Albania
Albania[1] (albanieraz: Shqipëri/Shqipëria), ofizialki Albaniako Errepublika (albanieraz: Republika e Shqipërisë; ɾɛpuˈblika ɛ ʃcipəˈɾiːs ahoskatua) Europako hego-ekialdean dagoen errepublika da, Balkanetan alde batetik eta Mediterraneo itsasoaren kostaldean bestetik kokatua. Iparraldean Serbia eta Montenegrorekin muga egiten du, ekialdean Ipar Mazedoniako Errepublikarekin, hegoaldean Greziarekin, eta mendebaldean Itsaso Adriatikoarekin.
- Artikulu hau Europako estatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Albania (argipena)».
Albaniako Errepublika | |||
---|---|---|---|
Republika e Shqipërisë | |||
Ereserkia: Himni i Flamurit | |||
Goiburua: Ti Shqipëri më ep nder më ep emrin shqipëtar ("Albaniarren fedea albanismoa da") | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Tirana 41°19′44″N 19°49′4″E | ||
Azalera | 28.748 km² (139) Ura %5,7 | ||
Punturik altuena | Korab (en) (2.764 m) | ||
Punturik sakonena | Adriatikoa (0 m) | ||
Kontinentea | Europa | ||
Mugakideak | Grezia, Ipar Mazedonia, Serbia, Montenegro, Europar Batasuna eta Kosovo | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | Parlamentarismo | ||
Albaniako presidentea | Bajram Begaj | ||
Albaniako Lehen Ministroa | Edi Rama | ||
Legebiltzarra | Albaniako Parlamentua | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 2.793.592 (2022) (129) −79.865 (2017) | ||
Dentsitatea | 97,18 bizt/km² (63) | ||
Talde etnikoak | |||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 18 | ||
Emankortasun-tasa | 1,784 (2014) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 5.693 (2012) | ||
Alfabetizazioa | % 97 (2012) | ||
Bizi-itxaropena | 78,345 (2016) | ||
Giniren koefizientea | 30,8 (2019) | ||
Giza garapen indizea | 0,796 (2021) | ||
Ekonomia | |||
Moneta | Albanian lek (en) (L) | ||
BPG nominala | 13.039.352.743,962 $ (2017) 1.155.670.573,138 (2016) | ||
BPG per capita | 4.537 $ (2017) 406 (2016) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 37.192.434.064 nazioarteko dolar (2017) 2.994.000.122 (2016) | ||
BPG per capita EAPn | 12.943,445 nazioarteko dolar (2017) 1.052,891 (2016) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 3,4 % (2016) | ||
Erreserbak | 3.588.583.656 $ (2017) 479.976.852 (2016) | ||
Inflazioa | 2,2 % (2016) 0,3 (2015) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1912ko azaroaren 28a | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +355 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | AL | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | ALB | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 220 V. 50 Hz.Schuko (en) eta Europlug (en) | ||
Internet domeinua | .al | ||
kryeministria.al… |
Albania hainbat erakundeko kide da, besteak beste, Nazio Batuak, NATO, Europako Kontseilua, Merkataritzaren Mundu Erakundea, Batzar Islamikoko Erakundea eta Mediterraneoko Batasunaren kide sortzailea. Albania Europar Batasunean sartzeko balizko hautagaia izan da 2003ko urtarriletik eta hautagaitza ofiziala aurkeztu zuen 2009ko apirilaren 28an[2].
Kosovo eta Bosnia-Herzegovinaekin batera, Albania da musulman nagusi diren Europako herrialdeetako bat.
Hiriburua Tirana da eta hizkuntza ofiziala albaniera da.
Geografia
Albania Balkanetako penintsulan (Hegoaldeko Europan) dagoen herrialde bat da; 28.748 km2 luze-zabal da. Itsasertza 362 km luze da, Itsaso Adriatikoan eta Jonikoan (biok Mediterraneo itsasoaren atalak dira).
