Al Gore
Albert Arnold Gore, Jr. (Washington Hiria, 1948ko martxoaren 31) Ameriketako Estatu Batuetako 45. presidenteordea izan da, Bill Clinton presidentea zelarik (1993-2001).
2007an Bakearen Nobel Saria jaso zuen NBEko Klima Aldaketaren Gobernuarteko Taldearekin batera.
Politikako ibilbidea
Politikan, presidenteordea izan aurretik, AEBetako Ordezkarien Etxean (1977-1985) eta Senatuan (1985-1993) aritu zen, Tennessee estatua ordezkatuz. Clintonen agintaldia amaitu zenean, AEBetako presidenterako hauteskundetan hautagai demokrata izan zen, George W. Bush lehiakide errepublikanoa zuela. Historiako hautaketa polemikoenetako baten ostean, AEBetako Auzitegi Gorenak garaipena Bushi eman zion.
Nobel Saria
Horren ondoren, berotze globalaren inguruan hitzaldiak ematen hasi zen munduan zehar. Hori oinarri hartuta, Egia deseroso bat (An Inconvenient Truth) izeneko dokumentala plazaratu zen; harekin, 2007an Oscar Saria irabazi zuen. Filmean, berotze globalaren arriskuen eta horren eragile nagusien berri ematen da. "Gizakiak eragindako klima-aldaketaren eta horri aurre egiteko beharrezkoak diren neurrien gaineko ezaguera handiagoa hedatzeagatik" Bakearen Nobel Saria jaso zuen.
Kritikak
Zenbait arrazoi direla eta biztanleriaren sektore batek Al Gore kritikatzen du. Alde batetik, aldaketa klimatikoa bere onura pertsonalerako erabili izan duela leporatzen diote, bere aberastasunak 2 milioitik 25 milioi eurora egin baitzuen salto 2008.urtean. Zazpi urtetan 70 milioi irabazi zituen, izan ere, berak emandako hitzaldi bakoitzagatik 100.000 euro inguru bereganatzen zituelako. Horrez gain, bestelako arrazoiengatik ere auzitan jarri dute. Nahiz eta naturarekin konpromisoa duten enpresen alde egin, horietako enpresa batzuk ezkutuan efizientziaren handitzea besterik ez dute bilatzen, hau da, pribatutasunean eta mozkina ateratzean jartzen dute arreta. Horrek ez du Gorek defendatutako 'politika berdea'rekin zerikusirik. Salaketa garrantzitsuena elektrizitatearen erabilpena eta efizientziaren handitzea helburua duen enpresa baten alde dirua inbertitu zuenean jaso zuen. Enpresa horrek hardwarea eta softwareak sortzean egiten du lan, eta produktu hauek Ipar Amerikako elektrizitate arloko enpresetan arrakasta handia dute.
Gainera, kritika gehiago ere jasan izan ditu. Clintonekin batera eta presidente orde kargua izanik, arma kimikoak lantzen zituen Khartumgo (Sudan) enpresa bati eraso zion, aurrez behar bezalako ikerketarik egin gabe. Gertaera hori zela kausa, zalantzan jarri izan da Gorek irabazitako Bakearen Nobel Saria.
Bestalde, hipokritatzat hartzen dute askok, bere gomendioak ez dituelako guztiz betetzen. Ipar Amerikako edozein familiak baino 20 bider energia gehiago erabiltzeaz salatu dute. Klimatizatua den igerilekua, gasezko kale-argiak lorategian eta ate elektrikoak izatea ere leporatzen diote.
Azkenik, kutsatzaileak diren zenbait mineral metalikozko meatzeren jabea izateagatik ere salatu izan dute.
Ikus, gainera
- Egia deseroso bat (An Inconvenient Truth)