Albaola Itsas Kultur Faktoria

Albaola Itsas Kultur Faktoria Gipuzkoako Pasai San Pedro herrian dagoen ontziola museoa da. Bertan Albaola Elkartea XVI. mendeko San Joan baleontziaren erreplika zientifikoa eraikitzen ari da jendaurrean, garaiko teknikak eta materialak erabiliz.[1][2][3] Hori dela eta, 2015ean baleontziaren eraikuntza prozesuak UNESCOren babesa lortu zuen.[4] 2018an zehar 63.000 bisitari jaso zituen.[5]

Albaola
Albaola Itsas Kultur Faktoriaren ikuspegia. Irudi gehiago
Map
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Euskal Autonomia Erkidegoa
Arkitektura
Deskribapena
Irekitze data2014
ZuzendariaXabier Agote Aizpurua
Webguneahttp://www.albaola.com/

Ternuako ur hotzetan XX. mendeko bukaeran euskal itsasontzi baten hondarra aurkitu zuten. Ontziaren hondar horiek eta garai haietako Gipuzkoako agiri zaharrak aztertuta, San Joan baleontziarenak zirela jakin zuten, ekaitz batek badia hartan hondoratu zuena.

XV. menderako euskaldunak balea- eta bakailao-arrantzan ibiltzen ziren, eta arrantza-postu aurreratuak kokatu zituzten Labradorren eta Ternuan. Horietatik handiena Red Bayn izan zen: 900 lagun inguru zituen, eta urtero 15 baleontzi ibiltzen ziren.[6] Badia hartan aurkitu ziren San Joan baleontzi haren hondarrak. Egun, Red Bay herrian Euskal Herriko Baleazaleen Museoa dago, San Joan baleontzitik berreskuratutako txalupa bat erakusten duena.

Albaola Elkartea Xabier Agotek sortu zuen 1997an Ameriketan. Maineko The Rockland Apprenticeshop eskolan XIX. mendeko arrantzarako euskal traineru bat eraiki zuten 1998ko urtarrila eta maiatza bitartean. Euskal Herrira ekarrita, portuz portu ibili zen trainerua 29 egunez, etapa bakoitzean herriko arraunlariekin (guztira 350 izan ziren). Orduan sortu zen Albaola elkartea, traineruaren donazioa jaso eta zainduko zuen erakunde bat sortu behar zen eta.[7] Geroago Red Bayn aurkitutako hondarrak aztertu eta San Joan baleontziaren erreplika bat egiteko proiektua sustatu zuen.

Euskal baleazaleen txaluparen aztarna Red Bay museoan.

Apaizac Obeto espedizioa 2006an antolatu zen Kanadan Euskal Herriko baleazaleek Ternuan eta San Laurendi ibaian zehar utzitako arrastoak berreskuratzeko. Beothuk izeneko traineru tradizional batean nabigatu zuten. Kanadar itsas arkeologoek Labradorreko ur hotzetan aurkitutako balea-txalupa zaharraren erreplika bat zen, Albaola elkarteko kideek Pasaian eraiki zutena. 2006an liburu bat argitaratu zuen Jon Maiak espedizioaren kronikarekin, eta 2011n film dokumental bat zuzendu zuen.[8][9]

Museoa

Museoan hiru espazio bisitatu daitezke: euskal baleazaleen historiaren erakusketa, arotzen lantegia eta San Joan baleontziaren egitura.

Museoa asteartetik igandera irekita dago 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, eta paneletako azalpenak laueledunak dira (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa), baina beste 20 hizkuntzatan ere irakur eta entzun daitezke azalpen horiek norberaren telefono mugikorrean.[10]

Euskal baleazaleen historia

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko baleazaleak»

XVI. mendearen inguruan Euskal Herrian nola bizi zen erakusten da San Joan baleontziarekin harremana zuten jarduera ekonomikoen eskutik. Nola eraikitzen zituzten baleontziak? Nondik lortzen zituzten lehengaiak? Zura, belak, sokak, bikea (zura iragazkaitz bihurtzeko likidoa)... Zer eramaten zituzten bidaia luze horietan jan eta edateko? Arrain-kontserbak, fruituak, lekaleak, ura, sagardo asko (eskorbutoa ez harrapatzeko prebentziorik onena zen eta)... Nola janzten ziren? Arropak, oinetakoak... Zer tresna eta lanabes baliatzen zituzten? Poleak, arpoiak...