Lurraldearen %70 mendialdea da eta kanpotik barneratzeko nekeza. Tontor garaiena Korab mendia da (2.753 m), Dibër barrutian kokatua. Balkanetako hiru aintzira handienak eta sakonenak Albanian daude nola edo hala. Shkodërko aintzira, herrialdearen ipar-mendebaldean, 370 eta 530 km2 arteko eremu aldakorra du, herena Albanian eta bi herenak Montenegron kokatua. Albaniako aintzira ertza 57 km luze da. Ohrid aintzira hegoa-ekialdean dago eta Mazedoniarekin mugan dago. Gehienezko sakonera 289 m du eta berezko fauna-flora, zenbait "fosil bizi" batzuk barne. Hori dela-eta, UNESCOren babespean dago.
Herrialdeko ibaiak nagusiki mendebaldetik isurtzen dira; Drin herrialdearen ibai nagusia da. Beste ibai garrantzitsuak Shkumbin eta Seman dira.
Tirana hiriburuaz gain (800.000 biztanle inguru), hiri garrantzitsuenak hauek dira: Durrës, Korçë, Elbasan, Shkodër, Gjirokastër, Vlorë eta Kukës. Albanieraz hitzak mugatuak ala mugagabeak izan daitezkeenez, hirien izenak bi formatan ager daitezke: Tiranë eta Tirana, Shkodër eta Shkodra erabiltzen dira.
Klima
Kostaldeko klima Mediterraneoko ohikoa da, negu epel eta hezeekin eta uda bero eta eguzkitsuekin. Barnealdeko klima garaieran araberakoa da, baina 1.500 metrotik gora hotza eta elurtsua da neguan.
Historia
Iliriarrak iparraldean eta epirotarrak hegoaldean bizi ziren antzina gaurko Albanian.
Grekoek (batez ere Korintoar doriarrek) hiriak eraiki zituzten VII. mendean itsasaldeko hainbat lekutan: Apollonia (gaurko Fier ondoan) edo Dyrrachium (gaurko Dürres); gainera hegoaldeko Epiro erdi-greko herrialdea bihurtu zen.
Erromatarrek Albania menperatu zuten eta via Egnatia eraiki albaniar kostaldetik Salonikara arte. Inperioa banatu zenean Ekialdeko erromatar inperioan geratu zen Albania.
Erdi Aroan eslaviarrak agertu ziren Balkanetan; eslaviar, greziar edo aromaniar bihurtu ez ziren herriak gaurko albaniarrak dira.
Laugarren Gurutzadak Ekialdeko erromatar inperioa sakabanatu zuen 1204 urtean; Veneziako errepublikakitsasoko kontrola eta Durrës portua hartu zituen; hegoaldean Epiroko despoterria jaio zen; gero serbiar erregea Uroš IV.a zen Albaniako nagusia.
XIV. mendean otomandarrak heldu ziren eta haiekin islama; albaniar asko (batez ere Kosovoko porrota eta gero) musulman bihurtu ziren eta Otomandar Inperioan goi mailako karguak lortu zituzten (Koprülü bisir handia adibidez). Hala ere Gjergj Kastriotek ("Skanderbeg" turkoentzat, 1405–1468), matxinada gidatu zuen turkoen kontra.
XIX. mendean Albaniako Ali Pashak, Ioaninako pashak, Albaniako hegoa eta Greziako ipar-mendebala kontrolpean izan zuen, erdi-independente, mendeko hasieratik 1828 arte. Albania hainbat vilayetetan banatuta zegoen; haietako bat bakarrik hiriburua zuen gaurko Albanian, Shkodërarena. 1878an Balkanetako ia herri guztiek haien independentzia lortu zuten hein handian, albaniarrak izan ezik; baina 1878 urtean bertan Albaniar Liga jaio zen Prizrenen (gaur Kosovon), eta 1887ko martxoaren 7an albanierazko lehen eskola zabaldu zuten Korçë hirian.
1913an Balkanetako Gerra ondoan albaniar estatua jaio zen; ez zen Albania etniko osoa (Kosovoz gainera, Ulcinj ere Montenegron geratu zen); baina 1914-1918an Lehen Mundu Gerrako erdian bi aldetako okupazioa gertatu zen. Ahmet Zogu 1925etik presidentea, 1928an errege bihurtu zen. 1939 Mussoliniren aroan, italiarrek Albania menperatu zuten (eta Viktor Emanuel III.a Italiakoa Albaniako erregea izan zen). Jugoslaviaren porrotaren ondoren Albania irten zen (Kosovorekin besteak beste). Azkenean italiarrak lehen (1943) eta alemaniarrak gero joan ziren Albaniatik II. mundu gerra galdu eta gero, eta albaniar komunistek lortu zuten boterea.
