Albeldako Kronika
Albeldako Kronika (latinez: Chronicon Albeldense edo Codex Conciliorum Albeldensis seu Vigilanus) egile izenik gabeko eskuizkribu bat da, latinez idatzia, 881. urtean amaitua. Hainbat testu ditu: Toledoko kontzilioen kanonak, Liber Judiciorum bisigodoa, Mahomaren bizitzari buruzko istorioa, egutegi bat eta, Mendebaldean lehendabizikoz, arabiar zifren aipamena eta irudikapena.
Chronicon Albeldense | |
---|---|
Codex Vigilanusen Toledotarrak | |
Datuak | |
Idazlea | Vigila (en) (881) |
Generoa | Agirien bilduma |
Hizkuntza | Latina |
Herrialdea | Iruñeko Erresuma |
Euskaraz | |
Izenburua | Albeldako kronika |
Deskribapena
Kronika historikoek ohi duten formatuan, Antzinateko eta Hispaniako gertakariak kontatzen ditu. Bisigodoen Erresumaren azken garaia, musulmanen konkista, Omeiatar Kaliferria eta Asturiasko Erresumaren sorrera aztertzeko gorde diren iturri bakanetako bat da.
Rodako Kronikarekin eta Sebastianen Kronikarekin batera osatzen duen multzoa alfontsotar kronikak izenaz da ezaguna.[1]
Antza denez, Dulcidius edo Dulcidio izena zuen elizgizon batek egina da, erregeak berak gainbegiraturik. Honegatik, Asturiasko Erresumaren azken hamarkadetako joera godozalea igartzen zaio.
Erromaren historia kontatzetik hasten da, Errege bisigodoengandik igaro eta, azkenik, Asturiasko erregeez hitz egiten du, Pelaiogandik hasi eta Alfontso III.a Asturiaskoa arte.
Lehen bertsioa 881. urtean bukatua da. Geroago 882. eta 883. urteei buruzko bi lerrokada luze erantsi zitzaizkion. Kronika, azken urte horretako azaroan amaitzen da.
Albeldakoa izena San Martin Albeldakoaren monasterioko kodexetik datorkio (Albelda de Iregua, Errioxa). Horrez gainera, Vigila edo Vigilán monjeak kopiatu zuen, eta 976. urteraino jarraitu, eta hortik Kodex vigilano izena (Codex Conciliorum Albeldensis seu Vigilanus).[2][3]
Eskaintzen dituen berri jakingarrien artean, Albeldako Kronikak dakar Mendebaldean arabiar zifrei egindako lehen aipua eta irudia (zero zenbakiarenak izan ezik).
Kronikaren bertsiorik osoena Historiaren Espainiako Errege Akademian dago: 951. urtearen inguruko eskuizkribu bat da, lehenago Donemiliaga Kukulako monasterioan gordea.
Erreferentziak
- Zum Neogotismus und den Zusammenhängen zwischen den Chroniken des Zyklus siehe Jan Prelog, Die Chronik Alfons’ III., Frankfurt 1980, S. CXLIII-CLXIII (Überblick über die ältere Forschung ebd. S. XLVI-LXXIX); Bonnaz S. LXXXVIII-XCIII; Bronisch (1998) S. 371-395
- Bishko, Charles Julian. (1948ko urria). «Salvus of Albelda and Frontier Monasticism in Tenth-Century Navarre» Speculum 23 (4): 559-590..
- Sánchez-Albornoz, Claudio. (1967). El autor de la Crónica llamada de Albelda. in: Investigaciones sobre historiografía hispana medieval. Buenos Aires: Bonnaz S. LIX-LX, 66-79 or..
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Kronikaren latinezko kopia.
- (Gaztelaniaz) Albeldako kodexaren edizio faksimilea.
- (Gaztelaniaz) Juan Gil Fernández, José Luis Moralejo eta Juan Ignacio Ruiz de la Peña Solar, Crónicas asturianas, Universidad de Oviedo (Publicaciones del Departamento de Historia Medieval, 11), 1985. Albeldako Kronikaren gaztelaniazko itzulpena.