« San Joan galeoiak hiru estalki ditu, hori berrikuntza izan zen Europa osoan. Amerika deskubritu berria zen, bidaia transozeanikoak hasi ziren orduan eta edukiera handiko ontziak behar zituzten. Ternuan bederatzi hilabete ematen zuten. Eramaten zituzten jatekoak, baleak ehizatzeko txalupak eta balearen gantzaz koipea egiteko labeak muntatzeko materialak. Handik 1.000 edo 2.000 olio-barrika ekartzen zituzten. Barrika bakoitzaren prezioa gaur egun 5.000 euro izango zen. Hemen ere Indietara joateko galeoiak egin zituzten. Ni espazio-karrerarekin konparatzen dut. Gaztela inperio boteretsuena zen, eta euskal kostaldean zeukan itsas-teknologia zentroa. Ontziola hauek NASA ziren, eta Pasaiako portua, Cabo Cañaveral, hemendik abiatzen ziren salmerkantzia amerikarren bila joaten ziren koheteak.  »

Xabier Agote[5]

1985ean Labradorrera 1. euskal espedizioan bale-ehizaren aztarnen bila joan ziren hamar ikerlari. San Joan baleontzia agertu berri zen tokitik mila gutxira dagoen uharte batera, Belle Ile itsasestura. Ikerlari horietako bat Miren Egaña hizkuntzalari eta etnografoa izan zen.[11][12] Haren ikerlanak topa daitezke toponimian,[13] Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoan,[14] euskal arrantzaleek Kanadan utzitako hizkuntz aztarnetan,[15][16] eta Ternuako euskal hilarriez egindako argitalpenetan.[17]

Arotzen lantegia

Baleontziaren erreplika eraiki ahal izateko behar diren zurezko pieza guztiak lantegi honetan prestatzen dira jendaurrean, garaiko teknikak eta materialak erabiliz.

San Joan baleontziaren erreplika

Sakontzeko, irakurri: «San Joan baleontzia»
Gila, txopa motza, branka eta lehenengo barengak eta zuakerrak jarrita, 2015eko otsailean.
San Joanen branka eta txopa 2024ko martxoan.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: San Joan baleontziaren erreplika

2013an Red Bayko euskal baleazaleen gunea Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk[18]. Urte berean, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren programaren parte, itsasontziaren erreplika bat egiteko lanean hasi ziren Pasaian. Hasierako helburua 2016an itsasontzia Europan hizkuntza gutxituak dituzten herrietatik ibiltzea zen, enbaxada gisa[19]. Itsasontzia egitea baino, prozesuari eman zioten garrantzia: antzinako tresna berberekin egin nahi zuten, erreplikak prozesua ere biziberritu zezan, eta galtzen ari ziren hainbat ogibideren inguruko dokumentazioa egiteko asmoarekin. Esteban Gozategi izan da arotz lanetan aritu dena, ofizioa aitarengandik ikasi zuen ontzigilea[20]. Era berean, baleazaleen industrian garrantzitsuak ziren elementuak ere indartu nahi zituzten, hala nola egurgintza, sagardoaren kultura edo sokagintza.

Lehenengo pausoa planoak aztertu eta berriak egitea izan zen[21], eta, ondoren, egurra lortzea, Sakanako hariztietan egin zena[oh 1]. Guztira 200 haritz eskaini ziren[23], jatorrizkoek bezala forma jada landua zutelako, behinola landu baitziren. Altsasun interpretazio ibilbide bat ireki zen, Dantzalekun[24]. Zuhaitz horiek Zerainen moztu ziren, zerrategi tradizionala erabiliz[25]. 2014ko ekainaren 25ean gila ezarri zen, zortzi tonako pago enbor batetik abiatuta[26], eta irailaren 29an aurrefabrikatutako piezarik handiena jarri zen, txopa motza[27]. Aldi berean, museo moduan ireki zen Albaola, bisitariek itsasontziaren jarraipena egin ahal izateko, eta proiektuaren inguruan gehiago jakiteko[28]. Txopa motza jarri eta gutxira branka ere jarri zuten, itsasontziaren izango zuen tamaina finkatuz[29]. Hortik aurrera eraiki ziren kubiertak, eta jarri ziren barengak, genolak eta ligazoiak[30][31].

2015eko urtarrilerako argi zegoen itsasontzia ez zela amaituko 2016rako, zailtasun teknikoengatik alde batetik, aurrekontuarengatik, bestetik. Horrela, itsasontzia egiteko prozesuari garrantzi handiagoa eman zion museoaren fasea hasi zen martxan. Donostiako alkate zen Juan Karlos Izagirreren esanetan: «Alderdi ekonomiko, turistiko eta zerbitzuetakoei erreparatuz gero, jarduera bat sorrarazten ari da Pasaiako badian, horren beharra duen toki batean, hain zuzen»[32]. 2016an itsasontzia amaitzeko pausoak ematean adostu zuten, eta fundazio publiko bat sortzea erabaki[33]. 2017an Aprendiztegi proiektua abiatu zuten, ontzigintza tradizionaleko arteetan trebatu nahi zuten pertsonek bertan ikasteko, eta geroztik hainbat itsasontzi txiki zaharberritu edo sortu dituzte, beti ere teknika tradizionalak erabilita. Xabier Agote zuzendariak Mainen (AEB) dagoen Apprenticeshop erabili zuen ideia gisa[34]. COVID-19 pandemiaren eraginez, geldi egon zen proiektua tarte batez, baina 2022an jada hartu zuen amaierako forma itsasontziak, kanpoko egurrekin eta txopa zein brankako egiturak amaituta[35].