Gerraren amaieran alderdi komunistak, 1941ean jaiotako Enver Hoxharen lidergoarekin, estatuko boterea hartu zuen (1946ko urtarrilaren 11n). Hasieran beste estatu komunistekin bat egiten zuen Albaniak, baina geroago Sobietar Batasunaren eraginetik alde egin zuen eta Maoren Txinarekin batera lerratu zen, 1968tik Varsoviako Itunetik kanpo geratu zelarik.
1992an alderdien arteko lehen hauteskundeak izan ziren, eta Alderdi Demokratikoak irabazi zuen botoen %62a lortuz. 1997an, berriz, hauteskundeetako manipulazioak matxinada sortu zuen, eta horren ondorioz Alderdi Sozialistak eskuratu zuen gobernua. 1998-99ko Kosovoko eta Albania beraren krisiaz bultzatuta albaniar asko joan ziren atzerrira (ondoko Italia eta Greziara batez ere)
2014ko urriaren 14an Serbiarekiko gatazka piztu zuen gertaera bat izan zen. 2016ko Europako Futbol Txapelketarako sailkatzeko lehiaketan Serbia-Albania partida jokatzen ari zenean, bertan behera utzi behar izan zuen Martin Atkinson epaile britainiarrak lehen zatiko 41. minutuan. Izan ere, partida jokoan zela, futbol-zelaian drone batetik eskegita agertu zen Albania Handiko bandera baten aurrean 25.000 ikusle serbiarrak sutan jarri ziren, eta liskarrak sortu ziren. Zeren eta Antzina Serbiako probintzia izan zen Kosovok (gehiengo albaniarra du) independentzia aldarrikatua zuen 2008an, baina Serbiak ez zuen horren independentzia onartzen[3].
2014ko azaroaren 10ean, Edi Rama Albaniako lehen ministroa Belgradera joan zenean Kosovoko auziarengatik, Aleksandar Vucic Serbiako lehen ministroa haserretu egin zen prentsaurreko bateratuan, Ramak Kosovoren independentzia onartzeko eskatu baitzion[4].
Gobernua eta administrazioa
Azpiegiturak
Garraioa
Tiranakoa da nazioarteko aireportu nagusia eta hegazkinez sartzeko edo herrialdetik irteteko ate nagusia. Air Albania Albaniako konpainia nazionalaren gune nagusia ere bada. Aireportuak 3,3 milioi bidaiari baino gehiago garraiatu zituen 2019an, Europako, Afrikako eta Asiako beste herrialde batzuekiko joan-etorriak egiteko.[5] Pixkanaka aireportu kopurua handitzea aurreikusten du, batez ere hegoaldean, Sarandë, Gjirokastër eta Vlorë kokapen posibleenak izanik.
Autostrada 1 (A1) garraio integraleko korridore bat da, eta herrialdeko autobiderik luzeena, Autostrada 2 (A2) bidez Fier eta Vlorë lotzen dira, eta korridore Adriatiko-Jonikoaren parte da, baita Europako VIII. Korridorearen ere. Autostrada 3 (A3) eraikitzen ari dira eta amaitutakoan Tirana eta Elbasan lotuko ditu Europako VIII. korridorearekin. Hiru lasterkariak osatzen direnean, Albaniako hiru autobide horiek 759 kilometro osatuko dute, inguruko herrialde guztiekin lotuz.
Energia
Duen kokapen geografikoa eta dituen baliabide naturalak kontuan hartuta, Albaniak energia-baliabide ugari ditu: gasa, petrolioa eta ikatza, energia eolikoa, eguzki-energia eta hidroelektrikoa, baita beste iturri berriztagarri batzuk ere. Gaur egun, Albaniako elektrizitate-sorkuntzaren sektorea energia hidroelektrikoaren mende dago, horretan munduko bosgarren lekuan dagoela. Drin ibaiak, iparraldean, lau zentral hidroelektriko ditu eta beste bi zentral daude hegoaldean, Devoll ibaian zehar.
