Alan García Pérez
Alan García Pérez (Lima, 1949ko maiatzaren 23a - ibidem, 2019ko apirilaren 17a) perutar politikaria eta legegizona izan zen. Peruko lehendakaria izan zen 1985-1990 eta 2006-2011 bitartean.
Bizitza
Limako San Marcos Unibertsitatean zuzenbide-ikasketak egin zituen eta Madrilgo Unibertsitate Complutensean doktoregoa lortu. Sorbonan eta Parisko Latinoamerikako Goi Ikasketen Institutuan osatu zituen ikasketak. 1978. urtean, Perura itzuli zen, Amerikar Herri Aliantza Iraultzailearen (APRA) sortzaile Víctor Raúl Haya de la Torrek hala eskatuta, eta politika-lanetan murgildu zen buru-belarri. Ahaldun aukeratu zuten 1980an, eta batzar konstituziogileko kidea izan zen. 1982. urtean APRA alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten, eta 1984an lehendakaritzarako hauteskundeetarako hautagai aurkeztu. 1985eko hauteskundeak irabazi eta lehendakari-kargua eskuratu zuen (1985-1990).
Bere agintaldian, Latinoamerikaren batasunaren alde lan egin zuen, eta hasieran Nazioarteko Diru Funtsaren asmoei aurre egiten ahalegindu zen. Dena dela, agintaldiak aurrera egin ahala, haserrea nagusituz joan zen hainbat sektoretan, nazionalizazio-politika bideratu zuelako; militarrek indar gehiago nahi zuten, Peruko Alderdi Komunistaren gerrilla-taldeari aurre egiteko neurri gogorragoak eskatzen zituzten-eta, azkenik, APRA alderdiko agintaritzatik aldendu zuten, alderdiko krisi baten ondorioz. Presio handia jaso zuen, eta azkenik, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren laguntza eskatu behar izan zuen. 1990ean Alberto Fujimorik hartu zuen Peruko lehendakari-kargua, eta, 1992an estatu-kolpea egin zuenez gero, Kolonbian eta Frantzian bizi izan zen Alan García.
Fujimoriren diktadura eroritakoan, García Perura itzuli zen, eta 2001. urteko hauteskundeetara aurkeztu bazen ere, Alejandro Toledok irabazi zituen. García oposizioko burua izan zen (2001-2006). 2006ko hauteskundeak, ordea, irabazi egin zituen, eta lehendakari-kargua eskuratu zuen (2006-2011).
Bere burua hil zuen 2019ko apirilaren 17an.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.