera, osasun arazoak zirela-eta. Azken urteetan pintura obra gutxi egin zituen, nahiz eta badiren garai honetako erretratu grabatu batzuk; bereziki interesgarria da Lau apostoluak deituriko margolana (1526, Alte Pinakothek, Munich), Erreforma protestantearen eta erlijio joera berrien kutsua ageri duena. Lan teorikoak, zientifikoak eta ilustrazioak egin zituen batez ere (Neurtzeko moduei buruzko irakasketa, 1525; Gotorlekuei buruzko tratatua, 1527; Giza gorputzaren neurriei buruzko tratatua, 1528). Obra handi batean bildu nahi izan zituen bere ikerketa teorikoak (Margolari gazteentzako bazka), baina atal batzuk bakarrik eman ziren argitara, Dürer hil ondoren.
Lanak
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018/2/21 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.