Kultura, hizkuntzak eta erlijioa
Hizkuntzak
Albaniera hizkuntza ofizial bakarra da, mazedoniera, greziera eta beste mintzaira batzuk ere (aromaniera, serbiera, bosniera, bulgariera, goranski eta erromaniera besteak beste) onartuta egon arren zonalde batzuetan.[6] Halaber, Frankofoniaren kide elkartua da Albania. 2011ko biztanleria-erroldaren arabera, 2.765.610, hau da, biztanleen %98,8k adierazi zuen albaniera zuela ama-hizkuntza. Grekoa da herrialdeko bigarren hizkuntza mintzatuena, biztanleen %0,5k eta %3k artean dute lehen hizkuntza gisa.
Albaniera estandarra Gheg eta Tosk bi dialekto nagusietatik abiatuta osatu da, Tosk dialektoan gehiago oinarritzen den arren. Shkumbin ibaia bi euskalkien arteko muga-lerro da. Mazedoniera ofiziala da Pustec udalerrian, Albaniako ekialdean.
Erlijioa
2011ko erroldaren arabera hauek dira herrialdeko biztanleen erlijioak: 1.587.608 (%56,7) musulman sunitak, 280.921 (%10,03) katoliko erromatarrak, 188.992 (%6,75) ekialdeko ortodoxoak, 58.628 (%2,09) bektashi musulmanak, 3.797 (%0,14) kristau ebanjelikoak, 1.919 (%0,07) beste kristau batzuk, 602 (%0,02) beste erlijio bat eta 153.630 (%5.49) sinestunak baina erlijio ez-ezagunekoa. 69.995 (%2.5) ez ziren erlijiosoak eta 386.024 (%13.79%) ez zuten aitortu ezer erlijioaren inguruan.
Artea
Erdi Aroko pertsona, tradizio eta erlijioek eragin handia izan dute Albaniako legatu artistikoan. Espektro zabala eta estilo anitza hartzen ditu legatu horrek: pintura, zeramika, eskultura eta arkitektura estiloen eta formen aukera zabalarekin eskualde eta garaiaren arabera.
Albaniako arkitekturak antzinaro klasikoko zenbait zibilizazioren ondarea islatzen du. Albaniako hiri nagusiek bilakaera izan dute gazteluaren barrualdetik abiatuta, etxebizitzak, erlijio-eraikinak, merkataritza-egiturak, plazak etab. etengabe birdiseinatu dira eta eraikuntza-teknikak aldatu. Gaur egun, hiriak eta herriak hainbat estilo arkitektonikoren isla dira. XX. mendean, garai komunistan, antzinako eragina jasaten zuten eraikin historiko eta sakratu asko eraitsi ziren.[7]
Antzinako arkitektura azpimarragarriena dago Byllis, Amantia, Phoenice, Apollonia, Butrint, Antigonia, Shkodër eta Durrës-en.
Berat eta Gjirokastërko hirigune historikoak eta aipatutako Butrint-eko aurri klasikoak Gizateriaren Ondare daude izendatuta.
- Krujëko gaztelua.
- Dantza tipikoa.
- Albaniarra, Camille Corot-en margoa.
- Ama Birjinaren eliza (X. mendea).
Musika
Albaniako herri-musika nortasun nazionalaren zati garrantzitsua da, eta eragin handia du gaur egun ere Albaniako musikan. Herri-musika bi estilotan banatzen da, iparraldeko Gheg aldaera batetik eta hegoaldeko Lab eta Tosk aldaerak. Iparraldekoa erritmo sendoagoa da eta hegoaldeko musikaren forma lasaiagoa.
Festivali i Këngës irrati-telebista nazionalak antolatutako kanta-lehiaketa tradizionala da. Jaialdia urtero egiten da 1962tik, eta Albaniako kantari arrakastatsuenetako batzuen abiapuntua izan da, Vaçe Zela-rena eta Parashqevi Simaku-rena besteak beste.
Rita Ora, Bebe Rexha, Era Istrefi, Dua Lipa, Ava Max, Bleona, Elvana Gjata, Ermonela Jaho, eta Inva Mula dira nazioartean ezagunak diren abeslarietako batzuk, eta Ermonela Jaho sopranoa nazioarteko erreferentea da. Saimir Pirgu opera abeslaria Grammy sarietarako hautagaia izan zen 2017 urtean.