Erreferentziak

  1. «Sakana, haritzen lurraldea – Sakana» sakana.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-16).
  2. «Albaola haritzak - Donostiako museoa - euskal itsas ondarea» Albaola (Noiz kontsultatua: 2018-08-16).
  3. (Gaztelaniaz) «Xabier Agote, “Txalupak & carretas”» El blog de Roge 2017-01-30 (Noiz kontsultatua: 2018-08-16).
  4. (Gaztelaniaz) Gómez, Mirari. (). «La UNESCO patrocina el proyecto de la nao San Juan» Cadena SER (Noiz kontsultatua: 2018-08-09).
  5. (Gaztelaniaz) Izagirre, Ander. (2019-07-21). «Un carpintero en el vientre de la ballena» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-08-28).
  6. «Basque Whaling in Red Bay, Labrador» www.heritage.nf.ca (Noiz kontsultatua: 2018-08-11).
  7. (Gaztelaniaz) Aguirre Sorondo, Antxon. [http://www.euskonews.com/artisautza/0239zbk/artisaua_es.html Xabier Agote. Carpintero de Ribera. ] (Noiz kontsultatua: 2018-08-14).
  8. Maia, Jon. (2006). Apaizac Obeto. Elkar ISBN 849783433X. PMC 434025956. (Noiz kontsultatua: 2018-08-12).
  9. Urtzi, Urkizu. (2011-11-10). «'Apaizac Obeto' film dokumentala estreinatuko dute gaur ETB1en» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-08-12).
  10. Informatika Fakultatea, UPV/EHU. «Informatika kulturaren alde (DSS2016) // La informática herramienta de cultura» DIFusio@ (Noiz kontsultatua: 2018-08-09).
  11. Egaña Goya, Miren. (1984). XVI eta XVII mendeetako Canadako Ternua eta Labradorreko euskal-izenen zenbait berri. Anuario de Eusko Folklore 32, Eusko Ikaskuntza, 31 or..
  12. (Ingelesez) Egaña Goya, Miren. (1992). Basque toponymy in Canada. Onomastica Canadiana Vol.74, Nº2, 53-74 or. ISBN 0078-4656..
  13. Urteaga, Eguzki.. (2006). Euskara ipar Euskal Herrian. Dakit ISBN 9788493236847. PMC 863179106. (Noiz kontsultatua: 2019-04-22).
  14. Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa, EAEL.. Aranzadi Zientzia Elkartea.
  15. Aranzadi | Zientzia Elkartea · Society of Sciences · Sociedad de Ciencias · Societé de Sciences » Miren Egaña Goya. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  16. (Gaztelaniaz) Blasco, Roge. (2013-12-09). «Miren Egaña Goya. Topónimos vascos en las costas de Terranova.» El blog de Roge (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  17. (Ingelesez) Egaña Goya, Miren. (2018). «A Permanent Place in Newfoundland: Seventeenth-Century Basque Tombstones in Placentia.». NEWFOUNDLAND AND LABRADOR STUDIES,, 172-199 or..
  18. (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Red Bay Basque Whaling Station» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  19. «'San Juan' galeoia ez dute 2016an uretaratuko» Berria 2015-01-10 (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  20. «Zurezko ontzigintzari agurra» Berria 2020-02-27 (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  21. Albaola. «Planoak» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  22. Loewen 2007b, III-267-270 orr. .
  23. Albaola. «Haritzen hautaketa eta botatzea» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  24. Albaola. (2014-08-27). «Dantzalekuko hariztiaren ibilbide interpretatiboa zabaltzeko ekitaldia» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  25. (Gaztelaniaz) zaldua, zerain, asier. (2014-01-31). «¡Vamos a construir un ballenero!» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  26. Albaola. «Gila» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  27. Albaola. (2014-09-26). «San Juan baleontzia aurrera doa...» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  28. Albaola. (2014-08-21). «Albaola 2000 bisitari ingurura gerturatu zen zabalik zegoen lehen hilean» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  29. Albaola. «Branka» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  30. Albaola. «Erdiko armazoiak» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  31. Albaola. «Ligazoiak» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  32. «'San Juan' galeoia ez dute 2016an uretaratuko» Berria 2015-01-10 (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  33. «'San Joan' baleontziaren eraikuntza amaitzea adostu dute» Berria 2016-05-12 (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  34. «Ontzigintza tradizionala berreskuratzen» Berria 2024-01-12 (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  35. «Mailu hotsen erritmoan» Berria 2022-07-16 (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).

Oharrak

  1. Sakanako hariztietan berariaz itsasontzietako piezak egiteko prestatutako haritzak bazeuden ere, jatorrian ontziolaren inguruko hariztietatik lortzen zen egurra. Pasaiako badiako ontziolen kasuan, Goiatz etxetik eta Aranburu etxetik Urumeatik jaitsi, Donostian metatu eta kostaldetik eramaten zen, normalean. 35-40 urteko zuhaitzen enborrak erabiltzen ziren, adarrik erakusten ez duten zatietan.[22]

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.