Sukaldaritza
Turkiako eta Italiako sukaldaritzek eragin handia izan dute Albaniako gastronomian. Horrez gain, Antzinako Greziako gastronomiaren elementuak, Erromatar Inperioa eta Bizantziar Inperioa ditu. Albaniako sukaldaritzan, oregano, piperbeltz beltz, menda, albaka eta erromero belar mediterraneoak erabiltzen dira. Oliba-olioa eta gurina ere asko erabiltzen dira. Gehien erabiltzen den haragia arkumea da, eta, ondoren, txahala, untxia eta oilaskoa. Arrainak eta itsaskiak ohikoak dira kostaldean. Esnea eta esnekiak, jogurta esaterako, eskualdeko plater tipiko askoren oinarria dira. Gehien erabiltzen den edaria rakia da, mahatsez edo aranez egindako edari alkoholikoa. Ardoa ere tradizioa handia du.
Kafetegi asko daude eta kafea zein tea edateko ohitura oso zabalduta dago.
Kirolak
Albaniak 1972ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen lehen aldiz. Neguko Olinpiar Jokoetan, berriz, 2006an egin zuen debuta herrialdeak. Albaniak 1972tik aurrerako lau jokoak galdu zituen, horietako bi 1980 eta 1984ko boikotengatik, baina 1992ko jokoetarako itzuli zen, Bartzelonara. Ordutik, Albaniak joko guztietan hartu du parte. Albania igeriketa, atletismoa, halterofilia, tiroa eta borrokako txapelketatan lehiatu ohi da. Albaniako Batzorde Olinpiko Nazionalak ordezkatzen du herrialdea 1972tik. Herrialdeak Mediterraneoko Jokoetan parte hartu du 1987ko Siriako jokoetatik. Albaniako atletek 43 domina irabazi dituzte 1987tik 2013ra (8 urre, 17 zilar eta 18 brontze).
Futbolak jarraitzaile asko ditu eta 2016an lortu zuen UEFA Euro 2016rako sailkatzea, herrialdeko lorpen handienetako bat lortuz kirol arloan.
Albaniar ezagunak
- Skanderbeg (1405–1468), militar eta erregea, Albaniako heroi nazionala.
- Köprülü Mehmet Pasha (1583–1661), 1656tik–1661era Mehmed IV sultan otomandarraren visir handia.
- Köprülü Fazıl Ahmet Pasha (1635–1676) 1661tik––1676 Mehmed IV sultan otomandarraren visir handia.
- Kara Mustafa Pasha1 (1634–1683), 1676tik–1683ra Mehmed IV eta Suleiman II sultan otomandarren visir handia.
- Köprülü Fazıl Mustafa Pasha (1637–1691), 1689tik––1691era Suleiman II eta Ahmed II sultan otomandarren visir handia.
- Köprülü Hüseyin Pasha (–1702), 1697tik–1702ra Mustafa II sultan otomandarraren visir handia.
- Köprülü Numan Pasha (–1719), 1710tik–1711ra Ahmed III sultan otomandarraren visir handia.
- Köprülü Abdullah Pasha (–1735), 1723tik–1735ra Ahmed III eta Mahmud I sultan otomandarren visir handia.
- Ali Paxa Tepeleni (–1822), gobernadorea.
- Hasan Prishtina (1873–1933), politikaria.
- Faik Konica (1875–1942), idazlea.
- Ama Teresa (1910–1997), ongile erlijioso ezaguna eta Bakearen Nobel Sariduna.
- Ismail Kadare (1936–), idazlea.
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- Albania applies for EU membership, BBC News, 2009-04-28.
- «Albania Handiko banderak liskarrak eragin ditu Serbia-Albania partidan», EiTB, 2014-10-15
- «Kosovorengatik haserretu dira Serbia eta Albania», Berria, 2014-11-11
- Txantiloi:Albaniera "Statistikat e transportit" (PDF). .
- (Ingelesez) «Albania» Ethnologue (Noiz kontsultatua: 2022-03-07).
- Myhrberg, Karin. Heritage from the Communist Period in Albania – An Unwanted Heritage Today?. (Noiz kontsultatua: 2022-03-07).
Kanpo estekak
- (Ingelesez)Albaniako presidentetzaren webgunea
- (Ingelesez) Albaniako turismoaren webgunea
- Jalgi.com atlasa datuak, mapak eta irudiak
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.